Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

XV

 

        Berehala jakin nuenez, Karlos zen, Itziarren anaia. Ez zekien gertatuaren berririk eta Lekeitiora ezkutatzera etorri zen, aldez eztabaida familiarretatik itzuriz eta aldez hain beste kontzertu eman ondoren jasaten zuen nekealditik osatzeko.

        Gure adoleszente garaietaz oroit erazten ninduen kafe bero bat hartu genduen, zeren prestatu ere baso batetan neskafe apur bat eta ur bero tanta batzuk bota eta, kapaz ginen indar guztiaz igurtziz bait genduen harik eta txikle krematsu zuriska eta aroma gozoz betea bilakatu arte.

        Karlos egiazko maisu agertu zen. Ejerzizio ritmiko hura eta ia zeinek egiten zuen pisuago norgehiagoka hura lasaigarri izan zitzaizkigun. Guri bezain sakonki afektatu zuen Markinari buruz, nola hil zuten, nola exhibitu zuten Gernikan barrena etab, esan genionak. Ez zuen inongo komentariorik egin, nahiz ezin izan zuen ebita maradikapen bat botatzerik. Tartika guztiak bukatu zituenean, Itziarrek bere adiskide kutun bezala presentatu ninduen, nahiz zuela aste bete ez genuen elkar ezagutzen.

        Karlosek gitarra hartu eta astiro, parsimoniaz afinatuen egin zuen. Halako batez jotzen hasi zen. Ez dut sekula ere neure bizian halako musikarik entzun. Bere ezpainetan, giza boz hurratuaz eta gitarra hartan YESTERDAYk gerrate eta desolamenduko abesti zaharra ematen zuen. Betirako desagertu zen atzo lasai eta gerizatuaren agurra. Ignorantzia, inozentziaren, adoleszentziaren mundu desagertuaren abestia, eta egun berrian denok eskuak odolez zikindurik, bihotza gorrotoz betea genituen, denori gure aitaren zigortzea baino zerbait gogorrago gertatu bait zitzaigun, eta denoi zerbait izugarri eta kontrolaezina zetorkigula.

        Geroago eta izugarriago ziren etortzen zitzaizkigun berriak. «Estado de excepción» delakoa jarri omen zuten eta Bilbok setiaturik ematen omen zuen. Tabernetan eta kafetegietan multzoka sartzen ziren poliziak eta dokumentaziorik ez zedukan jende guztia eramaten zuen. Zezen plaza bera ere egokitu egin behar izan omen zuten presoak gordetzeko. Zuek erori zinatenean zegoen giro bera sortu zen berriz ere Euskadi osoan, Bizkaian bereziki. Mila exiliatu baino gehiago egon zen eta detenituak ere ehunka, polizia patruila egiten baserrietan eta are hirien barnean ere. Inork uste baldin bazuen erakundearen egintza positiboa izango zela errejimenaren aurpegi terrorista eta faszista erakuts eraziko zuelako, lortu zuen bere zedea, benetan.

        Egun ere ez dakit oraindik hura dena onerako ala kalterako izan zen. Agian historiak bakarrik daduka judizio hori egiaz egiteko kapazitatea, eta hori bera ere hemendik urte butzutara. Baina nik argi eta garbi nedukan horrelako egoera batetan gelditzen den bide bakarra burrukatzea zela, inongo irtenbide pertsonal eta ez nazionalik ikusten ez bazen ere.

        Dena dela, egoera hain gorri hartan hasi nintzen ezagutzen barne-lasaitasun apur bat.

        Karlos zen eta da sentsibilitatez betetako gizon bat, esan dizudanagatik ikus dezakezun bezala. Biok han Lekeition gauza desberdinetatik ihesi elkarrekin bizi izan genduen aste bete hura ahantz ezina izango da betirako neretzat. Erudizio aparta daduka eta gauzak hain era ameno baten kondatzen dizu non anekdota gertatu berriak direla ematen bait dute.

        Behin, biharamon goizean Arrapain alderat joan ginen gure buruko minak ahanzteko asmoaz, eta herriaren irteeran kausitzen den harrizko iturri biribil handi hura, mandaska deitzen diotenaren aurrean dagoen kapera estrainio bateko harri denboraz lehundutako kadiretan eseri ginen. Bere irrien beldurren prebentzio apur baten esan nion, zuk esaten zuenez, edifizio hura desagrabio gisa eraiki zela, Adan de Yarzako jaunak apaiz bat garbitu zuelako elizara joan zenean meza hasirik zegoela ikusi zuenean.

        Sinesgaitz aurpegia jarri beharrean, ordea, gertakari hori egiaztatuz gainera asasinato hori egiaz zergatik gertatu zenaren berri eman zidan.

        Hasteko, denboran ongi kokatu beharra dago. Gertakari hori ez zen jazo, jende gehienak ulertu duenaren kontrara, oraingo mende honetan, gurutzea ikusiz soilik frogatzen den bezala. Izan ere, gurutzeak XIV mendekoa guti gora behera ematen du.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983