Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

—19—

 

        Baina handik urte batzutara preso politikoak ekartzen hasi ziren, jadanik jende gehiegi zegoelako gartzeletan, eta Jose Migel eta Jon ekarri zituzten. Puerto de Santa Mariatik zetozen, han hiru hilabetetako plante bat eginda.

        Ze jatorra zen Jon. Garai hartan guztiz ongi zebilen gainera, nere bizian ezagutu dudan adiskiderik kutunena, nolabait Lazkaoko tailerduna oroit erazten zidan, ez bakarrik bere buru handia gatik baina bai eta bere bihotz handiagatik ere. Hona heldu orduko Jose Migelek nere bizia kondatu zion eta etorri eta berehala neri gertatu zitzaidana kondatzeko esan zidan. Zenbait poema ere egin zidan. Guztiz politak, emigrante bat nola euskal herrira joan eta euskaraz ikasten zuen eta erakundean sartzen zen eta abar. Benetan politak, poema-gintzarako grina izugarria zuen, nolako indarrakin berak. Alabari bidali nizkion eta zein harro eta pozik zegoen poema horiek ikastolara eraman zituenean. Baina Jon hemendik berehala eraman zuten, bere aita Bilboko abokatu zenez, entxuferen bat aurkitu bait zuen. Eta orduan Jose Migelekin bakarrik aurkitu nintzen.

        Nahiko aldaturik zegoen, baina oraindik mutiko bat besterik ez zen. Puerto de Santa Marian hainbeste denbora ezer irakurri gabe zegoela eta besteok bezala baloiak egiten lan egin beharrean, hiru hilabeteko epe bat eskatu zidan, gauza batzuk irakurri behar zituela eta, problema ideolojiko bat zuelako.

        Leninen Nazionalitatei buruzko apunte batzuk estudiatzen igaran zituen hiruzpalau hilabete, erabat klarki ikusteko zer jasotzen zen Euskal herrian, eta gero, deitu ninduen bere gelara eta esan zidan erabat ekibokaturik zebilela orduraino eta kontzientziaz egia esatera beharturik kausitzen zela.

        Euskal abertzaletasuna eta nazionalismoa gainerako beste edozein abertzaletasun bezala guztiz burjesa zela, eta Espainia osorako alderdi komunista egiaz langile eta iraultzaile bat muntatu behar zela. Hori omen zen langilegoaren egitekorik inportanteena. Iraultzaile batek alderdia bere begi niniak bezainbat maite izan behar bait du. Eta gero alderdi hori behin eraiki eta gero euskaldunok lan egin behar genuke, euskal herrian, euskal abertzaletasunaren kontra, Euskadi Espainiarekin elkartu behar zuela defendatzen, eta Espainiako gainerako beste lurraldeetan Euskadiren independentzia defendatzen.

        Eta orduan nik galdegin nion ea zeinek atera zuen herrian ni salatari nintzen buloa. Eta egia esan behar izan zidan. Ni taxista bezala hasi baino lehen zegoen baserritar taxista batek —bueno, egian esan familia batek, zeren berek nahiz baserrian lana egiten zuten, hiru anaiak ibiltzen baitziren taxiarekin—, nik herek baino gutiago kobratzen nuelako, antza.

        Euskaldunen artean ere badago puta seme franko. Guztiz demokrata eta jator zaretela uste duzue, baina zuen artean ere badago horrelako joko zital eta zikina egiteko kapazitatea duen jenderik.

        Gero ikastolan ere nere alabari erlijioa irakasten hasi ziren.

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983