www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesü-Kristen imitazionia
Martin Maister
1757

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Jesu-Kristen imitacionia. Çuberouaco uscarala, herri beraurteco apheç batec itçulia, Martin Maister. Pau, 1757.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LIII. KAPITÜLIA

 

Jinkuaren grazia eztela laket, lürreko gaizetan gozo hartzen dienekilan.

 

        1. Ene semia, ene grazia preziatü düzü, ezin unhesten dizü, kanpotiko gaizekilan, eta lürreko konsolazionekilan, nahastekatü izatia.

        Apartatü arren behar dütüzü, graziaren baragalliak oro, haren ükheitia desiratzen badüzü.

        Besteganik berhez zite, maite ükhen ezazü ihur ere gabe izatia, eztezazüla txerkha ihureki elhestatzia; bena bai lehenago Jinkuaren debotki othoitzia, amurekatik kontzentzia xahürik eta ezpiritia dolümenareki etxeki ditzazün.

        Eztezazüla mündü oroz pheretxürik batere egin: Jinkuaren zerbütxatzia kanpotiko gaiza ororen gañetik, ezar ezazü.

        Ezi eztirokezü ezpiritia eneki etxeki, eta thenpora beraurtan gaiza igaraiten diren hoietan plazer har.

        Hürrüntü behar düzü ezagünetarik, eta maite dütüzüneganik, eta zure ezpiritia gibeltü konsolazione thenporal orotarik.

        Hartakoz jondane Phetiri apostoliak othoitzen zitizü, Jesü-Kristen zerbütxari leialak, bere büriak bidejant, eta arrotz eli bat bezala etxeki ditzen mündü huntan.

 

        2. Ala beitüke konfidantxa handia, hiltzerako phüntian, mündü huntako gaizaren baten ere estekamentürik eztütianak.

        Bena ezpiritü orano eri den batek, ezin bere beithan enthelegatzen dü, zer den, hala bihotzaren gaiza orotarik laxatürik ükheitia; eta gizon aragiareki estekatürik daguenak, eztaki zer den gizon debotaren libertatia.

        Haregatik orogatik, nahi bada egiazki debot izan, behar dü hañ untsa hüllaner, nula hürrüner adio erran, eta ihuri ere ez haboro gogua eman, eziez bere büriari.

        Zihauren büria erras garhaitzen badüzü, bestetan ehiñerago bürütan juanen zira.

        Bere büriaren garhaitzia da, bitoria osua.

        Ezi nurk ere bere büria aphaltürik etxekiten beitü, gisa batez nun, aragia arrazuaren, et arrazua ene obedienzian egon dadin gaiza orotan, hura da egiazki bere büriaren garhaitzale, eta mündiaren bürzagi.

 

        3. Goratarzün hortara igaitia desiratzen balin badüzü; hasi behar düzü bihotztoiki, eta zañiala drano aixkora phikua eman, amurekatik idoki, eta desegin dezazün, zihaurganatko, eta mündüko hun berhezi ororentako düzün, enjogidüra gaixto estalirik daguena.

        Herrotik garhaitü behar diren gaizak oro daude kasi, bizio hortan, erran nahi beita, bere büriaren sobera behar ezten bezala maithatzian: gaitz hori garhaitüz eta plegatüz geroz, ihurk ükhenen dü berhala bake, eta phausü handi bat.

        Bena nula jente aphür iseiatzen beitira, bere büriari osoki hiltzera, eta bere beitharik ezpeitira erras jalkiten: hartakoz egoiten dira bere beithan nahasirik, eta eztitake ezpiritüz berak beno gorago juan.

        Eneki aldiz, threbükü gabe, ebiltia desiratzen dianak, behar dütü bere bihotzeko nahikünte gaixto, eta okherrak oro hil erazi, eta kreatürari bateri ere, ez pasionereki estekatü amurio berhezi batez.

 

aurrekoa hurrengoa