Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

VII

 

        Nondik aterako ote zenduen garai hartaz esaten zeduen idea hori zure ETAn sartzea justifikatzeko eta esplikatzeko? Zure aberriarekiko soldaduska egin behar zenduela. Eta hargatik urte bete ETAn barruan sarturik egon behar zenduela. Zein idea arrotz sartuko zizkizun zure aitak edo gurasoek hogei urtetako mutiko batek horrela pentsatzeko, euskaldunen gehienek bere aberriaren izena ere ezagutzen ez zutenean. Zein kulpabilitate-konplexo arrotz, zein historia estrainio entzungo zenduen humetan horrela pentsatzeko.

        Hasi zinen behin zerbait kondatzen, nirekin politikaz hitzegiten lehen aldiz hasi zinenean. Ez dakit oroituko zaren. Ordurarte politikaz beti gai marginal bat bezala baizen ez zinen mintzatu, komentario soilen bat; bada, ikurrina jarri zutela eta horrelako gauzak. Baina behin —oso ongi oroitzen naiz— hitz-ontzi bihurtu zinen. Ez naiz ongi oroitzen non. Baina bai guztiz ongi lekuaz. Itsas bazterra, mendia itsasoan sartzen den horietariko paraje batetan. Pinudi batetan ginen biok eta uste dut gurekin zebiltzala ere gure koadrila. Zu jertse gorri batekin zeuden. Eta halako batez erdi liluraturik baitzeuden mintzatzen hasi zinen. Hitzaldiek ez zedukateen, haseran, zerrikusi handirik bata bestearekin, nitaz fidatuko ez bazina bezala, baina bestalde, zure barnean zeneraman gauza pisutsuren bat botatzeko premiak eraginda. « Nafarroa erresumaren garaian euskaldunok herri independiente bat izan gara, baina Espainiak bula bat faltsifikatuz eskuratu eta domeinatu zuen «gure herria». Hodeiak astiro, maiestate guztiaz iragaten ziren gure buruen gainetik, hain urruti zeruan, itsasoaren haize freskoak higituz, argiak dixtira metaliko gris bat hartzen zuen eguzkia hodeiren baten atzean estaltzen zenean. «Gudariek ez zuten burrukatu espainol Errepublikaren alde, Euskadiren independentziaren alde baizik».

        Belarrak brilo artifizial bat zedukan udaberri hartan, berdetasun berdeegia naturala izateko, begietan min ematen zuena. «Euskal Herria ez gara inoiz ere menderatua izan, eta frogatzat hor duzu euskara, zeinaren etorkia oraindik ez baita igarri, eta Europan gelditzen den hizkuntza preindoeuropeo bakarra izanik, herri honek ez duela tiranorik konsentitu egiaztatzen duena». Zuhatzei pinu usai hezea zerien, aski garratza eta birikietan barrena aurrenengo zigarroaren indarrarekin sartzen zena. «Euskaldunak izan gara Ameriketara heldu ziren lehenengo europearrak, balearen arrantzan El Labradorekon kostetaraino heldu bait ziren. Terranovan ere egon ziren, hargatik deitu bait zioten horrela lur berria zelako». Geroago eta hilunago egiten ari zen eta itsas haizeak uhin xuriak jeiki erazten zituen. «Eskolan besterik esaten badute ere, gerra karlistak ez ziren Espainiako tronoaren pretendientearen alde izan, euskal foruak defendatzeko baizik, eta foru horik ez ziren, Gaztelan eta bezala hiriburuei edo herrialdei erregek emandako erregaluak, herriaren egiazko eskubideak baizik, eta eskubide horik erregek, euskaldunen errege izan aurretik begiratuko zituela zin egin behar izaten zituen». Itsas ertzean andre aski xahar batzuk, gonez beteak, zerbait bilatzen ziharduten, lurrera makurtu eta jeiki besterik ez bait zuten egiten. Noizbait jeikitzen zirenean, maliziaz begiratzen ziguten «Badago euskaldun izateko forma bat, faktore objetiboekin zerrikusi handirik ez dadukana, hau da, hizkuntzarekin, ohiturerekin, etab. Haur espainol batek musika entzuten duenean besoak bailarinek bezala mugitzen hasten da, euskaldun haur batek entzuten duenean ordea besoak jeiki rigido eta oinak higitzen hasten da».

        Eskubialdean genduen zuhaitz batzuren itsutasunaren erditik parejaren bat irten zen, eskutik elkar heltzen eta laztankiro begiei so. Zure besoetan har nazazun irrikia sentitu nuen, ene ustez, lehen aldiz nere bizian, maitasunarekin zerrikusirik ez zedukala. Sexo izatera ere heltzen ez zelarik, besarkatzeko gogo huts soila.

        Baina zuk zeure historiari jarraitzen zenion, eta horrela herrien psikologiatik interpretapen historikoetara, etab. ibili zinen arratsalde guztian, historia gehienak neretzat entzun gabeak, nere etxen oraindik neskato kontsideratzen bait ninduten, nahiz nere familia ere abertzale zen. Baina arratsalde hartan nere barnean aztarnarik sakonen eta bizienak utzi zituena zure aitari buruz kondatu zenidan historia izan zen.

        Gernika bonbardeatu zuten egun berean bete zituen hogei urte eta nola orduan hain zuzen, mobilizaturik izan ziren gazte guztiak, are hogei urte besterik ez zutenak ere —eta hemezortzi urtetako mutiko zinenean esaten zenidan hori—. Bizkaitik ibili eta Bilboko defentsan parte hartu eta gero, Santander aldean preso egin omen zuten eta Langileen Batailora eraman.

        Behin, Palentzia aldean preso zegoela, Bermioko euskara besterik ezagutzen ez zuen mutiko gazte bat ezagutu zuen, eta arrantzaleen seme harekin hizketan zoala, zentinela zegoen goardia zibil batek entzuen zien. «Etorri hona», baina euskaraz besterik ez zekien hura mespretxatuz, zure aita bakarrik detenitu zuen. Preso-kanpo buztinez bete hartan pauso bakoitzean abarketak kexu arrotzak sortzen zituztela, botoirik gabeko alkandora bat, gerrian ijitoak bezala korapilo batez loturik, berea izan zen galtza xit handi batzuez jantzirik, goseak argalduz gainera tikitu ere egin baitu. Presoen arteko susmurru beldurtsua ahapeka. Kezkaz eta beldurrez betetako soak eta begirakuneak. Eta zure aita isilik, burua zutik, bere euskalduntasunaz eta Koldobika izen aita Luisek jarriaz hain harro, baina bestalde konsziente ere hiru urtetako kalamitate ezbehar haik guztiak menturaz heriotza absurdo batez bukatuko zirela. Berekin zoan zentinelak, bijilantziaren komandantzia zegoen barrakoira, atetzat balio zuen lau ohol gaizki jarri haik zabaldu eta pasatzen utzi zion. Barnea beste barrakoiak bezain hotz eta hezea zen, eta hori zen harritu zuen lehenengoko gauza, karez eta bustinez betetako mahain baten aitzinean goardia zibil bat zegoen, urdai gordin lehor zati bat ateratzen estraza paper batetik. Tirante zaharrak hari erdi solteak. Papar ilez betean emakume lizun bat tatuaturik. «Zer gertatzen da?» «hona hemen txapurriau hori zaunkatzen ari zela arrapatu dudan separatista bat. Eta ez da ari izan lehen aldiz, fitxaturik bait dadukat» «Bai zera». Beste goardia zibilaren jestoa, urdai gordin lehorra astiro, presarik gabe, parsimoniaz moztu eta ahora sartzen ikusteak lasaitu egin zuen, nahiz bere okotz karratu hura mehatsaile zen.

        Zarata handiz urdaia mastikatu eta ogia mozten hasi zenean bakarrik galdekin zion «nongoa zara»? Zure aita dudatan gelditu omen zen. Ez zekien zer esan Errenderikoa ala Euskadikoa. Zeren Errenderiakoa zela, Palentziako puntan esanez gero bromatzat har zezakeen eta horrek gauzak gaizkiago jarri zitezkeen. Euskadikoa zela esanez gero, ordea, probokazio konsziente batez har zezakeen. Goardia zibilak hala ere, ez zuen ematen oso gaiztoa zenik, agian bere hamaiketakoa lasaiki jan besterik ez zuen nahi. Hargatik esan zuen euskalduna zela. Erresorte batek eraginda bezala goardia zibilak salto egin zuen, halako moldez non ia mahainak lur jo bait zuen, haiztoak zarata izugarri bat egiten zuela erortzean. Alkandoraren lepotik oratu eta aho oraindik urdai eta ogi beteaz, apurrak aurpegira boteaz oihukatzen zion. «Euskalduna, euskalduna eh? Jainkoak berak ere ez zaituzte eskarmentatuko putasemeok. Ez ahal dakizu norekin-hitzegiten ari zaren? Ken ezazu alkandora zikin hori, eta jar zaitez mahain gainean» esan zuen urdaia kolpe batez lur gainera boteaz. Larruzko gerrikoa kendu eta zigor bat bezala hartuz, ebilaz lurra jotzen hasi zen, okotzaz bere adiskideari ere gauza bera egin zezan agintzen ziolarik.

        Aurreneko kolpea sentitu ere ez zuen egin, muskulu guztiak tentsiotan bait zituen. Baina bigarrenaz, labana zorrotz digante bat bere arimaraino sartu zitzaiola sentitu zuen. Hiru garrenak odola isur erazi zion beso batetik, ebilak arrapatu bait zion. Zakur amorratu talde batek arrapatutako katu bat bezala gelditu zen: nerbioak leher zorian, haragia ezin beroago, geroago eta gutiago sentitzen zituelarik kolpeak eta ezertaz ere pentsatzeko gauza ez zelarik, ezpainak mugitzeke mekagoenlaputa behin eta berriz ahapeko letania gorrototsu batetan. Bizkarrean haatik, ez xuen minik sentitzen, bere izatearen punturik barnenean baizik, sabel-pean. Beste ebilazo batek aurpegian eman zion, masailatik odol atera eraziz, ubaleako gerrikoa-noizbehinka lepoan korapilatzen zitzaion. Besoa nekatu arte iraun zuen jotzen goardia zibil parejak «Baina oihuka ezazu, puta seme horrek. Protesta, esan zerbait. Zertaz egina ahal hago?». Ileetatik heldu eta burua jeiki zioten aurpegi gorri izerdiz bete baten aitzinen jarri eta oihukatzeko. «Esan orain euskalduna zarela, potozorri hori». «Nongoa zara?». Baina zure aita isilik. Kolpeka hasi zitzaizkion okotzarekin mahaina joz. Eta gero berriz ere zigorraz. Baina bizkarra beroa omen zuen eta ez ohi zuen deus ere sentitzen.

        «Baina esan zerbait, putaseme horrek. Esan ai gutienez». Eta orduan desmaiatu egin omen zen.

        Historia hori kondatu zenidanean arrabia eta pena baino gehiago ematen zidan beldurra eta desosegu sakona. Eta beldurra bereziki historia horrek nola afektatzen zinduen, detaile eta zehetasun guztiak horrela oroitzeko. Bukatu zenduenean ez nintzen ausartzen zure begietara begiratzen ez negar erazteko. Zure begi hezeak sekula baino klaroagoak zeuden. Itsasoa ere berde klaro baketsu jarri zen, hitz gabeko sosegu sakon batean. Ama berde gozoa. Baina ez nuen dudarik zure hihotzean mendekantza sentimenduak erroak egiten ari zela.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983