Grand Placen aurkituko gara
—6—
Argi eta garbi nuen ni ez nintzela soldaduskara espainol ejerzitora joango, baina euskal herriko soldaduskan nolabait egitera obligaturik sentitzen nuen nere burua, esan nizun behin, gogoratuko zara. Agian Iñakik bala bat lapurtzea bezain erokeria, baina hori sentitzen nuen. Gainera Ameriketan egonez gero zer, hemen zerbait gertatu zela eta batbatean etorteko gogo jasan ezinak pairatuko nituzkeen. Baina sentimendu hori haseran zen, zeren handik hiruzpalau hilabetera, bereziki Txabi hil zutenean, konturatu bait nintzen gurea behinbetirako zela, bizi guztirako. Orain, ordea, uste dut ez dagoela zertan bizi guztiz ritmo berdinean jarraiki behar, baina ez dut dudarik arazo hau gure bizi guztirako dela eta jadanik ez garela gauza hori gabe bizitzeko, eta ez hemendik aparte gure bizimodua konpontzeko.
Horregatik ausartu nintzen zuri deitzera. Zergati neri, galdegiten ninduzun, eta ez gainerako beste edozein laguni. «Ez dakit», erantzun nizun egiati eta ia negarrez hasi zinen. Zein negartia zinen garai hartan.
Baina, egia, istant hartan geltokian ikusi zintudanean ez zintudan ezagutu aldez aurretik. Guztiz berdin zetozelako, eta nik uste nuen apur bat desgisaturik, nolabait disfrazaturik etorriko zinela. Lehen aldiz ikusi bazintudan bezala zen. Trenean saiatu nintzen zure rasgoez oroitzen baina ez nuen lortzen. Bakarrik beste neskatxaren bat ikusten nuenean pentsatzen nuen, horrek ilea Jonek bezala daduka orrazturik, edo neskatila lirainen baten zango finak. Edo beste andreren bat zigarroa pizten markesa interesante baten dotoreziaz, eta orduan zutaz gogoratzen nintzen.
Ezin dezaket esan zein izan zen ikusi ninduzun memento justua. Ni zu baino lehenago konturatu nintzen, han zinela, agian garaiago naizelako baizen ez. Irri berezko bat bota zenduen. Ez nizun erantzun. Eta berehala damutu egin nintzen, agian, gaur bezala, orduan ere zuregana korrikan joango nintzela uste zenduen, baina, ez dakit oraindik zein arrazoi gatik, ez nintzen higitu, ez nuen utzi nere bihotzak berak nahi zuena egin zezan. Eta batbatean damutu egin nintzen. Egiaz. Mozolo bat naiz. Berehala, etortzeaz damutu egin zinen beldurra eman zidan. Eta ikusi eta berehala musu ez ematearren damutzen nintzen, baina ez nintzen gauza, guztiz konfuso nengoen, egiatan. Eta gero galdu kanpoa irabazteko asmoaz eskutik laztankiro hartu ninduzun baina gauza jadanik ez zen berdina.
Unamuno institutua iragan, guztiz beltzez pintaturik pintadaren bat estaltzeko asmoaz lehengo pisuraino dena beltzurik bait zegoen, eta San Antongo zubira heldu baino apur bat lehenago dagoen taberna batetara joateko esan nizun. Nahi ahal duzu zerbait hartu. Zuk nahi baduzu. Ez, zugatik da. Ez, egiatan, ez dut nahi, baina zuk nahi baldin baduzu. Ez, pisa egiteko gogoa dut. Zein romantiko, esan zenuen ahapeka. Zer? Ez deus ere ez, guztiz romantiko zarela. Zergatik? Beste era finago batez esan behar ahal nuen, barkatu. Eta orduan batbatean gelditu zinen eta, zure begien diztira hezeak melankonia keinu bat ezin estaliz, aizu, Josu, nahi baduzu joan egingo naiz. Ez bait dut ulertzen zertarako deitu nauzun.
Zu besarkatzeko gogoa, premia nuen, baina ez nintzen ausartzen. Agian ausartu ez da hitza. Nola esan? Zera. Ez nuen nahi pentsa zenezan besarkatzen baninduzun zurekin seriotan, bueno seriotan ere ez da hitza agian, bizi guztirako egon nahi nuenik. Nolabait bestearekin bezala gertatzen zen. Zein bestea? Bada aberria. Nik maite ninduela, baina ez nuen nere bizi guztirako gauza bat egiten egon. Ulertzen didazu? Zure muturren zimurdura eta begien diztira hezeak ez zidan deus ere laguntzen egiati izaten. Zurekin egon behar nuen, baina batean ez nuen nahi pentsa ezazun zurekin ezkondu nahi nuenik. Lio bat zen. Eta hargatik ez nenkien zer egin ere. Dena dela, sintomatiko zen zuri deitzea eta ez koadrilako beste inori. Hori ulertzen duzu. Bizi gaitezen lasai istant hauetan.
Ez nengoen giro egokienean gauzak esaten hasteko eta are gutiago hitz-ontzi bihurtzeko. Bi bide nituen, politikaz hitz egin, beste askotan bezala, horrela beste gai batetan estaltzen baina batetan medio bezala baliatzen nintzelarik nere sentimenduak agertzeko-estaltzeko eta gure artean, eztabaida, britaniar nobleek tearen epeltasuna, azukrearen zuritasuna eta eguraldiaz bezala baliatuz, horrela giro egoki bat sortzeko gero gauza sakonago eta inmediatagoakoak ikusteko, baina beldur nintzen truko horrek ez ote zukeen jadanik balio, eta gure artean murraila ate handiago eta gogorrago eraikitzea zela, eta hargatik irauten nuen nere isialdian murgildurik, hori ulertuko duzu ez da, eta coca-cola boteilaren ipurdi lodikotearekin biribil hezeak deseinatzen mahain gainean, zure ama-begiradak gerizatzen ninduela uzten nuelarik.
Eta nolatan zabiltz hemendik?
Nola hemendik?
Ez dakit, hemendik. Uste nuen beste era batez ibiliko zinatela, etxeren batetan ezkutaturik egun guztian eta ez hemen taberna honetan hain lasaiki. Hemendik derrigorrez ibili beharko du poliziak.
Bai baina, nolabait disimulatzen dut. Ez al zara konturatu betaurrekoak daramatzala, eta liburu bat erabiltzen dut, estudiante airea edukitzeko. Ez dakit, ez dut uste poliziak estudiante bat liburu batekin ikusten badu detenituko duenik. Gainera ni ez nago erreta.
Zergatik egin duzu hanka orduan?
Eskatu zidatelako. Baina esan diet ni urte bete baizen ez naizela ibiliko, eta hemendik urte betetara...
Bai, esan zenidan, soldaduska.
Ezin izan nuen ebita belarriak gorri jar dakizkidan. Ahantzirik nedukan esan nizula eta nere sekreturik kutunena zuk ere ezagutzen zenuela.
Zure begiak nere aurpegian iltzeak bezala sarturik sentitzen nituen, nere aurpegiaren tartika guztiez jabetzen ari zinela. Itzal bat bezala iragaten ziren nere ezpainetatik, begietatik, kolorea nolakoa zen, aurpegian barrena.
Coca-cola tanta bat erori zitzaidan alkandorara baina ez ikusia egin nuen. Mozkorti bat sartu zen tabernan eta kadira batekin topo egin zuen, xilio metalikoko hotzikara sortzailea atereaz. Hiruzpalau aldiz biraoko egin zuen eta korroskada bat bota. Bere traje guztiz ximurtuak nabarmenki mostratzen zuen bart ez zuela etxean lorik egin eta agian gau guztian tabernarik taberna ibilia zela
Grand Placen aurkituko gara |