Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

XII

 

        Saioa utzi eta Lekeitiora joateko erabakia hartu nuen. Saiatuz ere ez nuen lortzen mutil haren esku finetaz baizen oroitzea. Hain ninoan urduri eta negar zotinka non errebolta bakoitzean ia bidetik irteten bait nintzen eta Ibarrrangeluara heltzerakoan kotxea ezkina batetan aparkatu eta portu nimino hartan eseri behar izan nuen harri zimurtu haien gainean zigarro bat erretzeko. Sekula ez dut eduki hain astunki kulpabilitatearen pisua nere sorbalden gainean. Heriotz haren erantzukizunak negarra sor erazten ninduen, eztarrian ukabil lehor bat jarriz. Neure burua ezabatzeko gogoa nuen.

        Eta garai batez neretzat obsesio bat zitzaidana baina aspaldian bururatzen ez zitzaidan sentsazio larri hura bera sentitzen hasi nintzen.

        Bits beltzeko uhin batek irentsirik, hostotza heze eta uztel batetan murgildurik, harea higikorren barnean amildurik, gorputz guztia xiztu koipetsu batez inguraturik, ez dakit erne ala lotan nagoen, ikusten ari naizena ilunbeta eta ilunbeta baizen ez ote den ala kanpoko zerbaitek ez didan begiak zabaltzen uzten, ala neure burumuin memoriak abandonatuaren aurrean nagoen. Neure aho lehorraren hondarrean xistu tanta baten bila entseiatzen naiz eta gusto gazi bat besterik ez dut dastatzen, gehiegi erretzetik edo sobera edatetik ez datorkidana. Ez da erreglarena ere. Sorbalda igaterakoan nere hile mototsa bustia sentitzen dut lepoan. Neure bekoki hezea ukitu nahi nuke baina eskuek ez diote obeditzen nere zerebroari. Itsasoan barnetik sortzen den eguzki horiaren diztira amatatua. Eztul egiten entseiatzen naiz: haizto batek mozten dizkit birikiak krudelki, sahiets hezur guztiak hautsirik bainitu. Mihingainak freskotasun bila nere ezpain lehorretan barrena dabil eta ezpaina hurraturik dadukadala nabaritzen dut. Odol lehorraren zapore garratzak mehatsu eta irainen oroipena dakarkit burura. Belaunak dardar dantzan azaletik irten zorian. Gorputz guztia ikara hotz batetan. Mihingaina zerbait ezagunaren bila ahotik kanpo ilun ezezagun eta mehatsuz bete horretan eta zapore garratz bateko gauza metaliko batekin aurkitzen da. Ez dit ezer sujeritzen; ez dut zer ote den sumatzen. Mihingainaren puntarekin miazkatzen dut bere ertz biribila baina ez dit non nagoen aztarnarik eskaintzen. Negar zotina eta kexua. Leku urrutiren batetan garrasi eta xilio infrahumanoen oihartzun apala. Burdin zaratak, ateak zabaltzerakoan egiten duten negarra, pausoren doinu ritmiko bezain firmea. Aho ondoan dudan metal zatiari kos egiten diot, eta hotzikara garratz batek korritzen du neure hezur guztietan barrena.

        Hilda egoteko gogo sakon lasaigarria, hura ultrahilobiko zerbait ez bailitz. Nere mihingain handitu eta lehorra ez da gauza burdin tipi hura zer den asmatzeko, nahiz ulertzen dudan horixe dela non nagoen igartzeko giltzarri bakarra. Lasaitasun apur batez deskartatzen dut medailaren edo txasponen bat dela. Haren erdigunean forma arraroaren bat daduka, nere mihingain traketsak zer den aberiguatzen ez duena. Ohiu eta garrasi zorrotz berriak sartzen dira iltzeen zorroztasunaz nere burumuinean, honen tejido guztiak ankerki urratuz.

        Ezerian baina irriki geroago handiago batez, nere mihingainak sensibilitate apur bat eskuratzen du, pieza hark erdigunean hutsa dela igartzeko bezainbat. Besoak higitzera entseiatzen naiz baina parasma-metxa heze eta busti batek gatigu dizkit. Nere hatz zaurituak apur bat mugitzen dira esfortzu handi batez. Sudario bat bezala biltzen nauen ehuna ikutzen dut, eta nazka ezin jasan bat sor erazten dit sabeletik gora. Hatz puntek artile epel baten taktoa igartzen dute: agian jertseren batena. Lan handiz nere bularretik gora igaten dira eta zerbait hezea —likido koipetsua—, mokoak agian, semena nonbait, jadanik lehortzen hasi dena. Ia odola den etortzen zait burura batbatean. Memoria ximista baten arintasun eta argiaz itzultzen da nere burura baina nere gorputz guztiak onartzeari ukatu egiten dio, berak ebokatzen didana baztertuz. Ez dago dudarik burdinezko pieza tiki hura lo egiteko sakoren batetako kremaileraren hersgailua dela. Eseritzera entseiatzen naiz baina nere giltzurrinetan altzairu zorrotzeko bi punta sartzen dira. Kexu berri batzuk, zigorrak airean xistua ateratzen bezala. Jadanik ez dadukat dudarik. Negar batetan hasten naiz. Ez dago itzurpiderik, komisaldegian gaude, memento batetik bestera etorriko zaizkit interrogatzera.

        Lo egiteko sakoaren kremailera batbatean zabaldu, hobeki lo egiteko begien gainean jarri dudan benda trakeski kendu eta bost minutuz besterik ez bada, non nagoen ere ahantziz, jeiki eta berriz ere, buruz ikasi arte, poliziari engainatzeko asmatu dudan historiaren tartikarik niminoenak ere gogoratu nahi nituzke. Baina batean izugarrizko narda sentitzen dut. Hobe hiltzen banaiz. Begiak nere indarrik handienaz itxi eta arnasa egiteari utzi, ze bake lasaia. Igarri nola neure ankek eta besoek bizia galtzen duten, sopore epel bat bezala herio nere gorputz guztiaz jabetuz doan. Ez dut pentsatzen ez Jainkoaz eta ez bizi honetaz bestaldeaz. Hil baino areago nahi nuke desagertu, nere gorputza uztel dadin, hauts bihur eta gero haizeak erein dezan hor goiko karrika horretan, San Mamesko azeretan barrena, non bere oinetatik metro erdira zer gertatzen den ez dakiela iragaten den jendea. Esku ezezagun batek batbatean, estaltzen ninduten arropak kentzen dizkit. Espeilu mila pusketa niminoetan apurtu bat sartuko balitz bezala, nere begietan jotzen nau argiak. Beldur ikaraz dardar, eta ezin dezaket isil, histeria-xilio zorrotz batek nere eztarria urra dezan.

        Berriz ere interrogatoriora joan nadin deitzera datorkit polizia.

        Nere ama da, nere xilioek itzarriturik zer gertatzen zaidan galdegitera datorkidana.

        Gartzelako nere adiskideak dira, nere ohe inguruan elkartu direnak, kamisoi hutsik, sustaturik eta urduri, nere amesgaiztoa ulertzen ez dutelako.

        Saioa da, aurpegia malkoz erabat bustirik datorkidana, gau erdian esnatu dudalako, bere begi panikoz beteekin.

        Karlos da sorbaldatik oraturik, posesa bat bezala astintzen nauena.

        Komisaldegian iragan nuen gau izugarri harez gero behin eta berriz jasaten dudan amesgaiztoaren bukaera da. Nahiz behin baino gehiagotan saiatu naizen, sekula ere ez dut lortu nere memorira ekartzea gero zer gertatu zitzaidan. Are gartzelara joan eta lehenengo egunetan nere adiskideek zer esan nuen berei buruz galdegiten zidatenean, saio apartak egiten nituen zerbaitez oroitzeko, baina ezertaz ere gogoratzen ez nintzela esatea beste biderik ez nuen, zinika bat bezala gelditzeko arriskuan banuen ere. Egungo egunean, nere oroipenak halako moldez nahasten eta gorapilatzen dira batzuk besteekin, non nahiz sentsazio beti berberak diren —olatu beltza, hare higileak, mihingainaren lehorra, etab.— egitateak bere artean konfunditzen dira eta ez naiz gauza gero zer gertatzen den oroitzeko, lehenago, olatu beltz hura etorri aurretik zer jazotzen den gogoratzen ez dudan bezala.

        Nere lan guztiaz burura erakartzen dudan oroipen bakarra komisaldegiko interrogatorioak bukatu eta gartzelara eraman nindutenean jazo zena besterik ez da. Geletik atera gintuzten dutxetara eramateko. Jaboia sekula ikusi ez zuten, azulejo deskaskarilatu ilunskak, aharrauriak bezalako mantxa biribil beltzekin, uraren giltz erraldoiz betea, lur gainean jaboi-kaja batetako olak, ura irteteko zulo zikinatik gure oinak geriza ditzaten.

        Baina ura epela dago behintzat. Nere gorputz osoa jaboiz betetzen dut eta amurru guztiaz igurtzen nere gorputzaren mantxa humilagarri guztiak kentzera entseiatzen naizelarik, baina ez dut lortzen inola ere nere azaletik desager dadin likits hezezko sentsazio nardagarri hori. Buelta eman eta Anarekin aurrez aurre aurkitzen naiz, hori ongi oroitzen naiz, sorpresa harrigarria bere begietan dibujaturik, abotsa dardar esaten didala, «Jone, zer egin dizute?». Nere bizkarrera begiratzen dut eta suge baten azala bezalako mantxa more luze bat dakust nere gerria inguratzen eta hanka tartetik beherat eta sahiets hezurretatik gorat doana. Pudoreak eraginda nere bular ditiak estaltzen ditut eskuez, baina Arantxak kentzen dizkit, malko bat bere begietatik irten dakion ezin ebitatuz eta lau grano kostraz beteak erideten ditu, diti-mutur berak bezain handi, marroi eta lehor, interrogatorioko zigarroko erreduren aztarnak. Nere eskua beren artean laztanki hartzen dit eta elkarrekin negar egiten dugu.

        Are kostra haiek lehenago, eta bere aztarna orain hatz-puntekin laztanduz ere, ez dut lortzen komisaldegian zer gertatu zitzaidan oroit nadin. Sabeletik eztarrian barrena igaten zaidan narda-aztarna lehor bat besterik ez. Baina ezein ere aurpegirik, batere galderarik, batere mehatsurik eta ez kolperik.

        Narda baizen ez.

        Gustatuko zitzaidan oka egitea, narda kutsu jasanezin honetaz askatzeko. Nere gorputza gaisorik sentitzeko; zerbait fisiko eta fisiko baizen ez den zerbaitez ondoezik sentitzeko.

        Neure burua garbitu eta perfumatu nahi nuke, nere gorputza garbia sentitu. Ezin nezakeen izerdia aguanta, ezin nezakeen aguanta nerbioak saldu eta esku barnean izerdiz buztitzea edo nere goi ezpainetik izerdi tanta bat sentitzea, erotu egiten ninduen. Neure buruaren beldurra ematen zidan, horrelako memento horretan hartu silaren bat eta etxe guztia apurtuko nuke, dena, armarioak, liburuak, loreak, sukaldea, dena tikitu. Nere gorputzari gorroto nion.

        Behar zaitut. Maite zaitut. Behar zaitut. Onar nazazun behar dut. Besarkatzen nazazula, laztantzen eta desiratzen nazazula sentitzeko premia dadukat. Zure esku indartsu eta muskulotsuak nere besoak heltzen dituztela, nere belaunak laztantzen dituztela. Nere gorputza eta arima garbiak dauden segurtasuna eduki ezazun premia, ez dizutela nardarik ematen. Zure gartzelamendu luze eta bakarti horretan nere ezpainak musukatzeko eta nere bularrak laztantzeko gogoa duzun segurtasuna eduki.

        Niregana etor zaitez behar dut, gehiago ez uzteko. Egunen batez itzuliko zaren segurtasuna.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983