Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

XVII

 

        Ez nuen sekula ere pentsatuko kanpotik besterik ezagutzen ez nuen Lekeitioko eliza hain inportante eta handi izan zitekeenik. Heldu ginenean ia hilundurik zegoen, baina eguzkiaren azken argi-izpiek paret batetara isladatzen zituzten errosetoiaren kolore hori eta moreak eta giroan oraindik errezoen eta argizariaren usaia desagertzeke zegoen. Korora igo ginen elkarrekin, Karlos eta biok, eta organoaren aulkian eseri zen. Eskultore batek bere obra digantearen aitzinean bezala, extasiaturik begiratzen zion organo izugarri hari. Fuelleari eman niezaion eskatu zidan, zeina bi oinak gainean jarriz besterik ez bait zen higitzen. Ez dakit nola, zenbait eskritorio zaharrek duten horietako zurezko estalki bat zabaldu zuen eta Bachen sonata bat jotzen basi zen.

        Ilun eta huts zegoen eleiza, han goitik guztiz handi ematen zuen airea inundatzen hasi ziren notak, kolorinetako usoak irudiz.

        Musika hark eta organoaren fuellearen igo-jeiste leun hark aingeruek zeruetan jai egunetan edukiko duten sentsazio paketsu eta sosegatua ematen zidaten. Karlos Vienako entzulegorik dotoreen aitzinean zegoela ematen zuen. Bere esku luze zuriek bizitze propioa hartu zuten eta dantzarisa alaiak bezala higitzen alde batetik bestera.

        Handik gutira, jakina, sakristaua agertu zen, gabarra zahar bat bezala alde batetik bestera astunki arraztatzen zen agure bat. Organoa jotzen egon beharrean, bere alaba ikutzen ari bailitz, haserre ikaragarria muntatu zigun. Eskerrak apaiz gazte bat ere etorri zela, nahiko jatorra ematen zuena bera, eta sakristau zaharrari erretira erazi ziola. Hau desagertu eta berehala Karlosekin lau eskukin jokatzen hasi ziren.

        Hamasei urtetako adoleszente bat sentitzen nintzen, biguntasun samur hura eriden berri bait nuen. Musikaren mundua dastatzen hasi nintzen hain leku estrainio eta are modu arrotzago hartaz.

        Hura guztia, jakina, afari batetan bukatu zen, non Karlos eta apaiz gazteak zenbait apostu egin bait zuten herriko nik ezagutzen ez nituen arazo batzuetaz, hala nola kaixarrankaren etorkia edo eta zergatik gaur egun San Antolin ospatzen den ezen ez San Juan, lehen antzina bezala.

        Gauean, biok etxera ginenean, gezurra zirudien hogeita lau ordu baizen ez zirela iragan bezperan Gernikatik etorri nintzela. Karrika hestuen iluntasuna ez zitzaidan hain kezkagarri iruditzen, aitzitik are babesle eta nik Karlosekiko sentitzen hasi nuen jakinminaren estalgarri epela. Eskolapera ailegatzean besotik heldu ninduen debrazete eta hamar urte gazteago aurkitu nintzen, gesto hortan ez bait zegoen adiskidetasun fin eta leial bat baizik.

        Biharamonean arraunetako txalupa bat bartu, Karlosen tikitako ezagun batzuk utzia, eta marea goran irlara joan ginen. Portuan abadeen moila deritzan lekutik irten eta itsasoratz jo genuen baina isla inguratzen duten haitzen ondotik.

        Irla eta herriko hondartza tikia elkar lotzeko dagoen harrizko bide batek gerizatzen duen hondartza nimino batetan atrakatu genduen. Irlan frantziskotarren konbenturen bat izan omen zen aztarna batzuk eriden genituen, nora igon eta kosta guztia ikusten baina, Bermioaldetik Getariko Arratoia arte, gerrako untzi digante batetan bazoaz bezala, konbentu izan aurretik agian hiria gerizatzeko forteren bat izan omen bait zen. Zeren, Karlosek esaten zuenez, gerra karlistaren batetan Lekeitiok paper inportante bat jokatu omen zuen, bertoko portuan desenbarkatu omen bait zituzten, bolontari guztiak hornitzeko harmak eta gero gurdietan Gernikara eraman, non arbol sainduaren pean elkartu ziren bolontarien artean partitu bait zituzten.

        Pinudi pean, jende guztiaren begietatik ezkutaturik, olatuen balakadura apala irlaren oin arrokatsuei kontenplatuz, oraindik ere Karlos ikusten nago belartzan etzanda bere niki gorria eta panazko galtza urdinekin, eta Italiatik ekarri zituen larruzko bota fin haiek, kolore ez guztiz definituak, erdi gorri erdi marroi, marroi tonu gorriska batekin ala agian gorri tonu marroiskarekin, kremailera batez ixten zirenak, ardi jaio berriaren larrua baino finagoak, eta galtzerdi granateak hatz bat baizen agertzen ez zirelarik, bere hanka iletsuak estaltzeko ezteus.

        Intzezko perlak atsekitzen zitzaizkion bota puntetan baina buztitzera heldu gabe.

        Mekanismo ezkutu batek eraginda bezala, kalatxori batzuk beti mugimendu berbera egiten zuten, solemnitate guztiaz jiratu pinuen ondoan zeuden arroka batzuen gainetik haizeak eraman ditzan utziz bezala, batbatean maniobra trakets batez martxa aldatu eta mokoz behera erortzen uzten bere burua uretan sartzeko, baina uretara heldu bezain laster goratz jotzen zutelarik. Irlan txori txiki batzuk eten gabe pioka ari ziren bere desosegu guztiaz.

        Karlosek oinetakoak kendu zituen.

        Lekeition iragan nituen egun haietan anitz gauza eriden nuen segurtasunaz itzuli nintzen. Hain arrotz eta are antipatiko egiten zitzaidan herri hartan hainbat gauza ezezagun erideteak eta hain lasaiki iragateak, gauzak eta agian nolabait are mundua ere beste erara ikusteko posibilitatea zegoela dastatu nuen. Herriak, historiak eta gertakariak bere erara bizitzen dituela eta nahiz batzurentzat absurdo iruditu, hala ere, herriaren mitoak eta ipuinak badutela bere oinarria eta izateko arrazoia. Zer pentsatuko du gutaz ezagutzen ez gaituen jendeak. Zer izango da guk bizi izan dugun garai hau herriaren imajinazioan, historia idatzi gabean, memorio kolektibo horretan. Ze mito eta adierazpen sortuko dira. Dena dela duda gabe, ez dute zerrikusi handirik edukiko Markinak hamar bat egun lehenago esaten zizkidan arrazoi eta historiekin ez eta zuek gartzelara joan orduko inperialismoari eta burjesia nazionalari edo herrikoiari buruz ematen zenituen explikazio haiekin.

        Lekeition iragan nituen egun haiek mostratzen zizkidaten nolabait ez zegoela Londresa ihes egin beharrik, guk bizi nahi genduen bizimodua erideteko, gure herri honetan ere bazegoela guk ezagutzen ez genduen anitz gauza eta bizitzearen aurpegi ezezagun franko bizitzea merezi zituztenak.

        Haur bati hiru errege gauez ate erdi itxiaren tartekatik erregalu argiz beteak erakustea, gero lotara lasaiago joan dadin asmo ekibokatuaz bezala zen. Bizitzearen beste parte ezezagunak, gure herriaren sekretu susmatugabeak eta are nere izateko moduaren aspekto berriak ikusten hasi nintzen.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983