Grand Placen aurkituko gara
—25—
Traje zuria eta borla gorridun gorro zuri batekin bere artean jolas eta oihu alaiekin, frantzes marinel soldadu talde bat pasatzea da. Zer egin dezakete horiek itsasotik hain urruti? Soldaduska bere gazte-aldia aberri baten izenean denbora galtzen. Denbora galdu, esaten zidan aitak ere gartzelara bidali zidan azken gutunean eta ia lehenean, horrelako gauzak amak egiten baitu, bederatzi urte zirela etxetik hanka egin nuela, eta urte horik guztiak ezkutuan lehenago eta gero gartzelamendu luzean pasa beharrean nonbait lanean egonez gero, Australian osaba bezala adibidez, orain nere bizitzeko problema ekonomiko guztiak soluzionaturik edukiko nituela.
Bere isilaldiekin, historio eta historia erdi-kondatuekin burrukara bultzatu eta gero alferrik egin dugula esanez eskertzeko. Azkenean Patxi bezala. Herrian zegoen gazterik jatorrena. Hirurogeita bostean euskara ikasteko gau-eskola muntatu zuena, herriko teoloji taldea bildu zuena, erakundeko lehen talde antolatu zuena. Herri karlista batetan abertzaleen ohorea salbatu zuena bere entrega eta lanarekin.
Abertzaletasun gazte moderno era urbano baten urratsak ematen lagundu eta irakatsi ziguna, bere lan eta exenpluari esker, abertzale izaten iraun erazi ziguna hainbat eta hainbat gazteri, aberri-egun triste eta debekatu hartan, alderdiak zanpakuntza egongo zela eta beldurrez suspenditu egin zuena eta jende guztia lasaiki etxen gelditu ginenean euskaldun ohorea bere herriko xakur torturatzaile batzuen automobilari bonba bat jarriz salbatu zuena, eta harez geroz poliziak arrapatu eta hamar egunez torturatuz gainera Zarautzko kasernako eskaileren hutsunean orduak eskegita egona, azkenean, baita bihurturik, gartzelatik aske utzi eta lagunak hatzemateko persekutatua, gartzelara erori eta poeta zahar bati Itziarren semea kantua iradoki ziona, zortzi urtetako gartzelamendua eta soldaduska bukatu eta bere herrira itzuli zenean ukabila jaso eta jersei gorri bat zeramalako marjinatua, amak haurrak bere pasoan nola apartatzen zuten ikustea, taberna batetan sartu era bere herriko doinu eta azentoaz egin beharrean euskara batuaz egitearren iraindua, zergatik egin ere zen trostkista?
Gartzelako bakartatean, kanpoko munduarekin harremanik gabe, egunetik egunera gaztetasuna nola doan eta galtzen den ikustearen beldurrez agian zerbait transzendentalaren bila. Zergatik irabazi zuen heriotzerako kondena bat? Bere herriaren alde burrukatzeko aberri egun hartan euskal nazioaren ohorea salbatzeko eta garbitzeko, baina bakartatean, abertzaleen pentsakeraren hutsunearen eta faltaren aurrean, Orixeren «Euskaldunak» eta Axularraren «Gero» eta Etxepareren gure lehen liburuan eta hainbat lekutan gure euskaldunon egiazko historia eta izatea bilatzen ari eta bere aitak duda-izpirik gabe kondatzen zizkion historien gezurra edo gutienez erlatibitatea eridetean, non aurkitu gaztetasun bat eta bizitze bat eskaintzeko aldarea. Zein jaingoikok, zein misteriok edo kausak merezi du horrelako ofrendarik egin zezan. Soldadu merkea. Fededun merkea apaiz nahiz teologo gabea. Zein soldadu eta fededun ona, Jauna, kapitain on bat edo kausa on bat edukiez gero. Agian Patxiri ere esango zion bere aitak, handi egiten zarenean esango dizut euskaldunon egiazko historia eta ez eskoletan kondatzen dizkizuten gezurrak. Gudariok sufritu eta pasa duguna, baina ez zien inork ere ezer kondatu, ez zuen utzi bere semeen eta bere semeen semeentzako mezurik. Dena asmatzera kondenaturik sentituko zen. Eta egoera hartan, Jainkorik eta aberririk gabe; egia bila, langile klasearen kausa besarkatu zuen. Nola inork ere ez duen kondatu euskaldunok heroitasunak Artxanda, Kalamua, Elgetako defentsetan, Urraileko Neguko Jauregia nola hartu zuten Trostkiren prosa heroiko eta anpuroso bezain bizian eriden zuen agian bere biziaren azken esplikazio bat.
Horrez gainera, zein zama pisua egin zitzaion gartzelako zigor geletako bakartatean giltzaren problema, fijazio bihurtu arte. Berak zuen giltz baten kausaz harrapatu bait ginduten bere adiskideok. Denok ulertzen genuen berak ez zuela inolako hogenik, berak etxe hura utzi genuela uste baitzuen, baina konplejo arrotzen iturburu egiten ari zuen.
Giltza. Segur nago ez duela ekarriko. Baina neu naiz hogenduna. Ez nuen Joseanengan zertan fidatu beharrik, eta hona etorri orduko bila joan behar nuen.
Baina bere herria, duda gabe, ez zegoen prest horrelako traizioren bat jasateko. Patxi ez zen jadanik Patxirena, bere familiarena ere ez zen bezala. Herri batek salbatu zion bizia, herri oso baten mobilizapen eta manifestapen, greba eta protestaren kausaz ez zuen hil espainol militarrek eta, hala nola gudari hilen gorpua ez den bere familiarena herriarena baizik, bere bizia jadanik ez zion pertenezitzen, herriarena zen. Eta herriak gartzelan iraun dezan eskatzen eta esijitzen zion, bere gurasoek eta aintzinako abertzaleek asmatu zuten historiaren lekuko betiereko eta eternal izan zedin. Lekuko mutu. Horrela ez zuten bere herrikoek zertan asmatu behar izango Gatzaren estankoaren eta Gamazadaren garaiko heroikotasunak, aski izango zen kanpotarrei bere izena aipatzea ezagut dezaten zenbat sufritu zuen bere herriak historian barrena. Horrela, nahiz izugarrizko desarroilo ekonomikoa egon zen, nahiz zenbait jende aberastu bere herrira arrantzara Galiziatik jendea ekartzen, nahiz errenda per capita gora ziola esan, nahiz hogeta hamar urtetan protestarik ez egon, han zegoen bera herriren martiri herriaren frustrazio eta hogen guztiak garbitzeko.
Nor zen bera trostkismoa besarkatzeko?
Nola esplikatu bere herrian xistuka eta irainez hartu zuen jendeari, euskaldunen kausa gloriosoa kantatu eta esplikatu duen poeta, bardo, bertsolari eta politikologorik oraindik jaiotzeke zegoela, eta gazte batek bizia eskaintzen duenean kantu hori behar duela. Eta besteok ez bagenuen horrelako kausarik besarkatu lehendik ezagutzen genuelako zela, eta ez ginela gauza onartzeko.
Ez ginelako Luisa bezalako neskatxari arrazoi emateko prest.
Eskerrak gu Bruselasa bidali gaituztela, Euskal herria gaur den sartagi berora bota beharren, baina honera ere heldu dira gure irtetearen protestak.
Jende askok ez daduka damutaziorik berak aberasten zeudela besteok gartzelan edo ezkutuan burrukatu dugulako, baina jende askok sentitzen du gure biziaren jabe direla gure askatasunaren aldeko manifestapenen batetan egon direlako.
Hainbeste denbora herritik kanpo itzultzea desiratzen egon eta gero, zein nagitasuna ematen didan herrira itzultzeak. Segur aski, guretzat ere hobe izan da, gaur egunean Euskadi den bolkan hartan sartu beharrean, hiru edo lau egun besterik ez bada ere, Txoriño eta biok elkarrekin egotea Ostenden, zortzi urte hauetan jasan dugun komunikazio eza hori gainditzeko. Ulisesi ere agian horixe bera gertatzen zitzaion. Troiako gerrara joan eta gero zergatik iraun zuen hainbeste denbora alde batetik bestera Mediterraneoko irla guztietan zehar? Zerk eragozten zion Itakara itzultzea? Agian bere untziraino heltzen zitzaion bere aberkideek nahiago zutela gerra ez bazen gerraosteko bidaia luze batetan gal daitezen, horrela ohore eta arrotasunerako motibo sendo bat eduki zezaten. Beharbada, dena gezurra da eta Penelopek asmatu zuen historioa guztia pretendienteek molesta ez zezaten. Begi berdeak. Zergatik Ulises aipatzen den bakoitzean bere begien kolorea aipatzen da, hori emakumeak fijatzen diren tartika bat dela dakigunean.
Gaur egunean Ulisesen drama hobeki ezagutzeko, agian Ulisesen abenturak baino garrantzia handiago eduki luke Peneloperen pentsakera ezagutzea.
Xinoak bezala. Japondarren kontrako gertatzen, mendi bat hartu behar zutela eta sokez egindako zubi bat iragan behar omen zuten, amildegiaren gainean balantzaeatuz gainera zena eta zenbait ohol apurturik zituena. Eta orduan eriden zuten, zegoen bide bakarra xino bakoitzak burdinazko txapa bat hartu eta beraz gerizaturik zubiaren azken ohol ondaera arte joan eta jartzea zela. Bere zede eta helburua lortzen zuen mementoan bere gorputza japondarren tiroei eskaini beharko zuen burdina zubian jartzeko, baina horrela bazekien bere atzetik beste xino gudari bat etorriko zela beste txapa bat jartzera, zubia berriztu arte eta azkenean Herritar gudaloste gloriosoa iragango zela eta aberria salbatuko. Gure belaunaldia horrelako zerbait izan da agian, baina are heroikoago, zeren ez bait genekien zeinentzat ari ginen egiten lan hori, eta txapa jarri eta gartzelara, exiliora edo kanposantura joaten ginenean ez genekien nork iragango zuen azkenean beste aldea lortzeko.
Grand Placen aurkituko gara |