Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

—20—

 

        Bai, lagun, herri guztiz iraultzailea izango zarete baina, badakik gure herrian esaten zutena, en todos los sitios cuecen habas, y en el tuyo a calderadas. Bueno, en el tuyo edo en algunos, berdin da.

        Zer esan behar nion nik Santiri orduan? Euskaldun eta abertzale bezala lotsaturik uzteko kapazitatea zedukan gizon bakarra. Euskal nortasun bila hainbeste denbora ibilitako gizona, zer gehiago egin behar zuen, beste herrietan agian joan eta berehala leihatila batetan eskatuz besterik eta bost pezetako poliza batekin lortzen dena eskuratzeko. Sisifo gaisoa, zenbat lan euskaldun izatera ailegatzeko. Ez zitzaion izan aski euskaraz ikastea, haurrak ikastolara bidaltzea, gartzelan egotea, euskaldunen aberriaren alde burrukatzea. Zer izango ote zen bere biziaz kalera irten eta berriz bere bizia lehenago utzi zuen lekuan jarraikitzeko garaian. Bere hogenen kausaz jainkoen bezalakoa izatea nahi izatearren, harria goiz guztietan mendi tontorrera igotera kondenaturik, baina agian gora igoterakoan jainkoek harria bailararen behealdera bota beharrean, duda besterik ez egiaz harri hura harrizko ote zen, mendia egiazko mendia zitekeen eta jainkorik dagoen ala ez.

        Agian gure bizitzea ere ez da Santirena baino hobea. Paulok bere gizatasuna Pedroren gizatasunean baizen ezin dezake ezagut. Nik ere nere abertzale izateko nahia Santiren historian ezagutzeko baizen ez nintzen gauza. Zenbat jira guk ere abertzale izateko gure modu bat aurkitu arte. Belaunaldi batbederak here euskaldun izateko modua erideteko premiatan kausitzen baita, agian. Esaten zigun Carabanchelen aurkitu genuen abertzale zahar hark ere, bera Gipuzko Buru Batzarrekoa egin zutenean, eta kargua zinegitera, Sabinen hilhobiaren aurrean, Harrisuketara eraman, nola esaten zuen Sabinen anaiak, erderaz gainera, hemen gaude gu, Sabin zure adiskide eta senide kutunak, baina gu bagoaz, eta hor daude horiek gure ondotik datozenak, bere figura horiekin.

        Eta berek denak, nahiz ekaina zen, gaban beltz, bonbin ingelesekin eta bizar beltz luzeekin, eta gazteek, ordea, denak sonbrailurik, bizarrik eta gabanik gabe, jaka hutsean. Eta eskerrak nolabait erideten ari garela, bestela ikusten dut nere burua, Joyce eta hainbeste irlandes bezala, erdal eskritorerik puristenak bihurturik. Beharbada horixe litzateke gure belaunaldiaren aurrerapenik handiena, gaur egunean agian Pio Baroja bat zein Unamuno bat ez zirela kausituko Euskal herritik hanka egitera behartuak, eta abertzale edo euskaldun izateko posibilitatea edukiko zutela, bere pentsakerari uko egitera beharturik aurkitzeke. Eta dena Santi bezalako jendeari esker.

        Tupustean, haize heze bolada batek lur usai freskoa dakarkit, aireak diztira arrotz more bat hartu du, gauza guztiak, etxe nahiz mahain zola zein teilatu tonalitate metaliko ilunez pintatuz, jendea erdi aldetik apartatzen hasi da eta azeretarat higitzen eta atarien ertzetan gerizatzen. Mahain gainean udarako euriko hiruzpalau tanta lodi erori dira, hautsaren kariaz mantxa biribil ferde batzuk festoi marroiez sor eraziz. Beste tanta bat eskuan erori zait eta ezin dezaket esan min eman didanik, baina bai narda apur bat, bere epeltasunaren kausaz ia xistua ematen bait zuen. Garagardotegira sartzea azkenean erabaki eta nere asmoa burura eramatera ninoanean tanta batek zigarroaren erdian jo dit eta paper guztia ezteustu.

        Nahiz agian honela, hemen barnean nagoela, zailago den Jonek ikustea, eta are Joseanek ere, azkenean Ostendeko etxeko giltza ekartzera etortzen bada, garagardotegian sartu eta eskaparateko kristalean barrena enparantzari begira gelditu natzaio. Batbatean jende guztia desagerturik zegoen eta atarien ertzean gelditzen den jendea marinelen sira horiak atera ditu eta jantzi. Burrundara, barrikaren burrundara moduko burrurrundandara, trumoiren bat agian, mahainetan eseririk zegoen gainerako jendea ere batbatean sartzen duena garagardotegian barruan.

        Atsoen xilio zorrotzak, gaztetxoen irri alaiak, gizonen begirada galdua euriari so, bakantzeak mehatxatzen dituen desgrazia amankomunak batbatean komunikapen berri bat sortu du gure artean, hitz eta solasaldirik gabe jaioa, elkarri euri tanta ikusiz baizik ez josia. Beltzaren aurpegia nere begietatik metro erdira baino gutiago nuen, bere elurrezko irripar nerbiosoarekin eta, nere harekiko kuriositatea desgisatu nahiean bezala, zigarroa ezpaineratara eraman dut, keinu berezko eta kontrolgabean.

        Garraztasuna. Ahosabaiean irentsirik gelditu zait tabako amatatu berriaren garraztasun ezabaezina, beste garraztasunen oroipenaren ekarle. Ximista bat bezala trabesatu du nere burua gona zuri puntiladun batek eta pinudi hezeetako belar bustiaren usaiak. Zu, Txoriño, eta kalatxorien hegada azkarra, eta itsasoaren grisdura zeharretan zeruarekin bat egiten eta atmosfera guztian barrena zabaltzen, lasterka doskaballos barruan gerizatu ginenean.

        Sartu eta handik bost minutura ere ez zen deus ikusten, baina udarako euri hark gainerako gauzetatik babesa besterik ez zigun ematen, kotxe haren gainean, kapotean, tanta lodiek danbolina jotzen ari zirenean eta parabrisa ura kentzeko gauza ere ez zenean. Zure begiak sekula baino beltzago zeuden eta ile adats busti bat masailean pegaturik gelditu zitzaizun.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983