Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

XVI

 

        Sherlock Holmesen zuhurtziaz mostratzen zuen piparen muturrarekin egurrezko kruzifijo guztiz zahar baina artistiko hura. Dirudienez garai hartan anitz problema jaso zen Adan de Yarza eta Lekeitioko apaizen artean, ez bait zegoen argi eta garai zein zen bien arteko harremana. Garai hartan Adan omen bait zen Gizaburuaga, Mendexa, Ispaster, Nabarniz eta gainerako beste herriren baten patroi benefiziatua, hamarrekoak biltzen zituena halegia, eta badirudi noizbait Lekeitiokoa ere izan omen zela, eta hortik sortu zen iskanbila. Patroi izateak ez du esan nahi soilik hamarreko diruarekin gelditzen zela baina bai eta berak izendatzen zuela apaiza ere. Egoera horrek badu bere islada hizkuntzan ere. Bizkaieraz apaiz abade esaten baina, hots abad-etik datorren hitz bat. Eta kontutan edukiz orduan ere, orain bezala, eliza bi adarretan berezirik zegoela, ez dago dudarik abade klero sekularrarekin zerrikusirik ez zedukala mostratzeko deitzen zela. Horrez gainea, Zuberoan apaizari bereter deitzen zaion, hots morroi garrantzitsu bati deitzeko erabiltzen den hitz bera.

        Guretzat hain arraro egiten den egoera hau, dirudienez, XI mendetik letorke, 1075.an Aita Sainduak bula eman bait zien egungo euskal herriko zazpi probentzietako eta are Aragoi aldeko jaun nobleei, zeinari esker elizaren bat eraikitzen zuen edozeinek noble nahiz jende arruntak honen hamarreko eta primiziak jabetzeko eskubidea bait zuen.

        Harrizko kadira haien gainean eserita, burua eskuartean apioaturik gure aurrean zegoen jauregira zeraman bideari so nengoen. Hango zerra geldien isilaldiari esker, kanaberak, haizeak emekiro balakaturik, sedazko gonen soinu miresgarria ateratzen nabaritzen ziren.

        Ni historia jasateko prest negoela igarri eta berehala bere erudizio guztia soltatzeko asmoa nabarmenegi zedukan Karlosek. Baina bere gorputz guztiari artista sensibilitate maitekor bat, bizitasun enbidiagarri bat zerion.

        Agian, baliteke hamarrekoak kobratzeari uko egiten zioten bula hori emateko arrazoia, orduan Euskadi misiolarien herrialdea izatea, hala nola Pirinio aldetako beste zenbait lurralde, halako moldez non Santiagorako bidea eragozten bail zuten.

        Ba al dakizu zer gertatu zitzaion Coloniako apezpikuari hemendik iragan zenean. Nere erantzunaren zai egoteke, erantsi zuen, horixe izan zela euskaren berri ematen duen aurreneko bidaiaria, eta zenbait euskal hitz jaso zuela, hala nola ardnoa (ardoa), ogi (ogia), Ortzi (jainkoa) etab. Bueno, baina hori dena zuk jakingo duzu hor barnean estudiatu duzuen guztiarekin. Bada, agian jakingo ez duzuna, edo nik behintzat ez nekiena zera da, euskal filolojiari mesede hori egin zionari gure arbasoek era aski orijinal batez ordaindu ziotela, zeren arbuio justifikatu batez kondatzen omen bait du, soinean zeramana guztia ebatsiz gainera, bera sodomizatu eta bere mandoarekin aberrazio zoofilokoak ezagutzera eman zituztela. Dena dela, badirudi herrialde hauetan elizak estruktura nahiko berezia zuela. Baliteke ere banderizoen gerrate famatu haiek ez izatea, maiz idatzi den kontrara, abereak ebasteko bandidoen arteko burrukak baina aitzitik, hamarrekoak banantzeak ekartzen zizkien problemen kariaz, izan ere, hamarrekoak bait ziren parti zezakeen heredentziaren parte bakarra. Dakizuenez, euskal lurra eta heredentzia ezin bait da erdibitu. Gerra haiek, gainera, zirioa nola eraman gohian ala behean izan, eta hori baliteke erlijios-iturburua zedukan gerra bat herriaren imajinazioan isladatzeko era bat izatea.

        Jaun nobleen eta Calahorrako apezpikuaren arteko burrukak, gainera, garai hartan sortu ziren, biak nahi bait zuten elizako hamarrekoetaz jabetu.

        Hori dena kontutan edukiz ulertzen da garai hartan zedukan zentzua, apaiz batek bere jaun noblea elizara heldu orduko meza ematen hastea. Asaldura eta errebolta aditzera ematen zuen egintza bat, beraz.

        Historigile airea utziz, berriz ere Sherlock Holmes airea hartu eta jarraitu zuen. Horrela, bada, badirudi asasinatoa ez zela izan pistola batez eta gonen arazo bategatik, jendearen ustearen kontra, ezpataz eta sosa arazo bategatik baizik. Polita da benetan Lekeitioko parte hura, irteeran, jadanik ia Markinarako bidean, eta ematen du hiri hori nahiko inportantea izan zela antzina, zeren irteera horretan portale bat bait zedukan, hiriburu inportanteek bezala, sarreran zergak kobratzeko.

        Kristo horretan apur batez deskantsatu ondoren, Oleta aldera joaten hasi ginen eta Adan de Yarzaren jauregi aurrean iragan. Merezia du jauregi izena, paret handi batez inguraturik dagoen etxe hark. Paret erdian dagoen burdinazko ate batetik, ordea, kilometro erdiko bideska artez baten buruan XVII edo XVIII mendeko espainol estilo kolonialeko bezalako jauregira eramaten duten eskailera nabaritzen ziren, aldamenetan bere bi dorre karratu, bi harri-ezkutu nobleen sostengarri.

        Arrapain hauzora heldu eta harri zimurreko horma baten gainean eseri ginen. Paraje amesgarri bat zabaltzen zen gure begien aurrean. Ezkerretara jauregiko paretaren gainetik ongi nabarmentzen zen beste lurraldeetako zuhaitzak zut eta harro, hala nola palmaondoak, eukatiptusak, abetoak, mediterraneoko pinuak, ostotza beltz, fedeska eta narriko zuhaitz digante bat hego-haizetik begiratzen ziona, eta beste anitz arbol-mota ezezagunak, bere jaunen ezagutzeko egarriaren eta aurrerapenarako borondatearen lekuko mutuak; etxe hartako jaunak, bere herri tikia Europako aurreratuenetako bihur zedin nahi omen zuten, XVIII mendean baina gero XIX.garrenean, ordea, karlisten alde jarri omen ziren. Muntz ferde freska paretari itsasia ia teilaturaino, leiho gorria baizen ez utziz estali gabe. Gure aurrean, Kalbario edo Lumentxa mendiaren babesean Lea hibaia intzira paketsu eta bare bat biburtzen da non untzien kanposantu bat bait dago, kolmiloak bezalako bere kila biloiziak airean. Eskubitara oihan itsu baten erdian arte alpinoko eliza tipi bat jeikitzen da, bere dorre fin luzea, orratzaren zutitasunaz.

        Esplikazio horiek guztiak eman eta gero, isilaldi sakon bat nagusitu zen gure artean. Karlos bere piparekin jolasean hasi zen, tabakoa bere Italiako bota finen kontra kenduz edo lasaiki berriz betez. Esku zit zuri eta finak ditu hain handiak izateko, agian bere herritar etorkiaren eta artista presentearen sintesisaren froga. Uso batzuek antzo higitzen ziren pipa habileziaz prestatzen.

        Ni barnetik hutsa bezala nengoen. Ezertaz pentsatzeko gauza ez nintzelarik. Baina ni batean zerbait aldatzen ari zela igartzen nuen, paraje hura eta historia haietaz gozatzeko kapazitateaz jabetuz ninoalako. Bizimodua erideteko eta bizitzeko beste era baten susmoa; gauza tipiez gozatzeko posibilitatea, hain burbil eta batean arrotz genituen gauzak ezagutzeko ahalmena.

        Melena beltz, harekin eta bizar hain itxi eta ilunarekin, Karlosen perfilari printze arabe baten airea zerion, arratsalde erdian eguzkiaren mantxa gorriska beheratz hasten zen memento hartan. Berari begira nengoela ohartu zen eta bere aho osoaren irripar elurtsua dedikatu zidan. Elkarri so gelditu ginen, bata besteaz pentsatzen arrapatzen denean bezala, zer esan asmatu gabe.

        Lotan zetzan lur guztia. Bare bare hibaia eta lurrean ez zen deus entzuten, kirkerraren xiliorik ere ez. Herrialde hurrunetako ebokazio arrotzak zekartzaten, pipako tabakoaren usai perfumatsuaren aromek.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983