Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

—5—

 

        Zisne bat bezala. Boltsatik buru-zapi urdin fin bat atera eta aireak destolesten lagun diezala utzi eta bere lepo beltzaren inguruan ezarri, gero eguzkiak molesta ez diezaion betaurreko urrezko beltz batzuk jartzeko. Nik ere kazadoratik eguzkitarako betaurreko beltzak atera, jantzi eta gustoroago sentitzen naiz. Ia lotan jartzeko gogoa ematen du egozkiaren epeltasun lehun honek. Dena tonu berde honekin orok politako, suabeago ematen du.

        Joneren gauzarik maitagarriena ez dakit baina liluragarriena bai behintzat haseran, fintasun hori, nahiz baserritar izan, gauzak hartzeko eta ibiltzeko zedukan dotorezia hori, nolabait maiestatetsua, eta bere keinu guztiei zerien finezia ziren. Esku tiki lodikote zuri, hatzaskol hain regularrekin. Begiragune beltzarena, begien diztira beltzaren samurtasuna hain bizi eta batean geriza bila beti ematen zutenak. Bere belaun borobilak bata bestearen gainean jartzeko modu hain dotorea.

        Iragan mendeko aleman printze dekadentearen orrazdura, hegazti baten aire batekin, bi hegal bezala bere belarria eta buru erdia gerizatzen, ezein ere patilarik gabe, aurpegiko azal fina pergaminoren fineziaz, zenbait itzal urdinekin, sudurra zuzen, eta okotza firme, baina begiei laku desertuetako hotz eta tristura zeriela, figuraren melankonia. Beltzaren gana hurbildu eta begiak bere esku zuriekin itxi dizkio Pantera, olatuaren graziaz jeiki eta bere eskuetatik itzuri, buelta eman eta bere farrearen elur ezin zuriagoa eskaini dio, maitekiro laztan dezan bere ezpainen fintasuna. Bien farreak airean elkartu dira. Ardo gorri koloreko tertziopelezko jaka kendu, bere sedazko alkandora zuriaren adornoak erakutsiz eta elkarren ondoan eseri dira. Bien profesioa aberigutzera entseiatu naiz baina alferrik. Horiek zer izango ziren Donostia bezalako hiri batetan. Artistak agian, baina nik dakidanez behintzat han ez dago publikorik pintoreren edo musikoren batentzat, eta are gutiago modelo batentzat, beltz hori segur aski modeloa baita. Bueno musiko batentzat agian bai, zeren. Bai, Karlos musikoa da. Baina ez dut uste horrela bizi izango denik. Behar bada bai. Gaztelu batetan bizi izateko.

        Musikoa.

        Neronek ere gauza bera egin beharko nuen. Sorpresaz harrapatu Jone eta Saioa. Zer ez nuke emango, berak hemen eserita aurkitzearren eta ni etorri isilik berak ikusi eta erreparatu gabe eta atzetik begiak estaltzerren. Sorpresarik hoberena aireportura joatea izango zen. Ez noala esan eta gero bere bila han jende artean zain egotea. Lehenago erabaki behar nuen. Gainera ez dadukat dirurik, gartzelatik ekarri nuena eta atzo gestoren partez eman zidanaz ez dot uste ailegatuko zaidanik aireportura joan etorria taxian egiteko. Autobusean joanez gero, agian, baina tzarrena izango litzateke, ni hara noan bitartean harik hona ailegatzea. Ez nago gaizki hemen, eguzki epel honetan. Garagardoak ezti kolore argitsua hartzen du eguzkiaren izpia trabesatzerakoan. Hala ere, oraindik ere hotza dago, hotzegia atera didate trapiste hau.

        Arrosa koloreko alkandora finaren diztira sedazkoa. Alkandora berriaren diztira. Alkandora berria. Larunbatean alkandora berria.

        Alkandora zuri plantxatu berria, eta nola plantxatua gainera lehenago gure amak bakarrik zekiten bezala, lepoa ez dut uste almidonaturik egongo zenik, baina ez zuen premiarik ere, gizon hura bera arduratzen bait zen lauzpabost minututara gauzak bere lekuan jartzen tik guztiz nerbioso baina batean elegante batez. Giza-koketeria. Eskumutur ongi formatuak bere jertse urdinetik hatz bat irteten. Apur bar makurtu zenean estazioaren izena ikusteko asmoaz, botoizko jertse urdina iriki zitzaion eta justu justu ikusi nituen bere inizialak bordaturik hondar urdinaren gainean, itzal bezala eginez. Arabesko guztiz arrotza, suge rokokoa letra irakur ezinak formatzen.

        Alkandora hura, jertse berria, galtza arre arraia ongi eginarekin, begirada argi baina galdua, rasgo xit firmetako aurpegia, kaska soil hasi berria dotore estaltzen zuen txapel beltza, patiletan ile urdinaren hasia, Zornotzan baskongadosetara igo zen gizon hura nora joan zitekeen igartzeko hainbat aztarna zitzaizkidan. Ez zuen erretzen baina hatzak tabakoak horiturik zeduzkan, are gehiago, ezkerreko hatz seinalagarrian hatzaskola erdi apurturik zedukan eta hatzapar tiki bat bihurturik tabakoaren-tabakoaz ia kafe ale gordin baten kolorez horniturik zegoena. Arnas-problemaren baten kausaz Bilbora joango zen medikuren batengana. Baina ez da kezka aurpegi hartan desinatzen zena, agian halako pasibitate bat, bere helburua heldu eta zer egingo duen buruz ikasten ari den lasaitasuna. Patsada. Ez dut uste Bilbora amanteren baten gana zoanik. Serioegia ematen zuen horretarako. Zer ikusi daduka, ordea, seriostasunak amorantea edukitzearekin.

        Harez gero, Atxuriko geltokira heldu arte gizon haren amorantea nolakoa izan zitekeen asmatzen joan nintzen. Zazpi kaleetako merzeria batetako jabea. Andre rubia bat, bere ile gaztaina kolorekoa nabarmentzeko argitua. Ia edadekoa baina ikusgarria. Landua, kulturaduna, XIX mendetako nobelak maite dituena, bereziki Balzac. Agian bere artean ez zegoen grinarik baina guztiz gustora egongo ziren elkarrekin, nahiz zenbait egunez elkarri eskutik heldu besterik ez egin.

        Horrela, konturatu gabe heldu nintzen Bilbora. Gizon haren atzetik joateko gogoa nuen baina, bagoian denak irten zitezen itxaron nuen, eta jende guztiaren atzetik joan nintzen. Mania inozo bat zen, baina norbaiti entzun nion horixe zela gauzarik segurena. Azken bidaiariak trenetik irteten direnerako poliziak jadanik nekaturik egoten omen bait dira. Jende guztia ezabatu zenean geltokitik, Txoriño agertu zen.

        Hain jarraitzen zinen berdin, azkenengo Donostian elkar ikusi genuen bezala, non ezagutu ere ez bait zintudan egin, aldaturik aurkitzea espero bait nuen.

        Ia bi hilabete elkar ikusi gabe ginen. Nik hanka egin nuen Donostitik eta Bilbo aldean nenbilen, Pellok nere bila zenbiltzela esan zidanean. Nik ez nuen zu ikusteko gogorik. Bueno, hori ez, ez nenkien zer zen komenigarriago elkar ikustea ala ez. Zaila bait zen ikusten baginen gero ez liatzea. Aitortu beharra dadukat zu ikusteko gogoa nuela, baina ez nintzen segur nere sentimenduekin. Jabik animatu ninduen. Beharrezko zela neskatxa ezagutzea esaten zidan, agian hiltzen bahaute ere, krudelki erantsiz. Bere teoriarik gozoena, hain gizon gogor hura baitan, maitasunaren premia zen. Behar bada horixe zen gure aitzindarien teoria, 66 era 67.ko jendearen teoria, Zarautzen era Parisen burura eraman zituzten abenturen kariaz, duda gabe, baina gure belaunaldiak —garai hartan belaunaldiak urte betetakoak besterik ez bait ziren— guztiz timidoak eta lotsatiak ginen neskatxekin. Konturatzen bait ginen gurea ez zela lehenagokoena bezala izango. Haiek bost edo sei hilabete klandestinitatean egon eta gero denak bestealdera joaten ziren, baina nabari zen gurea bizi guztirako izango zela. Ez zen hori haseran nere asmoa. Uste dut inoiz esan nizula nere amets kutuna Ameriketara joatea zela, edo bestela Londresa behintzat, baina beldur nintzen —beldur arrotz bezain absurdoa agian— ezin nuela hanka egin lehenago nere herriaren zerbitzuan nolabaiteko soldaduska egiteke.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983