Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

—22—

 

        Hatsapena. Rito iniziatikoa. Horrelako zerbait zen pistola edukitzea. Arroz herrira joaten diren misiolariek ordenaren sakramentua behar zuten bezala, Jainkoaren egiaren eramale, beste norbaiten hitza esaten duena. Noraino konprometitzeko prest zauden froga.

        Badakizu ez duzula disparatuko, nahiago duzula hiltzera utzi zuk hiltzea baino. Iherarkia arazoa ere balitzateke. Buruzagiak pistola badu, polizia bere bila dabilelako, besteok ere harmaren bat behar dugula. Edo agian berek ere jakin dezaten gu harmaturik gabiltzala. Esaten duguna ez dela txantxetakoa. Gu ez garela gure gurasoak bezalakoak. Ez duzula etsiko. Egiazko gudariak. Gerra bukatu duela esan duela Francok irratian eta ez garela gure etxera joango, dirua egitera. Ez, gerra ez da bukatu. Eta ez da bukatuko euskaldun gazte bat harmak hartzera prest dagoen bitartean. Ez Erdi Haroko zaldun nobleak bezala. Ez abentura miragarri baten ondoren, zerbuaren ondoan oihan itsu eta ezezagun batetan barrena sartu eta galdu; ministro irigarriak, herensuge ahotik sua dariela, Basajaun gaiztoren bat edo agian xori estrainio baten kontra burrukatu eta garaitu, ezpata merezi izateko eta irabazi, zaldun izendatua izateko. Kara ala Kruz. Kara. Bestea politagoa zen, eta onago. Siete sesenta y cincoa. Starra, kainoi biribilekoa eta katxa marroiduna. Baina Kruz sortu zen eta seis treintaicincoa tokatu zitzaidan. Hala ere pistola bat zen. Hiltzeraino konprometiturik nengoela besteek bezain ongi frogatzen zuena, beraz. Baina ezin nuen eraman gerriko uhalaren jarririk besteek bezala, eta jakaren poltxikoan eraman behar izaten nuen, horrela disimulo handiagoz disparatzeko posibilitatea eskaintzen zidan, ordea. Baita pistola nonnahi ezkutatzeko ere.

        Gau ilunetik argi bat pizten da ximista bat irudiz eta begiak enfokatzen, beste aldetik nere aldamenean zoan taxistari. Geldi. Guruzbidera ailegatzerakoan derrigorrez martxa jetsi beharko genuela zekiten lekuan goardia zibil pareja bat agertu zitzaigun, eta duda gabe, ezkutaturik jende gehiago egongo zen fusil eta metrailetekin. Batzuk batbatean bertan botatzeko eta besteek fusilekin hanka eginez gero urrutirik disparatzeko asmoaz.

        Erreakzionatzeko astirik gabe, dokumentazioa eskatzen digute. Nik ez daramat oraindik faltsifikatutakorik. Nerea eman behar. Egiazkoa. Arreta biziz begiratzen dute izen deitura; kontu handiagoz inspekzionatzen ene aurpegiaren erretratua, eta gero noizbehinka begirakune batzuk lantzatzen. Eskubiko eskua atzeratz botatzen du, metraileta bere lekuan jartzeko, hobeki maneiatzeko, eta ezkerraz arreta handiz itzultzen karneta. Eskerrik asko, diost ahapeka. Taxistari karneta eskatzen diote eta hau guztiz urduri jartzen da, ia dardar. Goardia zibila taxista dela konturatzen denean izugarrizko bronka muntatzen dio S.P. aurreko aldean jartzeke dadukalako. Jakeko poltsikotik pistola ateratzen dut, eztabaida hura dena disimulatzeko era bat besterik ez bait zait iruditzen, baina goardia zibilaren eta nere artean taxista gaiso hura dago, disparatuez gero taxista hilko dute, gainera kotxea guztiz inguraturik dago. Hatzak apur bat zabaldu eta pistola jarleakuaren azpitik laban egiten du burdin-zarata bat eginez, baina goardia zibila taxistaren dokumentazioari begira jarraitzen da.

        Iragan gaitezela agintzen digunean oraindik ez dut sinesten. Leioako baserri etxe batetan ezkutatzen naiz, baina nere gelara joan beharrean, nahiago dut, lastoa eta ortuan lan egiteko gauzak dituen gela batetara joatea, jabeek ez dakitelarik. Leiho itxiaren oholaren arrakala batetatik guruzbideko argiak ikusten dira. Eta han gelditzen naiz noiz etorriko diren zain. Bueltatzekoan taxisa berriz gera erazi dute, duda gabe, non utzi ninduen jakiteko eta memento batetatik bestera, poliziak errefortzu gehiago heldu bezain laster hemen agertuko dira. Egun haren tristea.

        Zazpirak aldian zurekin gelditu nintzen baina ez zen inor tabernara agertu, gero jakin nuen liburudenda batetan ikusi zintutela zu, Luis eta beste neska bat. Aldez damuturik zeharo zu deitzearren eta abentura honetan parte har dezazula uzten, eta aldez, bestalde, mindurik Luisi eskaintzen diozun arretagatik. Guztiz desmoralizaturik nengoen. Baina bakartate hark ez ninduen bultzatzen suizidiora. Ez nuen deus eta ez inor mundu honetan. Familiarekin moztu nuen, erakundean ez nuen adiskiderik aurkitu, zure premia nuen eta hargatik deitu zintudan, baina gero ez nuen ulertzen nola zinen gauza Luisekin ibiltzeko, ez nuen uste hain buru arina zinenik. Ez nuen bizitzeko gogorik, baina ez eta hiltzeko ere.

        Baserri hartako korta gaineko lehiotik kaminora begira nengoela, autoak nola iragaten ziren bere argi horiak gauaren iluntasun hertsia ximista batez urratuz, noizbehinka linternaren desteilo laburrak, kirkirren negar xiliotsua, ostoen surmurru etena, ez zitzaidan batere inportik bala batek nere buruaren tejido guztiak urra zitzan eta kito, bertan dena buka zedin. Ez nuen sekula pentsatuko bizia eta heriotzea hain gauza banalak zirenik. Gorpu hori bat, azala lehorra, begiak kristalezko bi harri bezala bizigabe, ahoa zabalik, mandibulak iadanik ez baitu indarrik goiko ezpainei loturik gelditzeko, Exerzizio espiritualetako sermoien oroitzeak ere ez zidan inonko kezkarik ematen. Zein urruti gelditzen zen Gasteizko arratsalde hura, oraindik enfrentamenduren bat egonez gero nere bizia, eta ez bakarrik nere bizia, baina bai eta nere adiskideen segurantza, tiroka defendatzeko gai nintzen garai hura. Leiho ertzean belaunikaturik eta lasta usai lehor hartan murgildurik, masturbatzea ez zen inongo plazeraren bilatzea, gorputza gaztigatzeko tranpa bat baizik, horrela loari dei egiteko. Begiak apurka apurka ixten zitzaizkidanean, berdin zitzaidan biharamonean esnatu zein ez.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983