Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

(d)

 

        Eskubian kapiteleak zenbait eszena ditu. Non bere haurrari ditia ematen ari zaion ama on bat, oin batekin seaskan duen beste ume bat balantzeatzen duen bitartean. Non gerrari nekatu bat butaka batetan erdi etzanik, burua esku batetan apoiaturik duelarik. Non gurnu batetan lanean ari den andre zaharño bat. Non bi amorante besarkatzen. Non bi gizon zita batetara heltzen direla eskua ematen. Baina zer zentzu ahal dezake errepresentazio horrek guztiak. Agian denboraren fabula edo alegia bat litzateke, zeinaren zentzu eta adierazpena ulertzen ez bait dugu. Agian eskultoreak maitasun zintzoaren eta etxeko bizimodu lasaiaren eta disipazioaren artean dagoen kontrasta mostratu nahi izan omen du.

        Hirugarren kapitelean ere beste eszena bat agertzen da mugimenduan. Maisu bat eta beste lagun batzuk kadiren meta eta pilo bat egiten ari direla ikusten duzu. Honen zentzuna ikusten are zailago zaigu. Kadirak eta palak maiz agertzen dira sinbolo bezala udaletxearen parte honetan. Galerien bobeden giltzarrietan eta rosetoi batetan ere maiz ikusi ditugu, hemen pertsonaia batek eskuko eskailera bat zeramala agertzen bait zen. Norbaitek esaten du zentzu historiko edo alegoriko bat dukela. Patrizioak hiritik egoztea errepresentatzen bait du, demokratak hiriaren jabe egin zirenean, baina esplikazio hori ez da guztiz onarterraza. 1421.ko iraultza demokratikoa 30 urte lehenago eman bait zen, udaletxea egin zenean. Gainera, hemen ez zen gertatu Flandesen bezala, han patrizioak benetan egotziak izan bait ziren eta errejimen egiaz demokratiko bat eraiki zen, baina hemen indar sozialen arteko oreka bat sortu zen eta 1477.tik 1480.rako garai kenduez gero patrizioen eta herritarren arteko oreka hori izan zen nagusi. Orduan, bestalde demokratek patrizioak udal-administralgotik egoztea lortu bait zuten.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983