www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN DOTRIÑA

 

Aditzera emateko:
1. Nola, eta zertako Apostoluak Kredoa esan zuen:
2. Fedea zer dan, eta zergatik eta nola
fedeko misterioak jakiñ, eta sinistu bear ditugun:
eta 3. Nola fedearen argiaregin gure bizimodua
zuzendu bear degun.

 

        Ikusi zenduen orain urrengo aldian, nola Kristauaren dotriña guziak lau parte, edo zati dituan: eta parte bakoitza zertako dan, eta zeiñ bearra dan ondo bizitzeko: gaur bada lenengo partea azaltzen, edo esplikatzen asi bear degu: eta aditzera emango dizuet. 1. Nola, eta zertako Apostoluak Kredoa esan zuen. 2. Fedea zer dan, eta zergatik, eta nola fedeko gauzak jakin, eta sinistu bear ditugun: eta 3. Nola fedearen argiarekin gure bizimodua zuzendu bear degun. Arreta andi bat ipini bear dezue: bada dotriña guziaren zimendua, eta sustraia fedea da: eta orrek zertara beartzen, edo obligatzen gaituan, guziok jakin bear degu: eta probetxuarekin izan dediñ, eskatu dezagun lenago Espiritu Santuaren argia, eta grazia Ama Birjiña guztiz santaren bitartez. Abe Maria.

        1. Kredoa nork esan zuen? Jesu-Kristoren amabi Apostoluak. Noiz, eta nola Apostoluak Kredoa esan zuen? Jesu-Kristo Zerura igo ezkero, eta Espiritu Santua, eta bere doai miragarriak eren biotzetan errezibitu ezkero, Jesu-Kristok berak agindu zien bezela, alkargandik apartatzeko, eta mundu guzian Jesu-Kristoren fedea, eta Ebanjelio Santua predikatzera, eta erakustera joateko zeudenean; amabi Apostoluak batetan juntatu, edo batu zituen, Kristau guziok jakin, eta sinistu bear ditugun fedeko misterio, eta egia prinzipalak; eta bearrenak: eta guzien artean Kredoa formatu zuen: Apostolu bakoitzak fedeko artikula, edo misterio bat esanaz.

        Ara zer ordenarekin dakazkian Fr. Luis de Granada Beneragarriaren dotriñak.

        1. San Pedro, Apostoluen buruak, esan zuen: nik sinisten det Jaungoiko Aita guztiz poderoso, Zeruaren, eta Lurraren Kreadoreagan.

        2. San Andresek esan zuen: sinisten det aren seme bakar Jesu-Kristo gure Jaunagan.

        3. Santiago nagusienak esan zuen: sinisten det, konzebitua edo sortua izan zala Espiritu Santuaren graziz, eta jaio zala Maria Birjiñagandik.

        4. San Juan Apostoluak esan zuen: sinisten det, padezitu zuela Ponzio Pilatosen agintearen azpian, izan zala guruzifikatua, illa, eta enterratua, eta obiratua, edo sepultatua.

        5. San Tomasek esan zuen: sinisten det, jetxi zala Infernuetara, eta irugarren egunean illen artetik piztu zala.

        6. Santiago gazteanak esan zuen: sinisten det, igo zala Zeruetara, eta dagoala eseririk Jaungoiko Aita guztiz poderosoaren alde eskuitik.

        7. San Felipek esan zuen: sinisten det, andik etorriko dala biziak, eta illak juzgatzera.

        8. San Bartolomek esan zuen: sinisten det Espiritu Santuagan.

        9. San Mateok esan zuen: sinisten det Eliza Santa Katolika, eta Santuen komunioa.

        10. San Simonek esan zuen: sinisten det pekatuen barkazioa.

        11. San Judas Tadeok esan zuen: sinisten det: Aragiaren erresurrezioa, edo piztutzea.

        12. San Matiasek esan zuen: sinisten det: betiko bizitza. Amen.

        Kredoaren amabi Artikuluetan Trinidade Santisimako iru Persona dibino, edo Jaungoikozkoak agertzen, edo deklaratzen dira: eta baita Persona bakoitzari batez ere dagozkion obra, edo lan miragarriak. Lenengo Artikuluan Trinidadeko lenbiziko Persona, edo Aita Eternoa, eta ari batez ere dagokion munduaren Kreazioa edo ezerezetik egitea explikatzen da. Urrengo sei Artikuluetan, Trinidadeko bigarren persona, edo Seme dibinoa, gugatik gizon egiña deklaratzen da: eta baita ari dagozkion gure erredenzioko misterio andiak: eta azkeneko bost Artikuluetan Espiritu Santua, edo Trinidadeko irugarren Persona, eta ari batez ere dagozkion gure justifikazioko misterio guztiz miragarriak aditzera ematen dira.

        Eta zertako Apostoluak, aiñ misterio andiak bitu, edo batu zituen Kredoan, aiñ laburtxo, nola esan ditugun? Gu fedean informatzeko. Au da munduko Kristau guziai, era batera, eta itz batzuekin, neke andi bage, guziok jakin, eta sinistu bear ditugun fedeko misterio prinzipalak erakusteko.

        Eta zer beste izenik Kredoari ematen diobe? Deitzen diobe Apostoluen Sinboloa: eta itz onek esan nai du distingitzeko, eta ezaguerazotzeko señale, edo marka bat, askoren borondatez artua, edo esleitua. Eta Kredoak du izen ori, zergatik Apostoluen Kredua sinisten, eta konfesatzen duen fededun guziak orrekin distingitzen dira, Kristau Katolikoak eztiran fedebage guziakgandik. Eta ala gure dotriña laburrak bereala galdetzen du: zertako esaten dezu Kredoa? Eta eranzuten du; Kristauak degun fedea konfesatzeko, edo aitortzeko.

        Eta zer da fedea konfesatzea? Da gure barruan sinisten ditugun fedeko misterioak, eta egiak kanpotik, edo agerian aitortzea, edo deklaratzea: eta ori egiten degu, fedeko Aktuak edo Kredoa esanaz. Eta baita fedeaz batera agerian Kristauaren lanak egiñaz.

        2. Eta fedea zer da? Ikusi ezteguna sinistea. Eta zenbat gisa, edo erara da fedea? Era bitara: bata da gizonak esaten diguena, ikusi bage sinistea: eta orri deitzen diogu fede humanoa. Gizonaren esanari dagokiona: eta orretan engañatu gaitezke, eta askotan engañatzen gera: bada esaleak erak askotan engañaturik daude: uste falsoan daude: eta beste askotan gezurra diobe: eta beste fedea da Jaungoikoaren esanari, edo itzari ematen dioguna: eta deitzen diogu Jaungoikozko fedea: eta au da Kristauaren fedea: bada gure fede santuko misterioak, eta egiak, ikusi bage sinisten ditugu, zerren gure Jaungoikoak berak agertuak, esanak, edo erakutsiak diran gure Eliza Ama Santari, eta Eliza Ama Santak guri.

        Ikusi zenduan zuk Jesu-Kristo jaiotzen? Ez: Ikusi zenduan Gurutzean iltzen, piztutzen, eta Zerura igotzen? Ez: Eta sinisten dezu? Bai, Jauna, sinisten det. Eta orobat fedeko beste misterio guziak sinisten dituzu? Bai Jauna: guziak sinisten ditut. Eta zergatik orrela sinisten dituzu? Zergatik Jaungoikoak berak ala esanak, Eliza Ama Santak ala erakusten digun. Eta sinisten det Kredoaren asieran esaten dezunean, zer aditzera eman naiezu? Eztet esan nai bakarrik, ala uste dedala, eta ala deritzodala, baizik gauza guztiz ziertutzat, eta egiazkotzat daukadala: eta alakoa bezela, batere duda bage eta begiz ikusi ta baño ere, ziertuagotzat sinisten dodala: bada nere begiai iduritu lekizkie gauza bat bestegatik, baña Jaungoikoa bera eziñ engañatu liteke, zerren dan guzia dan bezela, dakiana; eta eziñ engañatu gaitzake, zerren dan kabubageko santua: eta ez lizate Jaungoiko egiazkoa izango, gezurrik esan, edo erakutsi balezake.

        Eta orrelako fedea, edo orrela sinistea gauza bearra da, salbatzeko? Bai: bada eziñ fedearen bitartez baizik gure salbaziorako nai ta ez jakin bear ditugun egiak ezagutu gintzake: ez eta gure egiazko zoriona zertan dagoan; eta ori iristeko, edo alkanzatzeko zer egin bear degun ere. Eta aiñ bearra da fedearen birtute au, ze ori bage beste obra on guziak Zerurako batere balio eztue.

        Eta fedeko gauzak ikastea, eta jakitea asko da, bear bezela sinisteko? Edo eldu gaitezke gure arrazoi, eta alegin utzakin fedearen birtutea iristera? Ez: fedearen birtutea da Zerutik datorren doai bat, naturalezaz gañekoa: da Jaungoikoak ematen duan argi, ta grazia andi bat, mugitzen gaituana, ikusi bage sinistera, Jaungoikoak berak: Elizari agertu, edo erakutsi nai izan dion guzia gure salbaziorako. Egia da fedeko gauzak ikasi bage eziñ jakin, eta sinistu ditzakegula: baña orobat da egia eta fedeko egia, Jaungoikoaren grazia bage, eta berak argitu bage, gure indar utzakin eziñ sinistu dezakegula. Eta noiz eman digu gure Jaungoikoak sinisteko bear degun fedearen birtutea? Bateo santuan sortu zuen, edo ezarri zuen gure animetan bere graziarekin batera fedearen birtutea: eta baita esperanzaren, eta karidadearen birtute, edo doai guztiz andia ere: eta birtute orren laguntasunarekin dotriñaren ezaguerara gatozenean fedeko egiak sinisten ditugu: eta orobat Jaungoikoagan gure esperanza ipintzen, eta bera gauza guzien gañean amatzen abiatzen gera.

        Eta ezta Kristauak baizik, fedearen birtutea, eta doaia duenik? Ez: eta argatik Kristauok txit asko estimatu bear degu doai miragarri au: eta Jaungoikoari sarri eskerrak eman bear diozkagu fedearen argira ekarri gaitualako: eta fedeko gauzak ondo ikasteko, eta ezagutzeko alegin guziak egin bear ditugu.

        Eta zer gauza dira Kristauak bezela dituzunak, eta sinisten dituzunak? Eliza Ama Santa Erromakoak dituanak, eta sinisten dituanak. Eta zeiñ da Eliza Ama Santa Erromakoa? Da Kristan fededun guzien Eliza, edo kongregazioa: Erromako Obispo, Aita Santua, edo Sumo Pontifize Erromakoa bere burutzat mundu onetan ezagutzen duena: bada Erromatik, Jesu-Kristoren Bikarioa, edo ordenakoa, eta beste Obispo guzien nagusiena, eta guzien burua danak bezela Eliza guzia gobernatzen du: eta argatik da Eliza Ama Santa Erromakoa, beste aldi batean esango degun bezela.

        Baña esango dezue: Eliza Ama Santa gobernatzen, eta Elizako humeai fedeko gauzak erakusten dizten Erromako Aita Santua, eta Obispo guziak, eta oen mendean dauden Eliza bakoitzeko Arzaiak, eta dotriña-Maisu, edo erakusleak gizonak diran ezkero, nundik dakigu oriek erakusten dizkiguen misterioak fedeko egiak, eta Jaungoikoak berak erakutsiak, eta Eliza Ama Santari agertuak, esanak, eta errebelatuak dirala? Jaungoikoak berak Eliza Santa Katolika fundatu zuen: Jaungoikoaren beraren Seme bakar Jesu-Kristo gure Jauna da Elizako buru prinzipala: onek autu zituan amabi Apostoluak, bere bizitza guziaren, bere Zeruko dotriñaren, bere milagro guzien, eta bere eriotzaren, erresurrezioaren, Zeruko igoera, edo Aszensioaren, eta Espiritu Santuak bere etorreraz egin zituan mirari arrigarrien testiguak izateko: bere ordekoak eta Obispoak eginik mundu onetan utzi zituan; Eliza gobernatzeko bear zituen argi, jakinduri, eta eskualdi guziak eman zizten: eta mundu guziari Jesu-Kristoren beraren Zeruko dotriña erakusteko kargua eman zien: kargu ori bera erak ordenatzen, eta konsagratzen zituen Obispo, Apaiz, edo Eliz-Maisuai uzteko, edo emateko eskualdi guziakin. Eta Jesu-Kristok berak, Zerura igo baño lenago Apostoluai esan zien: nik erakutsi dizkizuedan egiak, munduko guziai erakutsi egiezue: eta nere dotriña artzen, edo nigan sinisten duen guziak bateatu itzatzue Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean: eta erakutsi egiezue, nolako bizimodua egin bear duen. Eta azkenik esan zien: «ni zuekin izango naiz munduak dirauen artean»: Ona, N.K., zuek sosegatzeko dotriña segurua, eta ziertua, Jesu-Kristoren Ebanjelio Santuak erakusten diguna. Eta ortik atera dezakezue kontu: 1. Jesu-Kristoren itzak eziñ faltatu dezakeala: eta berak itza emanik daukan ezkero, gordeko duela: eta bere Eliza iñoiz ere desanparatuko eztuela: eta beti argituko duela: oraindaño beti argitu duen bezela, Jaungoikoaren beraren itza garbiro erakusteko, utsegiterik dan txikiena ere fedeko gauzetan iñoiz ere egin bage. Eta 2. arrezkero seguru, eta batere kezka bage sinistu bear degu, Eliza Ama Santak, edo aren buru egiazkoak diran Aita Santuak, eta Obispo katolikoak Jesu-Kristoren beraren dotriña baizik erakusten eztiguela. Eta 3. zuen konsuelo geiagorako dotriña orren egia Jaungoikoak probatu, eta konfirmatu du denpora guzietan eziñ kontatu ala milagro ziertuakin eta nabarmenakin: eta badakizue Jaungoikoak eziñ milagrorik egin dezakeala, gezurra sinistu eragiteko. Eliza Ama Santaren fedearen egia batere duda bage sinistu erazotzeko, eman dizkigu gure Jaungoikoak beste testimonio guztiz asko, guztiz andiak, eta ikusgarriak; eta beste dotriña aldi batean batzuek aitatuko, eta aditzera emango dizkitzuet, zuen fedea, edo sinismena geiago, eta geiago irmatzeko, eta orain garraizkon gure dotriña laburrari.

        Zer da bada zuek, eta Eliza Ama Santa Erromakoak dezuena, eta sinisten dezuena? Batez ere fedeko Artikuluak Kredoan dauden bezela. Zer gauza dira fedeko Artikuluak? Dirade gure fedearen misteriorik prinzipalenak, edo nagusienak. Zenbat dira fedeko Artikuluak? Amalau: eta guziak daude Kredoan sarturik, Kredoko dotriña ondo ezagutzen bada. Eta zertarako dira amalau Artikulu oriek? Trinidade Santisimaren, eta Jesu-Kristoren gizatasunaren misterioen berri argia eta distintoa Kristauai errazago emateko: au da, Trinidadeko, eta Enkarnazioko misterioak obeto ikasi eragiteko. Ara nola erakusten dizkigun gure dotriñako liburu txikiak.

        Fedeko Artikuluak dirade amalau: Lenengo zazpiak dagozkio Jaungoikotasunari: eta beste zazpiak gure Jaun Jesu-Kristo Jaungoiko eta gizon egiazkoaren gizatasun, edo humanidade santuari. Jaungoikotasunari dagozkionak dirade oek: Lenengoa: sinistea Jaungoiko guztiz poderoso bakar bategan. Bigarrena: sinistea, dala Aita. Irugarrena: sinistea dala Semea. Laugarrena: sinistea dala Espiritu Santua. Bostgarrena: sinistea dala Kreadorea. Seigarrena sinistea dala Salbadorea: eta Zazpigarrena: sinistea, dala Glorifikadorea.

        Jesu-Kristoren gizatasunari dagozkionak dira oek.

        Lenengoa: sinistea, Jesu-Kristo gure Jauua, gizona dan aldetik konzebitua, edo sortu izan zala Espiritu Santuaren obran, eta graziaz.

        Bigarrena; sinistea, jaio zala Santa Maria Birjiñagandik: zalarik Señora au Birjiña, Semea egiñ baño len: egitean, eta egiñ ezkero.

        Irugarrena, sinistea, Pasio, eta eriotza artu zuela gu pekatariok salbatzeagatik.

        Laugarrena: sinistea, Infernuetara jetxi zala, eta beraren zai, eta esperanzan zeuden guraso santuen animak atera zituala.

        Bostgarrena: sinistea, irugarren egunean illen artetik piztu zala.

        Seigarrena: sinistea, Zeruetara igo zala, eta Aita guztiz poderosoaren eskuian eseririk dagoala.

        Zazpigarrena: sinistea, etorriko dala biziak, eta illak juzgatzera: esan nai du: onai gloria ematera; zerren aren mandamentu santuak gorde zituen: eta gaiztoai betiko pena, zerren gorde etzituen.

        Orra gure fede Santuko Artikulu, edo egia prinzipalenak, eta bearrenak: Kristau guziok jakin, eta ezagutu bear ditugunak: bada eztegu asko era batera, eta beingoan Eliza Ama Santak erakusten duen guzia batere distinzio bage sinistea. Orrez gañera, au da, guzia sinistuaz gañera, distinzioarekin jakiteko obligazio larria degu Kredoan, edo fedeko Artikuluetan dauden misterioak. Eta guziak eziñ batek ikasi baditu, alegiñak egin arren: salbatuko bada, arrazoiaren argira etorri ezkero, nai ta ez jakin bear ditu edolarik iru gauza oek: 1. Jaungoiko egiazko bakar bat dala, eta Jaungoikoagan iru persona distintoak daudela: eta dirala Aita, eta Semea, eta Espiritu Santua: 2. Semea egin zala gizon, eta gu pekatariok salbatzeagatik ill zala, eta piztu zala: Eta 3. Jaungoikoak onai ematen diela betiko gloria: eta gaiztoai betiko pena. Kontu bada arren, N.K., gauza oek txikitanik zuen humetxoai erakusteaz.

        3. Eta gure salbaziorako asko degu fedea: eta fedeko egiak jakitea, eta sinistea? Ez, N.K.; fedea nai ta ez lagundu bear degu esperanza on batekin eta karidade egiazkoarekin: au da, Jaungoikoaren guzien gañeko amorioarekin; eta gure projimo, edo lagun urkoaren amorio egiazkoarekin: gure buruak bezela amatzen degula Jaungoikoagatik. Onetantxe sartzen da Jaungoikoaren lege guzia: eta ori ezpadegu gure fedea illa dago: ara nola anima bage dagoan gorputza illik dagoan: eta fede illarekin Zerurako irabazirik batere eziñ egin dezakegu.

        Zenzatu gaitezen bada arren, N.K.; fedeko azkeneko Artikulua beti gogoan eduki dezagun: au da, Jaungoikoak onai emango die betiko gloria: eta gaiztoai betiko pena. Nai badezue bada gogotik mandamentu Santuak gorde: eta betiko zoriona iritsi, eta betiko zorigaitzetik libratu; iru gauza egin bear dituzue. Lenbizikoa: zuen amorio propio erabagea, eta ortik sortzen diran andinaia, edo soberbia: gutizia, edo interes gura modubagea: eta aragiaren naikunde, edo apetitu zikiñak menderatzeko, alegiñ guziak egin bear dituzue. Bigarrena: pazienziaren birtutea iristeko, eta zuen naibage, neke, edo trabajuak, nundik-nai datozkizuela, Jaungoikoaren eskutik bezela artzeko alegin guzia egin bear dezue: eta Irugarrena: zuen egunoroko lanetan, ala andietan, nola txikietan, Jaungoikoaren borondatea egiteko intenzioa, edo asmoa ar ezazue, eta sarri berritu ezazue: eta orrela, ez fede illa, ezpada bizia, eta eragillea daukazuela aditzera emango dezue. Eta nola fede biziak berak ere gradu, edo malla asko dituan: Jaungoikoari sarri eskatu egiozue, azi, eta irazeki dezala zuen biotzetan fedearen argia: eta orrek emango dizue gogoa, eta indarra, ez nolanaiko kristauak, baizik Santu batzuek izateko: Jaungoikoari ala nai dakiola arren: eta digula betiko gloria. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa