Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

XXV

 

        Ez da ezer entzuten goian Karlosek eta Karmelek diharduten elkarhizketatik. Beldur nintzenez, oraindik autokontrolak funtzionaten du. Zer aurkitu du, Karmelek Luisen andregaia bezalako emakume atormentatu batengan.

        Ez dut uste jakinmin morbosoa besterik ez denik eta are gutiago Donostiako sozietatea epatatzeko asmoa. Kuriositatea deskartagarri deritzat, hemen politikan sarturik egon den edonork ezagutzen bait du jasan duen prozedura osoa.

        Gartzelara joan orduko inork ere ez zuen ezer arrotzik ikusi, aitzitik, harrigarri egiten zen nola hain gazte izanik ere gorputz guztiari zerion segurtasun sentsuala, heldutasun prematuroa, are politikan ere nabarmentzen-zena, guztion sinpatia eta estimua irabaz diezagun egiten zuena. Maiz Luis bera baino askoz ere iaioago eta argiago zen, nahiz zuk horrelakorik inoiz ere ez nahi admititu.

        Adibidez Txabi hil zuten egunean, nola Atxuriko taberna batetan menturaz elkartu ginen eta Luisek adoleszente batek bezala erreakzionatu zuen, gau hartan harrapatzen genituen trafikoko polizia guztiak garbitu behar zirela, eta ez adiskide baten heriotzeak bere baitan sor erazten zion gorrotoaren kausaz, baina gerrilako komandante edo komisari politiko komunista aireaz, gerra behinbetirako batetara lantzatzeko aurreneko aitzaki hain luzaro zain egona bailitz baizik.

        Bere emaztegia, ordea, jenial egon zen. Orduan zuk ez zenuen aitortu nahi izan, baina politikoki desmontatu zizkion bere planteamendu guztiak. Goiz hartan entzun nuen lehen aldiz, jendeak apurka apurka gero-eta gehiago identifikatzen zuela erakundea biolentziarekin eta ez bere helburu eta zedeekin eta are ezerian gure burruka dejeneratuz zoala ez bait ginen multzoak gidatzen ari eta, aitzitik, hauek espektatore soilak besterik ez zirela eta herriaren borroka izan behar zuena jadanik erakundearen eta poliziaren arteko burruka besterik ez zela. Egia da esan dezakezula horren guztiorren ondoan zenbat umekeria egin zuen eta duda gabe arrazoi edukiko duzu. Baina segur nago oraingoz barkatuko zeniola B.Tko bilera hartan egin zizuna, zita faltsu hura jarri eta abustu osoan deskolgaturik utzi zinduenean. Baina, egia esan, ene ustez, zu nahiz bera haur batzuk bezala portatu zinaten; segur nago jadanik ahantzirik edukiko duzuela tontakeria hura.

        Gero gartzelan, ordea, ez dakizu zenbat sufritu zuen. Basaurin elkarrekin egon ginenean oraindik ez zitzaien asko igartzen, zenbait hilabete besterik ez baitzeraman. Esan dezaket agian alderantziz gertatu zitzaiola. Gasteizko 18 bat urtetako neskatila multzo bat zegoen, Andoni bere kontaktoa zena. Gartzelan moja internatu batetan bezala zeuden, giro horietako gauza berdinekin, bata bestearekin arropa aldatzen, egunean barrena behin eta berriz haurkeria bat dela eta ez dela izugarrizko bronka muntatuz, gero berehala ahanzten zirenak, edo batek egiten zuen bezala Andoni horren emaztegaia zela eta harrokeria hutsean, eta bestea ere berdin, beste batek behin berakin ezkon zezala eskaini omen zioala, etab. Imajinatzen duzu horrelako gauzarik, Andoni ezagutuez gero? Hiru emaztegaiekin. Baina esateko moduaren kausaz, nik uste nuen berek asmatu berria zela eta burura etortzen zitzaien eran botatzen zituztela gauzak. Dena dela, zailena Bizkaiko neska nagusiak ziren.

        Orduan hartu nuen Luisen emaztegaia deitzeko mania, horrela deitzen zioten bakoitzean izugarrizko muturrak jartzen bait zituen, eta ez arrazoirik gabe, zeren behin berehala Bermeoko batzuk etorri zirenean giro guztiz arraro bat jaso bait zen, halako moldez non egun batetik bestera erabat alienaturik gelditu bait ginen eta jadanik ez bait ginen geu, norbaiten arreba edo emaztegai baizik. Ni ere molestatzen ninduen giro hark, baina nolabait apur bat ohiturik nengoen kaleko egoera gatik, baina Ana bere errotik ateratzen zuen eta ez Luisen gandik urrutik kausitzen zelako, alderantziz, garai hartan Beckerek berak idatzitako karta batzuk idazten bait zizkioten elkarri.

        Nik oroipen guztiz jatorrak ditut garai hartaz, nahiz gu biok ere ez ginen elkarrekin ongi konpontzen kalean. Baina onartu eta aitortu beharra dago garai hartan eta Basauriko gartzelan bera izan zela gure talde osoaren motorea, berak muntatu bait zuen euskara ikasteko taldea eta, gure mugen heinean, bera entseiatu zen euskal herriko historia eta marxismo estudiatzeko taldea formatzen ere, nahiz egia esan, ez zuen arrakasta handirik eduki.

        Handik bi urtetara, ordea, Madrileko judiziorako Yeseriasko gartzelan eraman nindutenean, ez naiz inoiz ere ahantziko, ezagutu ere ez nuen egin. Goardia zibilaren gana presenta nadin agindua hartu nuen behin eta, Saioa nere anaiaren etxen utzi eta Salveko kuartelean presentatu nintzen.

        Etxera arropa bila joaten ere ez zidaten utzi zital haiek. Hartu eta gau osoan, arratoi zahar eta piz kiratsez beterik zegoen gela heze batetan eduki ninduten, goizaldiko seirak ingurura arte. Orduan, gosaltzeke, hartu eta kanguro horietako batetara eraman ninduten. Nerekin adin guztiz definitu gabeko bi puta zetozen, baina dena dela berrogei —berrogei ta hamar urtetakoak ematen zutena—. Bietarik bat, zaharrena zirudiena, batbatean Bilbotik irten orduko ia erabat mareatu zen eta arropa zikina eta angorazgo haur-jertse zeraman bat plastikozko balde batetan oka egiten hasi zen. Bestea, bitartean, hari kasu handirik egiteke, gosaldi bat prestatzen saiatzen zen esne kondensatuko bote batekin. Pote handi bat zedukan erabat irekia non hatz bat sartzen bait zuen bestearen hatz-koskoak ia ukitu arte eta arrain arraro bat bailitz ateratzen han ilunaldi hartan arrea ematen zuena, zeina atso hortz gabeko hark jango zuen beldurrez geroago tikiago eta meheago egiten bait zen harik eta bere ahoan sartzen zuenean hatz erakuslearen mamia ere betetzen ez zuen angula nimino bat bihurturik bait zegoen. Errebolta batetan oharkabe arrapaturik, biok, neu zein bera, puta mareatuaren gainera joan ginen eta berekin zeraman eskuko poltsa bat baldera erori zitzaion.

        Neure bizi guztian entzun ez nituen eta harez gero entzun ere ez ditudan madarikapenak bota zituen, boltsoa atera eta mareatuaren hile beltz koipetsuetan lehortzen hasi zelarik zikindura horiska likits hura. Baina operazio horretan ziharduen bitartean esne kondentsatutako potea gonaren zehar erori zitzaion. Harez gero bidaia osoan gona musu zapi zimurtu eta kopeitsu batekin igurtzen iragan zuen, esne kondentsatua gona guztitik zabaltzen eta ereiten zuelarik.

        Azkenean, kotxe ilun kiratsez eta koipez bete hartan sei ordu baino gehiago iragan eta gero, Yeseriasko gartzelara bildu ginenean amesgaizto ikaragarri hura hantxe bukatuko zela uste banuen ere, kotxetik jetsi eta gartzela barruan sei edo zaxpi goardia zibilez inguraturik aurkitu ginen. Haien irripar ironiatsuak, keinu morbosoak, begirada lizun horiak kanguru barruko giroa bezain nardagarriak ziren.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983