Grand Placen aurkituko gara
—24—
Santi. Sisifo berriz ere lorez betetako esku-karro handi bat bultzatzen iragaten da, adokinen irregulartasunaren kariaz besoak dardar, burrunda izugarri bat ateratzen. Paulok Pedroren gizontasunean ezagutzen eta aitortzen du bere gizontasuna. Gizon bat ezin da ohartu gizon denik harik eta beste pertsona bat —eta pertsona hitza hortik letorke— bera bezalakoa dela onartu arteraino, hau da, bere arteko tratua —eta oharterreza da tratua hitzaren etorki merkantilaz jabetzea—, pertsona bezala. Ze erokeria horrelako gauzak euskarara itzultzen saiatzea, baina gutienez egia horretaz konturatzeko balio izan zitzaidan, besteen gauzetan baizen ez garela ohartzen gure gauza beretaz. Zein diferentzia legoke, izan ere, Santi eta bion artean. Gudari merkeak, soldatarik gabeko soldaduak.
Turkoentzat jenizaroak baino merke eta iaioago. Ez dago zertan herrialde arrotzetara ume bila joan beharrik, eta gero arterio militarren sekretu guztiak erakutsiz hazi eta hezi, automata krudel bihurturik gero bere gurasoen herrira bidaltzeko asmoaz, herriak suntsitu zein erre, gizonak eta emakumeen sabelak ezpata biluziz irikitzeko, obediente eta leial izan daitezen; agian aski da norberaren semeari bere mito, beldurrak, ilusioak, ametsak eta frustrazioak misterio apur batez kondatzea. Gerrateko gauzak, gerra ez asmatu batetako baina magnifikatu batetako historiak eta istorioak erdi-esatea gabonetako afarian, gartzeletako gabonak oroit eraziz, mahaian flater bat hutsik utziz preso euskaldunen baten ausentzia oroiteraziz, umearen bihotzean eta imajinazioan Kijoteren abentura egarria eta Hamleten mendekantza premia haziz joan daitezen, ez neskatilen ohore profanatua defendatzeko edo aitaren memoria garbitzeko ezpataz etxetik irten dadin, baina bai aberriaren ohorea eta ospea garbitzeko edozein sakrifizio egiteko prest, soldata gabeko soldadu bezala. Nolako gudariak bururik edukiez gero. Baina buruek ongi zekiten oraindik ez zela bere ordua ailegatu, eta nahiz laster helduko zen munduak bere mirari miresgarriak ezagutuko zituen eguna, ez zen alferrik sakrifikatu behar. Itxoiten jakin behar. Atakatzeko baino abilitate eta disziplina handiago behar da defendatzeko edo erretiratzeko. Derrotak antolatu zituzten jeneralak adoratzen eta miresten.
Ia hamar urte iragan dira gau hartatik, soldaduska egitera joan nintzenetik, eta lehen egunean baino gaizkiago oraindik. Inongo segurtasunik gabe. Seguritate bakarra ezer ez dakigula denean, edo are gaizkiago, orain arte ikasi dugun gauza guztiak, edozein arlo zein mailatan, jadanik ez digula balio besterik ez dakigunean.
Hainbeste denboran giza-sentimenduak estaltzera ohiturik, eta animalia gaiso baina batean gu baino independiente batetan projektatzen direnean, haurrek kopinean bezala, gure gizon arront izateko sentimendu eta gurak, hainbeste denboran elkarhizketaren eta komunikabideen lekua liburuak hartzen dutenean, zeren ahoa zabaldu aurretik bai baitakit zer esango duen Luisek eta zer erantzungo diodan nik eta zer errepikatuko didan eta zer ihardetsiko diodan eta zer sentituko duenean eta zer asmatuko dudan berak nik pentsatzen dudana igar ez diezadan. Gauza guztietarako atxekiak ematen dizkiguten adiskide bakartzat, errealitatea —zer ote— igartzeko eta ezagutzeko sensibilitate handiago emateko izan beharrean, errealitatea bera ezkutatzeko eta hartaz gure burua engainatzeko betaurreko dotoreak. Baina besterik ez dakit eta ez naiz.
Grand Placen aurkituko gara |