Grand Placen aurkituko gara
XXI
Aita lanetik bazkaltzera zetorrela ikusi nuenean, berabala nere gelan itxi nintzen, eta handik entzuten nuen elkar hizketa etena gatik eta amak gauzak esplikatzeko erabiltzen zuen tono apala gatik, nahiz hitzak ez ziren neregana ozenki heltzen, ohartu nintzen esan ziola haurdun nengoela. Isilaldi luze astun bat jazo zen.
Aitak zerbait esango zuen zain nengoen, madarikapenen bat solta zezan behintzat, ni deitu eta irainen bat esango zidala. Baina ez zuen deus ere esan. Isilaldi hura, uhalaz konorte gabe utzi arte joko banu baino mingarriago eta erregarriago zitzaizun. Handik minutu batzutara arnasarik ere ezin harturik irten nintzen gelatik, joana zegoelakoan, baina isilik zirauen, kafe tazaren aurrean erabat kontzentraturik eta kopa bere esku diganteen artean hulezko mantelean dibuju biribilak egiten.
Sukaldean sartu nintzenean ez zuen bistarik jaso ere. Zigarro bat atera zuen jertseko poltsikotik eta pizten zuen bitartean gure begiak gurutzatu egin ziren, baina ebitatzera ere ez zen entseiatu, ez bait zituen ikusi ere. Kafea bukatu zuen eta kopa kolpe batez edan eta berriz ere lanera itzuli zen.
Ni nere gelara joan nintzen eztarria eta begiak erretzen zizkidan negar zotin garratz batetan.
Memento hartan nere kontsolamendu bakarra nire barnean neraman izaki hark, zela neskatoa zein mutikoa, ez zuela sekula horrelako trantze humilagarri batetatik iragan behar izango zen. Eta berak lortuko zuela nik inkonprensioz eta gorrotoz beterik bizitzea tokatu zitzaidan mundu hartan izatera ailegatzen ez nintzena izatea.
Ama hitz banalak eta zentzu asko gabeak esanez kontsolatzera saiatzen zen. Nahi al dun kaferik, ez zaio ongi etorriko memento gaitzak iragatea, une hartan hipokresiaz beteak ematen zutenak. Horrela uste baizen, zergatik ez zion aurpegia ematen aitari, zergait jasaten zuen haren arbitrarietate eta kapritxoen mende egotea eta are gehiago, zergatik zen, bere oihal beroak gorabebera, estatu haren egiazko begiralea. Nora joan eduki banu, duda gabe, hanka egingo nuen berehala.
Horrek, hala ere, ez zuen batere inportantziarik eduki, elizaz ez ezkontzea erabaki genuenean hartu zuten posturaren aldian. Ezer esaten ez bazuten ere, hori, bere begiradaz eta inpresiozko malko ezkutuez mostratzen zuten bezala, are grabeago zen.
Gauza bat omen da lege naturalaren eta Eliza Ama Sainduaren aginduen kontra bekatu bat egitea matrimonioaren lokarri sainduetatik at haur bat mundura ekarriz, baina horrek irtenbide nahiko erosoa daduka, biok ezkontzeko modura bait daude. Matrimonioko lokarririk gabe elkarrekin bizitzea, ordea, apostasia zital bat besterik ezin zitekeen izan, gurasoengandik errezibitu dugun fedeaz uko egitea, ijitoek bezala elkartzeko, era legal batez bizitzeak dakartzan abantailak ere errefustuz.
Eta hori guzti hori guti balitz bezala, oraindik neskatila gazte batek bere bizitzeko egun inportanteena ez ospatzeko sartu zitzaion mania arrotz horrek ez zedukan izenik. Zeren, izan ere, esaten zioetenez, oraindik ez bait zen berandu zuriz ezkontzeko.
Zu ez zinen gauza askotaz enteratu, zure familiaren erreakzioa bestelakoa izan bait zen, zu mutila zinelako. Neretzat, ordea, neure biziko egunik tristeenetariko bat izan zen, nahiz zure aurrean disimulotzera entseiatu izan naizen, hogendun-konplejo sar ez dakizun. Zeremoniak berak, nolabait deitzeko, ez zuen zerrikusirik ere nik imajinatu nuenarekin edo entzunda nuenarekin.
Goizeko zortziak aldian irten ginen Mundakatik gure aitaren kotxean, berau, ni, ama eta nere anaia. Norbaitek ikusiez gero, duda gabe pentsatuko luke Erresidentziara ginoazela, istripuren bat jasan zuen familiar molestoren bat ikustera. Gure jantzietan deusek ere ez zuen bestelakorik nabarmentzen. Aitak ez zuen trajerik jantzi nahi izan, hura ez zelako egiazko ezkontza bat sasi-ezkontza bat baizen, eta lepo luzeko jersei berde bat zeraman; ama ere, ez desafinatzeko moduan, lorezko gona urdin batekin eta Juan Luis nere anaiarentzat, zer esanik ere ez, hura dena bere arreba Donostiara estudiatzera joan zenetik egiten zituen rarokeria inozente beste bat baizen ez zen, hala nola gurasoekin diskutitzea, mezetara igandetan ez joatea, etab.
Donostira bidean bete genituen bi ordu haietan barrena ez genuen hitzik ere gurutzatu eta elkarren begiradak ebitatzen genituen, halako moldez non isilaldia geroago eta astunago egiten bait zen Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasaldean dagoen kurba-errosario hartan. Berde iluna, marmore likidoa antzo, berdearen tartika eta kolore guztietaz betekin, noiz astiro eta leunki higitzen noiz arroken kontra orru eta bitzez betetako arrabia eutsi ezinaz, nere kontsolagarri bakarra itsasoari begiratzea zen. Noizbait, gehien maite ditudan xori horiek bere xilio zorrotz eta hegada airosoarekin, kalatxoriak.
Horrez gainera, egun osoan hartu nuen poz bakarra Bidasoa kafetegira heldu eta kafeteriaren ondoan dagoen kristaletik ikusi zintudanean hartu nuen. Egun guztian zure aldamenean egon nintzen. Eskerrak zure kontaktoa sentitzen nuela noizbait besotik oratzen ninduzunean norabait joan behar genuela esateko, noizbait eskutik hartzen ninduzula; bestela denen aurrean negarrez lehertuko nintzatekeen. Familiek ez zuten elkar ezagutzen eta uste dut elkar ezagutzeke dirautela. Horrela erreakzionatuko zutela jakin banu ez nukeen ezkontzarik egingo, edo elizatik ezkonduko nintzen beharbada.
Grand Placen aurkituko gara |