www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRUGARREN DOTRIÑA
ORAZIOAREN GAÑEAN

 

Aita gurearen lenengo hitzak,
edo sarrera aditzera ematen dira.

 

        Aditu dezuen ezkero aurreko dotriña bietan, orazioaren premia, edo bearra, eta orazio gogozkoa egiteko modua: gaur gure dotriña laburraren galde, eta eranzuerai narraiela, Aita gurea, edo Pater-nosterra esaten diogun orazio miragarria, guziok jakin, eta ondo aditu, edo ezagutu bear deguna, azaltzen abiatu bear gera: eta ikusiko dezue sarrerako lenengo hitzetan, au da, Aita gurea Zeruetan zaudena esanaz: zein dotriña andia, pozgarria, eta probetxugarria Jesu-Kristo gure Jaunak erakutsi zigun. Atenzioa eskatzen dizuet.

        G. Aita gurea esaten degunean norekin hitz egiten degu? E. Jaungoiko gure Jaunarekin. Aita Eternoarekin edo Trinidade Santisimaren lenengo Personarekin bakarrik hitz egiten ote degu, Aita gurea esaten degunean? Orobat hitz egiten degu iru Persona Dibino, edo Jaungoikozkoakin: bada Aita Eternoa; bere Seme bakar Jesu-Kristo gure Jauna: eta Espiritu Santua, Persona diferenteak izan arren, Jaungoiko bakar bat baizik eztira; Persona bakoitza gure Aita guztiz Poderosoa da.

        G. Eta zeri dagokala gure dotriña laburrak galde ori egiten digu? E. Gogora ekarteko, nolako oarmen, edo atenzioarekin, eta nolako errespetoarekin Aita gurea esan bear degun: eta nolako humiltasun, eta konfianzarekin eskatu bear diogun: mesede andi bat Erregearen Majestadeari berari bere aurpegian eskatu bear baziñio, nolako errespetoarekin eta atenzio, edo arreta andiarekin hitz egingo ziñiokean gogora ekartzu; eta zure fedea, edo sinistea piztu ezazu: bada Aita gurea esatean, Errege guzien Erregearekin, eta Zeruaren, eta lurraren Jabe soberanoarekin berarekin, eta beraren aurrean hitz egiten dezu. Eta zuri ori bera gogora ekarteko galdetzen du berriz.

        G. Nun dago Jaungoiko gure Jauna? E. Eta eranzuten du: Leku guzian, eta batez ere, edo berezkiro Zeruan, eta Aldareko Sakramentu guztiz Santuan: eta baita justuen animetan: eta ori nola dan Kredoaren dotriñan aditzera emanik dago. Eta ala egin bear dezue alegin guzia, Aita gurea esaten dezuenean gogora ekarteko, zuek ez ikusi arren, Jaungoikoa zuen begira dagoala, zuek mantenzen, konserbatzen, eta bizierazotzen dagoala: zuen barruan daukazuela, eta zuen pensamentu, eta deseo guziak ikusten dagoala. Eta konsiderazio, edo gogorazio orrek txit asko lagunduko dizue, zuen orazioak beti ondo, eta probetxu andiarekin egiteko.

        G. Baña esango didazue: guk nai arren atenzioarekin errezatu, edo orazioa egin: eta asmo orrekin asi arren, gure pensamentua erraz dijoakigu etxeko gauzetara: edo kuidado ematen diguen lanetara. Orretan kulparik ote degu? Eta ori nola erremediatuko degu? E. Pensamentuaren barreazio, edo banatze ori batzuetan kulpa gabe gertatzen da, eta beste batzuetan kulpaduna da: gure Jaungoikoak badaki gure gogoaren arinkeria: eta zein laster batetik bestera, aizeak beletea bezela, gure imajinazioa gogora datorkigun edozein gauzak itzultzen duen: eta ori guk nai gabe, edo gure borondate gabe, eta oartu gabe gertatzen bazaku, eztago kulparik: eta antxititik artu genduan ondo errezatzeko asmo onak dirauen artean, orazioak balio digu: baña oartu ezkero dibertiturik gaudela, ala ere atenzioa ipinteko ardurarik, edo kuidadorik ipinten ezpadegu: edo geurk, gere burua sosegatzeko alegiñak egin bagez, dibertitzeko, edo pensamentua barraiatzeko, edo aizatzeko motiboak ematen baditugu, orduan gure kulpa da; edo andiagoa, edo txikiagoa, gure arduragabetasuna nolakoa danez. Eta ala orren erremedioak dira. 1. Orazioa egiten asi baño lenago gogora ekartea, norekin hitz egitera goazen: au da begira dagokigun Jaungoikoarekin. 2. Berari eskatzea arren argitu gaitzala, eta ondo eskatzeko, edo orazioa egiteko bere grazia, eta laguntasuna digula. 3. Gere barruko deseoak, eta ansiak, eta gere borondatea Jaungoikoari osoro ematea; bada bestela, nun dagoan gure deseoa, eta amorioa, an dago gure biotza, eta ara juango dira gure pensamentuak. 4. Dotriñako egiak, edo misterio andiak ondo jakiñik edukitzea: bada orrela, liburu orde izango degu gure memoria: eta gogoan ondo sarturik dauzkagun gauzak, erraz imajinaziora, nai degunean ekarriko ditugu: eta aen gañean gure pensamentuak, eta konsiderazioak egingo ditugu, aurreko dotriñan erakutsi nizuen bezela. Eta 5. Ala ere gure pensamentuak beste gauzetara iges egiten badigue, oartu ezkero, bereala gure lanera, eta konsideraziora biurtzeko alegiñak egin bear ditugu: eta bein, berriz, eta askotan ori gertatu arren eztegu desalaitu bear: bada indar egiten degun bitartean atenzioarekin orazio egiteko beti irabazten gaude.

        G. Eta zergatik geiago erakusten digu gure dotriña laburrak Aita gurea esaten degunean Jaungoiko gure Jaunarekin hitz egiten degula? E. Zergatik gure Jaungoikoa bakarrik da ondasun guzien Jabea, eta doai, eta grazia guzien emallea, eta berari eskatu bear diozkagu bere Seme bakar Jesu-Kristoren izenean: eta onek berariaz erakutsi zigun orazioan.

        G. Eztiegu bada Ama Birjiña Santisimari, Aingeruai, eta Santuai Pater-nosterrak, edo Aita gurea errezatzen, eta eztegu orduan aekin ere hitz egiten? E. Orduan ere Jaungoikoarekin hitz egiten degu: eta bakarrik bitartekotzat artzen ditugu Ama Birjiña, Aingeru, eta Santuak, aek gugatik Jaungoikoari erregutu degioben Jesu-Kristoren izenean: eta Aita gurean eskatzen degun guzia iritsi degiguen: Eta zergatik diogu, Aita Jaungoikoari eskatu bear diogula Jesu-Kristoren izenean? Zergatik Jesu-Kristo bakarrik da kabubageko merezimentuak dituana: eta aren errespetoz, eta ark guretzat irabazi zuelako, Aita Eternoak errukiz begiratzen gaitu. Eta ala, orazio guziak Zeruan, eta lurrean egiten diranak, Jesu-Kristoren izenean egiten dira: eta aren izenean ondo eskatu ezkero, gure salbaziorako bear degun, edo konbeni zakun guzia iritsiko degu: batez ere iraupenarekin eskatzen badegu: bada batzuetan gure onagatik Jaungoikoak luzatzen du, bereala ematea eskatzen deguna: eta beste batzuetan guk eskatzen degunaren orde, geiago balio digun beste mesede bat egiten digu: eta ala orazioaren frutua beti iristen degu.

        G. Oraziorik onena zein da? E. Aita gurea, edo Pater-nosterra. Zergatik? Zergatik Jesu-Kristok berak esan zuen bere aoz, Apostoluak eskaturik; eta argatik Jaunaren orazioa esaten zaio.

        G. Orretan zer aditzen degu? E. Apostoluai askotan aditzera eman zien Jesu-Kristo gure Jaunak orazioaren bearra, edo premia Zeruko grazia, eta laguntasunak iristeko gure animako etsaiak goitzeko, eta gure salbazioa alkanzatzeko. Eta Apostoluak Jesu-Kristori erregutu zioben erakutsi zegiela berak, guzien Zeruko Maisu zanak bezela, nola orazio egin. Eta orduan Jesu-Kristok esan zien, onela orazio egin, edo eskatu bear dezue: Aita gurea, Zeruetan zaudena, santifika bedi zure izena, etc. Eta orazio labur onetan erakutsi zigun Jesu-Kristo gure Jaunak eskatu bear degun guzia, eta ondo eskatzeko modua. Eta ori aditzera emateko, berriz galdetzen du gure dotriña laburrak. Zergatik geiago, da, Aita gurea oraziorik onena? Eta eranzuten du, zergatik dituan zazpi petizio esan nai du, zazpi eskaera, otoitz, edo orazio karidade guzian fundatuak.

        G. Eta orrek zer esan nai du? E. Zazpi petizio, eskaera, edo orazio orietan eskatzen degula, Jaungoiko gure Aitaren honra, eta gloriarako; gure animen salbaziorako, eta gure lagun projimo, edo urkoaren salbaziorako eskatu bear degun, eta eskatu dezakegun guzia: au da, bear ditugun, edo konbeni zaizkigun ondasun espiritual, eta denboralak: animako, eta gorputzeko gaitzetatik libratuak izatea: gure pekatuen barkazioa, eta ez berriz pekaturik egiteko bear ditugun Zeruko grazia, sokorru, edo laguntasunak, ala guretzat, nola gure lagun projimoenzat. Eta ala, Aita gurearen hitz guziak ez itoka, edo presaka, ezpada betaz, oarmenaz, eta ondo esateko, eta aen sentidua, mamia, edo espiritua ondo ezagutzeko, eta sarri konsideratzeko alegiñak egin bear ditugu: bada Jesu-Kristok bere Ebanjelio Santuan erakutsi zigun dotriñaren, eta eskatu bear degun guziaren sustanzia, orazio labur onetan sarturik dago.

        G. Baña izanik gure Jaungoikoa kabubageko anditasunak, eta perfekzioak berez dituana, Zeruaren, eta lurraren Jabe soberanoa: Aingeru, eta Santu guziak bere Majestadearen aurrean ikara bezela dauzkana: Errege guzien Erregea, eta Jaun guzien Jauna, nola gu Kristau zirzil, ezerezak, eta pekatari esker gaiztokoak atrebitu gaitezke alako Jaunari Aita gurea esatera? E. Orra N.K., gure Jaungoikoaren ontasuna, eta digun amorioa zein miragarria dan: bada bere humetzat artu gaitu: eta Jesu-Kristoren senideak, eta Zeruko erreinuaren herederoak egin gaitu: Eta Aita guztiz onaren biotza gurekiko dauka: eta Aita gurea deitzea agindu digu: eta ori bere Seme propioak Jesu-Kristo gure Jaunak erakutsi digu: eta ala Sazerdoteak Meza Santuan, guzien izenean Pater-nosterra esan baño lenago, edo aren aurretik: hitz oek esaten ditu: «Preceptis salutaribus moniti, et divina institutione formati audemus dicere». Jaunaren aginte salbagarriakin erakutsirik, eta eman zagun Jaungoikozko dotriñaz batera, atrebitzen, edo ausartzen gera esatera: Pater-noster, edo Aita gurea.

        G. Eta zergatik eskatzen abiatu baño lenago esaten degu Aita gurea Zeruetan zaudena? E. Jasotzeko biotza Jaungoikoagana, eta eskatzeko mesedeak humiltasun, eta konfianza geiagorekin: esan nai du, 1. Hitz oriekin gure atenzioa piztu, edo bizierazo bear degula, norekin hitz egiten degun gogora ekarriaz. 2. Gere barruan humillatu bear gerala, ikusirik Jaungoikoaren Majestadearen aurrean zein ezerezak geran: zein billabak, eta esker gaiztokoak izan geran: gere pekatuakgatik ezereza baño ere gaiztoagoak: Jaungoikoaren aurrean agertzeko, edo presentatzeko indignoak, edo diña ez geranak: mesederik batere eskatzeko, meritorik batere ez degunak: betiko Infernua bai ondo merezi izan degunak: eta pekatutik gere buruak libratzeko, eta gauza onik Zerurako egiteko gerez bakarrik gai ez geranak: gerez jakinezak, itxuak, eriak, argalak, eta etsaiez inguratuak. Orra N.K., motiborik asko egiaz gere barruan humillatzeko: bada ezaguera orrekin eskatzea, orixe da humiltasunarekin orazio egitea: baña 3. Humiltasun orrek eztigu kendu bear gure Jaungoikoaganako konfianza bizia, baizik azi, eta geitu bear digu: bada aren Majestadeak, arroak, presumiduak, soberbioak, igui dituan bezela, humillak maite ditu: eta beregana deitzen ditu, eta bere eskua, eta grazia pozik, eta ugari ematen die: eta ala zenbat obeto gere miseria ezagutzen degun, eta geiago humillatzen geran, anbat konfianza geiago Jaungoikoagan eduki bear degu: eta aren argi, sokorru, eta laguntasunarekin guzia dagikegu.

        G. Baña zerk batez ere eman bear digu konfianza ori? E. 1. Jaungoikoa bera gure Aita guztiz poderosoa, eta guztiz ona izateak: 2. Aren Seme bakar maitea, Jesu-Kristo gure Jauna, Jaungoiko, eta gizon egiazkoa, gure Erredentore, eta gure bitarteko andia izateak: eta bere senidetzat, eta bere zati, edo mienbrotzat arturik edukitzeak: eta aren izenean eskatzen degun guzia emango digulako promesa andiak. Eta 3. Espiritu Santua bera gure argitzalle, gure erakusle, eta gure biotzaren edo borondatearen ukitzalle, eta berotzalle edukitzeak: bada bere argi, eta graziarekin beti ari da onerako gogargiak, edo inspirazioak guri bidaltzen, gu esnatzeko, mugitzeko, pizkortzeko, eta gogotik eskatu eragiteko: eta gure salbaziorako bear deguna iristeko.

        G. Eta gure Jaungoikoa egiaz da gure Aita? E. Modu batera da Jesu-Kristoren Aita, eta beste modu batera da gure Aita. Jesu-Kristo da bakarrik, eta betidanik Aita Eternoaren Seme propioa, naturala, eta konsustanziala: au da bere Aita Eternoarekin Jaungoikozko izate bat bera, naturaleza bat berbera, eta Jaungoikotasun berbera daukana: eta ez gera gu gisa orretan Jaungoikoaren Semeak: baña bai egiaz gera Jaungoikoaren semeak, edo humeak: eta bera da gure Aita; ez bakarrik ezerezetik egin gaitualako, beste kreaturak bezela, baita ere, besteak ez bezela, gizon, emakumeak bere antzera, eta imajiñara egin gaitualako: eta aren Majestadea ezagutzeko, amatzeko, serbitzeko, eta beraz beti gozatzeko egin gaitualako: eta guk merezi gabe konserbatzen, eta sustentatzen gaitualako: eta beste kreatura guziak, ala Zerukoak, nola lurrekoak guretzat egin ditualako: eta Ama Birjiña Santisima gure amatzat, eta anparatzalletzat: Aingeruak gure zai, eta gidaritzat: eta Santuak gure ispillu, erakusle, eta bitartekotzat eman dizkigulako. Eta Aita maitetsu baten lanak gurekin egin ditualako: eta oraindio geiago dana, bere Seme propioa bera, gure Maisu, edo erakusle, gure Erredentore, eta Salbadoretzat eman digulako: bere grazia Sakramentu Santuetan eman digulako: eta bere seme-alabatzat artu nai izan gaitualako: bere Jaungoikozko naturaleza, edo izate dibinoaren partedun, edo partizipante egin gaituelako (Divinae consortes naturae) Jesu-Kristoren senide, eta mienbro, edo zatiak egin gaitualako: bere Elizako humeak, eta mienbroak ere egin gaitualako: Espiritu Santua bere doaiakin eman digulako, eta aren jarleku, eta Tenplo biziak egin gaitualako: eta Zeruko erreinuaren, eta betiko gloriaren herederoak egin gaitualako. Orra N.K., zenbat aldetara dan Jaungoikoa gure Aita: orra zenbateraño maite izan gaituan, eta honratu gaituan. Nolako amorioa bada, nolako eskerrak, nolako obedienzia, eta nolako gure biotz guziaren sakrifizioa zor ez diogu alako Jaungoiko eta Aita guztiz poderoso, guztiz maitatzalle, eta guztiz ongilleari? Lotsatu gaitezen arren gure itxumenaz, gure esker gaiztoaz; eta alako Aita maitea, biotz guztitik amatu ordean, aiñ arduragabe ofenditzeko izan degun ausardia izugarriaz: eta arritu gaitezen ikusirik ez bakarrik ez gaitualako betiko kondenatu, baizik, Aita errukitsu, biguiñ, eta guztiz piadoso, eta miserikordiosoa bezela gurekin portatu dala: gure zorakeriak, gaiztakeriak, eta esker gabetasunak ikusi arren, itxon digu, beregana askotan deitu gaitu, eta orain ere deitzen digu: eta zenzatu, eta ondu gaitezela abisatzen digu: eta ala arria baño gogorragoak izan nai ezpadegu, eta gere buruak betiko galdu nai ezpaditugu, humillatu gaitezen, lotsatu gaitezen gere artean, seme prodigoa bezela, gure Aita ona ofenditu degulako; eta konfianza oso batekin beragana biurtu gaitezen; eta Aita errukitsuak bezela, gure utsegiteak barkatuko dizkigu: eta hume humill, onak, leialak, eta esker onekoak aurrera izateko gogoa, eta grazia emango digu: eta baita hume onai dagokien bezela, gure Aita onaren borondatea gauza guzietan egiteko: ondasunak, eta konsueloak bezela; pobreza, nekeak, eta naigabeak ere bere eskutik konformidade oso batekin artzen ditugula: bada guk baño obeto daki, gure salbaziorako zer konbeni zakun: eta ala atsegiñak, nola atsekabeak gure onerako zuzentzen ditu: eta gure zorion egiazkoa, eta biotzeko pakea eztegu iñola ere iritsiko, gere borondate gaiztoa ukatu gabe: gere gurutzea, edo egunoroko nekeak, eta naigabeak Jaunaren izenean sufritu gabe, eta Jesu-Kristori garraizkola, gure Aita onaren borondatea egin gabe: eta orra Pater-nosterraren, edo Aita gurearen lenengo hitzak: au da Aitaren hitzak bakarrik, zein dotriña andia, eta miragarria erakusten digun.

        G. Eta zergatik eztiogu esaten gure Jaungoikoari, Aita nerea, ezpada Aita gurea? Benturaz ezta bakoitzaren Aita? E. Bai: baña berariaz Jesu-Kristo gure Zeruko Maisu, edo erakusle soberanoak agintzen digu esatea, Aita gurea, eta ez nerea. 1. Zergatik Jesu-Kristori berari bakarrik dagoka, Aita Eternoari, nere Aita esatea: askotan berak esan zuen bezela: bada bera da bakarrik, len esan dizuedan bezela, Aita Jaungoikoaren Seme propioa, eta naturala: eta gu gera graziaz bakarrik semetzat artuak. 2. Esaten diogu gure Aita, edo Aita gurea, aditzera emateko Kristau guziok Aita baten humeak, eta Jesu-Kristoren senideak, eta arekin batera Zeruko erreinuaren herederoak berdin gerala: eta ala Kristauen artean munduko Erregeak, agintariak, poderosoak, aberatsak, eta munduko pobre, bearsu, humillak, andiak, eta txikiak, guziok gera Aita baten humeak, eta Jesu-Kristogan alkarren senideak: eta ori iñoiz ere aztu bear eztegu. Eta 3. Egia orri dagokala, guziok alkar amatu, serbitu, lagundu, sokorritu, eta sufritu bear gerala: au da gure Aita Jaungoikoari guziok zor diogun amorioagatik alkarrekiko karidadea, edo amorioa gure biotzetan beti bizirik eduki bear degula: bada bestela ez gera egiaz Aita Jaungoikoaren hume onak: eta eztago guretzat Zeruko herenzia. A zer dotriña au, soberbiaz, enbidiaz, gaitziritziz, edo gorrotoz beterik daudenenzat, eta eren projimo, edo senideen errukirik batere eztuenenzat!

        G. Eta zergatik eztegu esaten bakarrik Aita gurea: baizik orren ondoren esaten degu Zeruetan zaudena? E. 1. Aditzera emateko, gure Aita Zeruan dagoan ezkero, eta gure betiko, eta egiazko zoriona gure Aitaren erreinuan guretzat dagoan ezkero; mundu onetan, erbestean gaudela; ez gure erri propioan, eta atseden lekuan: emen peregrinoak, eta bidezkoak gerala: eta gure betiko bizileku atsegingarria Zeruan daukagula: eta nola peregrinoak, eta bidezkoak ez dituen eren biotzeko deseoak, eta asmoak bidezko lekuetan paratzen, eta ezartzen, ezpada, edo betaz, edo beti bizi bear duen lekuetan, ala guk ere, gure gogo, asmo, eta deseo guziak Zerura jaso bear ditugula: eta munduko honra, ondasun, eta atsegin labur, eta iruripenekoetan ez ditugula gure biotzak ipiñi bear. 2. Esaten diogu, gure Aita Zeuretan zaudena, aditzera emateko, Zerutik itxodoten degula bear degun laguntasun, sokorru, eta indar guzia, gure egiazko zoriona eragotzi, eta galdu eragin nai diguen animako etsai gaiztoak, ala kanpokoak, nola barrukoak, goitzeko: eta betiko koroa irabazteko, eta aseguratzeko: ara nola hume onak eren konfianza guzia eren Aita maitetsuan ipinten duen: eta bear duenik ukatuko eztielako uste osoan dauden: eta esperanza orrekin alaiturik sosegu daude: eta premi orduan, hume onak gurasoari bezela, bere laguntasuna eskatzen diobe: eta orixe da, guziok egin bear deguna gure estutasun guzietan: oitu gaitezen bada orretara: gure premia guzietan altxatu dezagun gure biotza, begira dagokigun gure Aita onagana, eta esan degiogun gogotik: lagun gaitzatzu arren estualdi onetan, eta zeretzat gorde gaitzatzu. Eta azkenik 3. Esaten degu Aita gurea Zeruetan zaudena: guri oroitu, edo akorda eragiteko, nolako honra, diñatasun, eta noblezi altura gure Jaungoikoak Kristauok jaso, edo altxatu gaituan: eta nolako estimazio, ondasun, atsegin, poz, eta kontentuak dauzkan Zeruko erreinuan, guretzat prestaturik daukan herenzia guztiz aberats, eta guztiz gozo artan. Eta ala, zer gauza egokiagorik, eta probetxugarriagorik N.K., alde guzietara, Aita gurea Zeruretan zaudena, bear dan ezaguerarekin, oarmenarekin, eta atenzioarekin esatea baño? Jaungoikoaren beraren seme, edo alabak, eta Zeruko herederoak geran ezkero bada, titulu ori, honra ori geiago estimatu bear degu Erregekumeak izatea baño: mundu guziaren jabeak izatea baño: piztu dezagun bada arren gure fedea: ez dago munduan gure zoriona: emen zorionekoak izatea billatzen badegu, emengo honra, ondasun, eta atsegiñetan, gure biotza ipinten badegu, betiko zoriona galduko degu: eta betiko zorigaitza gere buruai ekarriko diegu: gure Aita, eta gure herenzia Zeruan dago. Hume onak, eta esker onekoak izateko puntua, eta honra izan bear degu: eta ez billabak, eta esker gaiztokoak: Zeruko Erregegaiak gera: Errege guzien Erregea degu gure Aita: ama dezagun bada gure Aita ona, gure biotz guztitik, eta gauza guzien gañetik: eta beragatik gure projimoak, gure anaiak, edo senideak bezela: eta guretzat izango da betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa