Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

—12—

 

        Batzutan badirudi euskaldunen mentura, ez dakit zeinek, Unamuno agian, esaten zuen, bi aldiz espainiar izatea zela. Baldin Larramendiren garaian eta are Kixoteren garaian euskaldunak bakarrik baziren espainiako noble ideolojia seriotan hartzen zutenak, kurioso baita Kixote seriotan hartzen duen pertsonaia bakarra Azkoitiako zaldun hura izatea, orain ere Espainia guztian denek etendura demokratikoa ez dela posible dakitenean, euskaldunok bakarrik sinestea premia horretan. Errejimen politikoa gizartearen espeilu ez balitz bezala. Baina zeintzu izan dira frankismoaren kontrako burrukak. Katalanak hor ibili dira bere bizi guztian tranbideen graban zela eta ez zela. Zenbat haserretzen ziren Juliá eta beste hori esaten genuean, baina egia. Jendea ahaztu ahal da Franco ohean hil zela.

        Ez dut, ordea, harritzeko eskubiderik. Jendearen pentsakeraren horren hogendun bila hasiez gero orain gartzelatik irten garenok ez baiginake hurrun ibiliko.

        Bai, baina garai hartan dena galdurik zegoenean, maiz, behin baino gehiagotan, egon bait dira gauza guztiak galdurik. Esaten nion atzo gauean gaban handi urdin harekin eta melena romantikoekin zebilen frantzes perodista hari, euskaldunok beti ez bada maiz behintzat ibili izan garela egaizko erlijioaren eta harri filosofiaren bila. Hor daude guk eman ditugun pentsalari unibertsalenak: Loiolako Inazio, ezpataz harmaturik bandera zaaabalik, eta Jansenio bera ez bazen Sant Cyran Baionakoa omen zen, jansenismoaren profeta, eliza mementorik gorrienak iragaten zela salbatu nahi izan zutenak, eta agian, nahiz Aita Sainduak gero esker onik eskaini ez, Aita Saindua bera baino papistago izaterren, Aita Saindugoa garai modernoan salbatu zutenak. Eta sentimendu hori bera zegoen duda gabe, agian ez hainbeste kalean ginela, baina bai gartzelan bereziki Burgosen ginean: ez genuen Euskal Herria bakarrik salbatu nahi, behar egiteko hori tikia bailitz, baina bai eta mundu guztiko langileria guztia. Nahiz euskaldunen eta are gainerako herri askotan euskalduna guztiz injenuo den, idea horrela ez du zerrikusi hertsirik kultura-gabeziarekin. Euskaldun-fededun on eta injenuoaren idea guztiz sibarita eta sofistikatua baita, hala nola salbaia onaren mitoa ere, garai beretakoa baitira, guztiz landua bait da, eta ez salbaien gizartea aztertu duten antropologo zein etnologoak, baina mendebaleko iraultza politiko eta soziala XVIII mendean defendatu zuten filosofoak. Zein harreman eduki dezake keltarren kulturaren influentzia, xit nabaria bera euskal herrian hainbat alorrean, gure herri-karakterean hain loturik eduki dugun harri filosofiaren bilatze hau, zeinaren keltar-etorkia ongi demostraturik bait dago.

        Parentesis pedantea? Beharbada. Bart, arrotz periodisten artean keltar eta harri filosofiaren bilatze honetaz horrelako disertazio estrainoa entzun nionean euskal idazle zaharrari, ez nuen dudatan jarriko honelako balorapenik, baina behin marxismoaren eta gure ezagutzearen mugak hain argiki ezagutuez gero, hemendik aurrera ez dudala sekula ere inongo teoriarik eta ez interpretapenik baztertuko zinegin nion neure buruari.

        Dena den, proletal iraultza kulturalak, bere garai Urriko Iraultzak berak eduki zuen zentzu eta funtzio bera daduka langile mugimendu unibertsalean. Baldin garai hartan egintza eta efemeride horrekin haro berri bat zabaldu bazen langileriaren eta munduko herri guztien askatasunaren bidean, zer esanik ez Xinako iraultza horrek zedukan zentzuaz langilariaren askapen mugimenduan.

        Eta euskaldunok iragan mendean herririk atzeratuena izan baginen, Engelsek historia gabeko herria deitzen zien horietarikoa, euskaldunok mende honetan munduko langileriaren aitzindari izateko kapazitatea eduki behar genuen. Ez gaitez ahantz zer gertatu den mende honetan, herririk atzeratuenak izan dira iraultza egin dutenak, desarroilo desberdinaren kausaz, Viet-Nam, Cuba, are Xina eta zer esanik ez Errusia bera, herri atzeratuenak ziren, baina lurralde horietan izan da langileria gauza iraultza egiteko.

        Ez nenkien zer esan eta zer pentsa frantzes periodista hark bera politikan Burgosko judizioa gatik sartu zela esan zigunean. Orduraino, izan ere, ezkerraren mundua, agian 68ko maiatza zela eta, gauza ideolojikoetan sarturik besterik ez zegoen, manipulazio ideolojikoak eta abar, baina batbatean Europan bertan faszismoak zirauela ikustean kontzientzia hagitz astindu zuen, are Frantzia batetan ere. Aldez harro, baina bestetik jende hori ez dezepzionatzeko premia eta erantzukizunarekin.

        Eguna konpletatzeko, afaritara itzuli nintzenean pm bat heldu zela esan zidaten. Aitortu behar dut ez niela sinpatia handirik. Jonek bai, ez dakit zein arrazoi estrainio gatik, baina ez zitzaizkidan serioegi iruditzen. Egia da hausnarketa politiko eta teoriko sakon bat aurrera eraman zutela, miliek ez bezala beharbada, baina sekula ere ez nuen ulertu zein zen bere linea eta zer nahi zuten. Garai batetan iraultzaren saltoa egiteko prest zeuden bakarrak ematen zuten, baina bestalde, puntu demokratiko batzuk presentatzean, alderdi bat egin behar zela esatean eta abar, iruditzen zuen halako kontraesanen bat zegoela. Miliek serioago ematen dute, nahiz ez dudan oraindik batere ezagutzen. Zergatik ez dira planteatzen hemengo ezkertiar jendea, materialistak baldin badira, azken berrogeitahamar urtetako bilakaera europar ezkerrean zerbait arrazoiren gatik izango zela, eta ez aintzindarien fede gaiztoa gatik soilik, eta kausa material horik ere Euskal herrian ematen ote diren ala ez.

        Pmak ez zuen hitz askorik egin. KASeko jendeari esan nien gauza bera esan nion, baina noizen behin, ez dakit zeinek ere horixe bera esaten zuela besterik ez zidan esaten. Hala ere, exerzitoaz zer uste zuen esan zidanean gutiz argia eman zidan.

        Izan ere hortxe datza agian egoera honetako gakoa. Baldin XIX mendean espainol exerzitoa Europako ezkertiarrena edo liberalena izan bazen, halako moldez non nolabait orain Marruekosen eta hirugarren mendeko zenbait herritan bezala burjesiaren alderdiaren faltak behartzen dien alderdi horren hutsenea betetzen zuen, XX mendean, Afrikako gerrei esker duda gabe, guztiz atzerakoi eta golpista da. Baina hortxe du bere problemarik handiena exerzito golpista batek buru bakar bat, caudillo eta buruzagi bat behar duela, eta Franco hilez gero beste caudillo bat sortzen ez den bitartean gaizki edukiko duela zerbait egitea, baina hori eskuratzen duenan. Nola? bada agian euskal herria zanpatzen, Franco ere Afrikako mugimendu antikolonialista zanpatzen eta gero 34.an Asturiasko mehatzetako langileak zanpatzen sortu bait zen. Baina buru hori lortzen duenean, ez dudarik eduki golpe militarra egongo denik.

        Bai, badakit azken urte hauetan egoera asko aldatu dela. Espainiako ekonomia katea inperialistan askoz ere sartuago dagoela. Amerikanoak agian ez daudela kolpe baten alde, nolabait Espainiako esperientzia faszismotik demokraziara traumarik gabe iragatea gero Hego amerikako zenbait herriri aplikatu nahi izango diola, honela ez bait dira arriskutan jartzen inperialismoaren eta kapitalismoaren interesak, baina dena dela, gaizki uzte dut karakter hori ezaba zitekeenik. Behar bada hilen marmuek zanpatzen dutelako bizien burumuina.

        Euskal herriko egoera erakunde harmatuen eskutan dago. Ezker abertzalean sortu diren alderdiek ez dute indarrik eta ez inplantaziorik, sektore horietako herriaren sinpatia zuzenki ETAri buruz da. Eta nik argiki dut zein litzatekeen bilakadura egokiena euskal herriarentzat. Abentura bat da. Kritika asko jasan beharko dugu. Baina guk egiten ez badugu inork ere ezin izango du egin.

        Gauzak hain argiki edukirik ez dut ulertzen nola esan zezakeen hain lasaiki berak izan zirela Martuteneko gartzelara zoan goardia zibilen konboiari bonba bat jarri ziotena.

        Nahiz orain dela sei edo zazpi ordu elkar hizketa izan, jadanik hitzak zehazki oroitu baino areago, argiago datorkit bere aurpegia burura. Ezker aldeko marmore beltzezko hormari isladatzen zen aski nabarmenki, Xino errestauranteko nakarezko lanpararen argi izpiaren kariaz, bere gaiso-masaila zuri eta aho tiki ia ezpain-gabea, zeren bere paje-ile beltza marmore beltzakin halako moldez batzen eta funditzen zen non ezpain gabeko aho hizlari bat ematen zuen afari ilun hartan.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983