Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

XXIV

 

        Portuko grua digante erraldoien beso burdinazko korapilotsuen eta mendi hilunen atzean, zeru gorria ezabatuz doa hilunbeta jabetzen delarik zeruaz. Behean, etxe aurreko astileroetan, burdina kolpeka jotzen ari den mailuren baten zarata monotonoa. Fantasmagoria kezkagarriak zabaltzen ditu nonnahi, bideko argiak, haizeak jotzen duen bakoitzean. Zakur bat zaunkaka hasi da, baina haizearen kariaz nork jakin dezake hemen behean ala han urruti porturako bidean ote den.

        Berriz ere irratia jarri dut ea zuenari buruz zerbait zehatzago esaten duen. Zakurrak zaunkaka dirau, baina orain igartzen da hemen behean dela, zaunkaka eskaileratik gora dator, baina jadanik ez dute ezagutzera ematen inolako kezkarik eta ez beldurrik. Tinbre-hots estrainio xiliotsua, sekula ohituko ez natzaiona, untzi bati egokiako zitzaiona ezen ez etxeren bati, entzun da, baina behin baino ez. Jeiki eta bertotik zabaldu diot beheko atea, nor zen galdetzeke eta sukaldeko atea ere irikita utzi diot.

        Karmele zen. Beste pertsona bat zirudien, barteko Karmelekin zerikusirik ez balu bezala. Nahiz oraindik ez duen ezabatu bere aurpegian kezkaren eta desoseguaren aztarna, askoz eta sosegatu eta lasaiago zegoen. Nerekin apur bat hizketan gelditu da, ia sekula egin ez duen gauza. Ezin zezakeen sinets arratsalde guztian zuri idazten daramadala. Bere esku fin eta luzeen artean hartu orrialde batzuk eta apur bat irakurtzen egon da. Eskerrak ez duela aurkitu beretaz edo Karlosi buruz esaten dudan gauzarik.

        Ia bost minutu baino gehiago egon da irakurtzen baina dudatan nago ez ote zen gaiaren interesagatik, Karlosekin hitzegiteko beldurrez edo kezkaz baizik. Idazten negoela egiten egon naiz ni ere, egiaz bere aurpegiari zeharretara begiratzen niolarik sumatzera entseiatzen zein sentimendu edo gogoeta estaltzen ote zituen aurpegi oraino gazte eta fresko hark, nahiz berrogei urtetara heldu ia, zein beldur ezkutatzen ote zituen esku bigun eta zuri hark bere ile horia hatz batetan inguratu eta belarri atzean jartzen zuenean bere aurpegiari kolejiala airez betez. Zerk bultzatu ote du horrelako andre bat, Karlos bezalako gizon sensible eta maitekor batekin ezkondurik egonda ere, Luisen andregaia bezalako pertsona iluntsuarekin abenturaren bat bilatzera?

        Agian beretzat ere Karlos pertsona liluragarri bat bada ere, zaila egiten zaio berakin azken fineraino komunikatzea, are beretzat ere memento batetara helduez gero kableak deskonektatu egiten eta ezin zaio hondarrera ailegatu.

        Ez naiz ausartu galdegitera ea behinbetirako zetorren ala despeditzera bakarrik. Berak, bestalde, ez dit ezer ere esan zergatik egun guztian etxetik kanpoan egon den. Bere hatz luzeen artean zigarro bat hartu, finki luzerara tabakoa berdintzeko igurtzi eta bere ezpainen hertzean jarri du. Lehioko kristalak bere pospoloaren suaren kariaz begien beldurriktura isladatu, eta orduan, bere aurpegiko zimurduretan eta bere begien diztira keskatsuan egun batetan sufritu izan duen guztia nabari zen. Camelen kea bere indar guztiaz arnasa hartu du irrikitan, agian balore bila, eta hatz batez goia seinalatu dit, ea Karlos goian ote zegoen galdera mutua.

        Gona kaderetara ajustatu eta gora joan da. Zer ez nuke emango memento honetan duten elkarrizketa entzutearren, ez bakarrik ia Karlosekin gelditzen den ala ez jakiteko, baina baita ere bereziki horrelako egoera larri batetan Karlosen erreakzioa ezagutzeko, ia behingoz bere bizi guztian horrelako trantze batetan erreakzionatzeko gauza den, ia aipu literarioa edo frase eginak errepikatzeko bideak ixten direnean lehertzen den eta, negar zein barre, zerbait gizatiar sortzen zaion.

        Irratian Caribeko musika ritmiko bat, vudu eta sorginkeriaren kutsu deskantsagarriaz. Zer polita biok elkar besarkaturik ilunean dantzatzea, gazte jendez betetako diskotekaren batetan kolorin etenkorretako argiak bainaturik, zure preso irten berriaren gorputz tzar trakets hori balantzatzen, gatigu egotera ohiturik dagoen elefante tiki bat antzo.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983