Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

XX

 

        Dena dela, ez nuke nahi pentsa dezazun gurearekin jarrai dezagun alde banago Saioa gatik dela. Gauzak ez dira hain soilak eta hamar urte ez dira alferrik iragaten; gauzak eta are pertsonak ere aldatu egiten dira, egiten gara. Karlosek batzutan esaten du, «pasota» jartzen denean bereziki, berak metenpsikosisean sinesten duela, badakizu, arimen transmutazio delako hori, eta zerura heltzeko arimak zenbait estatu iragan behar dituela egungo bizitzean. Horrela ulerturik, agian ez du oinharri sendorik, baina kontsideratuz gero ez ginakeela bizitze bakar bat bizitzera erresignatu behar, eta aitzitik bizirik dirauguen bitartean zenbait bizimodu pasatzera entseiatu behar dugula, ez litzateke hain tontakeria handia. Horrela gure bizitzean zenbait pertsona edo pertsonaia izateko posibilitatea genuke. Posibilitatea baino areago, zeren nik maiz uste baitut egiaz guztiz desberdinak garela bizitze bakar batetan. Zerikusi dadukat nik hamabost urte nituenean nintzen Jone harekin, gero nere baitan gehien eta sakonen influituko zuten pertsonak eta gauzak ezagutu eta are presentitu orduko.

        Dena den, lokarri sendo batez sentitzen naiz zurekin loturik. Badakit, nahiz asko aldatu garen, are besteentzat jadanik pertsona bera zarena ere argiki agertzen ez den, zure karakterra eta izateko modua bera ez bada ere, are politikaz lehen bezala pentsatzen ez baduzu ere, oraindik bizirik dirauela uste dut gure elkarrenganako sentimendu samur hura, garai hartan maitasuna deitzen geniona, eta harez geroztik beste inorekiko sentitu ez dudan gauza, egiaz diotsut. Uste dut sentimendu horrek ez duela zerrikusirik pertsona batekin gustora sentitzearekin eta estimutan edukitzearekin, ez dakit ongi esplikatzen naizen.

        Baina jadanik inor ere ez da izango neretzat zu izan zarena eta zarena.

        Zenbat aldiz pentsatu izan dut, bakar eta depresioaldietan, elkarrekin irten ginen aurreneko egunetaz, hobeki esan, elkar maite genuela igarri genuen aurrenako gure irtenaldi hartaz. Zureganako nuen sentimenduak, hain urruti sentsazio berriak experimentatzeko jakinguratik, hain desberdin adoleszente garaiko grin eta sentimendu erromantikoetatik; samurtasun heze eta bigun batetatik sortzen zen hura, ez zela neure gauza soilik baina zu ere partaide zinela. Gernikako hura ezik,badakizu, Isabel, gutarik altena eta hamalau urteekin jadanik argi eta garbi zedukana, aurpegi liluragarri baten faltaz, gorputz lirain desiragarri eta desiratuaren jabe zela, besteok oraindik mutilen kuriositatearen zede ere ez ginela uste geunenean. Harez gero ez ditut behin ere aurkitu, igandetan kolejiotik elkarrekin Errenderiko plazara irteten ginen adiskidete haiek.

        Haseran guretzat mutil talde guti definitua zineten, era guztiz berdin batez jantziak, zuen txanodun treskuartosekin eta buruko arraia ongi egina flekiloa eskubiko begiaren gainean eror dakizuen, eta galtza arre bera. Karmelo Jaioneren lehengusua besterik ez genuen ezagutzen kalean ikusten genuenean. Gogoratuko zara nola behin Okendo kalean elkar aurkitu genuen eta mututurik eta paralizaturik gelditu ginen, agur egin ala ez jakiteke, nahiz elkarrekin bi igandetan irten, koadrilatik aparte ikusten bagenuen bestearen nortasuna oraindik ongi nabaritzen ez genuelako. Ahalke apur bat ematen badit ere, belarriak gorritzen ari zaizkit, ez nago segur zu ala Jaime izan zinan aurkitu nuena.

        Ia exklusioz ezagutu genuen elkar. Gogoratzen zara, gure adiskideek elkarrekin ligatzen zuten heinean koadrila geroago eta tikiago gelditzen zen, halako moldez non geroago eta areago ezagutzen bait genuen elkar, harik eta behin ia bakarrik gelditu arte. Beste guztiak zinera edo beste norabait joan nahi zuten Zine-klub delako hura ikustera, gogoratzen zara, Hondarrabi aldera buelta bat ematea baino gehiago. Egia esan nik azken finean ez ba nintzen zinemara joan, zurekin egoteko gogoa nuelako zen, nahiz beldur nuen zuk Marisakin irtetea hohesten ez ote zenuen. Ze polita zen ikustea nola hitzontzi bat bezala ari zinen eten gabe hizketan zure ahalkea gainditu nahiean, geroago eta gauza transzendentaletara iraganez, gai batetik bestera eten gabe paseaz. Baina zure gauzarik xarmangarriena ez zen zure deus esateke mintzatzeko mostratzen zenduen abilezia, edo dela fraileei buruz, edo dela kurtsoa nola zioan, etab., baina aitzitik, zure isilaldiak eta zure presentzia soilaz sentitzen nuenena, nahiz konturatzen nintzen ez zinela guztiz aise sentitzen. Ezin daiteke esan gure artean egun hartan gauza espezialik gertatu zenik, ez musurik eman eta ez eskutik heldu, baina agian horregatik, dena oro gertatu zen igande bat bezala geratu da nere bihotzean. Zeren biok konturatu bait ginen, zena zela gure erlazioa, zerbait serio eta desberdin zela eta ez zedukatela zerrikusirik beste pertsonekin genituen harremanekin, musu bat ebastera edo laztan bat disimuloz eskatzen genuenean.

        Harez gero paseo bukaezin haiek etorri ziren, pantailan gertatzen zenaz enteratzen ez ginen zinemaldi haiek, eskua hila hatzak ezin mugiturik irteten ginenean, oroitzen? Hain gauza tiki eta agian banalak baina guretzat hainbat inportantzia zedukatenak, eta gero aste osoan monja-fraileak eta kolejioa aguantatzeko hainbat garrantzia zedukatenak.

        Hantxe hasi ginen Hondarrabiko hondartzaren ondoan laztantzen eta musukatzen, aldez aurretik ere anitz aldiz egin genuen bezala baina alde hartaz elkar sakonki desiratzera heldu ginen. Orduraino sekula pertsona bat desiratu ez dudan bezala, seksuarekin zerrikusi handirik ez zedukan desira biguna. Nere kasuan bederen, eta zurean ere baietz uste dut, bi pertsona ezkondu, hamar urtez elkarrekin bizi ondoren elkarrekin egoteko desira sakon eta epela bezalakoa. Zure aldamenean baizen sentitu ez dudan samuraldi bigun gozo hura.

        Zenbat aldiz pentsatu dudan garai hartaz, haurdun nengoela konturatu nintzenean, inolako duda-izpirik ere gabe ama izango nintzela ohartu nintzenean eta nere bizi guztia erabat aldatu zela, ezer ere ez zela orduraino bezala izango. Badakizu maistra izateko gogoa nuena. Asko gustatzen zaizkidan haurrak, agian nere aurreneko maistra nere izeko bat izan zelako eta herriko beste humeentzako tortura bat zena neretzat zerbait egiaz miresgarria baitzen, halako moldez non oraino neretzat liburua halako zerbait majiko, fetitxe edo talismanaren antzekoa baita. Eta hala ere utzi egin behar izan nituen. Baina guztiarekin ere, alai eta zoriontsu nengoen. Nere aurrean ez soilik biziaren beste era berri bat baina bai eta pertsona berri bat izateko posibilitatearen atea zabaltzen zen, orduan nintzen hemeretzi urtetako neskatilarekin zerrikusi guti eduki zuena. Baina gurearen berri nere etxen jakin zutenean ezin dezakezu imajina ere nola jarri ziren. Estatistikek aniztasun handiarekin jasoten den gertakaria dela demostratzen badute ere, gurasoek, berriz, humanitatearen historian aurreneko aldiz gertatzen den zerbait bezala hartzen dute. Ama, berari gertatuko bazitzaion baino afektatuago zegoen; esango nuke nolabait aitaren aitzinean erantzukizuna zezakela bezala sentitzen zela, aski begiratu edo zaindu ez ninduelako. Baina ez ninduen ezerk hainbat molestatzen, nola bera bere kabuz ez haserretzea, gaizki iruditzen zitzaiolako, baina gure aitak edo jendeak zer esango zuentz arduratzen zelako. Izugarria eta indignagarria izan zen ikustea ama nola zegoen dardar beldurrez, ia burua galdurik gelditzen zela aitari zer modutan esango zion pentsatzen aitaren aurrrean neskatila bat bezala ikaratan zegoela. Ez nuen sekula ere horrela ikusi, familiaren egiazko sostengua eta habea zen hura.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983