Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

V

 

        Esan dizut, maitea, maite zaitudala, sakonki neure indar guztiaz, eta nere bihotzean ez dela inoiz egon beste gizonarentzako lekurik. Baina, jakin behar duzu ere gauzak gaur egunean ez direla orain dela zortzi urte bezala. Ez dakit nola ezagutzera eman. Ez dakit eskubiderik ote dadukadan ere. Baina nahiago dut nere espainez ezagut ezazun. Karlos eta ni adiskide besterik ez gara. Hogeitasei urte izatera heldua nintzen eta ez nuen zutaz landa beste gizonik ezagutzen, eta ez zurea ez zen beste mundurik. Nere bizia eta bizimodu guztia zuk baldintzapeturik, determinaturik esango nuke, egon da, edo nahi baduzu, behin —eta ezazu tzartzat har, arren—, Hondarribiko pinudi hartara joateak. Gaur ere, orduantxe bezain konsziente naiz eta lehen bezain ongi asumitzen dut, lehen bezainbat maite zaitudalako oraintxe ere. Baina, jendearentzat historia honetan guztian zeu zara heroia, jendeak ulertzen eta konprenditzen duena, eta orain gainera modatan jarri dena, miretsia, baina, egia esan, neu eta neu bakarrik naiz historia honetako biktima egiazkoa. Ez dakit memento hauek ote diren egokienak uler dezazun Karlosek une batez gauza asko errepresentatu izan duela nere bizitzan, neure burua aurkitzeko edo biraurkitzeko okasio eman zidalako. Ez ninduen tratatzen heroi edo martiri baten emazte bat bezala, Jone bezala baizik. Dudatan nago gure artean inoiz amodiorik existitu ote duen. Ez dakit, eta behar bada ez dut sekula ezagutzeko posibilitaterik edukiko. Baina Karlosekin egoteak eta hizketan aritzeak, nolabait, nere bizitzaren monedaren beste aurpegia errepresentatzen du, hau da, nolabait esan, zer izan zitekeen nere bizitza, gure bizitza, baldin, politika alde batera utziz Londresa 68.an ihes egitera ausartu bagina. Haseran bidairen bat egin genduen elkarrekin berak jiraren bat zedukanean. Oso ongi portatzen zen. Ez zitzaion axolik Saioa ere gurekin etor zedin. Nik, gainera, ez nedukan idearik ere, zer harreman ote zukeen Karmelerekin. Ez nion inoiz ere entzun bere emazteaz hitzegiten, ez onerako eta ez txarrerako. Baina behin modurik tontoenean, agian gauza batzuek beti gertatzen ohi diren bezala, nik ez nuen berakin oheratzeko gogorik, bestela, egia esan, ez nintzen berakin joango. Bartzelonako botel batetan jazo zen. Metreak parejatzat hartu ginduen eta matrimonio-ohe bat eman zigun. Absurdo dela esango duzu. Agian arrazoi osoa edukiko duzu, baina horrela gertatu zen. Ez bait dut uste Karlosek berarekin ohera nendin eskatuko zidala. Nola esan? oheratu ginenean, benetan, fede onez egin genuen, lo egiteko asmoarekin bakarrik; ez zegoen inolako amodiorik eta ez grinarik. Are gaur egunean ere amodioa egiten dugunean ez dut uste gure artean egiazko maitasunik dagoenik. Nola esplika? Ulertzen dut min ematen ari naizena eta ez dela ulerterraza izango zuretzat. Nolabait kuriositatez egin nuen. Badakit apaizek ere hori galdetzen zutela; gauzak kuriositateak eraginda egiten zirela eta ez dela sinesterraza. Baina izan ere, Karlosen emazte izanez gero zer sentituko ote nukeen jakinmina banu bezala zen. Nere bizimoduaren mugarriak gainditzeko asmoak eraginda portatuko bainintzen. Ni neu nintzen posibilitate guztiak desarroilatzeko gura biziak eraginda. Nik ez dakit zer egingo zendukeen nere lekuan. Zu izan beharrean neu izan banintz Donostian haur batekin utzi eta iraultza egitera joan nintzakeena; urte bete baino gehiago alde batetik bestera ibili aztarnarik ere eman gabe, norbait hil edo detenitua zela enteratzen zinen bakoitzean bihotza geldetzen zelarik, telebistan lapur-aurpegi batekin agertu arte jakiteke zu zinen ala ez, harik eta, azkenean tiroteo baten ondoan, hamar egun komisaldegian egin, judizio sumarisimo, eta 50 urtetarako kondenaturik izan arte.

        Egoera horretan Karlosek bere laguntza eskaintzen zidan. Adiskidetasuna, nere kabuz kontsiderazio bat merezi izatea. Ni nerau Jone bezala naizena eta balio dudana apreziatzea. Irteten zarenean aldaturik aurkitzen banauzu, nola esan, emakumeago, helduago, nerau izateko ahalmen handiagoarekin, dependentzia gutiagoaz, pentsa ezazu nolabait eta maila batez, Karlosi esker izan dela.

        Eta, halaz guztiz ere, Karlosekiko nere harremanak ez dute antzik ere zurekiko erlazioekin, ez grinaz, samurtasunaz, eta ez sakontasunaz. Ez nazazu juzga arinki, arren. Zenbat emango nuke irteten zarenean berriz gure biziak; lehen uztera beharturik aurkitu ginen istant eta memento berean birhastearren. Saia gaitezen, bederen. Gogorra izan daiteke biontzat, baina barkaezina litzateke esperientziarik ez egitea. Maitea.

        Geroz eta kezkatuago nago. Orain ordu eta erdi etorria egon behar zuen Karmele eta oraindik ez da ageri. Egia da memento hauetan egiazko uholde bat erortzen ari dela. Euri izugarria benetan, aurreko mendia bera ere ikusten eragozten duena eta barkoei argia pizturik nabega erazten diena, herensuge nagi zaratatsu baten irudiz sirena jotzen. Baina Karmelek imajinatu egin behar zuen lauretarako agertzen ez bazen, bere senarra egiatan kezkatuko zela, gertatzen ari den bezala. Gora igo da gaisoa eta musika klasikoa interpretatzen ari da eten gabe. Baina sentimendurik gabe, idazteko makina baten aitzinean bailegoke. Hatz-ejerzizio bat bailitz. Zein zailak diren giza-sentimenduak. Eta hori, nik esango nuela beren artean monotoniaren eta ohituraren lokarriak besterik ez zeudela.

        Beti pentsatu izan dut ze kalte egin diezakezudan nere Karlosekiko harremanekin, baina ez dut sekula pentsatu Karmeleri buruz. Hain ematen zuen liberaturik, bere buruan izugarrizko konfidantzarekin, segurtasunarekin, eta, hala ere, atzo Saioa Mundakan utzi eta Donibanera etorri nintzenean, zein aldaturik aurkitu nituen Karlos baina bereziki Karmele. Karmele erabat ezezagun bat.

        Triste, agresibo, aurpegian erakusten zituelarik bere sentimendu guztiak, nahiz estaltzen saiatzen zen, esate baterako, bereziek egin zutenari buruzko eztabaida absurdo bat planteatuz. Beti, politikaz hitz egiten zen bakoitzean hanka egiten zuenak, bereziki biolentziaren gaia ukitzen zenean, bere abertzaletasunaren kariaz egiatan inoiz nabari izan ez zenak, era probokatzaile batez defendatzen zuen berezien egintza hori, esanez Karlos horien kontra bazegoen, burjes tiki bat besterik ez zelako zela, bere adiskideekin paseatzeko untzi bat eros zezakeen burjes tipi bat, harik eta konbentzitu arte bere senarra ez zela horrelako eztabaida batetan sartuko eta ohera joan zen, ateari eztanda sor eraziz. Ze pena sakona ematen zuen Karlosek, bere kulpabilitate sentimenduetan murgildurik; ez bait zuen sinesten Julioren emaztegaiaren eta Karmelen arteko harremanei buruz zebiltzaten susmoak.

        Telefono-hotsa entzun da, baina Karlosek hartu du gohian. Segur aski Karmele izango da. Ia egiaz bera den, eta egoera jasan ezin hau argitzen den. Ezin da bizi su honetan sarturik.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983