www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEITA BEDERATZIGARREN DOTRIÑA

 

Jesu-Kristoren pasio, eta eriotza santuaren
konsideraziotik atera bear ditugun
afektoak, eta frutuak.

 

        Jesu-Kristo gure Jaunaren pasio, eta eriotza santuaren konsiderazioan, probetxu andia ateratzeko, gogoan eduki bear ditugun bost gauza, edo zirkunstanzia prinzipalenak aditzera eman nizuen aurreko dotriñan: baña orien ezaguera bakarrik asko ezta, saiatzen ezpagera, oriei dagokien afektoak, edo sentimentuak gure biotzetan sortutzera: bada oetan dago konsiderazioaren frutu guzia: eta atera bear ditugun afekto prinzipalak dira, 1. Jesu-Kristoren pasioko dolore, edo tormentuen konpasioa, edo errukia. 2. Gure pekatuen kontrizio, edo biotzeko damutasuna. 3. Esperanza humill bat beti edukitzea. 4. Esker ona. 5. Jesu-Kristoganako amorioa. 6. Arriturik, edo miretsirik beti egotea bere ontasun neurribageaz: eta 7. Jesu-Kristori gogotik jarraitzea, edo berak erakutsi zigun bezela gure bizimodua moldatzea: eta orra dotriña gai bat txit probetxu andikoa, Jaungoikoak digula frutu andi bat ateratzeko bere grazia: eskatu dezagun Ama Birjiñaren bitartez. Abe Maria.

        1. G. Zeiñ da Jesu-Kristo gure Jaunaren Pasio penagarria, eta eriotza gogor lotsagarria gogoratzen degunean eduki bear degun lenengo afektoa, edo biotzeko sentimentua? E. Da gure barrean penatzea, tristetzea, eta errukitzea ainbeste pena, neke, dolore, naigabe, eta tormentu; eta aiñ arrigarriak batere kulpa bage sufritu zituala konsideratuaz. Ala egia arrizkoak, eta burnizkoak baño gogorragoak gure biotzak eduki bear ditugu, biguntzen, eta tristetzen ezpagera, ikusirik, ez nolanaiko persona bat, ezer zor eztioguna: dala, bera danagatik, edo dala mesederik batere egin eztigulako: baizik dala gure jabea, gure egillea, gure Aita ona, gure ongille guztiz andia, gure adiskiderik fiñena: bere odol guzia gure salbazioagatik eman duena: eta eziñ esan al baño geiago gugatik nekatu dana. Lotsatu gaitezen bada, N.K., gure gogortasun arrigarriaz, eta esker bagekeriaz: eta lagundu degiogun Jesu-Kristori bere penetan, biziro sentitzen ditugula, ez bakarrik erruki, eta amorio natural batekin, baita ere berari Kalbarioan zerraizkan emakume piadosak bezela; batez ere fedeak erakusten dizkigun motibo guztiz andiakgatik; konsideratzen degula, nor zan Jesu-Kristo, zenbat padezitzen zuen: norgatik, zertako, eta nola padezitzen zuen: berak kulparik batere etzuela: eta gure kulpakgatik guzia aiñ humill, eta aiñ gogotik sufritzen zuela. Eta bidenabar erakusten zigula, zenbateraño gure pekatuak aborrezitu bear ditugun: bada Jaungoikoaren justiziak ainbesteraño kastigatu zituan bere seme propioagan, gure fiadore egin zalako, eta gure pekatuen zorraren pagua bere gañ arte nai izan zuelako: eta ortik kontu ateratzen degula, pekatuen egiazko penitenzia egin nai ezpadegu, polako kastigua Infernuko su, eta garretan beti sufritu bearko degun: Eta 2. G. Zein da orretako Jesu-Kristoren pasio, eta eriotza santuaren konsideraziotik atera bear degun biotzeko afektoa, edo frutua? E. Gure pekatuakin Jaungoikoaren Majestadea ofenditzeko ausardia ikaragarria izan degulako dolore, damu, eta sentimentu andi bat beti edukitzea gere barrean: pekatua biotz guztitik iguitzea, eta aborrezitzea, Jaungoikoaren ofensa, eta injuria dalako, eta gure animaren betiko kondenagarri dalako: eta berriz pekaturik ez egiteko asma irmoa, proposito sendoa, edo determinazio osoa, eta eragillea gure biotzean artzea, eta sarri berritzea, Jaungoikoaren justiziari, al deguneraño, satisfazioa emateko deseo egiazko batekin. Orixe da kontriziozko, edo penitenziazko aktoak egitea. Eta orretako gauza egokiagorik, eta eragilleagorik munduan ezta Jesu-Kristoren pasio, eta eriotza santuaren konsiderazioa baño, esan ditugun bost gauzak, edo zirkunstanziak ondotxo ausnartzen baditugu. Ala egia pekatu mortal baten malizia, edo gaiztakeria, zeiñ arrigarria, zeiñ pisua, eta zeiñ kaltegarria, eta iguigarria dan, ondo ezagutzeko, eta ezagutzen dan bezela aborrezitzeko, txit asko balio badu ere, ondo konsideratzeak, 1. pekatu mortala, edo larria dala gure Jaungoikoaren aiñ injuria andia, aiñ desprezio izugarria, eta aiñ billaukeri, eta eskergabetasun ikaragarria, nun eztan munduan gizonik, dan jakinsuena izan arren, orren pisutasuna ondo ezagutu lezakeanik. Bada ezta gutxiago, kreatura bat, arrazoiaz bizi bear duena, eta dan guzia, eta duen guzia bere Kreadore, edo egille, eta ongille soberanoari zor diona, bere majestadearen kontra altxatzea, edo errebelatzea: eta aren etsairik andienaren mendeko bere gogoz, eta borondatez egitea baño. Orra nola munduan injuriarik andiena, eta traizione billauena izan oi dan, basallo bat, duen guzia bere Errege onari zor diona, Erregearen kontra altxatzea, edo errebelatzea; eta koroa, eta bizia kendu nai dioben etsai gaiztoakin juntatzea. Zer injuria andiagorik! Bada ona beste andiago bat 2. pekatu mortala da, balanza, edo pisu batean, alde batetik munduko puntu, edo banidade zital bat: edo ondasun, edo interes labur bat: edo gorputzaren atsegin zikin bat ipiñi: eta bestetik Jaungoikoaren lege santua, bere borondate soberanoa, eta guziz justua, edo zuzena, eta bere kabubageko ondasun guziak paratu: eta naiago izatea kreatra zirzill ezerez batek bere borondatetxoa, edo nai gaiztoa egitea, Jaungoiko guziz poderoso, eta guziz santuarena baño. Zer desprezio, eta billautasun izugarriagorik! bada ezta ori bakarrik: zerren pekatu mortala 3. da eskerbeltzik, eta eranzuerarik izan ditekean iguigarriena. Gogora ezpada ekarzue, Jaungoikoaren ontasunari, zuek merezi bage, zenbat zor diozuen. Badezue alabaña ezer, ala animaren aldetik, nola gorputzaren aldetik, Jaungoikoari zor eztiozuenik, edo berak eman eztizuenik? Etzaitue ezerezetik egin bere anlzera, eta eternidade guziko zoriona gozatzeko? Eta ori iristeko, bear dituzuen argi guziak, eta laguntasun guziak eztizue aiñ ugari eman? Eta betiko infernua askotan merezitu izan arren, ara bota ordean, eztizue itxon? Etzaitue askotan beregana deitu? Eta Sakramentu santuetan aiñ erremedio errazak, eta eragilleak ipiñi entizue, zuek pekatutik libratzeko, zuek ondutzeko, eta orain bere grazia, eta gero betiko gloria emateko? Eta au guzia ezer ezpaliz bezela, ezertan asko eduki eztezue: eta berriz, eta berriz, eta askotan pekatu mortalak egitera ardurabage itzuli zerate: esker gaiztoko humeak bezela zuen Aita ona despreziatu, eta deshonratu dezue: traidore lotsabage batzuek bezela zuen adiskiderik eta ongillerik andiena saldu dezue: emazte zoro esker gaiztoko batek bere esposo ona deshonratzen duen bezela, beste batekin dabillenean; ala zuen animen Esposo guztiz maitagarria, kreatura baten amorioagatik despreziatu dezue: zuen Salbadore, eta Erredentore maitagarriaren amorioa ezertan eduki eztezue: zuekgatik sufritu zuen pasio, eta eriotzaren kabubageko merezimentuak, eta aren frutua, zeurok galdu ezeze, zuen eskandalo, edo gaitz-bideakin beste askori galdu eragin diozue: Demonioaren beraren lanak egin dituzue: eta Jesu-Kristo berriz (ala bear baliz) gurutzean illtzeko, eta aren tormentu guziak berritzeko nai adiña motibo eman dezue: eta zuan aldetik danez berriz (San Pablok dion bezela) Jesu-Kristo guruzifikatu dezue, pekatu mortala egin dezuen aldi guzietan. A, zeiñ itxumen, eta eskergabetasun izugarria, aiñ sarri gertatuko ezpaliz, sinistu ere eziñ zitekeana! Eta ala ezagatu dezagun, N.K., gere barruko lotsa, eta damutasun andi batekin, txit arrazoi andiarekin, pekatuak Jaungoikoaren aserrean ipiñi gaituala: betiko gloriaren herenzia gozoa, eta aberatsa galdu eragin digula: eternidade guziko tormentuak animan, eta gorputzean Infernuko su, eta garretan beti-beti sufritzen egotera kondenatzen gaituala: Jaungoikoaren seme eta Zeruko erreinuaren heredero giñanak, deabruaren zorigaiztoko katibu billabak, eta aren lagun desditxatuak, eta bere antzeko monstruo itxusi nazkagarriak, eta izugarriak egin gaituala: gure anima tristea pekatuak gaixotzen, argaltzen, itxutzen, eta illuntzen duela, bere zorigaitza ez ezagutzeko: eta gaitzerako giña gaiztoz berriz betetzen duela: eta azkenik Jaungoikoaren grazia galdurik, eziñ ezer merezi dezakean estadu errukigarrian ipinten duela: bada obra onak egiteko illik dago pekatuan dagoan artean: orra zer dan, eta zein kalte arrigarriak dakazkien pekatu mortal batek: eta argatik zeiñ iguigarria dan. Bada diot, ori guzia txit egokia bada ere, pekatua ezagutzeko; pekatu mortal baten malizia, eta gaiztakeria askoz obeto ezagutzen dala, eta geiago aborrezitu bear degula: gauza oek biok gogora ekarriaz, eta ondo konsideratuaz. 1. Da, pekatu mortala dala Jaungoikoaren majestadeari egiten zaion injuria, desprezio, edo ofensa bat aiñ arrigarria, nun munduko kreatura guziak, Aingeru, eta Santu guziak, pekatu mortal bakar baten zorra pagatzeko, eta orren barkazioa iristeko, egiñ al obra on guziak eta eraman al trabaju, neke, eta tormentu guziak Jaungoikoaren justiziara ofrezituko baliobe ere: zorra pagatu bage, eta barkazioa iritsi bage geldituko lizatekean. Zerren kreatura utzetan, Ama Birjiña bera bezin santuak balira ere, ezin arkitu diteke kaudalik, eta merezimenturik pekatu mortal batek Jaungoikoaren majestade soberanoari egiten dion injuria izugarriaren zorra pagatu lezakenik: badakizue alabaña, ofensa bat dala andiagoa, zenbat ofenditua andiagoa dan, eta ofenditzallea txikiagoa dan: eta nola Jaungoikoaren anditasuna, eta majestadea dan kaburik eztuena, eta gizon bat ezeze, kreatura guziak ere ezerez bezela diran Jaungoikoaren aldean; orra zergatik pekatu mortala dan alde orretatik kaburik eztuen gaiztakeria, eta injuria: eta orra zergatik kreatura guziak orren zorra ezin pagatu zezaken. Zer erremedio bada arkitu zitekean pekatuen zorra pagatzeko, eta Jaungoikoaren justiziara satisfazio osoa emateko: eta berarekin pekatariak errekonziliatzeko, paketzeko, eta adiskidetzeko? Eta gizonak aiñ desditxa, eta zorigaitz arrigarritik libratzeko: eta galdu zituan graziazko, eta gloriazko ondasunak gozatzera biurtzeko? Ez zegoan besterik, Jaungoikoa bera gizon egitea, eta gizatasunean padezitzea, eta illtzea baizik, baña nork ori espera zezakean? eta nori burura ere etorri zeikion orrelako erremediorik? Orra bada N.K., 2. Jaungoikoaren ontasuna, eta justizia: eta beraren guzialtasuna, eta neurribageko jakintasuna zertan enpleatu diran, pekatua desegiteko: gizonak pekatuaren, eta Demonioaren mendetik ateratzeko: eta Jaungoikoarekin berarekin adiskidetzeko. Orretako batez ere Jaungoiko egiazkoa zan Jesu-Kristo, gizon egin zan: orretako ainbesteraño humillatu zan: padezitu zuen: eta gurutze batean iltzez josirik lapur biren erdian ill zan. Eta or ezagutzen da argiro, 1. pekatu mortal baten gaiztakeria zeiñ neurribagea, eta ikaragarria dan: bada alako erremedioa, edo kabubageko pagua, edo satisfazioa bear izan da, orren zorra pagatzeko. 2. or agiri da Jaungoikoaren justizia zeiñ ikaragarria dan: eta zenbateraño pekatua aborrezitzen duen. 3. Or bertan ikusten da Jaungoikoaren ontasuna, eta miserikordia zeiñ miragarria, eta neurribagea dan, eta gizonak zeiñ maite, eta zeiñ erruki dituan: eta azkenik, ez geiegi luzatzeagatik, or ageri da, N.K., zuen animak zeiñ preziatuak diran Jaungoikoaren begietan: zuen salbazioak zenbat balio duen: ori zuei iritsi eragiteko, Jaungoikoak zenbat egin duen, eta zenbat sufritu duen: eta zuek, borondatez itxutu, eta zoratu nai ezpazerate, zer egin bear dezuen, betiko zorigaitzetik libratzeko, eta betiko zoriona iristeko. Zer egin bear degu bada? Pekatu mortalak beste gaitz guziak baño geiago iguitu, eta aborrezitu, eta oraindañoko pekatuen damutasun egiazkoarekin, eta bizimodu berri bat egiteko asmo, edo proposito eragille batekin konfesio on bat, eta aurrera Jaungoikoaren grazian irauteko eta bizioak goitutzeko, eta birtutean aurreratzeko Jesu-Kristo guruzifrkatuari sarri begiratu, eta aren pasio, eta eriotza santua ondo konsideratu. Eta zenbat ori sarriago, eta arreta geiagorekin egiten dezuen, anbat frutu ugariagoak, eta afekto, edo sentimentu biziagoak, eta probetxugarriagoak zoko biotzetan sortuko dira: eta batez ere oituko zerate 1. Jesu- Kristogan esperanza humill bat txit konsolagarria edukitzera: 2. esker onekoak izatera: 3. Jesu-Kristo biotz guztitik amatzera: 4. beraren ontasunaz, eta zuekin eduki duen errukiaz arriturik, eta miretsirik beti egotera: eta 5. leiatuko zerate bere antzekoak izateko egiazko alegiñak egitera: bada guzirako motibo, eta arrazoi guziz indarsuak, eta eragilleak Jesu-Kristoren pasio, eta eriotza santuaren konsiderazioan arkituko dituzue: eta ori da orain, laburtxo bada ere, nola egin erakutsi bear dizuedana.

        G. Eta 1. Jesu-Kristogan esperanza humill bat, baña guztiz andia, eta konsolagarria edukitzeko, zer pensatu, eta zer egin bear degu? E. Sinistu bear degu biziro, eta konsideratu, gure Jaungoikoaren ontasuna, miserikordia, eta digun amorioa guztiz andia, eta maitagarria dala: guk merezi bage egin dizkigun mesede guztiz andietan, eta batez ere gu pekatutik, eta betiko eriotzatik, edo infernutik libratzeko artu dituan neurri, eta medio errukizko, eta amoriozkoetan argiro ageri danez. Eta 2. ondo pensatu, eta gogoan sarturik eduki bear degu, guk gerez ez merezi arren pekatuen barkaziorik, eta Zeruko sokorro, laguntasun, edo graziarik; kabubageko diñatasuna, eta neurribageko merezimentuak dauzkala Jesu-Kristo, gure bitarteko, eta pagatzalle andiak: beretzako bear etzituala, guretzat irabazi zituala: eta guziak gugatik Aita Eternoari ofrezitu ziozkala, eta beti ofrezitzen dagoala: eta Aita Eternoak hitza emanik dauka, Jesu-Kristoren izenean gure salbaziorako eskatzen digun guzia emango digula: eta ala gure pekatuak balira ere, eziñ kontatu ala, eta munduan oraindaño egin diran, eta aurrera egingo diran itxusienak, eta nazkagarrienak, guzien barkazioa emateko prest dago gure Jaungoikoaren kabubageko ontasuna, eta miserikordia, Jesu-Kristoren izenean, eta aren neurribageko merezimentuakgatik, egiaz damuturik, esperanza humill batekin barkazioa eskatzen badiogu. Eta orobat emango dizkigu bear ditugun Zeruko argiak, laguntasunak, eta indarrak bere grazian, eta adiskidetasunean irauteko: gure animako etsaiak, kanpokoak, eta barrukoak menderatzeko: eta Jesu-Kristori berari jarraitzeko. Zer konsuelo andiagorik, egiaz ondo, eta salbatu nai duen Kristau pekatari batenzat! baña orretako eduki bear dezue, ez nolanaiko esperanza, baizik humilla: bada asko Kristau arkitzen dira gai onetan txit itxuturik, eta Deabruak engañaturik. Batzuek bildurtiegiak, guztiz argalak, eta gaitzerako griña biziak, eta pasio sutuak, eta irazekiak dauzkatelako, etsitzen duenak edo esperanza txit urria duenak: eta alaitzen eztira; zergatik uste due grazia berez egin bear duela: eta eren pasioak goitzeko indarrik eztuela: orien erremedio andia da bada esan degun esperanza humilla: sinistu bear due, erak bakarrik gauza onik ezin egingo duela: baña ori ezaguturik, eta humillaturik, eta ondutzeko deseo eragille batekin, gogotik, eta esperanza osoa Jesu-Kristogan ipiñirik Jaungoikoari eskatzen badiobe bear duen Zeruko laguntasuna, eta indarra, seguro iritsiko duela. Kontrara beste Kristau batzuek, alde batetik arroak, eta bestetik alper nagi andiak, pekatu mota askoren mendean egon arren, uste due, ez Jaungoikoak orain deitzen dienean, baizik erak nai duenean txit erremediatuko dirala: eta ala egingo duelako esperanza ere badue: baña da esperanza arroa, erabagea, fundamentu bagea, eta engañagarria: bada eskuarkiro orrelakoak iñoiz bear bezela humillatzen eztira: zerren eren buruak ezagutzen eztituen: eta kondenatu oi dira: eta are gaiztoago dira beste Kristau itxutu batzuek, erremedioaz pozoi gaizto ilgarria egiten duenak: eta dira, Jaungoikoa aiñ ona, eta miserikordiosoa dalako: eta pekatuen pagu osoa Jesu-Kristok gugatik eman zuelako, nekatu bearrik eztuela: gustora orain bizi ditezkeala: eta azkeneko gaitza, edo eriotasuna datorkienean grazia erremediatuko duela: eta salbatuko diralako esperanza andian bizi diranak. A! zeiñ arrigarria dan oen guzion itxumena! eta zeiñ bildur izateko dan, oraingo esperanza gaizto ori, pekatuen irauteko serbitzen dien uste falso ori, egiazko desesperaziora biurtuko zaiela; lenago askori gertatu zaion bezela, supito iltzen ezpadira ere! bada Jaungoikoaren Majestadea biotz guztitik amatzera ekarri, eta mugitu bear dituan motiborik andiena: au da, bere kabubageko ontasuna, eta gizonari egin dion mesederik andiena, pekatutik libratzeko, eta birtuteari benetan jarraitzeko, artzen due aitzakitzat, eta okasiotzat, Jaungoikoa bera geiago ofenditzeko; pekatuetan irauteko, eta alper nagi andiak izateko. Jaungoikoak arren argitu gaitzala guziok; gere gaiztakeriak ondo ezagutzeko: eta digula egiaz humillaturik, lotsaturik, eta damuturik esperanza humill, baña eragille batekin, Jesu-Kristoren izenean gere pekatuen barkazioa sarri, eta ondo eskatzeko bear degun grazia: bada orrela iritsiko degu: eta gugan sortuko da Jesu-Kristoren pasio, eta eriotza santuaren konsiderazioari beti lagundu bear dion beste afekto bat guziz probetxugarria, eta Jaungoikoarentzat txit atsegingarria.

        G. Eta zer da esker onekoa izatea? eta Jesu-Kristoganako esker ona ejerzitatzeko zer pensatu, eta zer egin bear degu? E. 1. Esker onekoa izatea da, errezibitu degun faborea, mesedea, edo benefizioa, au da, on egiña ondo ezagutzea, eta agitz estimatzea: 2. da, ongilleari, edo mesedegilleari eskerrak gogotik ematea: eta egin digun mesedearen anditasuna autortzea, eta alabatzea: eta 5. da, al deguneraño gere obra, edo lan onakin egilleari korresponditzea, edo ondo eranzutea, eta atsegiñ ernatea: eta ori guzia da, persona humillak txit gogotik egiten duena: baña arroak txit nekez, zergatik oek uste due guzia zor zaiela: eta kontrara humillak uste due, ezer merezi eztuela: diot bada 2. Jesu-Kristoganako esker ona ejerzitatzeko, alegiñak egin bear ditugula, bere bizi guzian, baña batez ere bere pasio, eta eriotzako denboran egin dizkigun mesede guztiz arrigarriak eta oriek eragin diozkan guganako amorioaren anditasuna ondo ezagutzeko, eta gogoan beti erabiltzeko, nor dan Jesu-Kristo: zenbat sufritu zuen: norgatik sufritu zuen: zertako sufritu zuen: eta nolako amorioarekin sufritu zuen: eta nola ori guzia zeoro aditurik daukazuen, orain berriztuko eztizuet. Eta diot bakarrik, bost gauza, edo zirkunstanzia orien ezaguerak, eta konsiderazioak agitz argituko, eta mugituko zaituela: esker onekoak izatera ezeze, Jesu-Kristoren maitatzalle andiak izatera: eta au da Jesu-Kristo gure Jaunaren pasio, eta eriotzako, eta bere bizitzako pauso guzietatik atera bear degun afekto, eta frutu prinzipalena: bada, nola gure amorio propio erabagea, eta munduaren amorioa dan gure pekatu guzien, eta gure kondenazioaren sustraia, eta jatorria, ala gure Jaungoikoaren, eta bere seme Jesu-Kristo, Jaungoiko, eta gizon egiazkoaren guzien gañeko amorioa da, gure pekatu guziak desegiten dituana: eta on guziak, ala oraingoak, nola gerokoak edo betikoak dakazkiguna.

        G. Eta zer pensatu, eta zer egin bear degu amoriozko afekto aiñ probetxugarri ori alkanzatzeko? E. 1. Esker onaren gañean esan deguna bera. 2. Jesu-Kristoren maitagarritasuna alik ondoena ezagutzeko alegiñak egitea, ala bera danagatik, nola gurekin egin dituan amoriozko lanakgatik, eta gugatik eraman dituan neke arrigarriakgatik: bera da alabaña, beregan kaburik eta neurririk eztituen perfezio guziak dauzkana: bera da guztiz ona, guztiz poderosoa, edo alduna, guztiz jakinsua, guztiz santua, guztiz ederra, edo edertasuna bera, eta edertasun guzien sortzallea, edo emallea: bera da gure jabe soberanoa: gure Kriadore, edo egillea, bere idurikoak, edo antzekoak, eta beti zorionekoak izateko egin gaituana: bera da gure Salbadorea, gure Erredenptore, edo eroslea: gure Maisu, edo Zeruko gidaria: bera da gure Abogadua, edo anparatzallea: bera da gure Mediku, edo sendatzallea: gure Arzaia, eta Arzai ona: Bera da Zerurako gure bidea: egia bera, eta gure argia: eta hitz batean esateko, bera gure on guzia: gaitz guzien erremedioa: eta on guzien ekarlea: gu betiko eriotzatik libratzeagatik, eta betiko gloriara eramateagatik gizon egin zana, eta gurutze batean iñork obligatu bage, bere borondatez eriotzara entregatu zana. Nork amatuko eztu bada orrelako Jaun maitagarria, eta orrelako ongille miragarria? Eta nork pozik bizia emango eztu, Martiri santuak bezela, orrelako jabe guztiz ona ez ofenditzeagatik; eta amorioz berari eranzuteagatik? Eta nor egongo ezta arrezkero beti arriturik eta miretsirik, ikusirik Jesu-Kristoren guganako amorio aiñ andia, eta irazekia, eta orrek eragin diozkan mirari aiñ andiak? Eta au da beste afekto eta frutu andi bat, Jesu-Kristoren pasio, eta eriotza santuaren konsiderazioak berez dakarrena: eta orretara oitu ziran santuak, askotan kordebage uzten zituana, eta beregandik ateratzen zituana: bada mundu guzia ezerezetik hitz bakar batekin egiteak: mundu guzia konserbatzeak: eta Zeruan eta lurrean Jaungoikoak egin dituan ezin kontatu ala prodijio, eta marabilla guztiz andiak etzituan ainbeste arritzen, nola Jaungoikoaren seme propioa, mundu guziaren jabea gurutze batean gizonaren amorioagatik illik ikusteak arritzen, ola miresten zituan: bada beste obra miragarri oriek guziak Jaungoikoak egin ditu, berari ezer kostabage: nai izatea, eta agintzea asko zuen guziak egiteko: baña gizona erredimitzeko, eta salbatzeko ezin geiagoraño humillatu zan, eta nekatu zan: eta Sakramentu santuetan gizonaren alde mirari arrigarriagoak, eta andiagoak egin zituan, eta egunoro egiten ditu: eta or ezagutuko da argiro, askoz obra andiagoa, eta miragarriagoa dala gizonak pekatutik, eta deabruaren katiberiotik ateratzea, eta santifikatzea, munduko beste obra andi miragarri guziak egitea baño. Alabatua izan dedilla betiko orrelako gure Jaungoikoaren ontasun aiñ miragarria.

        G. Eta orain, Jesu-Kristok aiñ maite gaituan ezkero, eta gu salbatzeko ainbeste nekatu dan ezkero, zer egin bear degu berari esker onaz, eta amorioz eranzuteko? Eta gure animak salbatzeko? E. 1. Millarezko eskerrak sarri eman: 2. bera dan ezkero ez bakarrik gure Erredenptorea, baita ere gure Maisu, erakusle, eta Zerurako gidaria, berari, erakutsi zigun bizimoduan ala bere ejenplo onarekin, nola bere dotriñarekin, gogotik jarraitzeko alegin guziak egin bear ditugu: bada bestela eztegu Kristauaren izenik edukitzea ere merezi. Baña, nola aiñ itxuak gauden munduko zorakeriarekin, eta gora berakin: eta gure andinai, erabageko ondasun gura: atsegin, gusto, nai, deseo, edo griña andiakin: eta beste pasio erabage askorekin: beti pekatura ekarri, edo mugitu oi gaituenakin: 3. egunoro, eta alik sarriena orazio piskatxo bat bere konsiderazioarekin egtitera oitu bear gera: eta Jaungoikoari biotzetik eskatu bear diogu, arren digula Jesu-Kristoren pasio, eta eriotzaren merezimentuakgatik, bear degun argia eta grazia, gure itxumena ezagutzeko: Jaungoikoaren ontasun neurribagea, eta egin dizkigun mesede guztiz andiak sarri gogoratzeko, eta batez ere, zer dan, edo betiko zorionekoak, edo betiko zorigaiztokoak izatea beti gogoan edukitzeko: eta egia oriekin batera argiturik, azkarturik, eta Jesu-Kristoren graziarekin armaturik, eta indarturik, gerra bizia beti pekatuari egiteko: birtuteari gogotik jarraitzeko: eta orrela zoriona edo Zeruko gloria iristeko. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa