Grand Placen aurkituko gara
XXVI
Denbora izugarri luze bat itxoiten egon eta gero, banan banan deitzen joan zitzaigun eta gela indibidual batzutan sartu, periodo sanitarioa bete dezagun.
Orduan aurkitu nintzen berriz Anarekin. Harriturik nengoen periodo horretan ezein abisurik eta ez agindurik bidal ez ziezadan. Inpresionagarria izan zen, ez sinestekoa. Abogatuekin egoteko dagoen gela tiki batetan aurkitu ginen, eta ez genuen elkar ezagutu. Era guztiz beldurgarri batez meheturik zegoen, aurpegia inpasible, expresiorik gabe, begiak galdurik diztira lehor bat zeriela eta buruan hilea galtzen hasia zuen, lehen Luisek bere kartetan irripar okelatsu deitzen zion hartatik minez eta ironiaz betetako riktus bat baizen gelditzen ez zitzaiolarik. Kalean baino are argalago eta desgarbatuago zegoen, justizia guztiaz hain harro senti erazten zion elegantzia felino hartatik ez zegoen arrastorik ere presa-bata haren azpian. Aboan zigarroa josirik bezala, behin ere apartatzen ez zuelarik, eta esku guxtiz lodituak zituen, hazgordinen aztarnez beteak.
Are mingarriago izan zen hizketan hasi zitzaidanean. Kulpa arrotz bezain ulertezinak aurpegira jaurtitzen, traizio sekula pentsatuak insinuatzen, juezak askatasun kondizionala eman zidala akusatzen, haur bat eduki nuela salatzen. Guztiz zaila zitzaidan berakin mintzatzea, baina ez berak egiten zituen probokazioaren kausaz, nere baitan pena sakon eta ilun bat sor erazten zuelako baizik, zeina, estaltzera entseiatzen bait nintzen, arrakasta handirik lortu gabe.
Oraindik ez dut jakin memento hartan egiati zen ala arrazoi ezezagun batzuren kariaz paperen bat jokatzen ari zen. Gezurra iruditzen zitzaidan hainbeste alda zedin. Gero esan zidatenez, ez zerbait morborik gabe, Basaurin zegoenean Luisen haur baten zain omen zegoela esaten ohi zuen. Entzuna nuen zerbait baina ez nien sinetsi.
Nere bizi guztiko hamabost egunik tristeen eta gogorrenak izan ziren, melankonia lehor batez beteak. Presa, hobeki esan, preso komun bat bezala mintzatzen eta aktuatzen saiatzen zen. Presa komun guztiek gorroto zigutela egiten zuen. Nahiz bide guztietatik entseiatu nintzen, ez nuen lortu nirekin egiati izan zedin eta egia esan diezadan. Bazirudien kalea oroit erazten zion gauzak guztiak ahanztera entseiatzen zela instintiboki, edo bai behintzat erakundea oroit erazten zion guztia, zorionez Luis ezik. Luisen karta luzeren bat hartzen zuenean gelan sartu eta orduak eta orduak irauten zuen behin etu berriz irakurtzen.
Maiz galdegin diot neure buruari zergatik sartu ote zion bere burua desegiteko irriki hori, baina ez dut sekula erantzun egokirik eriden.
Orain uste dut, agian ematen zuen baino askoz ere debilago zela, guk baino sensibilitate biziago zuelako. Bueno debil eta ahula ez, baina gogorregia alegia, tokatu zitzaion sortea apalki jasateko indartsuegia, eta hori gora behera, edo agian horren kausaz, libre izateko sortu den zerbait animaliari gertatzen ohi zaion bezala, inor baino gogorrago dela oihanean edo basoan korrikan, ehizean, gatazkan, baina kaiola bakarti batetan sartuez gero erotu egiten direla. Anari gertatzen zitzaiona baino izugarri eta frustragarriago zitzaidan ez nintzela hark behar zuen afekto apur bat emateko kapaz sentitzen.
Handik hamabost egunera kalera irten nintzenean, ez zitzaidan agur egitera ere etorri. Gelan itxita gelditu zen eta irainetik ez xit urruti zegoen komentarioren bat egin omen zuen nitaz eta Saioaz.
Baldin nere askatasuna gatik kulpadun senti nadin nahi bazuen lortu zuen, hala f ede. Bakartaterik gorrienean, Madrilen inor ere ezagutzeke, ez nenkien zer egin eta burura etorri zitzaidan idea egoki bakarra Museo del Prado ikustera joatea izan zen. Harrigarri irudituko zaizu, baina badu bere explikazioa. Gartzelan, Madrilen Filosofia eta Letrak estudiatzen zegoen neskatxa guztiz argi bat ezagutu nuen, zeina PC.koa izanez gainera Velazquez-ez enamoraturik bait zegoen.
Garai hartan nere gustoa eta sentimenduak Goyarengandik hurbilago zeuden, afrantzesatua eta exiliatua izanik, hainbat gorroto genuen eta dugun Espainia beltz hori pintatu bait zuen.
Velazquez, ordea, ez zitzaidan hainbeste gustatu, Meninak kendurik, jakina. Egia da PC.ko neskatxa hark esaten zuena, ez sinestekoa da nola burura zekion hain idea iraultzailea nola modeloa pintatu beharrean modeloak ikusten zuena pintatzea. Nahiz Luisa, PC.ko neskatxa hark irriki izugarri batez kondatzen zidan, lehen aldiz ikusi nuenean, neronek memento hartan nere buruz eriden banu bezainbat harritu eta entusiasmatu ninduen. Koadroaren aurrean dagoen zurezko aulki handi batetan eseri eta, nahiz gela osoa turistez betea zegoen, bakartaterik epelenean amildurik banengoen bezala, liluraturik gelditu nintzen tartika guztiez jabetzen.
Zalditxoaren ezkinatik agertzen den pintatzailea beraren aurpegia, zaldun uniformez jantzia eta esku bat paletatik koadrora bidean, erdian, infanten buru gainean agertzen den espilu ospetsua errege-erreginarekin —agian koadroren zede—, infanta tikia bere andereekin, monja fraidearekin hizketan, enana, haurra. Zakurtzar lotia, atea zabaldu eta gortina esku bateaz apartatzen dagoen zalduna, zeru hain gora bezain iluna. Idea hain iraultzaile honekin ez nahi ahal zuen ezagutzera eman, neskatxa hark esaten zidan bezala, gu bezalako hain jende erro-gabea, ikusten duguna baizen ez garela. Gure buruari eta arimaren indarrari hainbat garrantzia ematen badiogu ere, azken finean besteak, gainerako jendeak gu batean uzten duen influentzia besterik ez garela, halako moldez non gure bizia ezagutzera emateko biderik egokiena gurekin bizi izan diren jendearen bizia kondatzea bait litzateke.
Norbait dator eskaileretik. Erabat ilundu da, gau itxia da eta ez da besterik ikusten ezen, noiz behinka, haize bolada batek jotzen duenean bideko argi tipiak, ateratzen dituen fantasmagoria izugarriak.
Karlos eta Karmele ziren. Guztiz irrikiturik zetozen, norbaitek telefonoz deitu baitie, ETAko preso historiko delako guztiok, Izko, Uriarte, Gorostidi, etab. askatasunean irtengo zaretela esateko. Lehenbait lehen irratia jarri dugu, hamarrak bost gutiago bait ziren, eta izan ere, askatasunean irtengo zarete memento batetik bestera, baina ez kalera, zeren Madrilen berriz ere, beti bezala, tranpa berriren bat asmatu omen baitu, eta «extrañaturik» bidaliko baitzaituzte zein Bruselasa, zein Noruegara edo Austriara.
Entzun dudanean bihotza gelditu zait. Mihingaina higitzeko ere kapazitate guztia galdu dut, eta edozer egiteko ezteus, ez farre eta ez negar. Karlos eta Karmele neregana etorri eta farrez, xaloka, malkoak ezin ezkutaturik besarkatu eta musu bana eman didate, Euskadin beste hainbeste jende ere berdin egongo da, bere burrukaren eta lanaren sari-justua hartzeko ordu honetan. Xanpan botella bat iriki dugu, neberan lau hilabete baino gehiago zeramatzana memento honen zain, eta zuengatik brindisa egin ondoren oso osorik edan dugu.
Karlos eta Karmele Camara restaurantera joan dira, hemen Donibanen plaza ondoan dagoen lekura, presoen askatasuna ospatzera. Eta, bide batez, duda gabe, bere bir-elkartzea ospatuko dute.
Ongi ulertu dute, esplikazio handirik gabe, zergatik ez nuen nahi berakin joan ezer zelebratzera.
Mahain aurrean eseririk gelditu naiz, itsasoa dagoela sumatzen den hutsune ilun horri begira. Minutu buka ezin batzuez isilik iraun dut, higitzeke, absorta, bihotza zein burua hutsune zuri batetan murgildurik, negar batetan lehertu naizen arte. Nere gorputz osoa konbulsio eta dardar izugarrri eta eten gabea zen. Aurpegi guztia malkoz busti zait, eta zure izena ozenki ohikatzen hasi naiz, amodioz, laztanez, arrabiaz, gorrotoz, maitasunaz.
Eta gero neuri ere beldur eman didan ero-farre gangar bat boteaz saltoka hasi naiz. «Libre naiz», «libre naiz» oihukatzen.
Zu libreatzerakoan neu ere libre aurkitzen bait naiz, jadanik ez naiz marmu baten emaztea, preso batena, heroi batena, martiri batena. Neure burua aurkitu dut, eta jadanik ez naiz inoren ganako ezertaz obligaturik sentitzen. Geure bizia era autentiko eta egiati baten berriz ere hasteko posibilitatea dugu gure eskutan, bai herri bezala eta bai, euskal herriak aurkitu bait du bere bidea, gure bizitze indibiduala ere.
Grand Placen aurkituko gara |