Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

—7—

 

        Bakartatea. Klandestinitateko bakartate jasan ezina, komunikaziorik eza. Zure adiskideak ere ez dituzu ezagutzen, ez dakizu nola deritzaten, zer egiten zuten erakundean sartu orduko eta are zer egiten duten orain ere. Gizartean positibotzat hartzen diren baloreak hemen negatiboak dira. Ez duzu deus ere esan behar, ezin zara maitekor izan behar, ez duzu atentziorik eduki behar. Adiskide batek, bueno, bere etxen noizean behin edukitzen nauen batek haur bat edukiko du, baina ez dakit nola hartuko duen erregalu bat egitea, hain da hotza, nerekin behintzat, non ez bait naiz ausartu ere egiten ezer entregatzera. Ulertzen didazu. Beste egunean Punta Galeara joan nintzen itsasoa ikustera. Ezin naiz bizi itsasotik urruti. Beharrezko dut noiz behin olatuak nola lehertzen diren ikustea, ezinbesteko orizontean itsasoa eta zerua besarkatzen eta bat egiten diren puntuan bista galtzea, nere imajinazioa libre uzteko bere gisara nabega dezan. Ulertzen didazu. Eta han, itsasoari so, bakartate heze hartan, zutaz oroitu nintzen. Gogoratzen zara nola joaten ginen ihaz Hondarrabi aldera, bada, horrez gero, ez naiz sekula ere joan, zera. Beti bakarrik joan izan naiz.

        Ez nintzen eroso sentitzen egoera hartan. Beldur nintzen ulertuko ote ez zenuen hura dena lastimaren ipunia besterik ez zela. Egiati nintzen.

        Taberna zikin hartatik irten eta zazpi kaleetan barrena joan ginen. Isilik, ez zegoen jende askorik, jende gehiena tabernetan bazkaltzen oraindik. Eta halako batez etxe batetako atarira heldu ginen eta atzera begiratzeke ere bertan sartu.

        Atarian zapatari bat zegon bere denda ezin tikiago batetan azken zapatak konpontzen. Guztiz kuriosoa bazen ere, iragan ginenean ez zigun begiratu, zorionez. Isilean igo genituen hautsez betetako zurezko eskailera haiek, arnasarik ere hartzeke ate parean iragatean, non dena lapikoko usaiez betea bait zegoen. Noizean behin sukaldeko zarata metalikoak entzuten ziren flateren bat edo koilararen bat lur gainera erortzean. Nonbait josteko makinaren bezalako zarata bat entzuten zen.

        Maitasuna. Zer zirkulo biziosoa. Ezagutu gabe nola maitatu. Eta maitasunik egiteke nola ezagutu. Harreman guztiak, bereziki neska-mutilen artean, garai hartan behintzat, eta garai hartan Euskadin areago, zein mugatuak ziren. Kolejioaz, zinemaz, konfidantza apur bat gehiago zegoenean agian politikaz, batez ere ni garai hartan bezalako obseso bat bazen, eta literaturaz, neska xit aparta zenean, Luisa, eta kito. Maitasuna egin eta gero baizen ez da sortzen halako konfidantza eta lasaitasuna.

        Lasaitasuna. Gerizaturik sentitzea. Noiz-nahi, edozein egoeratan, norbait, pertsonaren bat zutaz pentsatzen eta arduratzen kezkati dagoela sentitzea. Segurtasun hori. Sentimendu epela.

        Eszenarioa mundu guztiko ezegokiena bi gazteen birjinatasuna galtzeko. Etxe zahar hautsez betea. Bat ere mueblerik ere ez. Iluntasun hotza. Urrats bakoitzak egurrezko zolaren kexu mingarria ateratzen. Plastikozko gortina urratuak. Atea zabaltzerakoan garraisi negartsua erro ordaildutik. Koltxoi biluziak, ez maindirarik eta ez mantarik gabe, eskerrak lo egiteko saku bat aurkitu genuela armario zahar batetan.

        Zein gaizki sentitzen nintzen. Ez nuen deus disfrutatu. Zuk ere ez. Lotsa ematen zidan, neskatxa batetaz horrela abutsatzeak. Abusu bat bait zen. Ez nuen horretarako eskubiderik. Gelako atea ixten ere ez nintzen ausartu, zu preso hartzea zela ematen bait zidan.

        Gainera, egin eta berehala, nerbioen askazioaren kausaz agian, loak hartu ninduen. Eta ametsen hodeien artean zure negar zotinaren melankonia ailegatzen zitzaidan.

        Esnatu nintzenean, bakarrik aurkitu nintzen. Guztiz damuturik nengoen. Galtzak jantzi eta sukalde aldera joan nintzen eta han aurkitu zintudan, zure gorputz biloiziaren gainean jertse iriki huts hartan. Parkatu esateko gogoa nuen, baina ez nintzen ausartzen. Bi izar diztiratsu zure begi buztiak ikusterakoan, besoak zabaldu nituen eta ezin emekiago uso epelaren dardar bigunaz apoiatu zenduen zeure burua nere bularrean. Orduan konturatu nintzen nere maitasunaz jabetu zinela.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983