www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZORTZIGARREN DOTRIÑA
ORAZIOAREN GAÑEAN

 

Baizik libra gaitzatzu gaitzetik. Amen.

 

        Gaur Aita gure edo Pater-nosterraren azkeneko hitz oek: baizikan libra gaitzatzu gaitzetik. Amen. Aditzera eman bear dizkitzuet: eta bertatik diot petizio, edo eskaera au dala aurreko beste sei petizioen konpendio, bildumen, edo berritze labur bat bezela. Bada ondo aditu, edo barrendu ezkero, Jaungoikoari eskatzea, libra gaitzala gaitzetik; da eskatzea, gorde gaitzala tentazioetatik, barka degizkula gure pekatuak: gure gorputzeko, eta animako bear, edo premia guziak sokorri ditzala: gure borondate gaiztoa ukatzeko, eta aren Majestadearena egiteko grazia digula: bere graziazko, eta gloriazko Erreinua billatzeko gogo bizia digula: eta alako bizimodua egiteko grazia digula, nun bere izen santua gure akzio, edo obra onakin santifikatua, edo honratua izan dedin. Argatik azkeneko petizio onetan zer eskatzen degun ondo aditzeko, eta konprenditzeko alegin guzia egin bear degu, eta ez gutxiago ori atenzio andi batekin beti errezatzeko.

        G. Zein da bada zazpigarren, eta azkeneko petizio edo eskaera? E. Baizik libratu gaitzatzu gaitzetik.

        G. Zer eskatzen degu petizio orretan? E. Libra gaitzala Jaungoiko gure Jaunak animako, eta gorputzeko gaitz, eta peligro guzietatik. Eta ala eskatzen diogu 1. Pekatu mortalean bagaude libra gaitzala demonioaren mendetik, eta eztezala permititu, deabruak berriz bere mendera gaitzan; bada deabrua da bakarrik gaiztoaren izena merezi duena, eta gaitz guzien sortzallea. Eta ala 2. Eskatzen diogu, libra gaitzala pekatu mota guzietatik, eta batez ere pekatu mortaletik: bada au da bakarrik gaitz guzien gañeko gaitza: gaitz guziak berekin dakarzena: eta betiko ondasun guziak galdu eragiten dizkiguna. 3. Eskatzen diogu, libra gaitzala pekatuai zor zaien pena, edo kastiguetatik, dirala Purgatoriokoetatik, dirala Infernukoetatik. Eta 4. Eskatzen diogu, libra gaitzala gaitz denboralekoetatik ere, ala eritasunetik, nola pobreza, edo miseriatik; gerretatik; gosetatik; izurrietatik; eta munduko beste naigabe, eta nekeetatik.

        Baña gaitz denboraletatik libratzea eztegu eskatzen, gure salbaziorako ala dagokigula Jaungoikoak ikusten duenean baizik: bada orazio onetan eztiogu eskatzen beste gauzarik, ezpada libra gaitzala gaitz guztitik: eta ondo esateko, ezta gaitzik guretzako, gure salbazioa eragozten diguna baizik; eta ala eritasunak, eta neke, eta naigabe denboralak gure salbaziorako konbeni bazaizkigu, orduan eztira guretzat egiazko gaitzak, ezpada onak, eta gure ongarriak: eta kontrara, honrak, ondasunak, eta atsegin denboralak, gure salbaziorako enbarazo edo eragozgarri badira zerren aezaz gure eragabeko gurariak, apetitoak edo deseoak kunplitzeko baliatzen geran, dira guretzat egiazko gaitzak, eta gure galgarriak.

        G. Orrela beren osasunaz, eta ondasunaz gaizki usatzen duen pekatariak, eta mundu onetako era edo gusto guziak dituelako gaizki bizi diranak orazio au esaten duenean Jaungoikoari eritasuna, pobreza, eta nekeak eskatzen diobe? E. Bai ori klaru dago: zergatik Jaungoikoari eskatzen diobe, libra ditzala gaitzetik, eta aenzat osasun sendoak, aberastasunak, honrak, eta munduko konbenienziak dira egiazko gaitzak; bada oriek dira erak galtzeko okasioa.

        G. Ori orrela bada alako pekatariak eskuarkiro gezurra diobe, petizio au errezatzen duenean? E. Bada eztue nai Jaungoikoak kendu degien iñola ere ondasunik, honrarik, eta konbenienziarik. Egia esateko; eztakie geienean, ez zer eskatzen duen, eta ez zer hitz egiten duen: zerren eskuarkiro batere atenzio gabe errezatzen due. Egiazko Kristauak bezela orazio egingo balue, Elizak eskatzen duena deseatuko luke, eta eskatuko luke, au da animarako konbeni bazie: emen denboraz nekatuak, eta mortifikatuak izatea, gero beti Infernuan atormentatuak izan eztitezen. Eta ori gogotik deseatzen ezpadue galdua daukate eren biotza: gaiztoa da orien deseoa, eta gezurtia da orien orazioa. Bada San Agustiñek dion bezela, orazioa ezta biotzeko deseoa baizik, eta gauza bat eskatzen due, eta beste bat deseatzen due.

        G. Zertako bidaldu oi dizkigu Jaungoikoak naigabe edo neke denboralak? E. 1. Gu zenzatzeko, eta ondutzeko: gure pekatuen kastigurako, eta oriek emen purgatzeko edo pagatzeko medioak izan ditzakun. 2. Munduko gauzen ezereztasuna, eta banidadea obeto ezagutu, edo senti erazotzeko; eta gure biotzak munduaren amoriotik alderatzeko edo aparta erazotzeko. 3. Jaungoikoaganako gure amorioa azitzeko edo geitzeko, eta birtutearen ekiera edo exerzizioan aurreratzeko: eta beragan bakarrik gure poz, konsuelo, eta atsegin guzia billatu erazotzeko. Eta 4. Zeruko ondasunak gogotiago deseatu, eta billatu eragiteko, ikusirik emen ezerk ezin gure biotza bete lezakeala.

        G. Eta Jaungoikoak bidaltzen dizkigun naigabeak, eta nekeak nola artu bear ditugu? E. 1. Pazienziarekin, eta Jaungikoaren borondatearen konformidadearekin Job Santuak bezela. 2. Artu edo sufritu bear ditugu penitenziazko espirituarekin: au da gure pekatuai zor zaien penaren alde, eta Jaungoikoari satisfazioa emateko intenzio, eta deseoarekin: eta orretako unitu, eta juntatu bear ditugu Jesu-Kristoren neke, eta merezimenduakin. Eta 3. Artu ere bear ditugu esker onarekin edo Jaungoikoak gure animaren onerako bidaltzen dizkigulako ezaguerarekin: bada Aita on batek semearen probetxurako guzia zuzentzen du, eta gure Aitarik onena da gure Jaungoikoa, orazio miragarri onen asieran deitzen diogun bezela. Eta orixe da N.K., probetxu andia ateratzeko, petizio onetan ezeze, beste petizio guzietan ere beti gogoan eduki bear degun konsiderazioa: au da bere semetzat artu gaituan Jaungoiko gure Aita onarekin hitz egiten degula, eta seme on batek bere guraso maiteari eskatu bear diozkan gauza guziak, orazio onetan eskatzen diozkagula. Ara, ezpada kontura zaitezte: Jaungoikoari berari bertatik Aita deitzen diogu: ezin dateke guretzat honra, titulu, edo dignidade andiagorik, eta estimagarriagorik: bada ara zein ondo dagozkion biotz onaren jabe dan seme bati, bere Aitari egiten diozkan erreguak: Zergatik zer gauza egokiagorik seme on batentzat, bere Aita maitea ezagutua, honratua, eta serbitua izatea, biotz osotik deseatzea baño? Eta orretako alegiñak egitea baño? Orra lenengo petizioa. Zer gauza justuagorik gure Aita poderosoak gugan erreinatzea, eta agintzea baño? Eta gauza guzietan ari obedezitzea baño? Orra bigarren petizioa. Eta orri dagokala, gure borondatea ukatu, eta aren borondatea osoro kunplitzea baño? Orra irugarren petizioa. Zer gauza propioagorik berriz seme batek bere Aitari, bear duen alimentu espirituala, eta denborala eskatzea baño? Orra laugarren petizioa. Zer gauza naturalagorik, Aitaren ofensak biotz guztitik hume onak sentitzea baño? Eta egin diozkan injuria, eta atsekaben barkazioa humillaturik eskatzea baño? Eta aren amorioz bere senideai berak biotzetik barkatzea baño? Orra bostgarren petizioa. Eta azkenik, Zer gauza egokiagorik, Aitagandik bear duen laguntasun, eta sokorru guzia esperatzea baño, bere tentazio, estualdi, eta naigabe guzietan? Eta animako, eta gorputzeko gaitz guztietatik libra dezala eskatzea baño, Aitaren eskuetan dagoala arren sokorru, eta erremedioa jakin ezkero? Eta orra azkeneko petizio biak: ori guzia da bada berez seme on baten biotzari dagokana: eta ori guzia da Jesu-Kristo gure Jaunak orazio miragarri onetan eskatzen erakutsi ziguna. Eta argatik, ara, nola gizon bati kargu bat ematen diobenean, orri dagozkan beargaiak edo lanak egiten abiatzen dan, alaxe orazio onetan asieratik Jaungoikoaren semeen dignidadea, eta honra andia artuta bereala abiatzen gera seme on baten deseo naturalak agertzen; semeak bezela portatzen; eta semeai dagokien konfianzarekin eskatzen. Eta ala orazio au errezatzen degun aldi guzietan, Jaungoikoaren semeen gradua, eta dignidadea artzen degu: eta orretan egunoro, eta geiago konfirmatzen gera: eta espiritu orrekin alegiñez beti Aita gurea, edo Pater-nosterra errezatu bear degu, eta probetxu guztiz andia aterako degu.

        G. Eta azkenean esaten degun hitz Amen ark zer esan nai du? E. Au da Hebreoarren hizkunzako edo lenguajeko hitz bat, esan nai duena, gaiaz konforme edo ala da edo ala izan dedilla edo ala gerta dedilla edo nik konsentitzen edo onzat artzen det esan dan edo eskatu dan guzia. Eta Kredoaren ondoren esaten degunean Amen, da aditzera emateko ala da edo ala sinisten det guzia. Eta Aita gurearen ondoren, Amen esaten degunean, da lenago eskatu degun guzia, ala izan dedilla, hitz batean berriz eskatzeko. Eta baita hitz orrekin Jaungoikoak berak aseguratzen dizkigu bere promesak, eta batez ere bere Semearen izenean berak erakutsitako orazioan eskatzen diogun guzia emango digula. Eta argatik Mezatako denboran Aita gurea edo Paternosterra esaten danean, lenengo sei petizioak Sazerdoteak esan ezkero, Ministroak guzien izenean esaten due zazpigarrena: sed libera nos à malo: baizik libra gaitzatzu gaitzetik; zeña dan petizio guzien konpendioa edo guziak beregan sartzen dituana; eta gero, beste orazioetan ez bezela, Sazerdoteak bakarrik Jesu-Kristoren izenean, eta aren lekua okupatzen duenak bezela esaten du Amen, Jesu-Kristoren izenean aseguratzeko, eskatu dan guzia Jaungoikoak otorgatzen duela, orduan ofrendatu zaion bere Seme maitearen sakrifizioaren merezimentu infinitoakgatik. Eta au da Erromako Katezismoaren explikazioa, hitz onen gañean. Eta orra bukaturik Jesu-Kristok berak erakutsi zigun orazio miragarriaren edo Aita gurearen explikazioa. Aren Majestadearen honrarako, eta gure animen onerako arren izan dedilla. Baña gaurko petizioaren dotriña aiñ bearra izanik, obeto gogoan artu dezazuen: esango dizuet Eskritura Santuak dakarren exenplo bat guztiz egokia, eta probetxugarria, zergatik batetan erakutsiko dizue: 1. Zenbateraño Jaungoikoak estimatzen dituan bere adiskide leialak: 2. Zenbat alegin egiten dituan Infernuko deabru gure etsaiak, justuak pekaturatzeko: eta 3. Nola baliatu bear geran izaten ditugun tentazioetan; eta, Jaungoikoak permititurik datozkigun naigabe, eritasun, eta trabaju guzietan. Ori guzia Job Santuak txit ederki erakutsi zigun.

        Job 1. Gizon Santu onek, (bere pazienzia humillagatik aiñ fama andia irabazi zuenak) gauza bi nekez batu oi diranak, izan zituan: birtute andi bat, eta ondasun, edo aberastasun andiak. Eskritura Santak dio, zala gizon justua, sinplea, edo maliziarik etzuena, Jaungoikoaren bildur andikoa: eta etzala kontentatzen berak bakarrik gaitzik ez egiteaz, baizik Aita, edo guraso zala akordaturik bere seme-alabak Jaungoikoaren bildur santuan azitzen zituala: eta aek utsegiteren bat Jaungoikoaren kontra egin zezatelako bildurrez, aekgatik Jaungoikoari sakrifizioak ofrezitzen ziozkala. Infernuko deaburak aiñ birtute andi bat ezin ikusirik, galdu nai izan zuan, Jaungoikoari berari kejatu zitzaion aren kontra, eta gaitzik edo utsegiterik batere topatzen ezpazion ere, atrebitu zan etsaia Jaungoikoaren aurrean, Job Santuaren intenzioak akusatzera, esaten zuela: etzuela alperrik Jaungoikoa serbitzen, eta bakarrik egiten zuela, Jaungoikoak ematen ziozkan ondasun, konbenienzia, edo interes denboralakgatik, Jaungoikoak Infernuko deabru gezurtia lotsatzeko geiago, eskualdia eman zion edo permititu zion, Job bere serbitzari leialari, ken zegiozkala bere ondasun guziak. Pozik deabrua bere eskualdi onezaz, eta bere malizia guziaz baliatu zan, Job Santua, albazuen, galdutzeko edo ondatzeko, trabaju edo naigabe mota edo jenero askorekin. Batetan galdu eragin ziozkan txit ugari zituan bere ondasun guziak, batzuek ostu, beste batzuek erre, eta beste batzuek etsai batzuei arrapatu ta eraman eragin zien: eta geiago Job Santua naigabetzeko, bere zazpi seme, eta iru alabak illerazo zituan Infernuko etsai gaiztoak. Seme nagusienaren etxea, nun guziak alkarrekin bazkaiten zeuden, aize izugarri batekin bota erazo, eta guziak azpian artzen zituala. Eta berri triste oek guziak batetan Job Santuari etorri zitzaizkon: baña etzuen orregatik bere birtutea eta pazienzia galdu: auzpez lurrean etzin zan: Jaungoikoa bedeinkatu edo alabatu zuen: eta esan zituan, gero ainbeste zelebratu diran hitz miragarri oek: Jaungoikoak eman zidan: Jaungoikoak kendu dit: Jaungoikoak nai izan duena egin da: bedeinkatua izan dedilla bada bere izen Santua. Aldi onetan Job Santuak agertu zuan inozenziak, eta pazienzia miragarriak, bere birtutea geiago garbitzeko edo purifikatzeko, geiago irmatzeko edo fortalezitzeko, eta argituago egiteko serbitu zuen: eta desesperatu zuen bere etsay gaiztoa: bada lotsaturik utzi zuen, berak galdu nai izan zuen gizon justu ark: eta argatik berriro etsaiak Jaungoikoari eskatu zion, eskualdia edo lizenzia eman zegiola, bere gorputz, edo aragian ere Job Santuari ukitzeko: bada ezin etsaiak ezer egin dezake Santuen kontra, Jaungoikoak permititzen dioneraño baizik. Jaungoikoak, eskatu zion bezela, lizenzia eman zion, geiago konfunditzeo edo lotsatzeko aren malizia; eta Job Santuaren birtute egiazkoa geiago agertzeko. Deabruak orduan zauri izugarriz bete zuen aren gorputz guzia. Erritik kanpora bota erazo zuen: eta sistoki baten gañean ezarririk, bere gorputzetik zerion usteldasuna, eta egiten zitzaizkon arrak tella kasko batekin kentzen zituan: orra zer estadura etorri zan gizon bat aiñ aberatsa, eta justua: mundu onetan zituan gauza guzietatik, etzitzaion gelditu bere emaztea baizik, eta au etsaiak utzi zion, ez konsolatu zezan, baizik biziroago tentatu, eta bere esanakin aserra erazo zezan. Emakume onek, desditxa, eta lazeria aek guziak ikusirik, uste izan zuen, bere senarraren birtutea iruipenekoa zala, eta blasfema erazo edo Jaungoikoaren kontra gaizki hitz eragin, eta desesperatu eragin nai izan zion. Baña Job Santuak etzion besterik esan, ezpada, zenzurik eztuen emakume batek bezela hitz egin dezu: Jaungoikoaren eskutik ondasun guziak artu baginduzen: Zergatik artu ere bear eztitugu bere eskutik datozkigun gaitzak, edo naigabeak? Eta ikusirik zein bildur izateko diran, ondo alkar artzen eztuen onelako personak, dio San Agustiñek, Job Santuak aldi onetan erakutsi zuen fortaleza edo pazienzia andiaz miretsirik edo admiraturik, Eba onen edo bere emaztearen tentazioan konsentitu etzuelako agitz gloriosoago izan zala Job bere sistokian, Adan Paradisuko atsegin guzien erdian izan zan baño.

        Baña etziran izan oraindaño esan ditugun tentazio edo naigabeak bakarrik Job Santuak sufritu zituanak. Are geiago oraindio tentatu izan zuen bere iru adiskide andi, konsolatzeko ustean etorri zitzaizkanak, bada aren trabaju, eta neke arrigarriak ikusirik seguru sinistu zuen, Jaungoikoaren kastigua zuela; eta kulpadunzat edo gaiztotzat eduki zuen. Eta aek desengañatzeko alegin andiak egin bazituan ere, alperrik izan zan; bada eren tema, eta bein egin zuen iritsi oker artatik irten nai izan etzuen. Baña garesti kosta zitzaien Jaungoikoaren sierbo, eta adiskide Jobi egin zioben injuria; eta arzaz egin zuen juizio temerarioa: bada Jaungoikoak berak aditzera eman zien agitz aserratu zuela, Job Santuaren kontra esan zituen erakerizko diskursoakin, eta deklaratu zuen, etziela barkatuko eren utsegitea, erak aiñ gaizki tratatu zuen Job bere adiskideak aekgatik erregutzen ezpazion.

        Gero, munduarekiko ere argiro agertu zuen Jaungoikoak Job bere sierboaren inozenzia: biurtu ziozkan, doblaturik, etsaiak kendu ziozkan ondasunak, eta eman zion beste ainbeste seme, eta alaba: eta aiñ bizitza luze zorionekoa, nun laugarren jenerazio, edo belaunerañoko ondorengoak ikusirik Jaunaren pakean ill zan.

        Eta orra nola Jaungoikoak bere adiskide leialak estimatzen dituan: nola deabruaren maliziatik libratzen dituan: eta guzioi erakusten digun tentazioetan, eta naigabetan izan bear degun pazienzia, eta konformidadea. Eta orra dotriñarik asko exenplo miragarri onetan gure bizimoduak zuzentzeko, eta Jaungoikoaren probidenzia zuzena, baña miragarria alabatzeko. Eta bakarrik orain oartu edo adbertitu eragin nai dizuet, oraingo denboretan Jaungoikoak sarri edo eskuarki permititzen duela bere serbitzari edo adiskiderik maiteenak munduan, eriotzako orduraño persegituak, eta deshonratuak izatea; zergatik Jesu-Kristoren, eta bere Santuen exenploak ikusi ezkero, bere diszipulu eta jarraitzalle egiazkoak izan nai dezuenak, munduko neke, naigabe edo trabajuen bildur andirik eduki bear eztezue: bakarrik animak eritzen, eta galtzen dituen gaitzak edo pekatuak igui izan edo aborrezitu bear dituzue: eta beti-beti iraungo duen Zeruko ondasunak, eta konsueloak gogotik billatzeko, eta iristeko alegin guziak egin bear dituzue. Jaungoikoak guzioi digula bada arren orretako bere grazia, eta gero betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa