Grand Placen aurkituko gara
—23—
Gudari hegalduna, suzko ezpata biluzia zut kasko bortitzaren gainean, mehatzaile, San Migelen oinetatik behera erortzen dela udaletxeko tailatuaren gainera harri bizizko kaskada bat antzo gakoak zipriztinak zaizkielarik.
Ez dut erresistitu nahi izan berriz ere kanpoko silan eseritzeko nuen gogoa, eta farolak eta hereinotzezko hegiak formatzen duten xoko gerizatuaren babesean jarri naiz berriz plazaren edertasun grisari darion usai hezea dastatzeko. Banderak nagiki lastantzen ditu aireak. Artaziak, konpasa, bildotsa, basaurdea, gauzarik sinpleenak ikurrinetan eta pendoietan, bere gremioa errepresenta dezaten, bi antsar xiliotsuren artean ezkutu batetan sarturik artaziak, gizonak gizon baino gehiago gremio batetako menbro eta kide zirenen garaien oroigarri. Aberria edo klasea existitzen ez zuten garaietako sinbolo. Euskaldunen aberria Euskadi da edo Euzkotarren aberria Euzkadi da inongo bazterretan entzuteke zegoen garaia, Beljika bera ere existitzen ez zen mementoetako lekuko isil baina koloretsua, Flandes bera ere agian oraindik sortzeke eta jendea flamendar baino areago jostun, harakin, okile, tupelgile sentitu zenean, bere lana eta lanmena, lana egiteko kapazitatea bere aberastasunik preziatua zenean, halako moldez non jainkoak berak baino segurtasun guztiarekin domeinatzen baitzuen bere inguruko natura guztia, artea eta lana berezteke zeudenean, imajinatu, diseinatu, moztu, dintadu, josi, hornitu, apaindu, artile zikinetik jantzirik dotore bilakatzeko prozedura osoa batera bere eskuetan eta buruan zegoeneko egunen oroipen, gizona bakarrik eta biloizik, jainkorik eta herririk gabe oraindik aurkitzen zenean, gizon baino lehen bere jakituariaren eta besoen lanaren medioz konkretuago zelako. Baina gero etorri ziren lehoia, lehoi ranpante nahiz mantso ezkutu bati eusten, arranoak, arrano bizefaloak, zaldi adarbakardunak, arrano sainduak, eta artaziak bildotsak, antsarrak eta konpas guztiak jan zituzten, guk gizonek domeinatzen dituzten gauzen sinboloen lekua gizona bera domeinatzen duten sinboloek har dezaten.
Eta herriz herri, Europako mendi eta bailaretan, lur lau zein zimurtu, lehenago, baina gero Asian bertan, Errusiatik hasi eta Xina nahiz Vietnamera arte, Afrikan barrena Mediterraneotik Ego-afrikara, Amerikan zehar Canadatik Su-herrietara, asmo eta obsesio bera Estatua eta Estatu nazionalaren idea, Atilaren zitalkeriaz gizonen burua eta bihotza korritu zuen adorazio hori inposatzeko. Euskaldunok bakarrik bizi ginen Estatulatriaren herejia higuingarri eta pozointsuari makurtu gabe, baina gainerako herriekiko bekaizteriaren zitzak, nola Etxepare bera, ikusiz nola gainerazko hizkuntza guztiak duten estimu eta tronua eta izkiriatzen baita, hargatik esaten dut euskara jalgi hadi plazara, nola Sabinoren ohiua euskaldunen aberria Euskadi da, aberri gabe euskaldunek agian hain libre eta zoriontsu bizi zirenean, bere hauzoko herriko jendeei, Soraluzekoek Eibartarrei, Donostiakoak Hernanikoei herbesteko deitzen, euskaldun izatea hain gauza konkretoa eta ikuigarria zenean euzkotar izaki metafisikoa asmatu orduko.
Eguzki tanta bat irten da berriz eta plaza erdian dauden lore salgai guztiek berriz bere egiazko kolore biziez jantzi dira arrosa gorriak, lili zuri zein urdinak, tulipan zuriak, azuzena hauskorren zuritasuna.
Kariloiak hamabiak era ezin romantikoago batez jotzean, aire guztia inundatzen da musika barroko lehun batez, Erdi Haroko baserritar dantza alai baina batean maiestatez beteen kadentziaz. Usuak beldurtu eta gezi baten andaraz eskubialdeko teilatuen gainetik ezker aldeko karrika adokinatuen ilunaldira itzur daitezen eginez. Erretratuak, japones pareja bat memento honen misterioa hilezkor bihurtu nahiean nahiz Sacera apuntatu agian usuaren hegadaren zuritasun harrapatu nahiean disparatzen du bere makina.
Grand Placen aurkituko gara |