www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA LAUGARREN DOTRIÑA

 

Iru Erregeak Jesu-Kristo adoratu zueneko:
edo Epifaniako misterio guztiz atsegingarria.

 

        Jesu-Kristo gure Jauna, egiazko Jaungoikoa eta egiazko gizona zala, nai ta ez sinistu bear degu, salbatuko bagera: bada Jaungoiko bakarrik izan balitz, eziñ ezer sufritu edo padezitu zezakean, eta eziñ ill zitekean: eta gizon utsa izan balitz, eziñ erredimitu ginzakean, eta eziñ gure pekatuen zorra Jaungoikoaren justiziara osoro pagatu zeikion. Eta argatik bere gizon egitean, bere jaiotzan, bere zirkunzisioan, eta bere bizitzako misterio guzietan, baita bere eriotzan ere, argiro erakutsi zigun, persona bakar bat baizik ezpazan ere, au da, persona Jaungoikozkoa bakarrik; persona orretan zeudela uniturik Jaungoikotasuna, eta gizatasuna: edo zuek esaten dezuen bezela, Jesu-Kristok zituala naturaleza bi, bata Jaungoikozkoa, edo dibinoa, eta bestea gizonezkoa, edo humanoa: baña eztagoala Jesu-Kristogan persona bakar bat baizik, eta ori ez gizonezkoa, edo humanoa baizik bakarrik dibinoa, edo Jaungoikozkoa: eta nola persona orrek kaburik, eta neurririk eztuan diñatasuna, eta anditasuna zuen, orren lan guziak, neke guziak, trabaju guziak zuen neurribageko, edo kabubageko merezimentua, balioa, edo prezioa: eta argatik bere gizatasunean sufritu zuen pasio, eta eriotza zan asko adiña, eta sobra, mundu guziko, eta milla mundu balira ere, guzien pekatuak pagatzeko: eta ona fedeko dotriña bat guzientzat txit atsegingarria, eta konsolagarria: eta zuen konsuelo geiagorako diot: Jesu-Kristoren gizatasuna, munduan agertu zanean, ikusgaia zala; arekin tratatu zuen guziak begiz ikusten zuena: baña Jaungoikotasuna eziñ mundu onetan iñork ikusi zezakean. G. Zer egin zuela, uste dezue bada, Jesu-Kristok, bera egiazko Jaungoikoa zala sinistu eragiteko? E. Alako mirari arrigarriak bere neurribageko poderio, eta eskualdiarekin egiñ zituan, eta alako Zeruko argiarekin askoren adimentuak, eta borondateak argitu, ukitu, eta mugitu zituan, nun batere duda bage sinistu zuen, begiz ikusten zuen, eta kanpotik gizon utsa zirudian gizon mirarigille ura, Jaungoiko egiazkoa zala: eziñ engañatu zitekeana, eta eziñ engañatu gaitzakeana zala: eta ala aren esanak, eta aren dotriña Jaungoiko egiazkorenak bezela artu, eta sinistu bear ditugula: eta eztagoala beste biderik Zerurako. Ala egia, Jesu-Kristoren Jaungoikotasunaren aiñ prueba asko, aiñ ziertuak, eta aiñ ikusgarriak erakusten dizkigu gure fede santuak Ebanjelioan bertan, eta batez ere prueba guzien andiena, eta guzien sillua, eta osogarria izan zan bere egiazko erresurrekzioan; au da, egiaz ill ezkero, eta enterratua izan ezkero, bera bere birtutez piztutzean, eta orrela bere neurribageko guzialtasuna, edo poderioa aiñ argiro ikusi eragitean; nun Kristauok poztu, eta konsolatu bear gera, egia orren ezaguerara, eta sinismenera gure Jaungoikoak ekarri nai izan gaitualako. Eta fede bizi batekin gure Jesus onaren bizitzako misterio guziak sinistu bear ditugu, eta orietan erakutsi digun dotriñari jarraio bear diogu. Gaur bada egia andi ori bera, au da, nola Jesu-Kristo gure Jaunak aurtxoa zalarik, Jaungoiko egiazkoa zala argiro agertu zuen, iru Erregeen adorazioan, edo Epifaniako misterioan aditzera eman nai dizuet: eta probetxu andi bat guziak ateratzeko, eskatu degiogun Jesu-Kristori berari bere Ama Santisimaren bitartez Espiritu Santuaren argia, eta grazia. Abe Maria.

        Aditu zenduen ezkero bada, nola Jesu-Kristo gure Jauna aiñ estadu humill, pobre, eta nekagarrian, guri Zeruko bidea bere ejenploarekin erakusteagatik jaio bazan ere, Aingeruak eta arzaiak adoratu zuen, eta eren jabe, eta Jaungoikotzat ezagutu zuen; eta nola bere Zirkunzisioan ere; pekatariaren antza gugatik artu zuenean ere, Jesusen izen adoragarria, edo munduko pekatari guzien Salbadorearen izen miragarria ipiñi zioten: Aingeruak Jaungoikoaren ordenaz lenago Ama Birjiñari, eta Aita San Joseri agindu zien bezela: orain, txit kontuz aditu bear dezue, nola Erregeak ere Jesu-Kristo gure Jauna, Jaungoiko egiazkoa, eta gizon egiazkoa bezela adoratu zuen.

        G. Nola adorazio ori gertatu zala esaten digu Ebanjelio Santuak? E. Ara nola San Matheo Ebanjelistak eskribiturik utzi zigun (Mathei c. 2.) Herodes Erregearen denboran Judako probinzian Belenen Jesus jaio zanean, Orientetik Magoak Jerusalena etorri ziran: eta bereala abiatu ziran galdetzen; nun dago Juduen Errege jaio dana bada aren izarra, edo ura jaio dala aditzera ematen duena, Orientean ikusi degu: eta gatoz bera adoratzera. Berri oek Herodes Erregeak aditu zituanean turbatu zan: eta baita arekin batera Jerusalen guzia. Eta bereala bere aurrera erakarri zituan Sazerdote nagusienak, edo beste guzien prinzipe, edo buru ziranak: eta Eskribak, edo Doktoreak, Moisesen legea puebloari erakusteko kargua zuenak: eta galdetu zien, nun jaio bear du Kristok, edo esperatzen zaudeten Mesiasak: eta eranzun zioben: jaio bear du Judako Belenen: bada ala eskribiturik utzi zuen Profetak. Eta zu Belelen Judako erria etzera txikiena Judako Ziudade, edo erri prinzipalaen artean: zergatik zugandik irtengo da, Israelgo nere puebloa giatuko duen erakuslea: (esan nai du Zeruko bidea erakutsiko diona.) Orduan Herodesek ixillik Magoai beregana deitu zien: eta kontuz galdetu zien, noiz jaio zan agertu zitzaben izar ura: eta esan zien: zuazte Belena: aur jaio berri orrezaz ondo inormatu zaitezte: eta arkitzen dezuenean, gasteatu egidazue, ni ere bera adoratzera joan nadiñ: eta ori aditu zuenean Erregearen aotik, bereala bidean jarri ziran: eta orra nun Orientean ikusi zuen izarra bera aen aurrean zijoan, eta Belena eldu ziranean, aurra zegoan tokiaren gañean geratu zan: eta izarra ikusi zuenean, guztiz alegratu, eta poztu ziran: eta barruan sartu, eta arkitu zuen aurra bere Ama Mariarekin: eta auspez etziñik adoratu zuen: eta eren tesoroak iregirik, beren doaiak, edo ofrendak ofrezitu, eta presentatu zioten: eta ziran urrea, inzensua, eta mirra. Eta izanik Zeruko abisua Herodesegana ez biurtzeko, beste bide batetik eren errietara itzuli ziran: eta orra Ebanjelio Santuak misterio miragarri orren gañean diona. Baña misterio, edo doktriña guztiz andiak sartzen dituana: eta oriek zuei obeto aditzera emateko, galde labur batzuek egiñ bear ditugu: eta 1. Magoak, eta Juduak zer egiñ zuen jakiteko.

        G. Zer gizamodu ziran Ebanjelio Santuak aitatzen dituan iru Magoak? E. Oriente aldeko, edo eguzkia goizean agertzen dan alde artako gizon jakinsu, eta anditzu batzuek, Erregen izena zuenak: Zeruko astro edo izarren ezagueran txit adituak: eta zekienak, izar berri bat, besteak ez bezelakoa, agertuko zala, Juduak esperatzen zeuden Salbadorea jaiotzen zanean. Eta nola izar berri ori Jaungoikoak sortu eragiñ zuen, gure Jesus Belenen jaio zanean; eta Jaungoikoak berak gogargia, eta inspirazioa ere eman zien, aur jaio berria billatzeko, eta guzion Salbadorea bezela adoratzeko; neke andiak artu bear bazituen ere bide luze, eta perill andiak zituan batean, alkarri eren asmoak adieragiñ, bereala bidean jarri ziran, izarra bera gidari zuela, eta Jaungoikoaren laguntasuna izango zuelako uste osoan. Eta nola Juduen erri nagusiena, edo guzien burua zan Jerusalen, arako bidea artu zuen; eta ara baño lenago izarra ezkutatu zitzaien: bazekien erri artan Errege gogor, eta arrotasunez beterik zegoan bat arkitzen zala: eta perill andian eren buruak ipiñiko zituela; Juduen beste Errege jaio berri baten billa, eta Erregetzat ezagutzera zetozela berria banatzen zanean: eta ala ere Jaungoikoaren deiari, eta inspirazioari jarraitzen ziotela, beraren laguntasunean fiaturik, Jerusalena eldu ziran: eta bereala aldez abiatu ziran, nun zegoan Juduen Errege jaio dana: eta jakiñ zuenean, Belenen jaio bear zuela; ara bereala joan ziran, arkitu zuen Jesus, guzion Salbadorea: adoratu zuen: eta Jaungoikoaren abisoarekin, Jerusalena biurtu bage, besto bide batetik eren errietara itzuli ziran: eta munduko Salbadore egiazkoaren etorrerako berri onak, eta atsegingarriak barreatu zituen, eta gero martirioaren koroa ederra irabazi zuen: eta bitartean Herodes, eta bere korteko guziak, Jerusalendarrak, eta ango apaiz nagusiak, eta legeko doktore, edo erakusleak, guziak itxumen arrigarri batean gelditu ziran: iñor ere Jesusen billa joan etzan: eta zerren anditasunez, ondasunez, eta atsegintasunez inguraturik etzetorren Zeruko Maisua, edo Jaungoiko gizon gure Salbadorea, erak uste zuen bezela; baizik humill, pobre, eta nekatua; Judu arroak, gutiziosoak, munduko zoriona baizik billatzen etzuenak; ez bakarrik artu nai izan etzuen gure Salbadorea, eta Zeruko Maisu maitagarria: baizik begitan artu, aborrezitu, persegitu, eta gurutze batean illerazo zuten: eta bide orrezaz baliatu zan gure Jaungoikoaren kabubageko ontasuna, eta miserikordia, gizon pekatariak erredimitzeko, eta salbatzeko: bada ainbesteraño maite izan gaitu, nun eman izan digu bere seme bakarra bera, gizon egiñik, ez bakarrik guri Zeruko bide zuzena argiro erakusteko, baita ere gure pekatu guzien zorrak bere biziaren kostuan gurutzeko eriotzarekin pagatzeko. Bedeinkatua izan dedilla beti onelako guganako Jaungoikoaren amorioa, eta miserikordia: baño jarraio degiogun oraiñ gure dotriñari. Eta 2. G. Zergatik Jaungoikoak nai izan etzuen, iru Mago edo Erregeak Herodesegana biurtzea? E. 1. Zergatik bazekian Herodesen malizia, eta gaiztakeri arrigarria, eta Jesus bera, edo Errege jaio berria, eta aren jarraitzalleak illtzeko zuen asmo gaiztoa; gero agertu zuen bezela. Eta 2. guziok ikasi genzan, Jesu-Kristo ezagutu ezkero, eta aren Zeruko dotriña ikasi ezkero, Herodesek bezela galdu, eta kondenatu nai gaituan deabruari iges egiñ bear diogula: eta aren esan engañagarriai kasorik egiñ bear eztiegula: baizik Jesu-Kristori, eta aren dotriñari gogotik jarraio bear diogula: eta orretako 3. G. Iru Magoak edo Erregeak Jesu-Kristori ofrezitu zioben urreak, inzensuak, eta mirrak zer aditzera ematen digue? E. 1. Elizako Doktore, eta erakusle jakinsu, eta Santuak erakusten digue, iru Magoak iru ofrenda oriekiñ batera, eren buruen ofrenda Jesu-Kristori egiñ ziotela: eta aditzera eman zuela: ezagutzen zuela Jesu-Kristo, aur jaio berria, eren Erregetzat, eren Jaungoiko egiazkotzat, eta gizon zan aldetik guzion Erredenptoretzat. Eta 2. urrearen ofrendarekin erakusten digue, karidadearen, edo Jaungoikoaren, eta projimoaren amorio egiazkoaren ofrenda osoa Jesu-Kristori egiñ bear diogula: bada, nola urrea dan metalik preziatuena, baliosoena, eta estimagarriena, ala karidadea da birtuterik andiena; beste birtute guzien erregiña, guzien ama, eta guziak piztutzen dituana, eta bizirik dauzkana, eta Zeruko tesoro, edo ondasunak irabazi eragiten diguna; eta kontrara karidade bage illak gaude: eta Zerurako ezer irabazten eztegu: eta argatik karidadea gure biotzetan sortutzeko eta konserbatzeko alegiñ guziak egiñ bear ditugu: eta batez ere inzensuaren, eta mirraren ofrendak erakusten diguena egiñ bear degu: au da, orazioari, eta mortifikazioari jarraio. (Badakizue, nola inzensua surtara botatzen danean, usai gozoarekin gora Zeru aldera igotzen, edo altxatzen dan: bada Kristauak, ikusirik gure itxumena, gaitzerako degun griña gaiztoa, birtuterako degun pisutasuna, nagitasuna, eta atzerapena, eta gerez bakarrik gauza onik eziñ egiñ ala; lotsatu bear gera, humillatu bear gera; eta Jesu-Kristoren izenean konfianza osoarekin Jaungoikoagana gure biotza altxatu bear degu: eta benetan eskatu bear diogu, arren digula bear degun Zeruko argia, gogo bizia, eta indarra, gure amorio propio eragabea, eta munduko gauzentzat degun inklinazio gaiztoa menderatzeko: eta gure Jaungoikoa bera, gauza guzien gañean biotz osotik amatzeko, eta gure lagun urkoak edo projimoak gure buruak bezela Jaungoikoagatik amatzeko, eta estimatzeko. Baña nola orazioa, edo eskatzea bakarrik asko eztan, gure borondate, edo nai gaiztoa ukatzeko, eta gure naigabeak pazienziarekin sufritzeko egiazko alegiñak egiten ezpaditugu: orregatik orazioarekin, edo inzensuak aditzera ematen digunarekin juntatu bear degu mirraren ofrenda, edo orrek erakusten diguna. Mirra da gauza miña, eta usteldasuna eragozteko egokia); bada, egiaz nai badegu, gure anima pekatutik libratu, eta Pekatura biurtzetik gorde, nai ta ez gure pasio eragabeak, eta aztura gaiztoak ilduratzeko, edo mortifikatzeko, eta menderatzeko alegiñ guziak egiñ bear ditugu: eztago beste erremediorik N.K.: munduan gauden artean gerra bizian egon bear degu: (militia est vita hominis super terram) guziok gaude etsaiez inguraturik: deabruak, mundu gaiztoak, eta aragi gaizki eziak beti gerra egiten digue: eta oriek baño etsai andiagoak ditugu, geurk ezi, edo goitu nai eztitugun, eta gure barruan dauzkagunak: nola diran 1. Biotzeko arrotasuna, antuste, edo soberbia, eta besteak baño geiago izateko ansia: eta 2. orri darraion gutizia, edo munduko ondasunak leia geiegirekin biribillatzeko apetitu eragabea: eta 3. gorputzaren gurari zikiñak kunplitzeko griña fortiza: orien ondoren ditugun beste pasio eragabe askorekiñ orietatik sortu dira oraindaño munduan ikusi diran, eta aurrera ikusiko diran gerrak, aserreak, alkar eziñ ikusiak, gorrotoak, eta orien ondorengo birau, edo maldizio izugarriak, enbidiak, lapurretak, alkarren engañuak: joku andi erabageak, eta kaltegarriak: gorputzaren gurari loi zikiñak, lujuriazko pekatu loiak, jostatze libre peligro andikoak: danzazale eskandalosoak: jan-edan modubagekoak, ordikeriak; eta oriei darraien beste eziñ kontatu ala pekatu, eta gaiztakeriak. Nola bada al dateke, pekatutik libratzea: Jaungoikoaren grazian irautea: eta betiko gloria iristea: eta infernura betiko ez joatea; ainbeste pekatu lodi, pisu, larriak sortzen dituen sustrai gaiztoak ebakitzeko egiazko alegiñak egin bage? Pasio gaizto orien kontra gogotik peleatu bage? Animo bada N.K.: Jesu-Kristok bere ejenplo, edo dotriñarekin ematen digun argiarekin; eta berak eskeintzen digun Zeruko grazia, eta laguntasunarekin guzia dagikegu: eta uste degun baño errazago gure pasioak goituko ditugu, batez ere gauza aundi, grabe, edo larrietan, pekatu mortalik ez egiteko moduan. Esna gaitezen, eta azkartu gaitezen bada guziok: oraindaño baño alegiñ biziagoak egiñ ditzagun, gure Jesus onaren guganako neurribageko amorioa ezagutzeko: egiñ dizkigun mesede andiak, eta gugatik eraman zituan neke arrigarriak gogoan erabilli ditzagun: gure betiko salbazioak, edo gure betiko kondenazioak zenbat inporta duen astiro konsideratu dezagun: oraindañoko pekatuen egiazko penitenzia biotzetik egin dezagun: eta aurrera pekatuko bide, edo arriskutik kontuz alde egiñ dezagun: gure pasio eragabeak, eta batez ere pekaturik geiena eragiñ oi diguenak aborrezitu ditzakun: eta orien kontra gogotik peleatu dezagun: eta bizimodu berri bat artu dezagun: au da Jaungoikoaren amorioan, eta projimoaren amorioan pakean bizi gaitezen: eta orretako Jaungoikoaren borondate santuarekin gurea osoro konfirmatzeko alegiñ guziak egiñ ditzagun: eta seguru iritsiko degu Zeruko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa