Grand Placen aurkituko gara
—21—
Txoriño, gogoratuko zara zu ere nola Durangoko geltokian gelditu ginen, eta zu Donostiatik trenez etorri zinen. Luisen doskaballos zaharra, hilhobia deitzen geniona hartu eta Erletxetik zehar Sopelanara alderantz jo genuen.
Orduan ere orain bezalaxe egon nintzen ordu bete baino gehiago zure zain eta batean ia Luisek kotxea ekartzen zidan itxoiten; zain egote bikun horrek geroago urduriago jartzen ninduelarik. Zein larria zen zu agertu eta Luis oraino etortzeko bazegoen. Hala nola orain zu etorri eta biok hemen ordu bete baino gehiago egon behar badugu Joseanen zain gainerako beste jendea, euskaldunak eta periodistak etorri eta zail egingo bait zaigu gero bakarrik egotea lortzea.
Memento hartan hartzen nuen lehen aldiz kotxea nik bakarrik eta zein iaio nintzen mostratzeko gogo aitorkaitzak eraginda Punta Galea eta Getxoko Santa Maria elizaren artean dauden bideska batzuetatik eraman zintudan. Gerratetik dagoen kasamata batetara heldu ginen, itsasotik etor zitekeen perilen gerizale garai batez, zeinaren kontra egun batzuk lehenago Luisekin ibili bait nintzen hartu berri genituen pipak frogatzen. Nik behin ere ez nuen pistolarik ikusi filmetakoak salbu, jakina, baina are tzarrago zen Luisen kasua, zeinek, nahiz guztiz isuria zen arazo militar guztietara, ongi demostratu bait zuen jeneral on bat izateak ez duela ezinbestez zerrikusirik soldadu on bat izatearekin, bere hitzez behintzat.
Haseran, ehun bat metrotatik tiratzen hasi ginen. Baina nola ez genuen atzematen inongo oihartzunik, hogeitahamar bat metro hurbildun ginen. Luisek ongi zekien nola disparatzen den kasu horietan; belaunak lasai, flexibilitate ahalik eta handienaz, bizkar hezurra zutik, eta besoak oinak bezain flexible eta lasai, eskuak goitik behera astiro eta arreta handiaz astiro astiro jetsi, buruaren pare jarri, zedeari so, harik eta zedearen eta zure begiaren artean pistolaren mira-puntua ezarri arte, eta orduan, arnasarik hartzeke, gatilua sakatu. Eta disparatuz gero bakarrik hartu ahal daiteke arnasa. Ia ballet baten perfekzioa hartu behar da. Explikazio guztiak xit zuhurrak zirela ezin uka, baina gero Luisek ez zuen inola ere lortzen kasamata hari tiro bat jotzerik.
Bere aldamenean Robin Hooden filmetako baserritar bat senti erazten zidan. Baina FBIko pelikuletako polizien keinuak imitatu beharrean, adarra jotzeko asmo bakarrarekin iragan mendeko dueloetako jestuak imitatu nituen, hil behar duen zezenaren aurrean torero bat bezala, perfilez jarri, besoa nere bururaino jeiki, ukondoa doblaturik eta besoa jetsiz joan nintzen harik eta zuzen jarri arte, ia zedeari so egiteke, izugarrizko zarata bat entzun nuenean. Haseran beste norbaitek disparatu ote zuela ematen zidan, baina nere pistola kea dariola zegoen. Nere pistolaren balaren zarata kasamatatik zetorren burdin-hotsarekin nahasi zen aire guztiz baketsu hartan.
Neronek ere ez nezakeen sinets, nik disparatutako bala kasamatako leihoaren ertz metaliko batetan sartu zela. Are gutiago sinesten zuen, jakina, Luisek.
Estilo geroago traketsago batez kasamatari botatzen jarraiki zuen, baina halako fortuna gaiztoaz non ez baitzuen inola ere azertatzen, harik eta azkenean hamar bat metrotara edo gutiagotik amurru gor guztiaz tirokatu arte, baina ez zen inongo tiroren oihartzunik entzuten. Guztiz humilaturik sentitzen zen eta ez bazekien non sartu ere; are gutiago neronek. Doskaballosean bueltan Bilbora ginoazelarik, esplikazio gisa tiroa leiho zabaldutik sartu zela esaten zidanean ez nuen inondik ere irria aguantatu.
Kasamata haren aldamenera eraman zintudan, ez soilik nere tiroaren frogaren bat mostratzeko, baina bereziki, nahiz Bilboko hibaitik han hurbil dagoen, paraje hari darion paketasuna dasta genezan. Neska jantzirik etorri zinen, zure betiereko bakero galtzak eta jersei granatea azkenean aldatzera erabakirik. Ia amodiozko deklarazio bat zen, gona zuri hain dotore hartaz jantzirik etortzea. Orrazkera ere aldaturik zenuen, zure ile beltza, melena deskuidatu betikoa ez, baina buru erditik arraia xit zuzen batez berezia eta moino tiki batetan garondoan bildurik.
Itsasotik zetorkigun haize hezeak zure gonak balakatzen zituen, bi hega zuriak formatuz zure iztarren alde bietatik, Bizkaiko labar haren gainean. Euria hasi zenean. Ekarri zenidan zigarro rubioa busti egin zitzaidan kotxera korrika ginoazelarik.
Gonak jeiki esku artean hartuz, makurturik, belar eta sasi luze haren gainetik gazela baten arintasunaz, katu bat modura. Katua. Katu gaisoa zertan ari izango da orain. Nor geldituko ote zen berakin. Esan diot Peruri berakin geldi zedin, baina ez da guztiz animali-zalea eta agian beste edozein komuni eman dio. Katu gaisoa. Haseran denak berdinak ematen dute. Jendeak esaten du txakurrak zintzoak direla eta katuak berriz zitalak, mendekatzara eroriak. Esaten nion nik Luisi, denetarikoak egongo dira horien artean ere. Eta egon ere, horiez gainera, katu bat, bereziki katame bat, Marigati, mundu bat da. Noiz haur tiki besoetakoa, laztan bila bizkarra eta buztana jeikita zure kasuen eskale, noiz pantera beltza, felino ehiztaria, makurturik pinpilinpausa deskuidatuaren harrapatzeko prest, diztira hori bat dariela bere begi berdeei, noiz bultzada tikiren bat eman diozuela eta haserre, begiratu ere egiteke.
Katu zuriak nahiz bere anaia zen, ze desberdina ematen zuen, haatik. Beltza gure gelan sartu eta mahain gainean lasaiki etzanda gelditzen zen lehen egunetik, baina zuria handik sei hilabetetan ere ez zen gauza trankil gelditzeko gelan sartu eta hau urduri alde baterik bestera gelditzen zenean, eta hori ezer gertatu aurretik. Beren kuriositateak eraginda edozein hauts tantaren edo paper tikiren baten ondotik saltoka zebiltzatela, komunen batek Marigati harrapatu zuen eta gero bigarren pisutik patiora erori, baina, guztiarekin ere, ez zitzaion inongo traumarik igartzen.
Baina garai batez Kapitainak ebatsi zidan. Agian katua bera joan zen bere galeriara eta, beraz, ebatsi hitz gogor samarra litzateke, baina gutien egin behar zuena, bere jabeari itzultzea litzateke. Baina berak ez, bere gelan gorde zuen. Eta behin katu gaisoarekin jolasean ari zela bigarren pisutik erori zitzaion. Eta horretaz beldurturik gure patiora ekarri zuen berriz. Edo agian ez zen izan erori zitzaiolako eta katua haseran hanka hautsirik gelditu, errentasun mingarri hartaz, eta funtzionariek agindu zioten ezin zezakeela animaliarik eduki bere gelan. Bai horixe da. Behin, Merced egun bezperan edo behintzat udazkena hasten zenean jairen bat zegoela eta, preso guztiak formatu zituzten patioan eguzkitan, eta Dogo serbitzutako burua agertu zen eta denei ia ongi formaturik zeuden begiratzen hasi, berak soldaduak bailira eta bera Estatuko bururen bat, halako batez formaziotik xoriren baten xio ahula entzun zenean. Dogoa kapitainari begira gelditu zitzaion, ardoaren kariaz mapaz beterik zedukan aurpegi masailetan barrena tik bat iragaten zitzaiolarik.
«Kapitaina» deitu zion eta ez bere egiazko izenez, lerrotik sor zedin eta poltsikoan zedukan xoria lur gainera bota eta hankarekin zanpatuz hil dezan agindu zion. Baina kapitainak ez zuen nahi: gorputz guztia dardar zedukan: begiak aurpegitik irten zorian eta xori ttikia bularraren kontra gerizatzen zuen. Mesedez, erregutzen zion negarretan. Beste funtzionariek pareja baten artean hartu eta eraman zuten. Dogoak xoria hartu eta lur gainera bota zuen.
Nahiz hega apur bat egiten hasi zen, buruarekin jo zuen harrizko losa handia eta bere hegak desesperazioz higituz salto bat ematera entregatu zen oraindik, xit mareaturik bezala, baina Dogoaren militar botak burua zanpatu zion. Handik egun batzutara oraindik bertan igartzen zen odol mantxa beltz baten aztarna.
Kapitaina gaisoak arratsalde osoa negarrez iragan zuen, eta bere kexuak patiotik entzuten ziren. Esaten zuten korneta postua galtzearren zela, baina nik uste dut benetan maite zuela xori gaiso hura. Bere maitatzeko kapazitate guztia xoriari eskaintzen ziola, gartzelamenduko bakartate hotzari epeltasun apur bat emateko asmoaz.
Zein mingarri zortatzen zen heriotze hura. Bere merketasuna gatik agian, behar bada memento hartan Dogok ez zuelako inola ere nahi rekuento pasatzerik eta xoriaren xilio ttikiak molestatu egin zuelako. Hura zela eta, protestaren bat entzun zen, Pirata eta beste talde bat xilioka hasi ziren, eta orduan Dogoak gartzelan zeuden xori guztien hiltzea obligatu zituen. Baina komun guztiak motin bat eraman zuten burura eta xoridun guztiak, lehen pisuan zegoen garita batetara igo ziren bere xoriekin eta handik jetsi gabe hamasei ordu egon ziren, harik eta Madriletik inspektore bat heldu eta xoria edukitzeko baimendua zedukatela agindu arte.
Gizonaren misterio miresgarri miraritsua. Mirestekoa benetan. Kalean atsoei boltsak lapurtu, atrakoak egin, norbaitek are atrakoren batean bankuko kajariari bi tiro jo zizkioten haik, gero gartzelamenduko bakartatean xori ttiki haietaz maitemindurik, bere animaliak defendatzeko motin bat burura eramaten.
Amodioaren misterioa. Pertsona bat maitatzen dugunean, egiaz maitatzen al dugu pertsona hura bera, ala geure buruko marmu, obsesio eta idealak harengan projektatu eta gure imajinazioak pertsona horretan jartzen duena baizen ez al dugu maitatzen, honela geure burua maitatzeko era ezberehalako bat besterik asmatzen ez dugularik.
Ikustekoa benetan gartzelako patioan jende nagusia poltsikotik alpiste ale batzuk atera, mihingainaren puntuan ezarri eta horrela, epel eta busti, xoritxo bati eskaintzea. Hitz maitekor eta ferekatzaileak esanez. Andre edo hume baten lekua hain erraz animaliaren bati ematen zaionean, zein eroso izan behar du pertsona baten lekua beste baten bati eskaintzea.
Sadismoa behar da hain merkeki gizonei agintzeko bere animalia kutunak odol hotzakin asasinatzea. Zure burua defendatzeko balitz, tira, baina parada horretan, jakinik gizon haiek ez zutela beste familiarik eta ez adiskiderik. Gainera funtzionariek berek hiltzea balitz, baina nork bere animalia kutuna garbi dezala agintzea.
Herioren misterioa. Pertsona bati bizitzea kentzea. Gasteizen bezala. Igande arratsalde aspergarri batetan, egun guztian bakartaterik larrienean goizean elizan eskutatu eta hiruzpalau meza entzutera beharturik eta arratsaldean bi pelikula ikusi behar, garai hartan ez zegoelako inongo etxerik eta ez militanterik eta nonbait ezkutatu behar nuelako. Gaueko hamarrak aldian diska denda baten eskaparatearen aurrean Walesko tigre hura, beltzak bezain sakonki abesten omen zuena bere familia mehatzetan lana egiten zuelako, areago diskei begira baino, denbora pasatzeko eta batbatean eskaparatearen kristalean aurpegi ezagun bat bere metalezko betaurrekoekin erreparatu nuen. Aurpegi bizar moztu berria, ileak guztiz orrazturik, korbata gorria, alkandora zuria eta traje gris bat. Aurpegi ezaguna, baina nondik, kuriositate hura eta noizbait sentitua eta nabaria. Donostiako Amarako bulegoan pasaporteak ematen zituen polizia, neri Frantziara joateko posibilitatea ematen zidan pasaportea entregatu zidana. Nere jakaren poltsikoan sartu eskua era guztiz berezko batez eta seis treinta y cincoren burdin hotzaren pisua sentitzen dut. Bere perfil arretatsuari begira gelditzen natzaio. Egia ote da diskei begira dagoela. Kontuz disparatu behar da, pistola ttikiegia baita nere eskuentzako eta arreta handirik gabe disparatuez gero ezkerretara higitzen dut gehiegi, baina ez dago gora igongo den beldurrik pistola handiegiekin gertatzen den bezala. Begiak Guridiren sinfonietako diska batetan ezarriak ditu, baina egiaz ote. Ez al da ari disimulatzen, agian inguraturik nago, eta hemengo atari guztietan bere lagunak daude. Keinu bat egin eta berehala memento batetik bestera polizia guztiak irtengo dira. Keinu bat egiten badu, lepoa higituez gero disparatu egin beharko nioke. Ez dut pistola zertara atera beharrik, horrela ez dira konturatu ere egingo. Keinu bat egitera doa, lepoa higitzen du eskubi aldera, baina ez da ezer mugitzen. Alderantziz dena paralizaturik gelditu da, ez da deus entzuten, atmosferaren espesoak eragotziko balu bezala. Goazen, esaten dio bere ezkerrean duen astrakanezko abrigo beltz batekin jantzirik dagoen berrogei bat urtetako emakume rubia bati eta ene presentziaz ohartzeke bere bidea jarraitzen du. Pistolak labankortasun epel bat hartu du bera ere izerditan balego bezala. Memento hartan, segundu batez traje gris hari disparatuko nioke, duda gabe, traje gris bati tiro bat jotzea ez zen hain zaila. Bera ala ni. Bi animalia oihanean bide batetan aurkitzen direnean bezala: gorroto izpirik gabe. Pertsona ez, gauza. Agian hala nola Dinamarkako printzea ere halako batez daga etsaiaren gorputzean sartzera deliberatzen denean, gortina atzean ezkutaturik dagoelako baita. Gortina batetan daga sartzea, hiltzeko gogoak baino areago norberaren barne problemen gorapiloak mozteko desirak eraginda.
Agian Homeroren ondotik literaturaren historia osoa trabesatzen duen arazoa. Nola ez da konturatu oraindik inor HAMLET eta Telemako pertsonaia berberak direla. Hamleten arazoa Penelope ezkonduz gero sortuko zen problema besterik ez baita.
Hatzazkolekin idazten dut zigarro toxan eta harriduraz egiaztatzen TELMAH irakurtzen dela Hamlet, atsekoz aurrera jarriez gero.
Aldi hartan baizen ez naiz egon pertsona bati disparatzeko prest, baina aitortu beharra dago gure joku hark egoera hartara eramaten ninduela.
Grand Placen aurkituko gara |