Grand Placen aurkituko gara
XVIII
Karlosekin ihes egin nuen Donostia aldera. Bidean bere profesioaz nahiko asperturik zegoela esan zidan, jadanik ez zitzaiola asko gustatzen musika modernoko abeslari batentzat konponitzea eta ikastoletako haurrei musika erakustera dedikatzeko asmoa zedukala. Uste bait zuen euskal herriak denbora hartan jasaten ari zen egoera gorri hartan Madrilen gelditzea bere herriari arriskualdi batetan bizkarra ematea zela.
Kanpoan eraman zuen bizimoduari buruz galdegin nionean, hasperen bat jalgi zitzaion eta autoaren aurrean zegoen ilunaldian bere memoria, pinpilinpausa itsu bat bezala alde batetik bestera bait lebil kristalean mantxa horiska bihurtu orduko, kanpoko mundu arrotz horri buruz nedukan inpresioa egiaztatu zidan.
Ni formazio klasikokoa izan naiz beti. Musika estudiatu behar nuela amestu ere baino lehen, gurasoek Alemaniara bidali ninduten arkitektura estudiatzeko asmoaz. Hain nintzen klasikozale non eztai-bidaia egitera Greziara eta Ejiptora joan bait ginen. Baina behin Cairon nere bizi guztian ikusi dudan gauzarik inpresionagarriena hatzeman nuen. Museuma bisitatzen ari ginela, gela batetan sartzerakoan, talde guztia barnean zegoela, ni pasilo batetan gelditu nintzen harri guxtiz tiki batzuk begira, zeinen arraiak gutun baten lerroak besterik ez bait ziren, eta hala nengoela, gure taldeko gidariari entzun nion faraoi haren eskultura handi hain arraro hura Akhenaton homosexualarena zela. Izan ere, faraoi haren eskulturak ez zedukan ezein zerrikusirik gainerakoekin. Aurpegia guztiz luzea, ia zaldiarena, eta kaderak guztiz zabalak, ia emakumeenak, erle baten formatako gorputza benetan. Hargatik esaten zuen gidariak homosexuala zela. Dena den gauzarik harriegarriena zen, faraoi bat, bere garaikideentzat jainko izanik, bere homosexualitatea onartzeko balorea edukiz gero munduko iraultza ideolojiko zein kultural handien eta sakonena litzatekela.
Dena dela, munduko iraultzarik sakonenetariko bat aurrera eraman zuela argi nabari zuen eskultura erraldoi hura ikusiz bakarrik. Jainkoaren atributu zein tasun guztiak era bat aldaturik zeuden. Ez zen indarraren iheratikotasuna, uniformitatea, bere nortasuna metafisikaz ezkutatzea. Alderantziz, sensualitatearen kantu hutsa ematen zuen.
Museumetik irten eta berebala liburudenda batetara joan nintzen pertsonaia baten berrijakin nahiean. Liburu bat erosi eta, nahiz garai hartan ez nuen ingelesa guztiz menderatzen, nere edukazio germanoa baitzen erabat, hiztegi batetan baliaturik liburu osoa irakurri nuen gau batean. Eta estatua hark idarokitzen zuen guztia egiaztatzeko parada eduki nuen. Izan ere, bere erresuma guztiz aldatu zuen. Apaizen hizkuntza baztertu eta bere garaiko ejiptotarren mintzaira ofizialdu omen zuen. Eta mundu guztian lehen aldiz monoteismo asmatu zuena ere bera omen zen. Baina beste herrien alderantziz, Akhenatonen monoteismoa ez zen metafisika hutsa, gauza guztiz sentikorra baizen. Beretzat jainkoa ez bait zen pertsonaia izendaezin eta beldurgarri bat, eguzkia bera baizik. Hau da, ez eguzkia, lehen bezala, jainkoren baten behikulo edo sinbolo, baina eguzkia bera here berotasun eta argiarekin zen jainkoa.
Erideitza horrek, guztiarekin ere, ez zuen nere bizimodua aldatu eta musika estudiatzen hasi banintzen ere, klasikoetara guztiz eroria zen. Baina behin Londresen nengoela, Bilboko adiskide batekin aurkitu nintzen, elkarrekin Tudelako jesuitetan estudiatu zuena, eta kontzertu moderno batetara eraman ninduen. Futbol zelai batetan zen eta ez nintzen erosoegi sentitzen. Hainbeste jende, gehienak guztiz gazteak, hasishen hazkura, jendea erdi biluzik, bata besteari bultzatzen etab. Baina Rolling Stones aktuatu egin behar zuela eta agertzeko zorian zeudenean, jende guztia isildu egin zen eta eszenario diganteari so, irrikitan noiz irtengo zen, segundu bakoitza eternitatea bera baino luzeago, eta halako batez musika entzuten hasi zen eta jende guztia edo gehienak behintzat buruz zekien kantua eta gorputza alaiki higituz abesten hasi zen, besoak gora alde batetik bestera eta noizean behin, hatz seinalagarria gora norbaiti aginduz bezala. Ni ere grina hartaz kutsaturik hasia nengoen eta nere-gorputz guztian sentitzen nuen, teloia desestaltzen zenean han agertuko zen gizonak jainko baten indarra zedukala.
Fanatismo liluragarri hura, nazi masen orroa, amurru desegile, jainko mendekatzaile, indar mosaikoa, jendearen indar hura guztia bihurtzeko gauza zen zerbait agertzeko beldurrez nintzen, Mike Jagger agertu eta bere kaderak emakume baten liraintasunaz higitu zituenean, espektadore guztion orroa probokatuz, eta perfilez jarri besoa zuzen zedukala eta burua aurrera eta atzera hindu dantzarisa baten graziaz mugitzen ikusi nuenean, batbatean etorri zitzaidan burura Akhenatonen irudia.
Mikrofonoaren aurrean indar eta mezpretxuaz abesten zuenean, faraoi haren mutur sentsual berak erakusten zituen.
Eta dantzan eta kantuan eszenario digante haren alde batetik bestera higitzen ikusten nengoela, Ejiptoko gidariaren esplikazioa etortzen zitzaidan burura. Bere gorpua erdi gizon eta erdi emakume bezala errepresenta dezaten nahi zuela, bere burua gauza eta izaki guztien hasera eta etorkitzat zedukalako, bera bait zen batean Adan eta Eba, giza leinuaren iturburu. Determinatze oro ukatze bat baldin bada, hura gizona bere burua ukatzen hasi baino lehenagoko izaki bat zen, bere eskuan posibilitate guztiak zeduzkala. Inpresio hori areagotuz, aurreneko kantuak arabe musikaren influentzia nabarmena zedukala esango nuke, nahiz ez dudan inon entzun horrelako komentariorik. Guztion begiak bere atzetik zoazen, noiz eszenario erdira, noiz alde batera zein bestera, ikusten ari ginena sinetsiko ez bagenu bezala. Konturatu gabe ere nere sorbalden gainean neskatxa bet nedukan eta besoak gora eta behera bere indar guztiaz higitzen ari zen, eszenarioaren ondoko filetatik norbaitek ura botatzen zigun eta erabat busti ninduen baina ez nintzen konturatu ere, nere goian nedukan neskatxak negarrez zegoela ematen zuen, trantzean bezala, baina ez zen ohartzen izerdiaren eta uraren kariaz, rimela eta ezpainetako pintura guztia aurpegian zehar zabaldu zitzazkiola. Handik denbora batetara, guztiz zaila minututan kontatzeko bera, iadanik ez nuen eszenariora ere begiratzen eta ene gorputzari gainerako jende guztiaren kadentzia jarrai dezan uzten nion. Leku hartan bakarrik bainengoen sentitzen nintzen, musika hura, gorputz guztia higi erazten zidana eta biok.
Orduan erabaki nuen gure munduko gauzarik handiena, ofiziorik iaioena rock jotzen ibiltzen diren gitarristena dela. Zer ez nuke emango memento hartan gitarra jotzaile haiek zedukaten botere dibinal hura gatik, guztiak gure gorputza lirain eta eder senti erazten zigun musika hura jotzearren. Harez gero musika klasikoak ez zedukan batere zentzurik neretzat, nahiz gero apurka apurka piska bar errekuperatuz joan naizen.
Grand Placen aurkituko gara |