Grand Placen aurkituko gara
—13—
Ikus ezazu orain bobedaren nerbadura-joku hori. Prismatikoak dira, hots, gotikoaren hirugarren garaiko estilokoak, eta beraz ez dute zerrikusirik galeriako arku gurutzatuekin. Non gizagaiso bat kupela batetan eroria. Non gizon bat bere eskuan ezpata biluzi bat antzo kadira bat duela. Non burjes eta fraide ematen duten bi gizonezko burrukan, bata alkandora batetan bildurik brebiario bat dadukalarik ezpata gisa eta bestea kadira bat harmatzat dadukala. Non beste fraide bat eskuan eltze bat eta kalabaza bat dituelarik, noiz batetik eta noiz bestetik edateko. Non beste fraide xit alfer bat dan egitera ez guztiz eroria, eta azkenik azken bi rosetoien errepresentazioa zera dira, bata gizon bat txano batez estalia baso bat besapean duelarik eta bestea daga besapean eta beste eskuan zama handi bat daramalarik.
Guztiz interesgarri dira ere bobedako arkuaren giltzarriak. Bi motibo desberdin dituzte, baina batak besterekin zerrikusi eta harreman handirik gabe, eta aitzitik, zein bere aldetik doala agertzen dira. Eskubian kadirak, silak, almoadak eta palak elkar lotuak ikusten dituzu, kapitel batetan agertzen diren kadira pilatzaileen erreferentziaren bat.
Bazen garaia. Te bat, mesedez. Ez, esnearekin, esne tanta batekin, hodei bat esne. Bale. Eskerrik asko.
Bango, Banko, Manko. Agian garagardoa hartu beharrean, barteko edari berri hura eskatu behar nuen. Nola zen? Bai, mango uste dut. Baina vodka gabe, jakina. Esaten zuen Joseanek erresekoa kentzeko gauzarik egokiena barteko edari bera biharamonean edatea ohi dela. Gozoa zen, baina hainbeste urtetan alkoholik edateke egon eta gero gorputza jota utzi nau. Tearen usaiak beti dakarzkit burura haurtzarako eri-aldiko denborak. Ilunegia ematen du, eta usaia gatik garratzegia ematen du. Hargatik nahiago dut esne apur batekin hartzea, gustoa baino areago kolore edangarriago bat har dezan.
Ez dakit zer arrazoi gatik baina umetan gustora gelditzen nintzen ohean gaisorik, bereziki hamar bat urte nuenean. Gripe edo anjinak edukitzea egiazko zortea kontsideratzen nuen, egun guztian ohean ametsetan, handi egiten nintzenean zer izango nintzen asmatzen. Gurasoen ohera eramaten ninduten, sukaldearen aldamenean zegoen gelan ez bait zegoen lo egiterik egunez eta gainera medikua etortzen bazen, ohe tiki hura ez baina matrimonioko ohe handi hartako zura beltz dotore eta maindira harizko zuriak ikus zitzan. Izara garbien boluptuostasun epel, garbiaren gozoa.
Haurrak izorratzetik datoz. Zergatik esango ote zidan hori Laura gure hauzoko neskato hark, hamar urte zituela. Agian orduantxe jakin berri zuelako eta norbait esateko premia gorria sentitzen zuelako. Gero nik Juani esan nion eta ez zuen deus ulertzen. Nik zerbait ikasia nuen, udara hartan Zarautzen egon bait ginen, aitaren negozioa ongi zoalako segur aski, eta umeek jakin gura itzela zedukaten animalien ohiturei buruz eta han ikasi nuen zergatik umeok ez genuen izorra hitza erabili behar, zitala bait zen. Nola ziteken hitz bat zitala izan, baina hala zen, eta egiaz bere zentzua ikasi nuenean ez nuen gehiago esaten gurasoen aitzinean behintzat. Baina haurrak ere animaliek bezala mundura etortzea ez zitzaidan serio iruditzen. Juanek uste zuen izorratzea estropeatzea zela edo nolabait palizaren bat jotzea. Ez zuen konprenitzen nola zitekeen senarrak andreari paliza izugarri bat eman eta handik haur bat sor zitekeenik. Agian esplikazio trebea gure gurasoen bronkak ulertzeko baina ez zitzaion guztiz posible iruditzen berari ere. Nik, gainera ez nion esplikazio gehiagorik eman, guztia neronek probokatu banuen ere deseroso senti erazten baininduen elkarhizketa hark.
Baina behin, bazkaltzen ginela, aita pijama hutsean sukaldean, ni galtzak eta jertsea jantzirik, amak ez bait zidan uzten bestela egoten gripea nuelako, sukaldea xit bero zegoen, sukaldeko txapari zerion beroa gatik. Eta aita zerbatit esaten hasi zen, nik ez nion kasu askorik egin, guztiz triste bait zebilen, eta ni tebeoren bat irakurtzen. Ez zidaten uzten baina mahain pean jartzen nuen belaunen gainean eta haietariko historioren bat irakurtzen nengoen.
Historia subkonszientean bezala geratu zitzaidan, halako batez hotzikara bat korritu ninduelako bizkar hezurretik, eta nere memoria birjinal garbian hitz batzuk grabaturik gelditu ziren: «goardia zibilek larruzko uhala kendu zuten». Eta aita isildu egin zen, neri begirakune bat bidaliz. Nere arrebari bereziki kondatzen zion historia, berak hiltzeko beldurra bait zuen eta norbaitek jakin dezan bezala, baina nik ipuina irakurtzeari utzi niola eta begi biribil guztiz zabalekin begiratzen nengoela konturatu zirenean amak isiltzeko esan zion eta txisteren bat egin zuen, aita inpresionakizun zela eta.
Harez geroztik maiz, askotan galdegin nion aitari historia hori konda diezadan, baina beti jartzen zidan atxakiren bat, eta lelo beraz bukatzen zuen, handi egiten zarenean kondatu behar dizut, zure familiak zenbat sufritu duen jakin dezazun.
Baina nagusi egin nintzenean ez nion agian kondatzeko paradarik eman. Ez zuen behar ere, Hamleten mendekantzaren espirituak erroak egin bait zituen nere bihotzean Hamletena ez, Ediporena. Hori uste izan nuen luzaro, aitaren mendekantzaren premiak dudarik jartzen ez zuenean. Baina mendekantzak uste den baino problema gehiago ditu.
Grand Placen aurkituko gara |