Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

(h)

 

        Etxe honen estiloak beste inguruko besteek baino askoz ere areago nabari du bere klasikotasuna. Hala bere ordenamendu jeneralaren nola bere balaustrada edo kupuluaren kausaz Italiako estiloa gogoratzen dizu. Hiru ordenak ematen dira etxe honetan: dorikoa, jonikoa eta korintioa. Oro hor, fatxada nahiko singlea eta itxura noblekoa da. Dekorazio eta hornidura flamendar ilaniarra sarrerako ateen inguruan, eta lehen pisuaren sostengu diren oinarrietan agertzen da eta goiko lehen partea ornatzen duten trofeoetan, Kupularen ornamenduan ere nabari da halako fantasia apur bat.

        Sarrerako atea arkoduna duzu, eta goian arxibolta bat daduka otzara bat eta frutuz betetako bi fruta-sorta. Arxiboltaren giltzarriaren gainean, S.Aubert okinen patroiaren brontzezko busto bat, idatzi honekin: Hic quando vixit, mira in pauperes pietate eluxit (bizi zen bitartean saindu hau miresgarri izan zen txoroekiko urrikitasunaren kausaz). Idazti hori, bestalde, Kronograma bat ere bada, etxea bukatu zen urtea erakusten baitu, 1697 hain zuzen. Repisak ere guztiz delikaturik landuak daude.

        Lehen pisua leiho lerro batek osatzen du, zeinen ertzak pilastra jonikoez horniturik bait dago. Erdiko leihoa eta aldeetako bi lehio tikiago balaustrada batzuren gainean eraikirik daude, Bruselasko fatxada anitzetan aurki dezakegun hornamendu mota hain zuzen. Eta gero, hor duzu pareta ornitzen zenbait medaloi Marko Aurelio, Nerva, Trajano eta Deze errepresentatzen dituztenak, eta zeinen erreinuek oroipen zoriontsua utzi baitute Erromako historian.

        Ordena jonikoaren gainean hura sostengu harturik, bigarren pisua eraikitzen da, zeinaren pilastrak ordena konposatukoak baitira. Erdian, trofeo guztiz handi bat. Espainiako errege zen Karlos V.garrenaren bustoa turkoen banderen aurre eta gainean. Haren inguruan kainoi batzuk eta bi gerrako preso, kateatuak, bata mairua eta bestea indioa, eta bi pisuen artean hitz hauk irakur ditzakezu, trofeo hontaz: Haec statuit pistor victricia signa trophei qui Carolus plena laude secundus ovat (Okinek garaitiako trofeo hau ezarri zuten, zeinaren gatik Karlos II. loriarik handienaz garitzen baitu). Inskripzio hori, bestalde Kronograma bat duzu etxea eraiki zen eguna eskaitzen dizuna, 1696, eta Den Coninck van Spanien.

        Pilastra korintio konposatuen gainean balaustrada jeikitzen da. Hemen hornamendu bezala sei estatua dituzu. Hercules-Indarra eta Ceres-Alea, Haizea eta Sua, Neptuno, Ura eta Minerva. Hauk, egia esan, XVIII mendean jarriak dira, lehenago beste batzuk bait zeuden, baina, guztiarekin ere, ez dute inola ere etxearen harmonia fina hausten.

        Balaustrada gainean kupula oktogonal bat jeikitzen da, zeinaren anguleak pilastra korintio konposatuez horniturik bait dago. Teilatu poligonalaren angulu eta zuzi batzuk zutik. Ranpante gainean, floroiak dituzu.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983