Grand Placen aurkituko gara
—1—
Kalea. Gauza askorekin identifikatzen nuen idea hori, kalea. Cordobako gartzelatik irten eta hango abogadu batekin errestaurante batetara bazkaltzera joatea; Donostira, etxera itzultzea, gurasoengana; Bilbora, erori lehen baino azken egunetan ibilitako karriketatik paseatzea eta bereziki nonbait edonon, berdin zait zein herritan, itsasoaren uhinak nola lehertzen diren ikustea, baina sekula ere ez nuen uste kalea hemen Bruselasko garagardotegi dotore eta lasai honetan litro pitxar bat hain patsadatsu bakartatean edatea, jendea nola iragaten den ikustea, turistak, gehienak agure eta atsoak hemengo monumentoak ikustera etorriak, eztai bidaia batetan dabiltzaten parejak, are eskursioren edo bidaia antolaturen batetan etorri diren irakasle aireko jendeak.
Gauza guztiek dadukate beste gusto berri ez dastatu bat. Zigarro rubio honek, garagardo hain hotz eta zaporetsuak eta bereziki aireak. Lau hormen barnean hainbeste urtetan egonez gero, bista ez da eroso aurkitzen karrika mugagabe batetan; hainbeste denboran funtzionaltasunera ohiturik, eliza monumental bezalako diren etxe hauek, udal etxea bere dorre, arku eta imajinekin, beste mundu berri ikusi gabea da. Beste mundu bat. Izan ere, gezurra dirudi gartzela eta kalea mundu eta planeta berean eta bizitze berean kokaturik egotea. Leku desberdinak baino areago ematen dute, dimentsio desberdinak, bizitze desberdinak elkarrekin ezein eta inolako zerrikusirik eta harremanik gabe. Badirudi hamar urte direla gartzelatik irten nintzela. Edo sekula egon ez naizela. Han gelditu diren adiskideek hilak ematen dute, hilda geroko beste bizian dauden ezagunetaz bezain zail egiten zait haietaz pentsatzea, are katuaz ere. Zertan ariko da orain? Gaixoa. Hainbeste urtetan nere adiskide kutunenik izanda ze esker guttiz utzi izan behar izan dut gartzela hotzaren bakartatean. Norbaitek hartuko zuen, baina ez da berdin. Katua pertsona bati baino, are jabeari baino, askoz ere fidelago zaiola leku edo territorio bati esaten dute, baina, ez dakit, ohitu egiten zara. Gelako bakartatean munduko gauza arraroenak aztertzen ari zarela, edo dela Bizkaiko patroi benefiziatuen zerrenda, edo dela Etxepareren deklinabidea, animalia bizi bat, izaki bizi bat samurtasun apur bat bila zure oinen artean dabilela bizkarra arro jarriz eta buztana zutik sentitzea. Edo idazteko makinaren gainera igoten dela eta zuri begira jartzen, kaso egin diezaiozun letren besotxoekin burrukan ari delarik. Hemen dabiltzaten txakur txiki horiek baino mila aldiz argiago zen katu hura. Zen, ia hila balego mintzatzen naiz. Da. Ez dut uste bere ugesabak sorbaldatik loturik daraman txakur mozolo horrek, bere etxeko atea itxirik aurkituko balu ate-manilara salto egin eta zabaldu egingo lukeenik.
Egarri banaiz ere, egarri baino areago reseko behar bada, nere ohituraren kontra atzo larregi edan bainuen, ez zitzaidan ongi sartuko hain garagardo hotza egoera normal batetan, gauza hotzak eta bereziki likidoak kalte egiten bait didate estomagora, jeiki eta berehala zerbait likidoa edan eta ximista baten andaraz komunera joan behar, baina gaur ez dit kalterik ere egiten, nahiz pittarraren kristal guztia izerdiz betea bezala dagoen. Gainera garagardo hau ez da hangoa bezalakoa badu halako keriza gusto fresko bat, fraideek bakartatean sensualitatea asetzeko asmatutako ikutu sofistikatu bat. Ezer ere ez da hangoa bezalakoa.
Etxe partikular edo are udal-etxe bat baino gehiago XIV mendeko elizaren bat ematen duten etxe horietariko batetan kanpan-hotsa entzun da, zerbait anakroniko bezala. Zenbat urte kanpairik entzuten ez nuela. Gartzelan behin ere ez zait suertatu, baina uste dut Bilbon eta Donostian are gutiago, ohiturik nengoelako edo. Erlojuak urre gorrizkoa ematen du. Baina ezin du izan. Hamaika kanpan-hots entzun direla uste dut. Ez naiz arretaz egon baina hamar zerbait gutiago jeiki banaiz, segur asko oraindik hamaikak izango direla. Hemendik bi ordutara helduko dira. Agian purpurinazkoa izango da. Ezin daiteke, ordea. Bai irtenaldi irrigarria herloju bat purpurinaz pintatzea. Baina etxeen dorre tipi horiek ere urre gorrizko kolorekoak dira. Ez da purpurina izango. Eta eskubiko monumento hori, zalduna besoa luzaturik zerbait mostratzen teilatu gainean. Badut ikusteko gogoa. Txoriño berak ere ni, segur nago. Gaisoak. Aireportura joateko bere zain. Zein mania sartu zitzaien. Aireportura joateko. Baina zer uste dute dela hemen aireportua, bi ordu joateko eta beste bi itzultzeko, horra hor egun guztia izorraturik. Ez dut beste zereginik. Horixe, gartzelatik irten naiz aireportura joan eta etorri ibiltzeko. Gainera banenkien zer gertatuko zen. Lehen gaua dela eta azken minutuak ere probetxatzeko asmoaz guztiz berandu arte ez ginela oheratuko. Berandu arte ez, goizaldira arte, ia goizera arte. Jose Antonio hori gainera, igartzen zaio, horrek bai ezin duela esan inor engainatzen duenik, gauean ohera joan baino nahiago du arbolape batetan gaueko mozoloekin diskutitzen hasi. Neri tokatu behar horixe ere. Hiztuna eta jatorra ematen du baina horren etxean nagoen artean ez dut lo askorik egingo, ongi errekuperatuko ditut barruan galdu ditudan orduak. Bai atzo hamar bat ordu gutienez errekuperatu nituen.
Grand Placen aurkituko gara |