Grand Placen aurkituko gara
(i)
Plaza honetako beste tartika guztiz jakingarri bat, jende askok galdegiten duena, edifizio horien gainean estatua eta hornidura horik purpurinaz pintaturik egotea da. Zenbait turista injenuok urre gorrizkoak direla uste dute, zail egiten bait zaie purpurinazkoak direla pentsatzea, egungo egunean hori txantxetako erabiltzen baita, baina kontutan eduki behar da edifizio hauek eraiki ziren garaian katedral gotikoetan ere sainduak eta zenbait hornidura purpurinaz pintaturik zeudela. Austriara joaten bazara, gauzarik harrigarrienetako bat XVIII mendean hainbat monumentu eraiki zirela Ama Birjinaren ohoretan, izurrietatik salbatzearren, eta gehienetan zenbait tartika, hala nola burutik sortzen zaion diztira, haurraren munduko bola, etab., purpurinaz pintatuak daudela.
Agian zuri ez zaizu hainbeste ardura Grand Placeko edifizio hauek guztiak begiratzea eta nahiago duzu ia Josu etorri den ikustea. Baina ez dut uste, atzo oso berandu joan baitzen ohera. Bera eta Mario ia goizaldira arte ibili ziren Puma deritzaion kolonbiano baten tabernan eta oraindik lotan egongo da. Agian pentsatuko duzu izugarrizko paliza bat naizela, baina orain dela zortzi urte plaza honetara heldu nintzenean Saulo zalditik erortzea bezala izan zen neretzat. Buruan egundoko nahaste bat nekarren 68.an Euskadi Europako Cuba zela baieztatu eta gero handik urte eta erdira denak troskita egin zirenean, eta neu ere bai apur bat; iadanik ez nuen deus ere ulertzen, zergatik eta zertarako sartu nintzen erakundean eta zergatik eta zertarako egin nituen exiliora joatera behartzen ninduten gauza guztiak, eta plaza honetara heldu eta berehala ohartu nintzen hau gauza erreal eta sendoa zela, ez gure herriaren kultura eta egoera bezala, eta edifizioen historiaz banan banan jabetuz joan nintzen eran, areago maitemintzen nintzen kulturaz eta bereziki plaza honen historiaz. Plaza honetan zortzi mendeko historia etendurarik eta hausterik gabe dago, dena naturaren desarroilo eta bilakaera baketsu bat bailitz, halako moldez non ni bezala, kanpotik datorren pertsona batentzat, plaza osoa arkiteko batek eta egun berean egina dagoela pentsatuko bait lu. Neretzat txoilo itzela izan da turisten gidari bezala ogibide bat aurkitzea eta gustora sentitzen naizen lan bat egiten ibiltzea. Agian horixe diot zor iraultzari eta erakundeari, bestela Euskal Herrian nere aitaren tailer tiki hartan neure bizi guztirako egotera kondenaturik bait nengoen. Jakina, nere aitak ez du deus ere ulertzen nondik ateratzen dudan nik plazera japondar turistei enparantza hau erakusten.
Deskribizio hau guztiz arin eta azalezko objetiboegia agian izan da baina badaukat beste interpretapen esoteriko bat ere Fulcanellik katedralei buruz egin zuen liburu harez geroztik Europan hain modatan dagoena, baina hori ulertzeko beharrezko da lehenbizi edifizioak eta estatua diren bezala ikustea, bestela izugarrizko lioa sortzen zaizu buruan. Agian plaza honen gauzarik estimagarriena bere batasuna daiteke. Hemendik zehar zazpi ehun urtez iragan da historia eta belaunaldi batek bestearen obra suntsitu eta harria harri gainean uzteke larga beharrean, estilo eta nortasun bat mantenitzen dutelarik egin du bere aportapena jende guztiak, bestela ez baitago belaunaldi batek bakarrik egiterik honelako plaza bat.
Gustatu zaizu, ez da? Bada, Josurekin han Okinen etxean edo Erregeren etxean gelditu ginen. Haseran gaueko hamabietan, hamaikak aldean, baina gero nola behetik etorritako jendearekin gelditu zen eta goizaldira arte ibili diren, agian ahantzi egin zaio edo baliteke ere oheratzeke ibiltzea oraindik, zeren Joseanekin gelditu bait zen, eta horixe dugu euskal kolonia guztiko gau xoririk handiena.
Aizu, baina ez al da hura. Farolaren azpian hereinotzezko hegi hartan dagoena. Bai, memento honetan garagardo handi hura edaten dagoena. Bai, bera da. Goazen.
Badoa beltza. Jeikitzerakoan agian galtzak ongi jartzeko egin duen kadera jestuak Jonen ibilkeraren modu dotorea dakarkit burura. Aleman printzearen orrazkera duen gizonak besotik hartzen du eta biak alaiki joaten dira.
Atzetik norbaitek gozokiak hartzeko pintza batez oratzen nau hatz seinalagarritik eta aurpegira arte igotzen. Sustoak eraginda zutitzen naiz eta Pio XII.ren aurpegi zorrotz eta ile hori bera duen gizon zahar bat, nahiz kamarero jaka zuria eta galtza beltzak dituen, gehiago ematen du Kuriako arduraduna izatea garagardoak saltzen ibiltzea baino. Serietate baino, areago grabetatearekin almanda garrapinatu bat hartzen du bere pintzekin eta gurutz tiki bat egin era gero hostia saindua bailitz eskaintzen dit. Humore hain arrotz eta ulertezin hark paralizaturik naduka. Eskuaz hartzen diot almanda. Baina berak ez naizela asko erresistitzen ikusirik, kukurutxu bat sartzen dit poltsikoan.
Gai naizen firmetasun guztiaz itzultzen diot, baina ez da haserretzen, burua aleman herrien enperadorearen aurrean kardenal errenazentista baten solemnetasunaz jeisten dit. Harridurak ez dit uzten bere begietan ironia izpirik bilatzen. Eta beste batengana joaten hasten da.
Damuturik, kukurutxua eman zezakidala eskatzen diot, eta frantzes markesa bati arrosa sorta bat bezala eskaintzen dit, belauna apur bat jetsi eta irripar are ironikoagoaz. Ordaindu eta historia arrotz hark utzi didan aho gusto lehorra ezabatzeko, garagardo pitarra hartzen dut bi eskuekin.
Kristal horiak anitz karratu tipietan biribiltzen dit udal etxearen fatxada. Dorrea lodikoteago dago baina ez du efekto tzarrik egiten horiska kolore honek, are hobekilegoke oraindik sostengutzat duen arkua. Polita izan behar du honek Argia eta Musika programa botatzen dutenean gaueko hamabietan.
Besoa paralizaturik gelditu zait, segundu batez Jone zela iruditu bait zait. Hobeki esan, Joneren marmua. Jone Durangora joan zitzaidan neskatila haren marmua. Gona zuriska antzekoa, ile beltza buru erdiko arraia batez ebakia, irripar urduri, egiati, kezkati berbera, begien diztira lilugarriaren ximista nabarmendu zait, nahiz turista multzo artean dagoen. Aparizio bat bezala izan da berehala desagertzeko, baina aski bihotza lehertu eta zaldi gazte bat bezala galopeatzen jartzeko.
Ze raro, Jabiren antza, ez , Jabi bera da. Neregana dator. Eta berarekin datorren neskatxa Joneren antza zuena da. Ez Jone bera da. Zein guti aldatu den, ibilerera bera, espontaneitate bera, finezia berbera. Niregana seinalatzen du alaiki eskuarekin. Bai, Saioa da barrez datorrena eskuak zabalik.
Baina zer egingo dute hor Jabirekin?
Jeikitzeko asmoa dadukat, baina hereinotzezko hegiaren era silaren eta mahainaren artean hain dago leku guti non ezina bait zait. Lortu orduko, neregana heldu dira eta laurok elkartu gara besarkada mutu batetan.
AMAIA
Gasteiz, 1982.ko abuztuak 6.
Grand Placen aurkituko gara |