Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983

 

 

—9—

 

        Lenin berri bat. Ez bakarra. Garai honetan Lenin anitz itzuli bait da Euskadira, bere apirileko gutunak idatziak ez, herri hartan ez bait dago tradizio idatzirik eta dena ahoz aho egiten bait da, baina bai zer esan behar dena buruan ongi grabaturik dadukala.

        Parisko buhardilaren batetan Leninen liburu guztiak ia buruz ikasi eta Errusian sozialismoko posibilitatearen hari galdua nonbait aurkiturik, historia unibertsala berriz Euskal Herria bezalako herri tiki batek eramango zuelakoan bere hildora. Gartzelamendu luzeetako irakurketak taldeka, Nazio arazoa, beste inork eta inoiz egin aportapenak eskaintzeko prest. Oro ponentzia batetan idatzirik, prest burjesiren politika herri-masen eta langile-mugimenduan barruan burrukatzeko, Euskadin iraultzarik lehertzen ez bazen, baldintza materialak sozial zein ekonomikoak nabarmenki zeudela, burges tipiak gure filetan infiltratu direlako bait da. Aski zaigu burjes tipi horik masen begi aurrean bere disfraza erori eraztea sozialismoaren zientifikotasun argiak langileen buruak argi ditzan.

        Ez tren blindatuan. Ez Apirileko gutun idatziekin. Ez konbentzitzera bere antzinako lagunei gezurra zela, enganaturik egon zirela uste zutenean Errusian iraultza ez zela burjesa izango sozialista baizik, egia bazen ere ez zegoela baldintza ekonomikorik sozialismoa eraikitzeko, desarroilo desberdinaren legearen kausaz, lanaren banaketa internazionalaren kariaz geroago eta banaketa handiago zegoela herri industrializatu aurreratu eta herri kolonial eta erdikolonialean artean, nahiz historiak ez zuen gezurtatu Marxek lekziorik handiena kapitalismoak berak kreatzen dituela bere barnean bere suntsituko duen sistemaren erroa, proletalgoa halegia, zeren zenbatenaz kapitalismo gehiago hanbatenaz langilegoa eta proletalgoa ugariago. Ez fanatismo amorratuarekin. Ez mila derrotetan geroago eta kostra gogorrago eginez, harik eta gorrotoaren indarraren profeta bihurtu arte. Ez konbentziturik jadanik ez zegoela beste biderik aurrera salto egin eta hor konpon esatea baizik. Ez alderdi batekin, 1968.an Beltzaren eritzien kontra argiki utzi bait genuen ez ginela geu izango iraultza egingo zutenak, gu lehen martirien odola eskaintzera besterik ez bait ginen etorri, gero gure odolaren eta exenpluaren gainean eliza eta alderdia sor dadin. Ez konbentziturik dagoen jendea konbentzitzera, antzinako lagunek nabarmenki mostratzen bait zuten berek entzun nahi zutena besterik ez ziotela kasurik egingo. Ez salbatzera. Ez abenturarik eroena bizitzera. Ez gudurako ordena eta irrintzia ematera. Ez berriz lehengo papera jokatzera, herrian subkonsziente kolektiboak, parterik kutunean zituen beldurrak isukatzera. Ez gure balentria heroikoak kantatzera.

        Baina, ordea, agian Lenin bezala, ezkutuan kapitalismoak, ez alemanak espainolak baizik, bidalita, gerrako abioi batetan. Bai apirileko gutunen bezalako mezu arrotz eta berri batekin, baina ez azken salto emateko, ez zela saltatu behar konbentzitzera baizik. Ez burjes bezala mespreziatzera demokrazia, burjesa jakina, abertzaletasuna, herriaren batasuna, Estatua, etab., herriaren sakabanatzea ebitatuko gauza den erroren baten bila baizik.

        Baina periodisten aurrean nere antzinako lagunek mostratzen zuten segurtasun hura. Elorrion hainbeste jende demokrazia direktoa aplikatzen. Zuhurtasuna behar zen. Nor gara gu herriak salto egin nahi badu eragozteko, trabak jartzeko. Neronek ere ez ahal nuen egin, orain jende guztia egiten ari den erokeria bera?

 

Grand Placen aurkituko gara
Mario Onaindia

Haranburu Editor, 1983