Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

XXII

 

        Zure familiaren traje dotore erosi berriak, nagusien xaka gurutzatuarekin, xapel berria, eta gazteen xaka urdin marinoa galtza gris ongi plantxatuekin, alkandora erosi berrien diztira leuna, emakume nagusien traje hilun diskretoa, sonbreilua erostera ausartzeke baina pelukeriara joan berriak zinela nabari igartzen zitzaielarik, boltso dotoreena oinetakoekin joku egiten zuelarik, keinu lasai patsadatsuak, noiz bizkarrea jo edo are helduz noiz gerritik oratu eta konfidantza guztiaz sabelean kolperen bat emanez, neskatika lirainen gona zuriak, estreinaldiz, zinta urdin eta bolante arinekin, bere biziko aurreneko bodak ematen zien emozioa ezin estaliz, susmurru nerbiosoa baina ez kezkatia, hiritarren konfidantza zerielarik azera alde batetik bestera aldatzean kotxeak gera zitezen fidatuz, urregorrizko metxeroa zabaltzeko modu dotorea, begiak zeruko puntu ikusi ezin bati so kea botatzeko era patsadatsua. Nere familiaren bakartatea, irripar nerbiosoa, jertse desegokia, bere artean defentsarako biltzeko modua, jendeari esku eskaintzean erakusten zuen joia falta, besteek ezagutzen zuten hogenen baten, erantzukizuna hartzen zutela, agian horrela joatearen damu izpi niminoren bat, nere anaiaren axolagabekeria ezdisimulatua, neskatila zuriz jantziei buruz mostratzen zuen interes falta, bere aurpegira ez begiratzea, galtzen zimurdura, amaren alde batetik bestera begiratzea behin eta berriz bidea gurutzatzeko eta azkenean abenidatik zetorren kotxea ez ikustea. Dendarisaren begirada kuriosoa halako jende multzoa ikusi zuenean, udal goardiaren keinu displizentea iragan gaitezen agintzeko.

        Azkenean juzgadura heldu ginean, juezak multa bat ordaintzera joan bagina baino errespetu eta kontsiderazio gutiagoz tratatu ginduen. Leihatilatik leihatilara ibili behar izatea, senide guztiak bere traje, jertse, oinetako zaratatsu, zigarro eta begirada ahalketsuarekin ondotik eramanez, non ezkontzen zuten arrazoirik inork ere ematen ez zigularik, halako batez gela tiki hauts bete batetara heltzeko.

        Juezak, betaurrekoak buru gainean ezarririk egunkaria irakurtzeari uzteke, keinu bat egin zigun buruaz pasa eta agian noizbait argizagiaz hornitutako banku zahar haietan eseri gintezen.

        Isilaldi esnetsu hartan, bost minutu zain, juezak egunkari deportiboa irakurtzen zuen bitartean, harik eta bedel zahar bat sartu zen arte uniforme gris izandako baten mangamuturrekin ezpainak garbitzen zituela; hartu karpeta urdin bat, paper batzuen artean bila ibili miope arretaz eta zure izena irakurri arte. Jeiki eta juezaren gana hurbildu zinen. Egunkaria zabalik zedukan oraindik baina betaurrekoak begi aurrean jarri eta eskuak gurutzatu zituen mahain gainean.

        Bere aurrean zinela erreparatu zuenean, nazka keinu bat egin zuen, beste planetaren batetako biztanle baten aitzinean bailego, betuleak haserrez jeikiz, harriturik ezkongai bakar batekin aurkitzearren. Orduantxe ulertu nuen zure izena irakurri zuenean ez zela zuri deitzeko, expediente hartako menbro guztioi deitzeko baizik. Zuregana hurbildu nitzen nerbioak permetatzen zidaten arintasun guztiaz, eta mahaira heldu orduko koaderno kuadrikulatu batetan kaligrafia ingelesez idatzirik zedukan ohar batzuk irakurri zituen. «Azkue jauna, berriz baiezten ahal duzu Jone emaztetzat hartu nahi duzula?» Bai. «Arregi anderenoa, berriz baiezten ahal duzu Josu zure senartzat hartu nahi duzula?» Bai esan orduko kontabilidadeko koadernoa ematen zuen hura itxi eta sina erazi zigun. Ezkondurik geunden. Juezak-ere gu bezain harriturik zegoela zirudien. Beste ezkontzetan ez bezala, inor ere ez bait zitzaigun hurbildu ezkonberrioi zorionik ematera. Isilaldia hurratzeke denok erretiratzen hasi ginen. Atera heldu nintzenean soilik hartu zidan besotik Mertxe zure lehengusinak eta zorionak esan ahapeka belarrira. Orduan ohartu ziren denak eta ahapeka zorionak esan zuten guregana aurpegirik bueltatu ere gabe eta eskaileratik jeisten zoazela.

        Janaria are tristeago, oroitzen zara, ez da? Donostian Maria Kristinaren aldamenean dagoen Guria kafetegiak dadukan bajuan boite bezalako hartan, non zure aitak bazkari hotz bat enkargatu bait zuen.

        Mostradore tikiaren aurrean eta inguruan dauden butaka eta siloi gastatu haietan jarri ginen. Eskubiko partean nere familiaren jertse berdea, galtza plantxatu gabeak, begirada joanak, hitz banal ez guztiz egokiak, poltso usatua, oinetako ez guztiz garbien kolpe ritmiko urduria, begirada gazte aspertua, erlojuari begiratzea. Eta ezkerrean zure amaren boltso berria, ile orraztu berriak, aitaren traje dotorea, xure arrebaren konjunto kafe kolorekoa, xake urdin gurutzatuak, gona zuri berriak, elkarhizketa eten gabea, are irripar lasaiak ere.

        Komunikazioak amen aldetik hasi ziren. Baina hizketan hasi zirenean gelditzeke ziharduten, agian beldurrez eten eginez gero ez ote zuten jakingo zer esan eta isilaldia denon gainera harri handi bat bezala eroriko ote zen.

        Gazta, urdaiazpikoa, antxoa tiki lehorrak, foi-grasa, solomo lehorra, tortila, ardo beltz eta zuria, martinia, bitterra eta mantekila apur baten gainean dastatzeko bezain baizik ez zegoen kabiar apurra bukatuz zoanean baizen ez ziren hasi elkarri zerbait esaten gure aitak.

        Baina orduan ere ez zen animatu zure arreba nere familiaren gana hurbiltzera. Ez dago eskubiderik hogei eta bost urtetako neska batek hori egitearekin. Gure gurasoek, baserrian jaio, baserrian bizi eta baserritartasuna eta —keria hezur muinetaraino sarturik dituztenek uler ez dezaten, bere semeek ezkontza bat behar den moduan ez ospatzeaz uko egitea eta jende guztiaren elkarhizketen gai bihurtzea, bereziki hori dena, dioetenez, zentzu gabe egiten denean, «zuek Jainkoarengan sinetsi behar baituzue» agian, azken finean, ez lukete hain harrigarri izan behar, baina zure arrebak, Donostian hamabost urte baino gehiago daramatzalarik eta nork jakin denbora guzti honetan zer arraio egin ez duen, guztiz barkaezina deritzat. Eta uste dut gainera berek zerrikusi handia eduki zuela ez soilik zure familiaren portaeran baina bai eta nere gurasoen erreakzioan ere.

        Eta panorama konpletatzeko, gero gure adiskideak etorri zitzaizkigun. Zure adiskideak, Jose Ramon anorak urdin hilun batekin, segur nago bere bizi guztian ez duela sekula ere anorakik jantzi eta okasio hartarako maileguz eskatuko ziola bere adiskideren bati, eta bera frakez eta elizaz ezkondu zela. Bestea, Jose Luis, beti bezala, klandestino airea ezin deskutsatuz, erdi disimulatzen eta urrengo zitan zer esan behar zuen pentsatzen bezala. Pedro Mari, zer esanik ez, bere diplodokus despistearekin ez da etortzen bada traje eta alkandora zuriarekin xakearen poltsikoan zeraman korbata ezin ezkutatuz.

        Joan, bestalde, fritoak jan eta jan.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983