Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

(b)

 

        Lehen pisuaz den bezainbatean ikusten duzu nola portikoaren azpian balkoi bat aurkitzen den. Izan ere, udal etxeko balkoia duzu. Antzina azoka honetan jaiak egoten zirenean eta printzeak etortzen zirenean, bertotik agertzen ziren bere herria agurtzeko asmoaz eta hirian lege nahiz ordenantzak ezagutzera emateko ere majistratuek berton irakurtzen zituzten, eta halare alkateak bake-tratatuak edo barkamenduak hementxe ematen zituen ezagutzera. Orduan herria ate bitxi honetatik kanpo jartzen zen, eta dukeak ere hemen mostratzen ziren, plazan bildurik zegoen herriaren agurra hartzeko. Balkoian arkadura trilobesen balaustrada bat ikus dezakezu. Fatxadak, argi dago, leiho rektangularrak ditu estatua batzuez hornituak.

        Bigarren pisuak ere almenen ordena bera du. Pertsonaren ordenari dagokionez, ikusten den bezala, noiz bakarrik daude eta noiz bi elkarrekin, edo hobeki esan batzutan bakarrik eta gero bi elkarrekin gero bat bakarrik eta abar ordena honetan. Ulertzen duzu. Leihoak ojibazko arku bat dadukate, baina dirudienez ez omen da egiazkoa, eta beheko partean kuatrilobe batez hornitua dago.

        Etxe fortifikatuen oroigarri diren balaustrada almenatuak, bi arkadura zulatuak dituzte, eta noizean behin pedestale batzuk dituzte almenetan kokatuak, bi estatuarekin. Almena hauek fatxada osoa bost partetan berezten dute, bakoitzak bi leiho dituztelarik.

        Anguleko dorre tikiak bigarren pisua baino gorago daude, baina teilatuaren parean almenen balaustradaren kariaz okerturik aurkitzen da, eta kanpora irteten den partean galeria bikun batez inguraturik dago. 1440 inguruan eguzki-erloju bat jarri zen azokara jaoten zirenentzat. Hortxe bertan duzuena.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983