Grand Placen aurkituko gara
—4—
Zer nahi ote du barman honek. «Mesedez». Behera begiratu eta oinen artean belga sosa tiki bat dadukat. Hartu lurretik eta irripar bat eskainiz ematen diot. Baina ez dit eskerrik askorik ere ematen. Total, hamar zentaboko bat zen. Komuna ordaintzeko hainbat ere ez. Hatzaskoletik lur zikina kentzerakoan, oraindik eskumuturrean komisaldegian esposek egin zidaten markaren aztarnak dirau. Katuaren dotoreziaz eta sensualitatea dariola pantera beltza mahain zuri tiki baten aurrean eseri da. Ez du beltz rasgorik hala ere, ezpainak fin baina mamitsuak, keriza gozoa. Zigarro bat ateratzen du bere boltsa beltzetik eta XVIII mendeko markesa frantzes finenak ere baino leunkiago bizten du malboro bat. Astiro, sensualitateaz sartzen du bere birikien hondoraino kea eta gero bere ezpain erdi zabaletatik irten dadin uzten. Hori ere askatasuna da. Beltz andere batek nola pizten duen bere zigarroa ikustea.
Apurka plaza betetzen ari da. Eguzkiak ja aurreneko pisuetara arte berotzen du, laster mahainetara ere helduko zaigu. Garagardoa edaterakoan ezpainetan erre egiten nau, agian bizarra uztearen kalteak, agian atzo goizean eta bart pasa izan nuen hotzaren kausaz. Gozoa da Trapako fraideek egiten duten garagardo hau.
Sekula ez dut pasa atzo goizean aireportuan baino hotz gehiago. Goizeko bostak aldian izango zen goardia zibilen kanguru batetan Luis eta biok aireportura ailegatu ginenean. Ez zuen ematen abioiak edukitzeko lekuren bat zitekeenik, ez bait zen inondik ere aparailurik ikusten. Batbatean etorri zitzaidan burura behin, orain dela hiruzpalau urte Argentinan gertatu zena. Sekuestro bat egin zuten eta hamar bat montoneroren askatasuna eskatu. Aireporturen batera eraman eta garbitu egin zituzten. Duda gabe aireportu hura ere ez zen hau bezain hotz eta arrotza izango.
Sala hartara heldu ginenean, non hamar polizia baino gehiago bait zeuden, Jokin eta Xabier ikusi genituen, lehen aldiz azken zortzi urte hauetan baina ez ziguten agurtzen ere utzi. Hori askatasuna lorturik genuela eta Bruxelaserako bidaia prestatzen ari ginela, bestela ez dakit zer ez ziguten egingo.
Handik hiru bat ordutara, bederatziak aldean Koreako gerran parte hartu zuten horietariko abioi zahar batetan sartu gintuzten. Hor ez, esaten ziguen pilotoak, zer uste duzue dela abioi hau, hegen gainean jarri behar duzue, bestela ez bait da igoko. Eta esposak kentzen ere ez ziguten utzi. Orduan konturatu nintzen oraindik ezabatzeke nuela komisaldegian egin zidaten marka honen aztarna. Europako bailara guztiak ikusi genituen, abioia ez bait zen gauza oso gora igoteko. Pirineotako bailarak ere igartzen genituen han behean, hain ferde. Europako politenak izan ere, gainerako leku guztiak konpas batekin egindako lurralde karratuak bezala, etxettuten bat eta bere lur karratuak eta bere aldemenean beste etxe tikiren bat eta bere lurrak eta horrela eten gabe. Guk ikusi genuenez behintzat. Eskerrak orduan lehen aldiz abioian ibiltzen nintzela, bestela beldurtu egingo nintzen, baina nola oraino ez dakidan nolakoa den egiazko abioi bat, bada, normal iruditutzen zitzaidan, eta nere adiskideei ere berdin, nik uste, abioia aireportu militar batetara heldu eta zeruan astiro astiro bueltak ematen hastea, lur hartzeko baimendua lortu arte, bien bitartean despegatzen zuten abioi militarrak behetik nola igotzen zuten eta lur hartu behar zutenak goitik nola iragaten ziren ikusten, noizean behin haize boladaren baten kariaz, dardar jartzen zelarik, hegalak ikaratan, eta beherat zenbait metro jeisten.
Azkenean lur hartzeko ordena errezibitu eta buelta lasaiak baino areago elefante baten elegantziaz bere burua bota zuen, eta grabetatearen legeak egin dezala pilotoak sekula ikasi ez zuena, edo ikasi bazuen, aintzina akademia oraingoz desagerturen batetan, baina hala ere, nahiz poliziak jadanik izerdi hotza zeriela, gorbata askaturik, jaka kenduta, pistola ezkutatzeko inongo ardurarik jartzen ez zutelarik, segur ginen preso ohi guztiak hura dena gartzelan uzteltzen egotea baino hobea zela, eta handik bost bat minutura azkenean libre izango ginela eta hor konpon. Eta hala izan ere, Beljikako poliziaren tratu arraro samarra gorabehera, agian berek ere molestatzen bazekitela demostratzeko, eskarmentatzeko asmoaz agian, baina gaiso haiek zer egin zezaketen, gure alaitasunari hodei ilunen bat jartzeko, pasa genitunak pasa eta gero.
Azkenean, oraingoan bai, askatasun hain maitea eta desiratua aurkitu genuen. Ez zen lehenago identifikatzen genituen gauza eta ez lekua. Bruselasko plaza biribil tiki bat, inguruetako azeretan kotxe aparkatu hauts beteak, inor ere ez kalean, isilunea nagusi, amona zahar bat, bere abrigo beigerekin eta sonbreilu marroi arrotz batekin, sare eta guzti, zakur nimino bat paseatzen, bizi honetan gauza guztietara ohiturik jadanik, bestela apur bat harritu behar bait zen poliziaren kanguru urdin hartatik turko edo agian greko airea zerigun sei euskaldun haiek jeisten ginela ikusterakoan, denok maleta, plastikozko poltsa, Xabier bere gitarrarekin, Mario bere kaxa bete oinetakoekin. Belgikako poliziek ez ziguten inongo esplikaziorik ere eman. Libre ginen. Luisek igarri zuen plazaren izena marmorezko karratu batetan, eta presajio arrotzez betea zirudien. «Barrikadetako plaza».
Hamar ordu elkarrekin egonik ere oraindaino hitzik elkarri gurutzatzeke baginen ere, handiago zen gure harridura eta sorpresa elkar besarkatzeko gogoa baino, nahiz hainbat gauza eduki elkarri esateko.
Espainol poliziak kaleren batetara joan gintezen esan zigun, baina auskalo Bruselasen non ote zegoen horrelako kale hori. Baina Luis berehala ohartu zen, han plaza tiki hartara zoan kale batek izen hori zeramala. Orduan ohartu ginen numero hura korresponditzen zen lekuan hainbat jende zegoela, agian gu bezala errefuxiaturen batzuk. Baina gehigi ziren exiliatuak izateko, ez da normal, nahiz nork jakin Beljikan zer den normal eta zen anormal, igande batetan hainbat jende zain egotea bere exiliatu karneta hartzeko. Hurbildu ginenean ohartu ginen talde haien artean ikurrina zeraman euskaldun talde bat zegoela, ehun bat bai.
Grand Placen aurkituko gara |