Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

—2—

 

        Orain mugitu baino nahiago nuke ez dakit zer ere. Baina ikusten ari naiz, honaxe dator. Jeiki egin behar. Nere inguruko mahai guztiak libre baina ez, nere aldamenekora etorri behar. Hau gorputz traketsa. Hainbeste urtetan gimnasiarik egiten ez dudan lehen eguna eta igartzen zait. Burua bizkor eta erne baina gorputza oraindik lotan dut. Aireportura joan behar nuen, mozolo bat naiz. Nahiz eguna galdu, merezi dute, igartzen zitzaien gainera zein ilusio egingo zien, abioitik jetsi, agian bere bizian lehen aldiz, tikia bai behintzat, eta aita han dagoela bere zain, barandila baten atzean eskuarekin agur egiten ari zirela. Imajina hori, bere eta nere buruan bizi guztirako grabaturik geldituko zena, zeinek duda, lortzearren merezi zuen egun bat galtzea, nahiz egun hori nere bizi librearen aurreneko eguna den. Ez zitzaidan okurritu, ordea. Bere biziko mementorik grabatuena izango zen haurrarentzat. Pelikuletan eta aldizkarietan bezala, Kennedyren emaztea abioitik jeisten eta han jendetza artean, barandila baten eta polizia batzuen atzetik, bere aita agur egiten. Askatasunaren imajina ezin politagoa. Bere aita libre han jende artean, eta berak preso poliziaren beste partean, hauek pasatzen uzten ez diela harik eta pasaia guztia eta maletak eta abar errejistratu artean. Aita libre eta gu preso, hauxe da ona. Agian gimnasia egitera joan behar nuen, hain traketsa ez sentitzeko Jose Mari joan den bezala. Hori bai izango zela ona. Bruselasko puntara etorri eta Josu ez dagoela, Jose Marikin gimnasia egitera joan dela. Parke guztiz egokiak daudela, zuhaitz diganteen itzalaz eta belar freskoz betea eta han ibiliko dela footing egiten. Agian ez legoke gaizki, Txoriñok ez dezan pentsa oro eginda duela, eskuarmenean eta gaiso bat bezala erabiliko nauela. Baina umeak ez zukeen ulertuko. Gainera, gartzelatik irten eta gimnasia egitea pasada bat da. Hainbeste urte kalera noiz irtengo desiratzen eta amesten eta kalera azkenean irten eta han egiten genituen tontakerietan iharduten jarraitzeko. Zortziretan gimnasia forman egoteko, eta zertarako nahi dugu forman egon, agian geure burua ez abandonatzeko, ordena bat egoteko, bueno horrela bale. Baina kontxo kalean, ez dakit. Ematen du ez duela nahi kalera irten, eta gartzelak ematen zuen segurtasun epel eta monotono hartan hobeki eta seguruago bizi zela. Preso komun zahar hura bezala, hogei urte barnean bete zituen egunean, hainbeste denbora zaialdi irrikitsu batetan egon eta gero, negarrez, dardar, gaisorik kalera irten behar zuelako, bere aproposko mundu faltsu hura bere buru gainera batbatean eroriko ote zitzaion beldurrez. Gaisoa. Bere ovniak eta sorginen historio arrotzak zirela eta ez zirela zer egin behar du kalean, hain gizon fantasiatsu batek. Ezkonduko ote zen azkenean. Jota zegoen, zeini okurritzen zaio bere arreba baten lagunaren bisita errezibitu behar zuela eta hain argal zela igar ez zezan jakearen azpian sorbaldetan aberketa erdia soka batez loturik jartzea. Supermanen bular eta sorbaldekin eta alanbrezko hanka finekin eta aurpegia, berriz, xistua baino meheago. Eta hala ere, hark bere historio estraino haiekin konkestatu egin zuen, agian pena hutsa gatik zitekeen, baina dena dela, ezkondu egin zela esaten zuten, eta hori jende guztiaren farre artean irten zela. Eta ez omen zegoen gaizki neskatxa hura, argazkian ez behintzat. Gainera bera ere, gartzelara joan baino lehen, antza, ez omen zegoen gaizki, edo ez hain gaizki bederen. Baina gero, Afrikako soldaduskak, tifusak, tisisak eta gainerako kalamitate guztiek ezin argalago utzi zuten, eta miope gainera. Pelota bat bezalako gorputza, abarketa zaharrez eta lauzpaubost jerseiz betea, eta gainean halako gorputz tzar bati zegokion buruaren laurdena, eta hankak, —hura zen figura—, bi kordel ezkegita bezala. Eta hala ere, ezkongai bueltatu bisitatik. Zein maitekiro eta harro kondatzen ziguen, neguko jertseak, kordelak, abarketak, jakea, beste jertsea, kordel gehiago kentzen genizkion bitartean, zernolako neskatxa zen.

        Eta azken egunean, azken eguna da eta, azken eguna da eta, negarrez, denak uste zuten, bere tranpa guztia igarriko zela eta neskatxak hain mehe ikusi eta berehala utzi egingo zuelako zela, baina nik beti pentsatu izan dut neskatxa hura gaiso hartaz maitemundu bazen, areago zela penaren kariaz ezen ez supermanen baten beharra gatik. Ez nuen sekula imajinatuko gizon hura, bere miope betaurreko diganteekin eta hain argal, atrako bat egiten eta are gutiago bankari bat garbitzen; judua zela zioen, baina auskalo. Kuarteletik hanka egin eta diru bila banku batetara, judua garbitu eta Algecirasko untzia hartzera: erabat eroturik zegoen. Agian soldaduskak jende bati ematen dion eroaldia gatik. Nik ere zer egingo nukeen soldaduskara joan banintz. Egun guztian lerdo baten atzetik, orain gimnasia, gero instrukzioa, teorika, fu eta sil, aberriaren handitasunak. Handik aste bete baino lehen, neu ere, Iñaki bezala, erabat lerdoturik, kabuaren historia tristeak kondatzen. Soldaduskak ere bankua bezalakoa ematen du. Han dabiltzatenek erabat galtzen dute biziaren nozioa eta egun guztian apoderatuaren edo kabuaren historiak kondatzen, besteoi ardura baligu modura. «Eta badakik zer esan zidan kabuak?». Eta niri zer ardura zait zer esaten duen espainol ejerzitoko kabu batek soldadu buruhandi bati. «Eta badakik zer erantzun nion? Neure gartzelako katua baino inozenteago tontakeriak esaten, eta hori Inakik ez zuela hain txotxolo ematen. Baina bazuen bere tokea, ikututxua, sakona gainera. Zeini okurritzen zaio fusilaren bala bat lapurtzea. Fusila bera edo ehun zein berreun bala izanez gero, tira, baina bala bat. Zertarako? Zein harro erakusten zigun. Begira zer lapurtu diodan espainol ejerzitoari. Eta eskupean, ezkuturik, bola zahar bat latoi kolorekoa. Merito handia. Soldaduskak lerdotu egiten du. Edo, auskalo, agian bere kontzientzia tzarra isilerazterren egin zuen. ETArako bala bat lapurtu. Horrek, jakina, ez dio ezertarako balio erakundeari, baina soldaduarentzat bai, uste bait zuen ejerzitoa enteratuez gero, judizio militarra, sedizioa bai gutienez eta sei edo zazpi urte. Heroi bat bezala, ia bere bizia jokatzen ari balitz bezala, eta gu enteratzeke. Lerdokeria itzela. Zentzugabekeria zentzu gabea. Ze neskatxa liluragarria. Marmorezko beso finen dotoreria, atleta gorputzarekin, zein sorbalda zabalak, lehen ez ziren horrelako neskatilak ikusten. Behin Maxi eta biok hondartzan, Txikik ezkina batetan erosketak egiteko poltsa handi batetan gure burdina guztiak zituelarik, atleta sorbalda zituen neskatxa bati begira egon ginen arratsalde guztian, giza-sorbalda ematen zuen, kontraste nabarian bere kaderen fineziaz eta keinu dotoreez, baina bestela lehen ez ziren horrelakoak ikusten. Eta gazte ematen du. Lirain eta flexible Txoriñok ere sorbalda zabalak ditu. Hain argala izateko sorbalda zabalak dituzu, agian baserritar etorkia gatik, baina igeri egiteko trajearekin atleta gorputza duzu gerritik gora. Nere paretik iragatean so egin didala uste dut bere garagardozko ile hori marroisken atzetik baina ni off siden nengoen. Ez dut uste nitaz fija zitekeenik. Zuriegi nago, gorputz baldarra nabari zait, beste edozein lekutan jende guztia nitaz fijatzen egongo zen beldur naiz, Bilbo batetan edo, itxura hauk gatik, baina hemen jendea bere airera dabil. Ze ile-moztuhera estrainioa dadukadan. Gartzelan ez nintzen konturatzen hilebetetan egoten bait nintzen espilora begiratzeke, baina garagardotegiko eskaparateko kristalera begirakune bat botaez gero, ia lotsa ematen dit. Patila bat bestea baino bi hatz luzeago. Kaskasoil geratzen hasi naiz.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983