Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

XI

 

        Tentsio aldi hartatik askatzeko asmoaz, gogoratzen naiz nola biharamon arratsaldean, hain zuzen ere, doskaballosa hartu eta hibairen ezkinan barrena doan bidetik joan nintzen buelta bat ematera. Kotxea kaminoan utzi eta bakarrik joan nintzen hondartza desertu hartara. Aspaldian galtzekin ibili eta kotoizko gona zuri bat jantzi nuen, Marruekosetik adiskide batek ekarria. Itsasotik zetorkidan haize hezeak besoak, ankak eta sabela musukatzen zizkidan. Udazkeneko egun delizios bat ematen zuen. Laino sakona, mendiei berdetasun heze bizia dariela, itsasoa hain bare eta lasaitsu bere joanetorri bigunaz urrutian zeru bihurtzen zelarik. Nere oin ortoxiak askatasun fresko guztiaz zebiltzaten, hare hezeak leunki absorbi eta irents ditzala utziz.

        Horrela nenbilela, hondartzako beste muturrean norbait zebilela konturatu nintzen, apenas puntu tiki gorri bat, nere bista aurrean ezerian haziz zoana eta noizbehinka besoak alde batetik bestera gogorki higitzen zituena gimnasia eginez. Sira lurgainean jarri eta hondartzan eseri nintzen eta gimnastari begira gelditu. Neregana hurbiltzen zen eran bere gorputzaren islada muskulosoa ikusi ahal izan nuen. Zaldi gazte samur baten ajilitateaz higitzen zen gero eta ejerzizio gogorragoak eginez. Nere paretik iragan zenean baizen ez nintzen konturatu zein zen, Gernikako frontoian lehen partidua jokatzen zuen afizionatu bat. Gazela baten abilitateaz paretan zehar igoten zuen mutil fin hauskorra, pelotan balletean bezala zebilena. Neregandik urrutiratzen zen heinean onartzen nion neure buruari, maiz frontoira bera ikusteko asmo aitortu gabe eta sekretuaz joaten nintzela, neskato nintzenetik gertatzen ez zitzaidan gauza. Hondar heze hartan gainean eseririk adoleszentziatik sentitzen ez nuen sentsazio bat jabetu zen nitaz, gorputz eder hura, sorbalda zabalak, kadera finak, hanka luze indartsuak, hile luzea, normandiar gudari batenak irudiz haizeak balakatua, adoleszente aurpegia.

        Duda gabe berak nere begiak haragietan iltzeak bezala sarturik sentitzen zituen baina bera hondartza eta itsaso guztia berea bailitz zoan. Itzuli zenean, handik hamar bat minututara, igartzen nion bazekiela begira nengoela eta dudatan ikusten nuen begiratu ala ez. Pentsatzen nuen hurrengo buelta hondartza urrutiko arroketara heldu orduko emango zuela. Oraingoan lehen baino astiroago zetorren baina gimnasia ariketa gehiago egiten. Nere parera heltzerakoan gelditu egin zen, bere gerriaren inguruan jiratzen hasi zen, ezkerretik eskubira eta eskubitik ezkerrera, besoak luzaturik. Marearen farfailezko ertzak bere oin zuri ortoziak laztantzera ailegatzen ziren.

        Zeruan kalatxori bat eskegita. Eguzkia zeru esnetsuan urregorri zaharreko mantxa bat eta haize astuna gelditurik. Itsasoa isilaldi sakon batetan murgildua. Olatuek halo estrainio bat ziren, ritmikoki higitzen, haizeak balakatzen duen tuleko ehun fin bat antzo. Gutitan sentitu dut neure gorputza hain identifikaturik naturarekin. Hurbilago sentitzen nintzen nere oin tartetik han zeru goian ikusten nituen odei gorriska haietatik ezen ez hondarrean sarturik nituen besoetatik. Olatuen joan etorriak nere bihotzaren ritmo bera jarraikitzen zuen. Natura osoaren bakearen parte zen nere animoaren lasaitasuna, han bondartza hartan etzanik eta nere pelotari isilaren hile bustiak laztantzen. Bere begi ilun eta inkisitiboak, kontraste nabarmenean bere arpegi adoleszentearekin, batbatean jabetzen ziren nere gorputzaren desirarik barnekoenetaz.

        Ia erabat ilundu arte egon ginen hondartzan etzanik. Elantxobe bidean zedukan txalet tikira heldu ginenerako gau itxia zen ja. Pelotari baten portaera hain zen natural eta berezko non beti elkar ezagutu baikenduen sentitzen bait nintzen egoera estrainio hartan ere.

        Asko pentsatu nuen zutaz, egiaz. Baina sentsazio orduraino sentitu gabe bat nuen, nere burua arrotz egiten zidana. Inoiz ere ez nuen uste ezagutzen ez nuen mutiko batekin oheratzeko kapaz izango nintzenik, eta are gutiago elkarren artean hitzik ere ia esan gabe, elkarri genituen penen berri emateke, bakartateaz, senarraren egoismoaz eta horrelako gauzetaz hitzik egiteke. Baina ez dut uste harreman hura, sexoa eta sexoan hasten eta bukatzen zen lekuan hasten eta amaizten zena, beste harremanak baino inhumanoa edo zitalago zenik.

        Baina biharamoneko epilogo trajikoak eragotzi dit behin betirako egun hartaz, zena bezala oroit nadin, nere izakiaren alde ezkutu eta ilun bat aurkitu nuen eguna: orduraino kontaktorik eduki ez nuen jende mota berezi batekin harremanak edukitzeko nere kapazitate orduraino ezagutu gabea.

        Biharamona izugarria izan zen, egiaz. Egunero bezala Saioa ikastolara eraman eta gero lanera joan nintzen. Egunkarian bart tiroteo bat egon zela ikusi nuenean mutiko hark zerrikusirik bazuela susmatu nuen. Zeren liberatua izanez gero, ez zitzaidan iruditzen liberatu askorik egongo zenik zona hartan. Ia eguerdi aldian bezero bat etorri zen bulegora eta esan zigun egunkariak esaten zituen bi mutiko haik atentatua egin eta Gernikara etorri omen zirela matrimonio nagusi baten etxera, berrogeita hamar bat urtetakoa esan nahi dut, baina hain fortuna gaiztoaz non goardiaren batek edo norbaitek behintzat etxen sartzen ikusi omen zituela. Zona hartako goardia zibil guztia alertan jarri eta hamar hamahost bat bai etorri omen ziren etxe alde hartara. Inguratu zuten dena eta atea jo omen zuten deitzeko, eta orduan, barnean zegoen jendea tiroka hasi ote zitzaien atean zehar eta leiho batetik hanka egin zutera. Tiro batzuk entzun ziren, eta dirudienez, etxe barnean gelditu zirenen, bere burua entregatu nahi zutela esan omen zuten, baina goardia zibilek tiroak botatzen jarraitu zuen eta matrimonioa garbitu zuten. Gero leihotik itzurtzen zoan komando bati goardia zibil batek gelditzeko esan omen zion, baina komandoko baten batek disparatu eta bertan akabatu omen zuen.

        Norbaitek ikusi ote zituen gero plazako arkupetik ihesi eta nola errekaldera joaten ziren. Handik etxeren batetara joan ziren, baina ez omen zien inork zabaldu.

        Goiz guztia angustiaturik iragan nuen. Susmatzen nuen bezala, egunkarietan agertzen zen erretratua gatik biharamonean egiaztatu ahal izan nuen, haietariko mutiko bat bi egun lehenago ezagutu nuena zela. Oraindik ere ume aurpegi areago zuen, baino flekilo solte bera kopet gainean eta mutur fin bera.

        Esaten zutenez ezkutatzeko asmoaz komandoko bi mutil Gernika inguruko baserri etxeren batetara joan omen ziren Nabarniz aldera. Haietarik bat belaun bat zauriturik omen zeraman. Baserri hartan ezkutatu eta belauna osatzen saiatu ziren eta gero, traktorea eta aparailuak gordetzeko zedukaten txabola batetara eraman zituzten.

        Hala ere, goardia zibila heldu zen, aztarna jarraitzen zuten zakurrekin, eta baserriko matrimonio nahiko nagusia interrogatzen zuten bitartean, zakurrek zuzenean txabolara joan ziren eroturik bezala, guztiz amorraturik, zaunkaka. Orduan goardia zibilak altorik ere ez zuen eman. Zakurrak berak bezain amorraturik, tiroka hasi ziren txabolaren kontra. Ikaragarria izan zen ikustea nola hurbiltzen ziren zurezko txabolara formaziotan lerro lerro zarata izugarri bat atereaz, txabolaren egur-izpiak airean zatika salta eraziz.

        Txabolara sartu zirenean, mutila hilik zegoen eta gorpuan hamabost bala baino gehiago zituen. Gorpua hartu eta plastikozko poltsa batetan sartu zuten, eta horrela eraman bi goardia zibilen artean, zakur bat bailitz, hanka biak plastikotik kanpora irteten zitzaizkiolarik.

        Enteratu nintzenean oka egiteko beharra sentitu nuen. Ikastolara joan eta Soioa nerekin hartu eta Gernikatik hanka egitea erabaki nuen. Gure atari aurrera heldu ginenean, lizun eta hotz, hauzoko agure baten konplize begirada arrotz bat gorputzean pegatzen zitzaidan. Atari barnera heltzerakoan konturatu nintzen zergatik ote zitekeen. Atearen ondoan oraindik erabat lehortu gabe zegoen odola aurrean. Bi edo hiru eskailera igo, odol tanta lodi bat, eta bigarren pisuan berriz gerriaren parean, odol mantxa handi bat eta eskuko lau hatzak odolez grabaturik.

        Arnasarik ere ezin hartzeke, bizi ginen buhardilara igo ginen arrapataka ezin arinago batetan. Saioa nere eskutik oraturik zetorren negar zotinka ezin aguantatuz. Oraindik bizirik aurki nezakeela espero nuen, «Ongi etorri» jartzen zuen estera gainean odol mantxa lehor bat zegoen. Baina barnean ez zegoen inor.

        Harriturik eta dardar, orduan ulertu nuen, zer gertatu zen. Duda gabe aurreneko gauan nere etxera joan zen eta inor aurkitu ez zuenean, heriokin aurkitu zen txabolara ihesi egin behar izan zuen. Ezina zen haren heriotzearen hogendun ez sentitzea, nere gorputz guztia paralizatuz jelazko estalki batez bezala. Negar egiteko premiari askatasun guztia emanez, Saioa eta doskaballosa hartu eta Mundakara joan nintzen, Saioa gurasoen etxean uzteko asmoaz. Irteeran, kuartelaren aurrean izugarrizko kontrol bat zegoen baino ez zidaten kotxetik jeisteko esan.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983