www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA AMABIGARREN DOTRIÑA

 

Jesu-Kristoren erresurrekzioaren gañean
eta aurretik nola Linbora jatxi zan.

 

Jatxi zan infernuetara:
eta irugarren egunean piztu zan illen artetik.

 

        Jesu-Kristo gure Jaunaren pasio, eta eriotza santuaren misterio guztiz andiak: eta nola aren gorputza obiratu, lurperatu, edo enterratu zuen, aditu dituzue aurreko dotriñetan: eta Kredoari, eta aren explikazioari narraiola, gaur esan bear dizuet, 1. nola Jesu-Kristoren anima guztiz santa Infernuetara jatxi zan, eta zertara jatxi zan. Eta 2. nola irugarren egunean illen artetik piztu zan, edo erresuzitatu zan. Txit konsolagarria, eta probetxugarria da dotriña onen gaia Kristau on guzienzat: eta bear dan frutua guziok ateratzeko, eska dezagun Espiritu Santuaren argia, eta grazia Maria Birjiña Santisimaren bitartez. Abe Maria.

        G. Jesu-Kristo gure Jauna, ill ezkero, jetxi zan Infernuakgatik zer aditzen dezu? Ez kondenatuen tokia: ezpada justuak zeuden lekua. Bada orrela infernu bat baiño geiago? Bai: Infernuak esan nai du lurpeko toki bat: eta lau toki, edo leku bereziak dauzka ipiñirik gure Jaungoikoak lurraren barruan, eta dira kondenatuen Infernua: Purgatorioa edo garbitokia: aurren Linboa: eta Justuak zeuden Linboa edo Abranen senoa. Nor dira kondenatuen Infernuen daudenak? Demonioak, eta pekatu mortalean zeudela ill ziran guziak. Nor dira Purgatorioan edo garbitokian daudenak? Jaungoikoaren grazian zeudela ill ziranak, baña pekatuen zorra osoro pagatu bage: eta zor ori pagatu ezkero igarotzen dira Zeruko gloriara: baña zor ori pagatzen due toki artan tormentu guztiz arrigarriakin. Nor dira aurraen Linbora doazenak, eta an beti egongo diranak? Bateo santua errezibitu bage ill ziran aur guziak. Eta nor ziran justuen Linboan, edo Abranen senoan zeudenak? Jesu-Kristo guziokgatik ill baño lenago, Jaungoikoaren grazian ill ziran justuen animak, eta eren pekatuen zorra pagaturik zeukenak. Eta Justuen toki orretara jatxi zan Jesu-Kristo gure Jaunaren anima, gorputzetik irten zan instantean. Eta zergatik justuen animak, pekatuen zorra pagatu ezkero, etziran orduan bereala Zeruko gloriara igotzen? Zergatik Zeruko sarrera guziontzat zegoan itxirik, Jesu-Kristok bere pasio eta eriotzarekin pekatuen zorra pagatu, eta Zeruko ateak guzionzat iregi artean: eta berak guzion aurretik lenengo Zerura igo bear zuen. Eta nola jatxi zan Jesu-Kristo justuen Linbora? Jetxi zan aren anima Jaungoikotasunarekin uniturik. Eta gorputza nola gelditu zan ill ezkero? Ura ere zegoan Jaungoikotasunarekin berarekin uniturik: bada Jaungoiko egiazko dan Trinidadeko bigarren personak iñoiz ez uzteko beregana artu zituan anima, eta gorputza: eta persona ura zegoan uniturik betiko gizatasunarekin, au da Jesu-Kristoren animarekin, eta gorputzarekin: eta oek alkargandik apartatu baziran ere, Jesu-Kristo gurutze santuan ill zanean, Jaungoikotasuna iñoiz ere apartatu etzan ez animatik, eta ez gorputzetik.

 

        G. Zertara jatxi zan Jesu-Kristo justuen Linbora? E. Beraren esperanzan zeuden anima santa aek libratzera, konsolatzera, eta gloriaz betetzera: eta ala bertatik betiko gloriaz gozatzen abiatu ziran: bada argiro erakutsi zien, edo bertatik klaridade, edo argitasun guzian bere Jaungoikotasuna ikusi eragin zien. Eta nork esan dezake, orduko anima zorioneko aen poza, atsegiña, eta kontentua? Eta aen Jesu-Kristoganako amorioa, eta esker ona, ainbeste ondasun, eta alako zorion neurribagea bere odolaren, edo bere biziaren kostuan irabazi, eta komunikatu zielako? Eta nork esan, Jesu-Kristoren beraren atsegiñ guztizkoa, bere pasio, eta eriotzaren frutua anima santa aei aplikaturik ikusi zuenean? Eskerrak guziok eman degiozkagun bada bere ontasun kabubageagatik: eta orain ikusi dezagun irugarren egunean piztu, edo erresuzitatu zan illen artetik.

 

 

Erresurrekzioko Misterioa.

 

        Orain bada Jesu-Kristo gure Jaunaren Erresurrekzioko misterio gloriosoa aditzera eman bear dizuet, N.K. Aditu dezue nola Jesu-Kristoren anima Jaungoikotasunarekin uniturik jetxi zan Infernuetara, au da Abranen senora; beraren esperanzan zeuden anima justuak libratzera, eta konsolatzera. Aditu ezazue bada txit kontuz, nola berak aurrez esan zuan bezala, irugarren egunean piztu, edo erresuzitatu zan illen artetik: eta nola onekin bere Jaungoikotasunaren prueba, edo testimonio guztiz ziertuak, eta ikusgarriak eman zizkigun: eta ortik zein probetxu andiak etorri zaizkigun.

        G. Jesu-Kristoren gorputz santua luzaro egondu zan enterraturik? E. Ez: Jesu-Kristo piztu, edo erresuzitatu zan, eta irten zan gloriaz beterik sepulturatik domeka goizean, ill zanetik irugarren egunean, berak aurrez askotan esanik zeuken bezela: eta anziñatik Profeta Santuak, Jaungoikoak etorkizunaz lenago argiturik, aditzera emanik zeuken bezela.

        G. Eta zer aditzen degu Jesu-Kristo piztu, edo erresuzitatu zala diogunean? E. Aditzen degu, aren gorputz, eta anima gloriosoa, lenago eriotzaren medioz alkargandik apartaturik zeudenak, berriro alkarrekin batu, eta juntatu zirala ez geiago iñoiz ere iltzeko.

        G. Iru egun oso egondu zan Jesu-Kristoren gorputza sepulturan? E. Ez: ill zanetik irugarrenean piztu zan: bada Ostirala Santu arratsaldeko iruretan ill zan, eta seiretako enterratu zuen: eta zapatu guzian, eta domekaren parte batean ere enterraturik egondu zan: eta ori da asko, irugarren egunean piztu zala egiaz esateko: baña iru egun osoak etzituan sepulturan igaro.

        G. Zergatik nai izan zuan luzatu bere erresurrekzioa irugarren eguneraño bere eskuan zeukela, nai izan bali ill da bereala piztutzea? E. 1. Aditzera emateko egiazko eriotza sufritu zuela, eta ez iruipenekoa, eta illen artetik piztu zala: eta 2. irugarren egunean piztuko zala bere profezia, edo hitza osatzeko, edo kunplitzeko.

        G. Nola irten zan Jesu-Kristoren gorputza sepulturatik, au losa, edo arri andi batekin itxirik, eta sellaturik bazegoan? E. Aren gorputz gloriosoarenzat enbarazorik batere ezin izan zitekean; irten zan bada bere birtutez, gloriaz, argitasunez, eta edertasunez dana beterik, sepulturako sarrera estaltzen zuan arria kendu bage: eta bereala ondoren Aingeru bat Zerutik jatxi zan: lur ikara andi bat mobitu zuan: sepultura, edo obia estaltzen zuan arria, edo losa andia apartatu zuan: eta bere argitasun, eta marabilla, edo mirari andi aekin, obiaren zai zeuden guardak, edo soldaduak ikaratu, eta illak bezela erori ziran.

        G. Eta oek beregan biurtu ziranean, zer egin zuen? E. Bereala, gertatu zan guziaren berri ematera joan ziran Juduen agintari, edo Apaiz nagusiai: baña oek, aiñ itxutuak zeuden, eta aiñ gogortuak Jesu-Kristoren kontra, nun aiñ mirari andiak aditu, eta egiaz Jesu-Kristo piztu zala, eta Jaungoikoaren Semea zala sinistu ordean, iñork ori sinistu etzezan, obi zai egon ziran soldaduai dirua ugari eman zien, eta agindu zien, esan zezela; aek lo zeuden artean, Jesu-Kristoren diszipuluak etorri, eta aren gorputza eraman zuela. Lo dauden testigo batzuei iñork sinistu bear balie bezela: A! zein itxuak, eta zenzu bageak zebiltzan Jesu-Kristoren etsaiak.

        G. Nundik dakigu bada Jesu-Kristo egiaz piztu zala? E. Jesu-Kristo piztu ezkero, askori, eta askotan agertu zitzaien, Zerura igo zan arteko berrogei egun aen bitartean: eta Jesu-Kristo pizturik ikusi zuenak erak, (ukitu zuenak) hitz egin ziobenak, eta jaten, eta edaten berekin eduki zituanak erak, Jesu-Kristo egiaz piztu zalako testimonioa eman zuen.

        G. Eta testimonio ori eman zuenak asko ziran? E. Amar aldi edo okasiotan Apostoluai, eta beste diszipuluai, bein batzuei, beiñ besteai Jesu-Kristo pizturik agertu zitzaiela aseguratzen digue Ebanjelista Santuak; eta zer esan zien, eta zer egin zuan aen aurrean zeoro kontatzen due: eta aldi aetatik batean bost eun personari agertu zitzaiela: eta guziak osoro seguraturik gelditu ziran, eren begiz gurutze batean illik, eta sepultaturik ikusi zuen eren Maisua bera zala egiaz pizturik beren begiz orduan ikusten zuena.

        Eta nork esan dezake Jesu-Kristoren Ama Santisimak, eta Santa Maria Magdalenak, eta Jesu-Kristoren billa sepulkrora joan ziran beste emakume santa aek: eta orobat Jesu-Kristoren Apostolu, eta beste diszipulu maiteak izan zuen poz, atsegin, eta kontentu parebagea, eren Maisu Dibinoa pizturik ikusi zuenean? Bada osoro seguraturik gelditu ziran, eriotzaren eta biziaren jabe soberanoa zala: eta bere borondatez eriotzara, gu salbatzeagatik, au da, gu pekatutik eta betiko eriotzatik libratzeagatik, sujetatu bazan ere; bere poderio infinitoarekin, nai izan zuenean, eta berak lenago esan zuan bezela, berriz bizia artu zuela, eta bere etsai guziak garaitu zituala: eta ala Jaungoiko egiazkoa zala. Eta arrezkero batere duda bage sinistu zuen, Jesu-Kristok erakutsi zien dotriña guzia egia bera zala: eta batez ere gure animak beti-beti bizi bearrak dirala: gure gorputzak ere piztuak, edo erresuzitatuak izango dirala: eta ala gure egiazko zoriona eztagoala mundu onetako honra, ondasun eta atsegiñ laburretan; baizik beti-beti iraungo duen geroko Zeruko erreinuan.

        G. Eta Jesu-Kristo pizturik ikusi zuelako, Apostoluak, eta beste diszipuluak eman zuen testimonioak indar, eta pisu andia du? E. Aiñ andia, ze iñola ere ezin dudatu diteke aen testimonioaz: bada testigo aetatik bati ere iñoiz ere etzaio damutu testimonio ura emanaz: eta geienak Jesu-Kristoren erresurrekzioa, eta aren Jaungoikotasuna aseguratzeko, eta sinistu erazotzeko pozik eren odola eta bizia eman zuen: eta Jesu-Kristoren izenean egin zituen ezin kontatu ala mirari, milagro edo prodijioakin egia ori probaturik, eta aseguraturik utzi zuen: eta orren frutua izan zan munduko jende, edo Nazio guzien konbersioa, au da Idoloak utzi, eta Jaungoiko egiazkoaren ezaguera egiazkora ekartea. Bada Jesu-Kristoren erresurrekzioa da fedeko beste misterio guzien fundamentua, zimentua, eta prueba ziertu eta ageria: zergatik arrezkero errez sinisten degu, Jesu-Kristo dala Jaungoiko, eta gizon egiazkoa, infinitamente jakinsua, eta poderosoa; eta aren esanak nai ta ez egiazkoak dirala, bada ezin bera engañatu diteke, eta ezin iñor engañatu dezake.

        G. Eta orain guk zer frutu atera bear degu Jesu-Kristoren Erresurrekzio gloriosoaren misterio onetatik? E. Piztu eta bizi erazo bear degu Jesu-Kristoganako gure fedea, gure esperanza, eta gure biotzeko amorio guzia: gogoan sarri erabilli bear degu, ez gerala lurrerako, eta emengo honrak, ondasunak, eta atsegiñak gozatzeko egiñak: gure egiazko zoriona Zeruan gozatu bear degula: eta ala gure biotzeko deseo guziak Zerura altxatu, edo jaso bear ditugula. Au da San Paulo Apostoluak guzioi erakusten diguna, esaten digunean: Jesu-Kristorekin piztu, edo erresuzitatu bazerate, Zeruko gauzak billa itzatzue, eta ez lurrekoak: Zeruko gauzai gusto artu egiezue, eta ez lurrekoai. Baña orretarako gure biotzetik, eta gure animatik aienatu bear degu betiko pekatua, eta pekaturako griña gaiztoak ezi, eta menderatu edo garaitu bear ditugu; eta bizitza berri bat egin bear degu, eta orretan irauteko alegin guziak egin bear ditugu; bada Jesu-Kristo piztu zan egiaz: piztu zan ez berriz iltzeko, eta piztu zan bizitza glorioso bat beti gozatzeko, ala bere animan, eta nola bere gorputzean. Eta Jesu-Kristo dan ezkero gure guzion burua, eta gure Kapitana, guziok egiaz piztu bear degu: eta ez berriz iltzeko, au da, ez geiago pekatuarekin gure animako bizia galtzeko orain piztu bear gera: eta Jaungoikoaren grazian betiko irauteko medio guziak benetan artu bear ditugu. Eta batez ere, Jesu-Kristok berak esan zizkigun hitz labur oek gogoan erabiili, eta aekin gure bizimodua moldatzeko alegiñak egin bear ditugu. Nere ondoren Zerura etorri nai duenak, uka beza edo garaitu beza bere burua, jaso beza bere gurutzea, eta jarrai bekit neri. Esan nai du: gere borondatea bere erabageko deseo, edo griña gaiztoakin ukatu, ezi, eta mortifikatu dezagula: gure egunoroko naigabeak, eritasunak, atsekabeak, eta egiten dizkiguen menosprezioak pazienziarekin, eta konformidadearekin eraman ditzagula: eta Jesu-Kristori berari bere pausoetan jarraitu degiogula: eta batez ere humillasunean, pazienzian, eta Jaungoikoaren, eta projimoaren egiazko amorioan: eta ori guzia erraz egingo degu, sarri konsideratzen badegu, Jaungoikoa nor dan: nolako mesedeak, guk merezi bage, egin dizkigun, eta zenbateraño maite gaituan: eta gogotik eskatzen badiogu bera biotz guztitik amatzeko grazia: bada amorioak arinduko, eta erraztuko digu Jaungoikoaren legearen nekea, eta karga pisua; eta orra N.K., Zeruko bidea: orra bertatik pakearen bidea: eta orra geroko erresurrekzio gloriosoa iristeko guziok nai ta ez oraiñ egin bear deguna. Jaungoikoak digula arren guzioi artarako bere indarra eta grazia. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa