www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN DOTRIÑA
ORAZIOAREN GAÑEAN

 

Gogozko orazioa, eta konsiderazioa
egiteko moduaren gañean.

 

        Gogozko, edo biotzeko orazioa, eta konsiderazioa ez bakarrik dira aldi askotan premiazkoak, Kristauaren obligaziozko lanak, edo beargaiak, au da mandamentu santuak ondo gordetzeko, baita ere dira guziz egokiak, eta probetxugarriak utsegite andiak ezeze, txikiak ere ezagutzeko, erremediatzeko, eta aurrera eskusatzeko: gure eragabeko pasio, gurari, edo griña gaiztoak goitzeko, gure Jaungoikoa egunoro, ta obeto ezagutzeko, eta amatzeko: eta birtutean aurreratzeko, eta irauteko: eta eriotza on bat seguratzeko. Baña baderitzot, berriz galdetzen didazuela.

        G. Gure salbazioa iristeko eztegu bada asko Kristauaren dotriña santuan erakutsi dizkiguen Kredoa, Mandamentuak, Sakramentuak, eta Aita gurea, Abe Maria eta Elizako beste orazioak jakitea, eta errezatzea? E. Bear dan ezaguerarekin, atenzioarekin, eta konsiderazioarekin errezatzen badituzue; eta zuen bizimodua oriekin batera moldatzen, zuzentzen, edo arreglatzen badezue; bai; zuek salbatuko zerate: baña dotriñako egiak jakin arren, eta esan arren; orien sentidua, sustanzia, edo mamia Kristauari dagokan moduan ezagutzeko, eta konsideratzeko, alegiñak egiten ezpadituzue; eta Jaungoikoari bere grazia eskatuaz, aekin batera bizimodu on bat egitera jarten ezpazerate, zuek eskuarkiro kondenatuko zerate: bada aurreko dotriña aldian argiro erakutsi nizuen bezela, errezoak aoz egin arren, gogozko orazio gabe, eta konsiderazio gabe, zuen animako etsaiak, eta zuen pasio eragabeak ezin goituko dituzue: Jaungoikoa ezin ondo serbituko dezue: zuen obligaziozko lanak, edo beargaiak ezin ondo ezagutu, eta osatuko, edo kunplituko dituzue: erraz pekatuan erori, eta konsiderazioarekin, edo gozoko orazioaz dolorea iritsi gabe, ezin jaikiko zerate: eta konfesio on bat noiz, edo noiz egin arren, orazioari, eta konsiderazioari gutxi edo asko jarraio gabe, laster pekatura biurtuko zerate: eta kontrara oitutzen bazerate dakizkitzuen dotriñako egiak sarri gogoratzera, ondotxo ausnartzera, edo konsideratzera, eta Jaungoikoari bere argia, eta grazia eskatzera: eta bizimodu on bat egiteko alegiñak egitera; Zerurako izango zeratelako uste, edo esperanza osoa eduki dezakezue.

        G. Baña berriz esango didazue, gu jakinezak, eskola bageak gera: eta dotriña labur bat baizik eztakigu. Nola bada gogozko orazioa, eta artarako konsiderazioak egin ditzakegu? E. Erakutsi begigu, zer eta nola konsideratu: zer eskatu: eta konsideraziotik, eta oraziotik zer frutu, edo probetxu atera bear degun. Ori izango da bada gaurko dotriña gaia: eta gogo ona badezue, erraz ikasiko dezue: zuen arteko asko bezela, jakinezak, eskolagabeak izan ziran San Isidro, eta bere emazte Santa Maria: oek, eta beste ezin kontatu ala Kristau Zeruan daude, eskolarik, eta estudiorik izan bageak: baña zekien dotriña laburrarekin biotz ona, gogo ona, eta Jaungoikoa serbitzeko, eta eren animak salbatzeko arreta andia izan zuen: eta Jaungoikoak argitu zituan: eta Zerura daraman jakinduria erakutsi zien, au da bere bildur santua, eta amorio bizia eren biotzetan sortu zien; eta orretara zuzendu bear dituzue zuen konsiderazioak, eta orazioak: eta ez dizuet gogora ekarriko zeurok zuen dotriña laburrarekin erraz egin ditzaketzuenak baizik. Jaungoikoak eman dizue memoria, edo oroimena beraz akordatzeko: eta egin dizkitzuen fabore, mesede, edo on egiñak gogoratzeko: eman dizue adimentua, edo ezagumena, beragan pensatzeko, eta bera ezagutzeko; eta eman dizue borondatea, edo naimendua aren Majestadea amatzeko, eta beragatik zuen lagun urkoak zuen buruak bezela. Bada konsiderazioa, eta orazioa ezta besterik, ezpada fedeko egiak gogoratzea, ondo ezagutzea: eta ondoren biotzak mugitzea Jaungoikoaren amoriora, eta pekatuaren iguitasunera: eta ala probetxuarekin orazioa, eta konsiderazioa, egiteko naiz Elizan, naiz etxean, naiz soroan, naiz beste lanetan, edo bidetan bakarrik zabilztenean (bada noiznai, eta leku guzietan orazio egin diteke, eta pensamentu onak gogora ekarri ditezke): 1. Oroitu, edo akordatu bear zerate, Fedeak erakusten digun, eta guziok dakizuen egia andi onezaz, eta da, Jaungoikoa, ikusten ezpadezue ere, leku guzietan dagoala: eta zuen barruan daukazuela: zuek mantenzen, eta konserbatzen beti ari dala: eta zuei begira dagoala: eta zuei on egiteko, eta zuek salbatzeko egiazko deseo, eta borondatearekin dagoala. Zer gauza errazagorik konsiderazio ori egitea baño, eta zer gauza egokiagorik ori baño? zuen atenzioa piztutzeko, eta fede bizi, esperanza irmo, eta amorio andi batekin Jaungoikoagana zuen biotzak altxatzeko, eta bear dituzuen animako ondasunak eskatzeko? Orduan bada biotz guztitik Jaungoikoari esan bear diozue: Nere Jaungoikoa zugan sinisten det, zugan daukat nere esperanza guzia: nere biotz guztitik amatzen zaitut: nere Jabe soberanotzat ezagutzen zaitut: naizan guzia zurea det, eta zuretzat bakarrik bizi nai det: eta oraindaño zu ofendituaz damu det: indazu arren zure argia, eta grazia ez berriz pekaturik egiteko: eta egunoro, eta geiago zu ezagutzeko, eta amatzeko: nere pasio, eta aztura gaiztoak goitzeko: eta zure nai, edo borondate santua beti egiteko Amen. Eta orra N.K. gogozko orazio, eta konsiderazio mota bat txit erraza, eta probetxu andikoa; batez ere biotzetik, eta sarri egitera oitu nai badezue. Bigarrena orobat zeurok dakizkitzuen, eta Kredoan sinisten dituzuen Fedeko egiak erraz gogora ekarri ditzakezue: eta orien gañean guztiz erraz, eta probetxu andiarekin konsiderazioa, eta orazioa egin dezakezue. Ara nola: Kredoaren lenengo hitzak dira: Nik sinisten det Jaungoiko, Aita guztiz poderoso Zeruaren, eta lurraren Kreadoreagan. Hitz orien explikazioa badakizue: 1. Jaungoikoak berak zuek merezi bage, bere ezaguerara, eta fedearen argira ekarri zaituelako autortzen dezue, ikusi gabe sinisten dezuela, Jaungoiko egiazko bakar bat baizik eztala: eta Jaungoikotasun bakar batean iru persona diferenteak daudela: au da Aita Jaungoikoa, Seme Jaungoikoa eta Espiritu Santu Jaungoikoa: ez iru Jaungoiko, ezpada Jaungoiko egiazko bakar bat: eta ori dala, guk esan al, eta pensatu al baño infinitamente miragarriagoa: neurrigabeko, eta kabugabeko perfekzioak, edo anditasunak berak bakarrik berez dituana: neurri gabe ona, poderosoa, jakinsua, justua: gauza guzien prinzipioa, edo guziai asiera eman diena: eta guzien fiña, edo kreatura guziak bere gloria agertzeko, eta komunikatzeko egin dituana: bada ori guzia dakizuen ezkero, erraz zeurok barruan pensatu, konsideratu, eta esan dezakezue: Nik Jaungoikoari guztiz asko, eta esan al baño geiago zor diot: bada bere ezaguerara ekarri nau: eta bera da berez infinitamente poderosoa, ona, eta maitagarria, eta bera danagatik, beste gabe, merezi du guzien gañeko amorioa, eta errespetoa; eta ala ere nik ezertan eduki eztet, eta bera amatu, eta serbitu ordean, askotan, eta andizkiro ofenditu det: eta ez nau Infernura bota, deabruak bota zituan bezela, baizik itxon dit: beragana deitu nau: eta deitzen dit: eta ondu nai badet, eta bera biotz guztitik amatu nai badet, bertatik bere grazia, eta gero betiko gloria eman nai dit: Zerekin nere Jaungoikoa, eranzungo diot dizudan obligazioari, ala zure anditasun kabubageagatik, nola zure ontasunari, eta niganako amorio guztiz andi orri zor diodanagatik? Lotsatzen naiz nere eskergabetasunaz, eta billautasunaz: damu det Jauna nere biotz guztitik zure Majestadea ofendituaz: lenago ill nai det, zu berriz ofenditu baño: miserikordia arren nizaz, zure kabugabeko ontasunagatik, eta Jesu-Kristo zure Seme bakar maitearen merezimentuakgatik. Zurea izan nai det Jauna emendik aurrera: indazu arren zu nere biotz guztitik amatzeko grazia. Amen. Eta orra txit asko balio duen konsiderazioa, eta orazioa.

        3. Bada orobat Kredoari garraizkola sinisten degu, gure Jaungoikoa dala guztiz poderosoa, eta guzien Kreadorea, eta jabea: bere nai izanaz beste gabe, nai duen guzia egiteko poderioa, edo eskualdia duena: eta ala ezerezetik, nai izanaz beste gabe, Zerua, eta lurra, eta Zeruan, eta lurrean arkitzen diran kreatura guziak, ala begiz ikusten diranak, nola ikusten eztiranak sortu, kreatu, edo egin dituala: berak egin dituala, beste kreatura guzien artean nagusienak, edo prinzipalenak diran kreatura mota bi arrazoidunak: au da Aingeruak, eta gizon, eta emakumeak: eta egin gaituala guziok bere Majestade Soberanoaren antzera, eta imajiñara: emen orain bera ezagutzeko, serbitzeko, eta amatzeko: eta Zeruko glorian gero eternidade guzian bera aurpegiz aurpegi, edo argitasun guzian ikusteko, alabatzeko, eta berak daukan betiko, eta kabugabeko zorionaz goza eragiteko. Baña egia andi oek sinistea, eta gogoratzea asko ote degu? Ez: Zer egin bear degu bada? 1. Adoratu gure biotzeko erreberenzia guziarekin gure Jaungoikoaren anditasuna, eta guzialtasuna, edo poderio kaburik eztuena. 2. Ezagutu ondo bere guganako betiko amorioa: bada eternidade guzian beti gogoan eduki gaitu, eta nai izan duen denboran bere anzekoak, eta beti zorionekoak izateko egin gaitu: eta betiko ditxa, eta zoriona iristeko zer egin bear degun argiro erakutsi digu, eta ondo bizitzeko bear degun grazia, eta laguntasuna beti ematen digu, gere partetik alegiñak egin nai baditugu. Eta 3. Ezaguera orri dagokan bezela eranzuteko, exerzitatu bear gera, edo ekin bear diogu, orrek eskatzen duen gere barruko humiltasunari: Jaungoikoaganako konfianza, edo esperanza biziari, esker onari, alako Jaungoiko bateganako amorio irazekiari; pekatuaren iguitasunari, eta damutasunari: ez berriz pekaturik egiteko proposito, edo asmo irmo, eta eragilleari: eta aurrera gure Jaungoikoarenzat bakarrik bizitzeko deseo biziari: bada orrelako afektoak, deseoak, eta asmo santuak dira konsideraziotik atera bear ditugunak: eta oriek dira Jaungoikoari benetan eskatu bear diozkagunak: eta aren graziarekin exerzitatu bear ditugunak; orrela birtuteak, eta indarrak iristeko, eta bizitza on bat egiteko, eta orrek izan bear du gure konsiderazioaren, eta gogozko orazioaren frutu prinzipala. Eta ala, orain aitatu degun konsiderazioaren ondoren, Jaungoikoa bera begira dagokigula oroiturik, edo akordaturik, esan bear diogu: A! Jauna, zein ona zu guretzat, eta zein esker gaiztokoak gu zuretzat! Zu zera gure Jaun, gure Jabe, gure egille, eta gure Aita guztiz poderosoa, guziz ona, eta guziz ongillea; zuretzat egin gaituzu, eta zugan bakarrik dago gure egiazko, eta betiko zoriona, osoro kontentatu, eta ase gaitzakeana: eta ala ere zu billatu, amatu, eta serbitu ordean, ez bakarrik zutzaz azturik bizi izan gera, baizik askotan, eta lotsagabe ofenditu zaitugu: zure aserrean erori gera: zure adiskidetasuna, zure grazia, eta Zeruko gloriaren deretxoa galdu degu: zure, eta gure etsairik andienari, deabruari, atsegin egin diogu: aren mendeko billauak egin gera: eta betiko zorigatiza, betiko kondenazioa, betiko Infernua merezi izan degu. Eta ez gaituzu ara bota, beste asko betiko bota dituzun bezela, baizik Aita guziz biguñ, eta gure errukiz betea bezela gurekin portatu zera: itxon diguzu: zuregana berriz deitu diguzu: eta orain ere deitzen gaituzu, eta egiaz humillaturik, damuturik, eta bizitza berria egiteko proposito irmo batekin zugana biurtzea, eta zurekin pakeak, eta adiskidetasunak egitea nai dezu. Ezagutzen det bada orain nere Jaungoiko, eta Aita guztiz ona, nere zorakeria, nere itxumena, nere eskergabetasuna, eta nere gaiztakeri, eta kulpa guztiz andia: lotsaturik nago nere pekatuaz, eta gaizki egiñaz: damu det Jauna zure Majestadea ofendituaz: eskerrak ematen dizut nere biotz guztitik zure ontasun, eta erruki miragarri orregatik: zugan Jauna, eta zure ontasun kabugabe orretan, eta zure Seme maite Jesu-Kristoren neurri gabeko merezimentuetan daukat nere esperanza guzia, nere pekatuak asko, eta guziz andiak badira ere, zure ontasuna, eta miserikordia agitz da andiagoa: eta Jesu-Kristok nigatik eman zizun satisfazioa, edo pagua nere zorrak baño agitz andiagoa da: orra zerk ekarri bear ninduan zure Majestadea, eta ontasuna geiago, eta geiago amatzera, eta estimatzera: baña zure onegitasunaz, eta miserikordiaz beraz baliatu naiz ausardia geiago artzeko, eta ardura gabe zu ofenditzeko: eta ala ere ez nazu Infernura bota: eta humillaturik, eta damuturik zugana biurtzen banaiz, guzia barkatu nai didazu. Zerekin Jauna, zure amorio, eta erruki geiegizko orri eranzungo diot? Damu det Jauna nere biotz guztitik zure Majestadea ofendituaz: amatzen zaitut nere biotz guztitik, eta gauza guzien gañetik, lenago ill nai det, zu berriz ofenditu baño: ez geiago pekaturik: irazeki ezazu, Jauna, nere biotza, zure amorio santuan, eta indazu arren zure grazia, eta indarra nere borondate gaiztoa beti ukatzeko: munduko nekeak pazienziarekin eramateko: eta zure borondate santua gogotik beti egiteko. Amen. Eta orra gogozko orazioa probetxu andiarekin egiteko modua, Kredoaren lenengo hitzak ematen diguen ezaguera, eta argitasunarenkin: eta orri garraizkola.

        4. Aurrera konsideratu dezakegu, ez bakarrik, nola gure Jaungoikoak gizon emakumeak beretako egin gaituan: baita ere, zenbat estimatzen gaituan aren Majestadeak aditzera emateko, nola beste kreatura guziak, ala Zerukoak, nola lurrekoak guretzat egin dituan, eta guretzat konserbatzen dituan. Gure Jaungoikoak beregan dauzka kaburik eztuen ondasunak, eta aberastasunak, eta kreatura bearrik iñoiz ere izan eztu, bere zorionerako: egin ditu bada ezerezetik Zeruak, eguzkia, illargia, eta izarrak goi-orietan; eta emen be onetan egin ditu, eta ipiñi ditu lurra, ura, sua, eta aizea, eta begiz ikusten ditugun ainbeste animali, egazti, arrai, eta arbola, eta frutu mota diferenteak, aiñ ederki disponituak; eta guziak konserbatzen ditu bere probidenzia guziz miragarriarekin; 1. Bere kabugabeko poderioa, jakinduria, eta ontasuna agertzeko: eta beregan dan bezela, ezin orain ezagutu degulako, bere eskuetako obretan, edo egituretan, nolakoa dan ezagutu dezagun: eta aren kabugabeko anditasunak, eta perfekzioak nolabait barrunta ditzagun: eta guzien jabea, eta egillea bezela adoratu, erreberenziatu, eta amatu dezagun. Eta 2. Gauza oriek guziak egin ditu, eta konserbatzen ditu guretzat, eta gure onerako: gu argitzeko, gu berotzeko, gu mantentzeko, edo alimentatzeko, gu janzitzeko, guri laguntzeko, eta guziezaz gu baliatzeko: baña nori guzia zor diogun ezagutzen degula, guzien jabeari, eta emalleari bezela, eskerrak eman degiogun: eta bera serbitzeko, eta ez gure eragabeko pasioak kunplitzeko: munduko ondasunaz usatu dezagun, baña aietan gure biotzak ipiñi gabe; bada, nolanai ta ez ill bear degun, eta noiz, nun, eta nola eztakigun, eta ondasun guziak emen utzi bear ditugun: erakeri, zoramen, eta itxumen guziz arrigarria da munduko kreaturakgatik guzien jabea, egillea, eta ongille aiñ maitagarria despreziatzea, injuriatzea, eta ofenditzea: eta beti iraungo duen Zeruko ondasunak, atsegiñak, eta kontentuak galtzea. Eta ala ere zer besterik ikusten da Kristau askoren artean ere? Zerurako egiñak ezpalira bezela munduko honra, interes, eta atsegiñetan dauzkate ipiñirik eren biotzak, eta amorio guzia: eta eren egille, eren jabe, eta Zeruko eren Aita eta ongille maitagarriaz azturik bizi dira: eta ardura gabe ofenditzen due, puntu zital bategatik, interes labur bategatik, edo atsegin loi zikin bategatik. Eta orain zer probetxu atera bear degu, konsiderazio onek ematen digun ezaguera, eta argitasunetik: eta orrekin batera Jaungoikoak ematen dizkigun gogarki, inspirazio, eta esna-aldietatik? Lotsatu, humillatu, damutu, eta Jaungoikoari biotzetik barkazioa eskatu bear diogu: arritu bear gera Jaungoikoaren ontasunaz, eta guganako amorio aiñ andiaz, eta gure itxumen, eta eskergabetasun arrigarriaz. Aurrera aldatu bear ditugu gure asmoak, eta deseoak: eskerrak sarri eman bear diozkagu gurekiko izan duan miserikordia miragarriagatik: eta bera biotz guztitik amatu nai degulako señalean, aritu bear gera gere pasio, inklinazio, eta griña gaiztoak ezitzen, gere borondate propio eragabea ukatzen: naigabeak pazienziarekin sufritzen: eta Kristauari dagokan bizimodu on bat egiten: eta orretarako humill, humill, konfianza osoarekin Jaungoikoari, Jesu-Kristoren izenean bear degun grazia, eta indarra sarri eskatzen. Eta orixe da gogozko orazioa benetan egitea. Eta era onetan dotriñako lau partetan dakizkitzuen Fedeko egiak, naiz Kredokoak, naiz Mandamentuetakoak, naiz Sakramentu Santuen gañekoak, eta naiz orazioaren premiari, eta probetxuari, eta Aita gurearen, eta Abe Mariaren explikazioari dagozkanak, izan ditezke konsiderazio, eta orazio gai guztiz probetxugarriak: bada, ondo oartu nai bazerate, guzietan ikusiko dezue. 1. Jaungoikoaren zuekganako amorio guztiz andia: zuek argitzeko, zuzentzeko, eta Zerura eramateko daukan deseo guztiz bizia: 2. Ikusiko dituzue argiro, zuen obligazioak, ala Jaungoikoarekiko, nola zuen buruarekiko, eta zuen lagun projimoarekiko dituzuenak: 3. Ikusiko dituzue orobat zuen utsegiteak: eta 4. Oriek erremediatzeko, eta bizimodu on bat egiteko medio eragille, eta laguntasun andiak. Eta ala, zuen betiko zoriona seguratu nai bedezue, Jaungoikoaren aldetik ezertxo ere falta eztezue; zeurok piztu bear dezue zuen barruan zuen salbazioaren deseo bizi eragille bat: eta ori egunoro, eta geiago azitzeko, geitzeko, eta irazekitzeko, konsiderazioari, eta orazioari gogotik jarraio bear diozue: eta batez ere gogoan erabilli bear dezue. 1. Zertako Jaungoikoak ezerezetik egin zaituen. 2. Zuen egiazko zoriona alperrik billatuko dezuela munduko honra, ondasun, eta atsegiñetan: eta animako kontentu egiazkoa bakarrik arkitzen dala, Jaungoikoaren adiskide orain izatean, eta gero beraz Zeruan beti gozatzean. 3. Ezin esan al baño andiagoak dirala Jaungoikoak zuek merezi gabe, egin dizkitzuen mesede, ontarte, fabore, edo benefizioak, ala beretako egin zaituelako, nola bere ezaguerara ekarri zaituelako: konserbatu zaituelako, eta orain ere konserbatzen zaituelako: deabruaren, eta pekatuaren mendetik, eta betiko eriotzatik, edo Infernutik libratu zaituelako: eta orretako bere Seme bakar maite Jesu-Kristo eman dizuelako gizon egiñik zuen Erredentore, zuen Salbadore, eta zuen Maisu, edo gidari izateko: aren bizimoduaren exenploarekin, eta aren dotriña santuaren argiarekin Zeruko bide zuzena erakutsi dizuelako: aren pasio, eta eriotza Santuaren frutua, au da pekatuen barkazioa, eta bere grazia Sakramentu Santuetan aplikatu dizuelako, eta Jesu-Kristo berbera Komunio Santuan zuen biotzetara datorkizuelako: eta zuek esker gaiztoz eranzun arren, eta zuen pekatuakin bera berriz aserratu, eta berriz Infernua merezitu arren, kondenatu etzaituelako, baizik beragana deitu zaituelako: eta orain ere egiaz ondu nai bazerate, deitzen zaituelako: eta beste milla mesede Jaungoikoaren ontasunari zor diozkatzue, zuen konsiderazioa, eta esker ona merezi duenak. Baña zuen biotzak Jaungoikoaren amorioan irazekitzeko, eta pekatua geiago aborrezitzeko, Jesu-Kristo gure Jaunaren bizitza, pasio, eta eriotza sarri gogora ekarri bear dezue: eta ondo pensatu 1. Nor dan Jesu-Kristo; 2. Zenbat padezitu zuen; 3. Norgatik padezitu zuen; 4. Zertako padezitu zuen; eta 5. Nolako amorioarekin padezitu zuen; eta frutu txit ugaria aterako dezue; eta amorioarekin Jaungoikoaren bildur santua juntatzeko sarri gogora ekartzue; 1. Ill bearra; eta bein baizik ez ill bear; eta nun, noiz, eta nola ezin jakin: ezaguerarekin, edo ezaguera gabe. 2. Bereala Jesu-Kristoren tribunalean agertu bearra, zuen bizitza guziaren kontu zea ematera; eta zuen betiko suertea erabakiko duen sentenzia aditzera. 3. Orren ondoren, ondo bizi, eta ill bazerate, eternidade guziko zoriona, pakea, eta kontentua. Eta 4. Gaizki bizi, eta pekatuan ill bazerate, betiko Infernua, au da betiko ondasunak galdurik, betiko oñaze arrigarrien artean erretzen, kiskaltzen, eztanda egiten egon bearra: iñoiz ere alibiorik izateko esperanza gabe. Orra zeren begira gauden guziok: zenzatu gaitezen bada bertatik; orazioari, eta konsiderazioari jarraitu degiogun, eta seguru iritsiko degu orain Jaunaren, grazia, eta gero betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa