Grand Placen aurkituko gara
—10—
Baina neronek ere eskubidea nuen nere eritzia eskaintzeko, onartu nahi bazuten onar zezatela.
Prentsa aurrekoa bukatu era jendea, ordea, haiek neska bikiak kaikuekin, mutiko kirru hura holandes itxurarekin, bere bizia mediku bezala Beljikan konpondurik zedukan exiliatua, Afrikan barrena hainbat herritan beltzekin kapataz ibilia zen euskalduna, Flandriako profesora batekin ezkondurik zegoen eskal intelektuaren patsada, Espainiako enbaxadan frantzes erakusten zegoen nafarra, Unibertsitatean deretxo erakusten zuen oraindik neskatila polit lirain bat besterik ez zen baten alaitasuna, Bruselasa Efeko ajentziara lan egitera etorri berria zen nafar neskatila beltzaran haren komunikatzeko ahalmena, agian abentura bila erabat euskaldundurik zeuden belga anai-arreba haien lasaitasuna, Euskal Herrian iraultzaren teorigilerik iaioena izan ondoan Bruselasko Grand Placen turisten gidari zebilen hura. Lekeition udara guztiak iragatera joaten zen matrimonio hura, nonbait Bruselasen senarra humetan gerratean ekarria izan zelako, Hayan errepresentante zegoen haren farre eta mozkortzeko gogoa. Orain dela hamabost urte lehen exiliatu bezala Bruselasa heldu eta gero Afrikan, Kongon eta beltzekin belga bat gehiago bezala ibilitako haren moderatasun maoista, Anberestik etorritako gazte exiliatu haren edateko gogoak zer ikusi ote zedukaten iraultzarekin.
Dezepzionaturik dagoela. «Dezepzionaturik egoteko irrikia eduki behar lehenengo. Baina belga neska hark zergatik esan zezakeen euskal herriarekin dezepzionaturik zegoela, bera izan bait zen Elorrion mila pertsona baino gehiago zeudela» esan zuena.
Bai baina ez dakizue nolakoa izan zen Elorrioko biltzarrea, esaten zigun. Hasi bat hitzegiten, han buru ematen zuena, eta beste bat hasten zaio berehala espainolista dela esaten. Eta gero beste bat, haizkolari trazaduna bere anaiari ez diola inork espainolista deitzen, berari bost axola zein erakundetakoa zen bere anaia baina herri hartan ez dagoela inor bere anaia bati espainolista dela deitzeko potrorik duenik.
Exiliatu zaharren harridura eta sorpresa neskatila belga haren sorpresaren aurrean.
Eta gero bazkalondoan KASeko jendea etorri zela eta nerekin derrigorrez egon behar zuela. Zer ote KAS hori. Ez zaitez ironiko jarri, gaur egunean euskal herrian sinpatia gehien pizten duen erakundea, lehenago ETA bezala, ETA bezala baina harmarik gabe, azken greba orokorrak konbokatu eta antolatu dituena. Ez ziren MC.koak konbokatu zituztenak, ala? Ez hori ihaz izan da. Baina aurten amnistiaren aldeko burruka guztia KASek eraman du.
Baina ez zinaten alkateen konbokatoria hura jarraikiz Altsasura joan. Bueno, eztabaidak egon zirelako. Baina azken amnistiaren aldeko astea KASek bakarrik konbokatu du, gainerako beste alderdiek elekzioak berehala konbokatuko zirela eta ez dute apoiatu. Bost hil ziren.
Bost hil, entzuna nuen zerbait gartzelan irratiz, baina hori dena beste mundu iluneko oroipen ezkutua zen, baina kalean ere, errealitatean ere, emaitza berbera: bost hil.
Oin ortozik, galtzak belaunetaraino igota eta besapean arrosa sorta batekin sartu belga etxe polit hartako saloi dotore argitsura eta han KASeko ordezkariak serios irririk ere egiteke nere traza arrotza gatik, eta batbatean konturatu nintzen zerbait arraroa gertatzen zela, edo agian zela.
Preanbulorik gabe. Elekzioetara joan ala ez. Belga profesorekin ezkondurik zegoen intelektualaren erantzuna emateko gogoa aguantatu nuen: enerjia nuklearraren sortzeak gerra-arloan sor erazi dituen premien kariaz estrategia guztiz aldatu behar zela, eta estudio bat bukatzeko zorian zedukala Von Clausewitzen teoria estrategia nuklearrari aplikatzeko esplikatu eta gero berak ez zituela dato guztiak horrelako erabaki bat hartzeko; ez pena baina bai horrelako sentimendu hurbil bategatik, agian harrokeria, ez dakit, nere iritzia eman nien. Jakina elekzioetara johan behar genuela. Elekzioak ospatzen badira, gure gatazkaren kausaz da, Espainiako burjesia faszistak ez du sekula ere demokraziarik nahi izan, eta elekzioak funtsezko dira edozein demokrazian. Eritziz aldatu bada, euskal herriaren burruka gatik eta beraz gure burruka gatik da. Ez dut ikusten arrazoirik elekzioetara ez joateko.
Lejitimatu?
Ez dut sekulan horretan pentsatu. Zilegiztatu. Bueno agian, bai. Baina dena den, hori prozedura objetibo bihurtzen da masen kontzientzian, jendeak ez du inola ere ikusiko berdin frankismoaren peko gure egintza eta orain sistema demokratiko honetan. Desenmaskaratzea? Bai inportantea da, baina errejimen baten mugak ez dira nabarmentzen herriaren aurrean propaganda eta oktabilen bidez, errejimen horrek bere buruz dena eman arte baizik, gauza den egintza guztiak burura eraman eta gero. Gainera herriak irabazi behar du, garaitiak behar dira. Beti frustraturik egon gara, gutitan izan gara gauza azken mende hauetan zerbait irabazteko, gure gerra guztien emaitza beti izan da negatiboa; ematen du ohiturik gaudela galtzera eta ez garela gauza irabazteko. Zeinek uste zuen orain dela urte bete preso guztiak kalean egongo zirela. Bai, oraindik jende barnean gelditzen da baina hemendik hamabost egun baino lehen, elekzio eguna baino lehen, duda gabe, kalean egongo da. Eta hori irabazpen bat da. Bai, egia da gobernua eta bereziki Suarez presoekin jolasean ari dela, apurka apurka soltatzen, baina gogoratzen zarete zer esaten zuen abenduan L. Lavilla justizi-ministroak; ez zela amnistia gehiagorik egongo. Orduan elizetan euskal herrian, eta euskal herrian bakarrik egin ziren entzerronak gatik, eta GRAPOk egin zuen sekuestroa dela eta hasi zen berriz prentsa ere amnistiaren edo beste amnistia behinbetirako baten premia plateatzen, eta apurka apurka ikusi duzue nola irabazi dugun, orain ez dugu lortu bakarrik presoak gartzelatik irten gaitezen, baina bai eta jendearen kontzientzian ete izugarrizko aurrerapena eman da. Ihazko greba orokorrak ez zituen ezker abertzaleak konbokatu eta antolatu besteek baizik, zergatik? Berek zutelako fabriketako erakunde gehiena. Aurten alderantziz izan da. Eta zer gertatzen da jendearen kontzientziarekin. Gogoratzen ahal zarete zer gertatu zen aurtengo urtarrilean, Konstituzioko enparantzan han Donostian, troskoek ikurrin gorri bat atera zutela eta zigortuak, ikurrina kendu eta apurtu eta troskoen kontra espainolista deituz ari izan zirela.
Ba ahal du horrek zerrikusirik iraultzarekin, iraultza sozialekin jakina. Ez aldaketa politikoekin, egiazko iraultza sozialarekin. Legitimazio hori nondik dator? Orduan.
Bi bide besterik ez daude. Nik behintzat ez dut besterik ikusten. Alde batetik, iraultza egitea, orain bezala jarraikitzea, burruka harmatua eta masa burruka aurrera jarraikiz harik eta espainol gobernuari hemendik polizia eramaten behartu arte, nahiz horrek izugarrizko problemak dituen, zeren, ez ahantzi, elekzioak egin eta gero Espainiako gobernuak lejitimatate berri bat edukiko duela ez soilik Europako gobernuak aurrean —eta hori ez da izan txantxetako gauza gure burrukan, mementorik larrienean, hala nola Burgosko judizioan edo Txiki eta Otaegi akabatu zituztenean— baina bai eta herriaren beraren aurrean, jendeak Euskadin ez baitu burrukatu sozialismoaren alde, demokraziaren alde baizik, ez independentziaren alde autonomia edo presoen askatasunaren alde baizik. Eta bestetik, negoziatzea. Ez ahantzi zer gertatu zen Europako gainerako herri guztietan faszismoa zein nazismoa erori zirenean, USA eta Errusiaren laguntzari esker, jakina, Alderdi komunista eta sozialistak, agian hauek planteatu ere ez zuten egin, ikusten zuten ez zirela gauza botereaz jabetzeko, ez soilik Yaltan amerikanoak eta errusoak mundua zatitu zutelako, baina bereziki gizartean, jende asko zegoelako nazismo zein faszismoaren kontra burrukatu zutenak, kristauak, demokratak, sozialistak, sozialdemokratak, liberalak. Beharrezko zen egoera berri hori gizartean Estatu berri batetan osa zedin. Badakit, kritika asko egin dezakegu horrelako Estatu mota horri, alienazioak, explotazioak jarraitzen duela. Baina kontutan eduki. Marxek nola berezten zuen kontzientzia eta errealitatea, pertsona eta mugimendu sozialak ez dira bere buruaz pentsatzen edo esaten dutena, baina egiaz errealitatean direna. Zein posibilitate dugu memento honetan Cuban edo Arjelian bezalako iraultza bat aurrera eramateko. Hori egiteko erabaki hartu eta lur jotzen badugu, beste anitz konkesta lortzeko posibilitatea galtzen dugu.
Grand Placen aurkituko gara |