Grand Placen aurkituko gara
VI
Karlos jetsi da eta esan dit, Donostiko bere adiskide batek deitu diola oraintxe bertan irratiak bere emisioak eten dituela Amarako tren-geltokian atentatu bat jazo dela esateko eta gris bat nahiko gaizki zauriturik gertatu dela. Egoera sozial eta politikoa nahiko nahasirik ez badago, badirudi badagoela jende bat oraindik ere are emozio gehiago erantsi nahi diona.
Ia horregatik ezin duen etorri Karmele. Eta hemen planteatzen ari garen problemetaz erabat inkonsziente, arazo guztia, kontrolak jarri dituztela den. Baina kasu horretan, Karlosi deituko zion segur aski, eta bereziki, baldin, une honetan bezalaxe, bere isilaldia eta ausentzia gaizki interpretaturik egon daiztezkeenean, bart gertatu denarekin. Karlos ezin urduriago dabil. Eta ni ere kutsatzen ari naiz bere joan-etorriak direla eta, goiko miradorean alde batetik bestera eten gabe ari den.
Hasi da, azkenean, euria apur bat atertzen. Asko gustatzen zait euria egin ondoren, leiho zabaldu eta haize heze hori arnasatzea, belar usai bortitz hori, birikietan barrena hezur-guneraino sartzen zaizuna, ezin hobea burua despejatzeko, agian larregi erre bait dut. Behelainoa ere hasi da apurka apurka ezabatzen eta belarrak kolore ia elektriko bizi bat hartu du. Kalatxoriren bat ere itzuli da jadanik eta ezin arinago doa astileroaren teilatu ilunaren gainetik. Non sartuko ote dira kalatxoriak euria egiten duenean? Baina berandu dela uste dut txalupan irteteko. Arrantzarako ez omen bait da ona, eta eguzkia hartzeko txalupa hezea eta buztia egongo da, segur aski. Baina memento honetan ez dut asko sentitzen, animaturik bait nago dena kontatzeko, hobeki ezagut nazazun.
Badago zenbait gauza gure artean argi uzteko gogoa dadukadana. Ez dugu inoiz ere horretaz mintzatu, baina ba da garaia behingoz saiatzeko. Gaur izan balitz bezala oroitzen naiz oraindik Luis eta biok gure gelan elkarrekin arrapatu ginduzunean, Bilbora joateko liatu ninduzun udara hartan. Lerdo bat bezala portatu zinen. Luis gaisoak ez zekien non sartu ere. Bilera bat zenuela eta kalera irten zinen baina bost minutu barru baino lehen itzuli zinen pipa ahaztu zitzaiduela eta. Ni bakarrik gelditu nintzen eta Luis tabako bila sartu zen. Gure ohe gainean eserita zegoen, besoak hormaren kontra jarriz eta historio xit triste bat kontatzen hasi zitzaidan, pena ikaragarri bat ematen zidala. Garai hartan Luis gaisoa guztiz gaizki pasatzen ari zen. Bere begi marroi ilunek hezetasun briloz eta diztira arrotz baten betea zedukaten. Noiz eskua alkandora koadrozko baten azpian sartu, eta igurtzi, noiz belarria laztandu, arnasa sakonki hartu, zein debilitate penagarria zerion Luis gaisoari horrelako egoerean. Amakiro, ama-sentimendu sakon batek eraginda burua heldu nion neure eskuen artean. Eta orduan zeu sartu zinen. Erreakzio xit matxista bat eduki zenduen, sekula parkatuko ez dizudana. «Barkatu» esan eta atea kolpe gor baten itxi zenduen, zerbait, nola esan, zikina, zitala edo lizuna egiten ari baginen bezala.
Luis are hunkituago gelditu zen eta bere gelara joan zen. Lehenago neregana etorri bazen, ez zen neskaren batekin egoteko asmoaz, guztiz desesperaturik eta bakarrik aurkitzen zelako baizik. Arratsalde hartan ohera zela lehen aldiz neska batekin, Anarekin hain zuzen kondatzen hasi zidan. Esplikatu nain zidan ni bere egizko ama bainintz, ez zitzaiola ezer gertatu, edo behintzat berak espero zuena. Anari buruz zerbait esaten hasi zidan baina zeu agertu zinen, sekula baino mozoloago. Harrez gero behin baino gehiago hasi nintzen historia konda erazteko asmoaz baina ez nuen ezer lortu. Beharbada ignorantzia hutsa besterik ez zen, auskalo, baina beldur naiz ez ote zidan kondatu nahi, gero Anarekiko bere harremanetan inportantzia eduki duen zerbait. Dena dela, harrez gero nireganako erlazio ezin hotzagoak mostratu zituen beti, eta ia farregarri batez. Adibidez Txabi hil zuten egunean. Oroituko zara nola zu Eibarko herrialdera joan zinen, eta orduan Luis, Ana eta hirurok Zazpi Kaleetako liburudenda batetan gelditu ginen, nolabait menturaz, nolabait diot zeren ia beti jaten baikinen erren batek zuen denda hartara. Honek esan zigun tiroteoren bat jazo omen zela Gipuzkoan goardia zibilaren eta ETAkoen artean. Haseran disimulatu nahi izan genduen, gure kezka eta sentimenduak ahalik gehien desgisatuz, ez bait genuen uste gu nondik genbilen zekienik, non ote zen galdetu genion.
Zehaztasunak ematen hasi zenean, beste pertsona batek parte hartu zuen elkar hizketan. Zumezko kadira batetan eserita zegoen, eta atzekoaldean bi muleta apoiaturik zeduzkan. Nahiz ile luzeak eta entrada dexente eta zenbait hortz falta izan, bere aurpegiaren azal zuriska gorabebera, ez zuen ematen hogeitahamabost urte baino gehiago zedukanik. Tolosa aldean, Benta-handin bi gazte poliziak detenitu eta karneta eskatu ziela, eta orduan hauetarik batek pistola atera eta garbitu egin eta ihesari eman ziola. Gero, handik ordu bete edo ordu'ta erdira, beste kontrolen batean poliziek haietariko bat hil zutela, baina oraindik ez omen zekien inork nor ote zen. Segur zegoen, ordea, ETAkoak zirela. Berri guztia oso hozki ematen zigun, esango nuke ez zela gai gerrako parte bat bezala ematerakoan ironia-izpiak bere begietatik ezabatzeko, baina ez dakit zergatik, susmatu nuen barnetik bere anaia bailitz sentitzen zuela.
Indarra egin behar izan nuen ez desmaiatzeko. Belaunak dardar ikaraz. Ez nuen batere dudarik une hartarako hila aurkituko zinenik. Anaren konmiserazio begirada sentitzen nuen nire gainean, nere gorputz guztia bainatzen eta gerizatzen. Eserita zegoenak ere zerbait arrotz igarri zuen behar-bada, kontsolatzeko asmoaz agian zerbait esatera joan baitzen, baina azkenean liburu artean zedukan whisky baso bat hartu eta brindis modura esan bait zuen: gerra lehertu da.
Betaurreko kristal lodi haien atzean ezkutatzen zen begirada deszifragaitzaren zentzua ezin aurkitzen ibili nintzen harez gero. Zer ote? Gorrotoa, hoztasuna, ironia, destinoa onartzeko eta jasateko paidurua.
Grand Placen aurkituko gara |