Grand Placen aurkituko gara
—14—
San Paulo zaldi gabea, nondik erortzeko posibilitaterik gabe, beraz, bailara malkoz bete honetan bizitzen jarrai beharko dugula aldarrikatzera beharturik dagoen profeta, mundu berririk ez dugula ikusiko predikatzera kondenatua. Joycek bezala auto-exilioa hobetsiko zukeena, bihotzean daraman bere aberri baino ab-hiria areago amestuan bizitzera kondenatua eta behin eta berriz etorriko diren mendeentzako bireskribatzen, birdeskribatzen, birkonstruitzen, birkreatzen, idolatriaraino maitatutako hiria, oka egitera behar zuen gorroztatutako hiria, zergatik ez jarraiki bere bidea eta berak munduko hizkuntza unibertsalenean esan zuena munduko hizkuntza baserritarren eta nazionalean errepikatu. Absurdoaren absurdoa, baina euskal herri erdalduan jaiotzearen hogenak ordaintzera.
Prometeo berria, kultura, okerretako iturburuetan bilatzera kondenatutako autodidakta. Existentzialismo inkonformistaren bila ez Sartreren lagunen liburuetan, baina Papini ren liburu beltzetan aurkitzera kondenatua; historia unibertsalaren interpretapen materialistaren printzipioak ez Marxen, Engelsen edo Leninen liburu klasikoetan, baina jesuiten dibulgapenerako liburuetan estudiatzera behartua; mundu alienatu guztietatik askatu behar gintuen hizkuntza, kapitalismoaz eta zanpakuntzaz kutsatu gabea, aintzinako apaiz zahar eta infernuak eroaldiraino beldurtzen zituen meza liburuetan ikastera premiatua. Amodiozko lehen kanten bertsoa «maitasun hitzak nahi nituzke esan baina gaur ezin det» kantatzera obligatua. Eta hala ere, naturaren mirari miragarria, nahiz denen alde negatibo eta kritikak estudiatu, eszeptizismoaren besoetan erori behar bidean, mila aldiz, mila entusiasmo beroen bila ibilia, nahiz ez eriden Papiniren horrietan beharrezko existentzialismo adoleszentea, horrek ez du ebitatzen han ikastea historia unibertsalearen intringuli guztiak.
Horrela, zenbat aldiz geratu behar biziaren bide-ertzean nondik nora goazen geure buruari galdetzeko, Burgosko gartzelako eskola hotzean hamabi euskaldun horrelako bide ertzean, ahantzirik jadanik zer egiten zuten, zerk eraman zituen trantze hartara, zer pentsatzen zuten hara heldu baino lehen.
Naufragio politikoa. Inongo oholik gabe. Kapitaina ez zen gelditu azken marinelak ere jauzi arte, alderantziz bakantzetan joan omen zen eta Grand Placeko monumentuak turisteei erakustera dedikatu. Untzia ez zen hondoratu eta ez tikitu. Desagertu baizen. Sekula untzirik egon ez balitz bezala, bere hutsunea ere ez zen gelditu. Aztarnarik ere ez.
Gerra bukatu zenean, gure gurasoek mozkortzen hasten zirenean «hauetaz» mintzatzen ziren oroipen-izpiak ezaba ezinik. Baina han inoiz ere gerrarik edo gatazkarik egon ez zen aztarnarik ere ez zela geratu zirudien.
Argi-izpiren baten bila, Stalinen biografian hasi erideten Trostkyren nortasunaren lilura. Bere literaturako joera, mintzatzeko garden kartsua, buru argia, langilearen kausarako entrega.
Grand Placen aurkituko gara |