Grand Placen aurkituko gara
XIV
Gerritik helduta, itsasotik zetorren aire freskoak aurpegia laztan diezagun utziz joan ginen Itziar eta biok. Herria eta Karraspioko hondartza gerizatzen duen irlak gudari nekatu bat zirudien, itsasoak bere bizkar gogor eta arrokatsua balaka diezaion uzten ziolarik, amodiozko kantu melodiatsuak kantatzen zizkion bitartean. Memento harez gero dela uste dut itsasoa kalma eta soseguarekin elkartzen ditudala, ama gris gozo maitea, eta honetatik datorren haize, eta kresal-usaia musu ematen digun arnasa, areago erlazionatzen dut geriza eta babesarekin ezen ez domeinuarekin. Moilaren puntatik noizbehinka irteten xiren argi-izpi ferde fosforeszenteak haiztoak modura ebakitzen zuten gauaren hilunbeta. Herriko beste aldetik kalbarioko islada jasoten zen irla bera bezain gerizale bere babesa eskaintzen. Ilargiak mendi tontorra argitu zuenean, ordea, hiru gurutz agertu ziren, gure bihotzak presagio hilun eta tristeez betetzen.
Kortetan lasaiki datzaten behi zahar esnetsuen patsada zerien, ur gainean bere sabel zabala urak astiro balantzen zuten untziei.
Portuan barrena zebiltzaten pareja nagusien paseadaren lasaitasunak ez zuen lortzen ezkina ilunetan zeuden egurrezko kaja meten itzal mehatsailea ezaba diezagun.
Zergatik sartuko ote zen Markina erakundean. Ez berak esaten zuen diskurtso politikoa baina egiaz bere bularrean zeraman problema aitorezina edo aitor gabea behintzat. Bere aita ere langile kanporen batetan zigortua izan ote zen eta umetan erdi ezkutuan irakurritako abenturaren batzuk imitatu nahi al zituen. Zein liburu, zein pelikula, zein abestik influituko zuen munduko beste mutilak bezala ez izateko. Herriaren erdigunean dagoen basilikaren aurretik iragatean, arkupe erdi iluminatuetan, gizon bat baino handiago ziruditen letrez idatzia, independentzia hitza ikusi genuen. Elkarri ezer esateke ulertu genduen agian letra haiek Markinak edo bera bezalako mutilen batek jarriak izan zirela. Ematen zuen gure herriaren historia ez zela bakarrik birjasotzen, baina aitzitik puntu batetan aingura botea eta handik ezin higiturik zegoela, bere biziaren memento batetan kokaturik itzurpiderik eta argirik gabe. Gure bizian bai indibidual bai herri bezala, gertakari guztiak, hala alaiak nola tristeak gertakari baten prestaera eta aintzinsola besterik ez bailira, hala nola zure aitaren zigortzea, Txabiren asesinatzea edo Markinaren heriotzea, eta beti biolentziarekin eta heriorekin zerrikusi eta harreman hertsia duelarik. Batzutan ematen du pinpilinpausak sutara bezala goazela geure burua akabatzera, memento labur batetako diztira sutsua eta argitsuaren tentalditik erortzeko pasa ezin garelako. Ematen du nola amilak edo alturak zenbait pertsonari, hala heriok ere bertigo bera ematen diguela, angustia bera, geure burua suntsitzeko atrakzio jasanezin bera, bere ideen eta idealen altarean inmolatuak izan daitezen. Agian ustez horrela bere ideak ez direla jadanik ez bere eta ez idea izango, eta aitzitik sentimendu, sentsazio, obsesio bihurtuko direla besteentzat. Ez dakit zer uste duzun orain, Bilbon 1968 egin genituen entxopanamienduko eztabaida haietaz, ez diskutsio politikoetaz, baizik eta zenbait egun eraman eta gero, hainbeste denbora gela txiki eta hestu batetan egonez gero jadanik eguna eta gaua berezten ez genduenean, elkar hizketa bera sortzen zen —herio—, nekaldiak eta ezkutaturik luzaro egoteak inhibizio guztiak gaindi ditzagun lortu bailu. Heriotze propioa, jakina, biolentziaz probokaturiko heriotzea bereziki, baina areago gure herriaren etsaiei probokatu behar genien heriotzea. Oroitzen nintzen nola behin Txabik esan zuen Engelsek esaten ohi zuela pudingaren existentzia janez demostratzen zela, eta hortik ateratzen ondorio bezala eztabaida hark guztiak ez zuela batere funtsik eta idea guztien balio bakarra idea haien alde biltzera eta akabatzera egoteko prestasuna besterik ez zela.
Gau hartan hitz horiek bere koartadarik handiena ematen zuten, edo are hobeki, gurekin ez zegoen edo gurekin zegoela esan baina gero biolentzia apoiatzen ez zuen jendearentzako mendekantzarik handiena. Zer egingo zuten likiek edo mendira joan besterik egiten ez zuten abertzale gazte haiek euskal gazte bat goardia zibilak hil duela jakiten zutenean? Non geldituko ziren bere idea politiko fin eta zorrotzak aperturari, erreformari edo europear liberalismoaren influentziari buruz, euskal gazte baten gorpu baten aurrean? Herio da bizia aurrera higitzen duena. Hazia hiltzeke ez dago fruturik, behin bilera hartan, Gurru jesuitak esan zuenez.
Hargatik Txabi hil zela jakin genuenan, ekaineko goiz hartan, zenbat sentimendu kontraesankor, baina bereziki beldurraren, penaren edo arriskuraren gainetik, burruka hura serio zoala, behin betirako zoala eta ez zegoela beste biderik, eta gauza guztiak bustitzen, nahasten eta kutsatzen zuen gorrotoa.
Orduraino sentimendu experimentatu gabea, gure burruka eta lan politikoarekin zerrikusirik eduki ez zuena, garai hartan gure burruka erarik aseptikoenetan planteatzera saiatu bait ginan, baina batbatean gure buruen eta biotzen jabe, idea guztiak gaindituz eta gainerako beste sentimenduak baztertuz zoan gorrotoa. Txabiren heriotze krudel eta anker hark bihurtu zuen gure burruka; ez guk ere parte hartzen genduen herri bat bere buruaren askatasunaren aldekoa, baina gatazka xit indibidual, pertsonala, ni, geu eta frankismoaren artean, euskal herririk eta politikarik existitu ez balu ere existituko zukeen burruka gogor eta zital bat.
Sentimendu haiek apurka apurka ahantziak edo behintzat hoztuak izan ziren gartzelan eta erakundearen kinka politiketan, baina Markinaren heriotzearen berri jakin nuen egun hartaz berriz ere loratzen ziren iturburu ahiezinaren indarraz, batez ere nola asesinatu zuten gogoratzen nintzenean. Orain, agian, ez nuen, hala ere, gauza bera sentitzen. Gorrotoa, jakina, berbera zen. Diferentzia ordea zetzan ezen, gorrotoa, sentimendu negatiboa, zerbaiten kontra, frankismoaren eta agian beste zerbait sakonagoaren kontra, ez dakit kapitalismoa zela esatea zilegi ote den, baina behintzat Espainiaren historia beltzaren kontra, eta abar, ziriez ezen ez motore bezala balio zuen zerbait, era zientifiko batez aztertzen saiatzen ginen prozedura askatzaile politiko batentzat. Orain, ordea, Lekeitioko karrika adokinatu hilargiaren argi hilaz barnizatuetatik iragatean, gorroto hura baizen ez zegoen, ez, beraz, beste sentimendu kontraesankorren partaide edo prozedura askatzailearen osagarri, nere bizi guztiaren motore eta printzipio bezala baizik.
Beldur nintzen bere bularrean bizi zen bela beltz hura libre utziez gero nere esku eta hortzez, edo haren moku okerraz eta hatzaparrez pertsonaren bat desegiteko gauza ez ote nintzen izango.
Neure buruaren beldur nintzen, Markina asesinatu zuten goardia zibilen batekin aurkituez gero zer egiteko kapaz ez ote nintzen.
Animalia jaio berriak bere amaren falta bezala sentitu nuen zure ausentzia. Ez nuen inor sostengutzat ordu gorri haietan.
Ze triste bakartate ordu haietan zuk ere, aintzinako gudari mitiko harik bezala, zure begiraleak konfundituz, gartzelatik hanka egin, zure herrira heldu eta zure etxearen eta herriaren ohorea ez garbitzea gorroto-egarria asetuz, eta lur honetako zanpakuntza, tortura, gezurra, beldurra eta angustia behin betirako ezabatuz. Nere bihotzean malkoak pilpil zeuden, angustiaren esku beltzak nere lepoa hestutzen zuen bitartean. Kumeak ebasten dizkioten xoriak bezala negar egingo nukeen.
Zola irregularki adokinatu heze labankorretik joan ginen Eskolape desertura eta gero, gure arteko isilaldiari eten egiteke, platano-ondo pean joan ginen Itziarren etxerat, hosto etatik erortzen zen itaizur ohiartzuna baizen entzuten ez zelarik. Beltz eta beldurti, kata-eme batek trabesatzen du kalea hurrats tiki baina azkarrez, ate-peren batetatik ezkutatzeko.
Gure minetik oso urruti, Beitia zinemaren parean dauden harrizko eskailera batzuk eramaten duten taberna batetik mozkorren baten garraisia gangarra eta ero farrea zetorkigun, noizbehinka birikien hondarretik igotzen zitzaion eztulak mostua, monolo trakets eta errepikatzaile ulertezin batetan bukatu zuena.
Orduantxe jarri berriak zituzten eta miradoretatik ezkegirik zeuden farolen argi pean, gortinen atzean atsoren baten begi jakin-mintsuaren soa igartzen zela esango nuke.
Maldan behera labankor batetan barrena arrantzaleena izandako etxe zahar batetara ailegatu ginen. Atariko atea higitzean burdin guztiek kexu barnekor bat atera ondoan egurrezko eskailera batzuetan gora igo ginen. Eskailera bakoitzean egurrezko negarra geroago zorrotzago zen eta nahiz ez nuen deus ikusten eta Itziarren arnasa hestua eta neure bihotzaren taupadak baizik ez entzuten, ez nintzen ausartzen baranda heltzera, zaharraren zaharraz, egur izpiren bat eskuan sar dakidan beldurrez.
Atea zabaldu eta sukaldeko argia pizturik nabaritu genuenean, nahiz deus ere entzuten ez zen, susto izugarria hartu genuen. Airea haizto batez ebaki zezakeen, hain zen espesoa. Bihotza paralizaturik gelditu zitzaidan, hala nola sanferminetan mutilen bat konturatzen denean zezena, periodikoaren edo keinuaren engainoari kasu egiteke, zuzen, urrezko begi obsesiboekin, bere sabelera jotzen duenean han ukabil bat bezala itxi eraziz, bi zimatarren kolpe zitala hartu orduko.
Begiak itxita gelditu nintzen, zuri Bilbon bezala, neri ere leku guztietatik memento batetik bestera disparatzen has zitezen beldurrez, leku ilun eta apartatu batetatik, gure atzetik gizon batek karate-ohiu bat eman zuenean.
Bizardun, bekokian erortzen zitzaikion ile eta melena beltza bustirik, jertse gorri bizi bat, oin ortoxik, goardia zibil uniformerik ez erabiltzea lasaigarri baten ere ez nuen deus ulertzen.
Beldurraren baino areago histeriaren eta nerbioen menpean, Itxiar ukabilekin paparrean jotzen hasi zitzaion, animalia zaurituaren oihua eginez, harik eta nekatu arte eta negar batetan gizon hura besarkatu arte.
Gizonak ere Itxiar besarkatu zuen maitekiro eta gorputza balantzeatzen hasi zion, neri irripar bat dedikatzen zidan bitartean.
Grand Placen aurkituko gara |