Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

IX

 

        Baina, garai triste hartan, aski zitzaion kaleratzea eta ezagun bat ikus zezan lehen galdera zutaz izan zedin. Hala ere gaizkiena kamioiak arrapatu zuenean izan zen. Idatzi nizuen nola izan zen, baina garai hartan ez nizun tartikarik ezagutzera eman, zu ere ez bait zinen egoera hobean gose-greba egin eta gero zigor geletan xendukatenean. Izugarria izan zen benetan. Nitaz aska zedin lortu nuenean eta ikastolara pozik joatea eskuratu zuenean, eta herrian bere edadeko neskatilen adiskide zenean, Gernikan mundua behera etorri zitzaidan.

        Gabonak inguruan, bulegotik irten eta gero etxean bufanda bat egiten ari nintzen, hauzoko andre lodi bat etorri zitzaidanean eskuak amantal urdin batetan lehortzen. Haren kristalezko begi ahalketsuak ikusi eta berehala hatzeman nuen zerbait gertatu xitzaiola Saioari. Ez zen gauza hitzik ahozkatzeko ere; negar zotinka lehertu zen eta aurpegia ezkutatu zuen. Lasterka eskailerak jeisten nioala «kamioi» hitza entzutea lortu nionean, sabela esku bat bezala hestutu zitzaidan eta kexu barnekor bat irten. Beheko merzeriako gizonak egiaztatu zidan Saioak istripu bat eduki zuela eta bere furgoneta tipian-eraman ninduen. Nere pentsamendu ilunetan murgildurik ninoan isilik, ahoa lehor eta bihotza taupakada, halako batez neure begi espresio gabeak espilu erretrobisoaren aurrean ikusi nituenean. Plazatik bere otarekin zetozen emakumeak, furgoneta iragan eta berehala bere artean ahapeka belarrira zerbait esaten eta gure expektazioz seinalatzen zigutela ikusi nituenean, Saioa hila zegoela sentitu nuen.

        Bide luze amaigabe batetatik joan ginen Kruzesera ailegatzeko. Urjentzietako atetik sartu eta leihatila batetan zegoen erizaintsa zahar batek izugarrizko trabak jarri zizkigun, baina ordu erdi baino gehiago eztabaidatzen egon eta gero, azken batean, bere gelara joateko posibilitatea eduki nuen. Oraindik zentzunik gabe zegoen. Aurpegian ez zuen ezer, baina oin baten gainean alanbrezko kutxa bezalako zerbait jarri zioten eta ematen zuen mozturik zedukala. Medikua ez zen agertzen eta erizainek ez zidaten ezer esaten. Gauzarik tzarrenak pentsatzen egon nintzen ez dakit zenbat denbora.

        Saioa jaio zen gau hura berriz bizitzen banengoen bezala zen. Bakartate ilun bera, tristura desesperagarri bera. Halako batez Saioa arnasa sakonki eta zailtasun handiaz hartzen hasi zen, gero ezpainak higitzen zerbait ulergaitza errepikatuz letania bat bailitz. Belarria bere aho ondoan jarri eta aditu nion «ama etxera» bezalako zerbait esaten zuela. Gero burua konbulsioez ritmikoki higitzen hasi zen alde batetik bestera. Izerdiak aurpegi guztia bustitzen zion. Amesgaiztoren batetan amildurik, marmuren batek bere hatzapar beltzez oraturik agian, sufrimenduaren aztarna guztiak dibujatuz zioazen bere aingeru aurpegi zurian. «Maitea» esaten nion, baina alferrik, bere konbulsioak jarraitzen ziren eta ezpain lehorretatik hitz, ulergaitzak irteten.

        Une batetik bestera hilzorian jarriko zen beldurrez, eskutik heldu eta ezin izan nuen malko garratz bat begietatik irten zakidan ebitatu.

        Saioa hilez gero, zein zentzu edukiko zuen nere bizitzak, ordurarte bizi izan nituen urte guztiak.

        Politika madarikatzen hasi nintzen, bereziki zure aitak preso-kanpoko historia hura kondatuz zure bihotzean gorrotoaren eta fantasiaren hazia ezarri zuen mementoa. Politika asmatu zuten gizonak madarikatu nituen, preso zinduten gizonak, zure aita, zure aita zigortu zuten goardia zibilak. Zenbat emango nuke Euskal Herrian jaio beharrean, beste edozein leku normal batetan sortzearren. Zer ez nukeen emango hirurok, Saioa zu eta hirurok irlaren batetan animalien gisa bizitzearren, inolako ardura estrainiorik gabe, gutaz baizen ez pentsatzen eta ez arduratzen. Anakronismo hutsa iruditzen zitzaidan, Europako iragan mendeko ideal batzuen truk guk hainbat ordaindu behar izatea: demokrazia, askatasuna, gure hitzkuntzan mintzatzeko eskubidea, handik hain hurbil Parisen eta Frantzia guztian jadanik gure adineko jendeak beste idealen batzuren bila zebiltzatenean.

        Nere tristura eta desosegua handien zirenean apur bat higitzen hasi zen, baina min eman zion agian, zeren ezin izan zuen ebitatu keinu bat ezpainekin. Eskua guztiz bortizki hartu eta musu bat eman nion esku barruan. Begiak zabaldu eta ia ezin entzuteko modutan «ama» esan zuen. Orduan konturatu nintzen lehen aldiz, edo behintzat sekula baino argitasun handiaz itsasoaren garbitasuna isladatzen zuten begi haiek ez zirela agian zureak bezalakoak, zureak baizik, zeu zinela begi haien artean ezkutatzen zen izakia.

        Beldur nintzen bezala, zailena ez zen izan hankaren errekuperapena, naiz gorriak ikusi zituen medikuaren gana exerzizioak egitera joaten zen bakoitzean —medikuak oinatik hartu eta bere indar guztiaz behartzen bait zuen orpoarekin ipurdia ikutzera, maiz hezur zarata ikaragarri bat atereaz— Saioak gudari batek bezala jasaten zuen, ezina zitzaidan malkorik irteteke kontenplatzea eszena hura, baina bera tortura bat bailitz aitona zigorra aguantatzen bezala, ezer esateke, ezpainak higitzeke, keinu-itzalik ere agertzen ez zelarik bere aurpegitik iragaten zuen. «Egizu negar, nahi baduzu», esaten zion medikuak baina horrela kezka berri bat eman besterik ez zion egiten. Saioak uste bait zuen zauriaren eta kolpearen hogen guztia berea zela. Asko kostatu zitzaion belaunetako jokua errekuperatzea. Ez dakit eskaiolarekin ikusi zenduen.

        Are tzarrago izan zen bere buruarekiko konfidantza errekuperatzea. Harez gero ez zen ausartzen beste neskato eta mutikoekin mendira joaten edo gimnasiarik egiten. Begiak erre arte irakurri besterik ez zuen egiten. Baina apurka apurka letrari geroago eta kasu gutiago egiten zion eta dibujuak besterik ez zituen ikusten. Bi urte eduki zuenean bezala mintzatzen hasi zen eta garai hartan asmatako hizkuntza hakarrik erabili nahi izaten zuen.

        Behin Mundakara joan ginenean nere amak ea zer izan nahi zuen handi egiten zenean galdetu zion, eta erdi negarrez hasi zen. «Ni ez naiz handi sekula egingo». «Saioa ez da sekula handi egingo».

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983