Grand Placen aurkituko gara
XIX
Ze raro, zenbat tardatzen duen, ba da gutienez ordu bete joan dela faroratz eta oraindik ez da itzuli. Pena ematen dit. Memento gorrienetan eta serenitatea eta lasaitasuna galtzen ez badu ere, gaur jota kausitzen da. Ez dut uste erreakzio matxista soil bat denik, bere emazteak emakume batengatik uzteagatik. Agian pertsona batekin bizitzera ohitzen gara eta nahiz beraz maitemindurik egon ez edo sakonki maite izan ez, bere mania eta bertutei ohitu egiten gatzaie eta horrela bion artean amodioa bera baino lokarri sendoagoak sortzen.
Oraintxe joan da Pilar. Ze jatorra den, Saioarentzako tebeo batzuk eman dizkit.
Zertan ari ote da orain Saioa? Jakingo du jadanik memento batetik bestera irtengo zarela? Gora joan eta irratia jetsi dut ia zuen berririk ematen duten, baina musika besterik ez da entzuten. Egiazko radiomano bihurtu naiz. Egun batzutan ia bost ordu entzuten dut irratia, parteez gainera, jakina. Tentsioaldi jasan ezina da, ez dakit noiz arte itxoiten pairatu ahal izango dudan. Nahiago nuke behingoz esan dezaten noiz eta nola irtengo zareten, nahiz hemendik urte betetara izan, baina egun fijo ata segur batetan, ezen ez irrikitan honela beste aste bete egotea. Hargatik uste dut hor barnean egoteak oraindik are tzarrago izan behar duela. Zu arrapatu eta hilabete gartzelan egon nintzenean azkenengo egunak lorik eta jan gabe egon nintzela, ea jueza noiz etortzen zen fiantza entregatu zutela abisatzera kalera bidaltzeko, pentsatzen dudanean bakarrik egiten naiz kargu nola aurkituko zareten orain zortzi urte hor barruan pasa eta gero. Baina agian ez daduka heinerik itxaroten egon zaren denborarekin eta nekealdiak gainerako beste edozein sentsazio, esperantza zein ilusio gainditzen du.
Ez dakit kondatzen ari natzaizun historia honek guztiak zentzunik ote duen zuretzat. Are irakurriko duzun ere. Nik ere ez dut ikusten argi bidaltzeak eduki lezakeen komenigarritasuna. Agian bukatu orduko, askatasuna ezagutuko duzu berriz. Baina idazten jarraitzeko premia sentitzen dut, agian neure burua argitzeko, nere sentimenduak ordena apur batetan jartzeko, edo behar bada ez daduka zerrikusirik horrekin guztiarekin eta neure buruari jartzen diodan terapia besterik ez da, itxaro egote luze honen azken orduak lehenbait lehen iragan daitezen. Izugarrizko premia sentitzen dut, nere obsesioak, sentimendu eta ideak, denak era kontraesan batez datorzkidanak, paper zuri batetan jar ditzadan, nere baitatik konfusio-itsaso hau sor dadin eta horrela nolabait, prozedura erdi majiko honen bidez objetiba daitezen.
Beharrezko deritzat kontzientzi examen hau egitea, nere heziketa erlijiosoaren aztarna garait gaitza agian, nere buruaren baitako fidantza birreskura dezadan. Uholde bat bezala nere buruaren gainera erori ziren zirkunstantzia kontrola gabe eta agian kontrola ezin horiek domeinatzen has nadin, edo domeinatu ez bada, behintzat ordena apur batetan jarri, gehiago ezagut ditzadantzat. Gaur egunean ez zait triste iruditzen gertakari horiek, agian jadanik jasoak direlako eta ez direla gehiago gertatuko segurtasun apur bat ere badadudalako, eta hasia nago usten ere harro eta pozik nagoela pasa ditudan gertakari horietaz. Nolabait, ikuspuntu batetik begiratuez gero, ez nuke nere bizimodua beste edozein pertsonarena gatik aldatuko. Ez dakit, zu belako pertsona bat maite izan dut, eta dut, idolatriaraino maite izan dut euskal herria bezalako herri bat, fanatismorainoko gorroto eduki dut. Bizian higuindu arte sufrimendu jasan ditut, nere biziaren bidean egiazko adiskide egiatiak aurkitu ditut.
Ez dut uste hori dena bizimodu normalik egin banu jasoko zitzaidanik.
Ez da erraza, beraz, zortzi urte hauetako balantze egiatirik egitea. Ez dakit zentzurik dadukan ere, baina dena dela gure artean argiki gera dadin nahi nuke ez naizela inola ere damutzen gertatu denarekin. Baina zein asperraldi eta nagitasuna berriz ere haseratik hasteko premiatan aurkitzen bagara. Berriz ere 67 edo 68 urtetara itzultzea, edo are 75.ra ere. Zer ez nuke emango denok jasan behar izan ditugun trauma eta gorroto guztietaz ahanztearren. Ia oraingoan herri bezala eta pertsona bezala aukera berriren bat edukitzen dugun, eta probetxatzen. Ia zuek zareten gure belaunaldiak, mende honek ezagutzen dituen azken preso politikoak.
Badakit konplikatua izango dela, duda gabe. Gaur egunean « berezi» taldeak sekuestro bat eta polizia harmatu bat hil du. Ze segurtasun dugu bere senideek, zuk haurtzaroan bezala, ez ote duten zinegin umetan zure aitak langile-kanpoko historia kontatu zizuenean edo nik Markinaren hilaren berri jakin nuenean, era konszientez zein ez, etsairekiko gorroto betierekoa. Gaur egunean ere itxarote tenso eta astun honetan zenbat gorroto ez ote da ari zitza bezala giza semeen bularra jaten.
Ez dakit oraindik zer uste duzun honetaz guztiontzaz. Azken bisitetan mostratzen zenduen posturaren kariaz eta azken bi urte hauetako komentarioak gatik, ematen du zu ere heldu egin zarela; aldaketa apur bat sumatzen bait dut. Soldaduska eginik eta zure aberriarekiko eginbideak begiratuak eta beteak dituzula sentituko zarela uste dut. Oraingoz konturatuko zinen zure aitak baino denbora luzeago pasa duzuela gartzelan. Badakit horrek gorroto edukitzeko eskubide bat ematen dizula, jakina, baina interesgarri deritzat gure alabaren gan ere pentsa dezazun, ia traumarik eta eginbide estrainiorik gabe bizitzeko gauza delarik hezitzen dugun. Bere bizia bizitzeko eskubidea bait du. Herri osoak du, azken belaunaldi hauetan amildurik egon den uholde infernutar honetatik irteteko eta lasaiki bizitzeko eskubidea.
Hain pentsamendu transzendentalak alde batetara utziz, idazteari laga diot kafe ezin beroago bat prestatzeko. Ze ona dagoen. Haren zapore garratza ahoan eta eztarrian behera sentitu eta berebala zigarro rubio bat pizteko premia jasan ezina sartzen zait, eta ahal baldin bada Camel bat. Orain ia ikusi ere ez dira egiten, dirudienez estankoetatik erretiratu egin dute edo ez dakit zer gertatzen den kontrabandozkoak ere ez dira asko ikusten eta. Ezpainetan jarri behar dudan puntatik tabakoa hurrun dadin, mahain kontra zigarroaren mutur bat kolpe lehor batzuez jo, zigarroa hatz artean zanpatu tabako luzera osoan kantitate berdina geldi dadin, eta gero ahalik eta astiroen piztu, sua emeki emeki hurbilduz, ahal bada pospoloaz ikutzeke barruratz putz eginda bakarrik su har dezala lortuz. Ahal dudan indar handienaz arnasa hartu birikietara zuzenki iragan dadin, nola haize epel batez, betetzen diren frogatzeko. Ze usai ederra duen. Are keak ere zerbait berezia daduka, espeziala besteak baino finago, urdinago, orienteko dantzarisen fineziaz igotzen da besoak eta kaderak leunki, maiestateaz mugituz, sedazko lehun arina haizeak balakatua.
Oinen artean marinel zakurra alaiki saltoka ari zaiolarik, Karlos harrizko eskaileretatik datorrela ikusten dut. Buruko ile guztia eta Canadako haizkolarien jaka lodi koadrozkoa ere xit bustiak dakartza.
Ematen du bere pentsamendu eta gogoetan amildurik dirauela eta barteko kolpearen efektoak ez dituela oraindik gainditu. Ez nuen inola ere pentsatuko gauzak horrela hartuko zituenik. Beti kontsideratu dut izaki nahiko hotza, hotzegia agian. Beste edozeinek baino gehiago lagundu nauen adiskidea —zu kenduta, jakina— bai mundu berriak erideten, musikaren, artearen, historiaren, sentsibilitatearen munduan sartzen lagundu ninduena, bai ni baitan zeuden beste Joneak bilatzen urgaitzi ninduena, eta hala ere uste dut ez dela erraza Karlosetaz enamoratzea. Ez dakit zergatik, berakin oso ongi ibiltzen naiz, berakin egoteak segurtasun aurretik ez sentitua ematen dit, amante bezala ere ez nuke kexurik, baina hala ere neretzat oraindik gizon ezezaguna zait eta beldur naiz, elkarrekin bizi osoa iragan bagenu ere, ezagun ezina izango ote zitzaidan, ez bait nuen sekula ere ezagutuko bere animaren azken amila eta hondarra. Badakit edozein gaitaz ari garenean, edozein zirkunstantziatan, beti heltzen garela puntu batetara eta hortik ez dagoela pasatzerik. Arimaren Bermudetako trianguloren bat bait du, nora ailegaturik ezin bait da inola ere gaindi eta ez iragan, dimentsio berri batetako lurra hasten bait da, guztiz ezezaguna, berak bitartean kable guztiak deskonektatzen dituelarik eta erabat blokeaturik gelditzen.
Segur nago are orain ere, memento hain larri honetan bere gelara joaten banaiz, desesperazioaren amildegian sarturik badago ere, irripar expresiogabe bat dibujatzera entseiatuko dela eta gauza banal batzutaz hitz egiten hasiko. Askotan horietako kasuetan sorbaldetatik oratu eta zuhaitz bat bezala astintzeko gogoa sentitzen dut, izan ere horixe dela uste bait dut maiz, arima bejetaldun izaki estrainio bat. Zeren bejetalek ere bai bait dute sensibilitatea egun guztian eguzkiaren ondotik jiratzen dabiltzaten eguzkiloreak, esate baterako. Horiegatik uste dut ez naizela beretaz maitemintzen. Beste era baterako balitz, Bermudetako triangulo hori gabe, beldur naiz nitaz eta nirekin nahi zuena egin ez ote zezakeen, horrenbesteraino jabetu bait zen nere borondateaz eta sensibilitateaz. Gezurra dirudi horrenbesterainoko sensibilitatea eduki eta maitatzeko hain kapazitate tikia edukitzea; badirudi arteaz maitemindurik dagoela eta bere sentimendu guztiak pianoaren bidez ezagutzera emateko gauza baino ez dela.
Bere buruan segurtasuna dariola dabilen horietako gizon bat da, halako moldez non nere senarra balitz ez bait nintzen ausartuko berakin eguneroko bizitzako gauza banalei buruz mintzatzen. Oinetakoak zikindurik dituela esate baterako. Agian gaztetan, adoleszente zela esan nahi dut, neskaren batetaz enamoratuko zen eta gero honek, bere kalterako erabiliko zitukeen gauzaren batzuk esango zizkion. Ez dakit, baina segur nago berarekin ehun urte biziko banintz ere hainbeste gauza kondatu gabe hilko zela.
Bere baitan murgildu da berriz. Berriz ere musika jotzen hasi da, eta pianoaren notak etxe guztian barrena zabaltzen dira uholdearen indarraz. Hotzikara bat igotzen zait bizkar hezurretik gora berak jotzen duenean, dena den berak jotzen duen musika. Arima hurratuaren heien mintsua. Beste edozeinek jota arima ez bada intranszendente kontsideratuko nukeen musika Karlos pianoan jartzen denean bere sentimenduak batbatean berehala sartzen dira nere bibotzean eta nere sentimendurik barnekorrenak bortizki astintzen. Beatles'en Michel bere pianoan jotzen ari eta negar malkoa begi ertzera datorkidan ezin dezaket inola ere ebita.
Arratsaldea era badoa. Brijel gorriska eta moreak leunki higitzen direla. Pasaiko portuko mendien atzetik zerua ezeri-ezerian gorriska kolore izpi batzuk hartuz doa.
Eta oraindik ez da utzuli Karmele. Gustatuko zitzaidan, bada, berarekin mintzatzea egiazki konda diezadan zer uste duen. Harrigarri bada ere, bat urtetan egon daiteke pertsona batekin bizitzen edo elkar ia egunero ikusten, egiaz ezagutzeke eta are bera izatera ere heltzeke, hau da, Karmele ez baina aitzitik sendiaren arreba edo emaztea besterik ez delarik. Horietatik bat izan da neretzat Karmele. Inoiz etxe honetara heldu eta Karlos ez bazegoen, elkarrekin bakarrik aurkitu garenean, zer esan jakin gabe egon gara ia ordu beteak, edo banalitate arinak esaten, interes handirik mostratzeke bion aldetik. Biok amankomunean duguna Karlosekin ditugun harremanak baizen ez balitz, baina gai horretaz hitzik ere esatera ausartzen ez ginelarik. Nitaz jelosia bizi bat balu bezala da agian, baina bere buruari aitortzera ausartzeke. Nola eduki dezake jelosiarik baldin Karlos ez baita kapaz inor ere maitatzeko. Baina isilaldi astun haiek edo ni adiskide batzurekin nengoelarik eta bera bakarrik ezkina batetan han Marujan aurkitu ginenean, eta hala ere guregana etortzera erabaki ez zenean.
Eskerrak umerik ez dutena, bestela problema askoz ere larriago zitekeen. Bueno, problemarik badago, eta hori oraindik ere ez dakit.
Grand Placen aurkituko gara |