www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BERROGEITA BIGARREN DOTRIÑA

 

Purgatorioko penaen gañean.

 

        Eta hitz-gaia: 1. Purgatorioa, edo animen garbitokia zer dan, eta an dauden anima bedeinkatuak nolako penak sufritzen dituen. Eta 2. Nolako alegiñak egin bear ditugun Purgatorioko animak len bait len pena aetatik libratzeko: eta pena arrigarri aek geren buruari ez erakartzeko.

 

 

SARRERA

 

        Badakizue, Kristauen animak, gorputzetik irteten diranean, dijoatzela bereala Jesu-Kristoren Tribunalera, juzgatuak izatera, eta dagokien saria, edo kastigua artzera. Pekatu mortalaren barkazioa iritsi bage mundu onetatik irteten diran guziak dijoaz betiko Infernura: eta aenzat erremediorik batere eztago: beti-beti penatzen egongo dira. Pekatu mortal, eta benial guzien barkazioa iritsi zuenak: eta aei zegogien zor denborala emen osoro pagatu zuenak dijoaz bereala Zeruko gloriara: eta aen zorionak beti iraungo du: baña Purgatoriora bage Zeruko gloriara bereala dijoazenak txit banaka dira, Santuak erakusten diguenez: bada Zeruan ezin iñor sartu diteke, pekatuaren zorrik, edo mantxarik txikiena duenik. Eta graziazko estaduan iltzen diran geienak, pekatu mortal, eta benial guzien kulparen, eta betiko penaren barkazioa iritsi arren, aei zegozkien pena denboralak osoro emen pagatu bage dijoaz: eta Purgatorioan, edo animen garbitokian, nai ta ez pagatu bear ditue. Eta au da dotriña bat Israelgo puebloak lege zarrean beti sinistu zuena, orduko ejenploak, eta batez ere Makabeoen liburu Santuak erakusten diguenez: eta dotriña au berau Jesu-Kristogandik ikasi, eta Apostolu Santuak mundu guziari erakutsi zioben; eta orren pruebarako defuntuakgatik Meza Santuaren sakrifizioa ofrezitzen, eta aplikatzen zuen: eta ala Eliza guzietan arrezkero oitura santu ori beti gorde da: eta gure Ama Eliza Santak dotriña ori fedeko egia bezela deklaraturik dauka, eta guzioi erakusten digu.

        Dotriña oni narraiola bada gaur gogora ekarri nai dizuet: 1. Purgatorioa, edo animen garbitokia zer dan: eta an dauden anima bedeinkatuak nolako penak daramazkien: eta 2. Nolako alegiñak egin bear ditugun Purgatorioko animak pena aetatik len bait len libratzeko: eta pena arrigarri aek gere buruai ez erakarteko. Eta orra gaurko hitz-gaia, eta erakus bidea, Purgatorioko animenzat, eta guretzat txit probetxugarria. Jaungoikoari nai dakiola, guziok frutu andi bat ateratzea. Eska dezagun orretarako Espiritu Santuaren argia, eta grazia, Ama Birjiña Santisimaren bitartez. Abe Maria.

        1. G. Zer da bada Purgatorioa, edo animen garbitokia? E. Izen orrekin aditzen da eskuarkiro, edo komunkiro Jaungoikoaren justiziak lur-pean, Infernuaren, edo betiko kondenatuak dauden toki izugarriaren gertuan daukan leku triste, eta guztiz penagarri bat, pekatuen zorra pagatu bage mundu onetatik, bere grazian zeudela, irteten diran animak osoro garbitzeko, pena guztiz arrigarri, miragarri, eta samiñakin. Eta toki, edo leku ari deitzen zaio Purgatorioa: baña noiz, edo noiz toki artatik kanpora, beste toki, edo leku askotan Jaungoikoaren probidenziak anima banaka batzuei eren pekatuen zorrak pagaeragitea gertatu da, ejenplo sinisgarri askok erakusten diguenez: eta eskuarkiro pekatuak egin zituen tokietan: eta baita bere ezagunai agertzea, eta sokorruak eskatzea ere, sufritzen dituen pena arrigarriak aditzera emanaz: eta bidez biziak esnatuaz, eta zer egin bear duen erakutsiaz, zenzatu ditezen. Baña emen gogora ekarri bear dizuet, ez dituzuela erraz sinistu bear edozeñek erausten dituan Purgatorioko animen agertze oriek: bada irudipen asko gertatu oi dira: zerren ametsetan urlia, edo berendia ill ezkero ikusi duelako, edo onelako, edo alako gauza esan dielako, burura, edo imajinaziora datorkielako, ala dala erraz sinisten due, eta ikusi balue bezela kontatzen due: eta guzia izan oi da amets utsa: eta ori bera burua turbaturik, edo irabiaturik dauken eriai, edo gaixoai gertatu oi zaie: eta askotan iruditzen zaie otzak, eta deadarrak aditzen daudela. Eta guzia eren buruko irudipena izan oi da. Baña esango didazue: esna gaudela, eta buruko gaitzik eztegula, defunturen bat agertzen bazaku, zer egingo degu? Jaungoikoaren baimen, edo lizenzia bage ezin agertu diteke: ez eta gaitzik egin ere. Eta ala eztezue bereala izutu, ikaratu, eta animoa galdu bear: baizik Gurutze Santua bereala egin; fin, edo asmo gaiztoz defuntuaren antzean deabrua badator, bereala iges eragiteko: eta intenzio onarekin datorren anima ona bada, eta hitz egiten badizue, kontuz aditu zer esaten dizuen: eta zuen animen Arzaiari, edo konfesore jakinsu bati kontu eman, eta zer egin bear dezuen galdetu: bada izan diteke anima onaren agertzea, eta baita deabruaren ilusioa, irudipena, eta engañua ere: baña eztezue zeurok artarako biderik eman bear, animaren estadua jakiteko deseo bizi, eta kuriosidade alperrakin: bada ortik datoz askotan irudipenak, eta engañuak: eta Jaungoikoak igui ditu eztagozkigun gauzak jakiteko deseo oriek: eta gugandik nai duena da, ez animen estadua orain jakitea, baizik animakgatik orazioak, sufrajioak, eta obra onak egitea: bada guztiz premia, edo estutasun andian daude: eta guk erraz sokorritu, eta alibiatu ditzakegu.

        G. Nolakoak ote dira bada Purgatorioko anima bedeinkatuak sufritzen dituzten penak? E. Ezta erraz ori ondo ezagutzea, eta are nekezago da bear dan bezela aditzera ematea. Elizako Doktore, edo erakusle guztiz jakinsuak, eta Santuak erabatera erakusten digue, ezin esan alak, eta ezin ponderatu alak dirala Purgatorioko penak: aiñ arrigarriak, eta mingarriak dirala, nun mundu onetan oraindaño gizon, eta emakume guziak sufritu dituzten dolore, oñaze, eta tormentu guziak, eta aurrera sufritu ditzakeen guziak, ezerez bezela diran Purgatorioko penaen aldean. Munduko eritasun mota guziak, kalentura, edo sukar erregarri guziak, buruko, sabeleko, erraietako, kostaduko, ijadako miñ arrigarriak; eta begietako, belarrietako, agiñ ortzetako, eta gorputzeko beste zati, edo mienbro guzietako dolore, edo oñaze guztiz andiak, eta arrabiagarriak, batetan betere alibio gabe, egunez, eta gauaz urte batean bakarrik sufritu bear bazinduzte, N.K. A! zein errukigarriak izango ziñatekean! Nork iraun ill bage, edo eztanda egin gabe orrenbeste dolore, eta oñazeren artean? Bada ori guzia ezerez bezela da Purgatorioko edozein animak sufritzen dituan pena, neke, eta oñazeen aldean. Gogora ekarriko banizue Martiri Santuak sufritu zituen tormento mota guziak, ikaratuko ziñateke, aek zeramazkien oñaze arrigarriak pensaturik bakarrik: urratzen zizten gorputzeko aragi guziak burnizko azkazal, edo punta zorrotzakin: bizirik zeudela erretzen zituzten su bizi irazekietan: sartzen zituzten olio irakiñetan, edo berun urtuetan; eta baita bronzezko zezen, su egiñik, eta goriturik zeuzkatenaen barruetan: larrikitzen, eta gorputzeko zati guziak banaka ebakitzen zizten: eta asmatu al tormentu guziak ematen zizten. Nolako oñaze, edo dolore arrigarriak zeramazkien erraz ezagutu dezakezue. Bada Teologo guzien iritsi komuna da, Martiri Santuak, eta baita munduan eren gaiztakeriakgatik atormentatuak izan diran gizon, eta emakume guziak sufritu dituzten pena guziak baño agitz, eta agitz andiagoak dirala Purgatorioko edozein animak daramazkienak. Eta Santo Tomas de Akinok, Doktore Aingeruaren izena duenak bere jakinduri miragarriagatik, dio, andiagoak dirala Purgatorioko penak, Jesu-Kristo gure Jaunak bere bizi guzian, eta bere Pasioko denbonan sufritu zituanak baño: eta badakizue Jesu-Kristok bakarrik Martiri guziak baño pena, eta tormenta geiago sufritu zituala: eta aiñ arrigarriak izan zirala, dio San Jeronimok, nun juizioko egun andian bakarrik jakingo dala zenbat sufritu zuan gure Jesus maiteak. Nolakoak izango dira bada Purgatorioko penak, munduko eritasun mota guziak baño: Martiri guzien oñaze, eta tormentu aiñ andiak baño, eta Jesu-Kristoren Pasio Santuko dolore, zein esan al baño, arrigarriagoak baño andiagoak diran ezkero? A zein arrigarria dan pekatuaren gaiztakeria! eta zein izugarria (kulpa barkatuta ere) ari zor zaion pena, eta merezi duen kastigua! eta zein miragarria gure Jaungoikoaren justizia! eta, a, zein errukigarriak diran alako penak sufritzen dauden Purgatorioko anima bedeinkatuak!

        Baña erruki ori zuen biotzetan obeto sortutzeko, anima bedeinkatu aek sufritzen dauden pena mota bi, guztiz arrigarriak gogora ekarri itzatzue, eta sarri pentsatu itzatzue: eta dira; 1. su irazeki guztiz erregarri batean, batere atseden gabe egotea; noiz artean ala egongo diran ziertu jakin gabe: eta 2. da, ezin esan al baño ansia andiagoarekin deseatzen dauden Zeruko gloriaren gozamena luzatzea, noiz ori iritsiko duen ziertu jakin gabe.

        G. Eta nolakoa da Purgatorioko sua? E. Infernuko sua berbera bezelakoa: munduko su guziak alkarrekin juntaturik baleude ere baño biziagoa, erretzalleagoa, beti irazekirik dagoana, egunez, eta gauaz beti erretzen, kiskaltzen, penatzen, eta oñazearen indarrez beti ler eragiten dagoana: aiñ indarsua, nun munduko su guziak aren aldean pintatuak bezela diran. Eta ala ere, Jaungoikoaren justiziaren borreroak, eta instrumentuak bezela, neurri justuan, bakoitzaren zorrari dagokan bezela, penatzen, erretzen, eta atormentatzen ditu anima bedeinkatuak: baña ango penarik ariñenak dira munduko pena guziak baño andiagoak, eta miragarriagoak: alabaña asko da jakitea, alako su izugarri batean ondaturik argitzen dirala. Zuek begiz ikusiko bazendue, eztiot zuen guraso, edo hume maitea: zuen senar, edo emaztea: zuen senide, aide, adiskide, edo ezaguna, baizik zuen etsairik andiena, karobi, edo labe irazeki batean eroririk, edo sarturik, ezin illik, sentidu guziak bizirik dauzkala, dana erretzen, kiskaltzen, eta ler egiten dagoala, kupituko ziñateke, errukituko ziñateke, larrituko ziñateke, eta andik ateratzeko alegin guziak egingo ziñituzke. Bada jakizue, N.K., zuen arteko askoren, edo asabak, edo gurasoak, edo humeak, edo senarra, edo emaztea, senideak, aideak, adiskideak, eta ezagunak Purgatorioko su, eta gar irazeki artan kiskaltzen, eta penatzen daudela: eta zuen belarriakin ezin aditu badituzue ere, aen garrasiak, aen suspirioak, aen deadar lastimagarriak; begietako negar malkoakin eske dagozkizuela, aen pena arrigarriaz arren erruki zaiteztela. Miseremini mei, miseremini mei saltem vos amici mei. Zuek edolarik gure adiskideak, guzaz erruki zaitezte: pena oetatik gu len bait len ateratzeko alegin guziak egin itzatzue: bada su bizi irazekian pena, eta oñaze arrigarriak sufritzen gaude. Eta badegu, diobe, oraindio beste pena bat geiago naigabetzen, eta atormentatzen gaituana: eta da, guk biotz guztitik amatzen degun, eta len baño len ikusi, eta Zeruko glorian kontenplatu, eta gozatu bear degun gure Jaungoikoaren gloriaren luzamena, noiz ori iritsiko degun eztakigula egotea. Baña arriturik esango didazue batzuok: Nola Zeruko gloriaren gozamenaren luzamena izan diteke su irazekian erretzen egotea baño pena arrigarriagoa? Guk, Jaungoikoa ez ikusi arren, pena andirik sentitzen eztegu: eta Abe Maria baten denbora laburrean ere beatz bat bakarrik surtan erretzen edukitzea ezin sufritu degu. Diot bada, guk baño argi geiago; eta jakinduri geiago zeukaten Elizako Doktore, eta Maisu andiak ala dala erakusten diguela: eta sinistu bear diegu. Eta ona arrazoi prinzipala. Egia da, gure animak, orain daukaten Jaungoikoaren ezaguera laburrean, eta illuntasunean gelditu bear balue, gorputzetik irten ezkero, pena andirik izango ez lukeela, Jaungoikoa ez ikusi arren, eta aren gloriaz ez gozatu arren: baña ozta gorputzeko karzela illunetik irteten dira, argiro dakuste, Jaungoikoa bakarrik dala eren zorion kabugabea, eta betikoa: eren zentro, fin, paradero, eta atseden guzia: eren Jabe, Egille, Ongille, Aita maitagarri, eta Esposo guziz maitetsua, betiko ondasunak, eta betiko, eta neurribageko kontentu, poz, eta atsegin guziak aentzat prestaturik dauzkana: eta ezin orain aditu al, esan al, eta ezagutu al baño ansia andiagoarekin nai luke bereala Jaungoikoarekin laztandu, eta bere edertasuna ikusi, alaiatu, eta batere enbarazo bage gozatu: Ikusten dezue, nolako indarrarekin eskopeta, edo kañoi batetik irteten dan bala dijoan botatzen duen tokira, eta bidean enbarazorik arkitzen badu, nola desegiten, edo puskatzen dan: bada pensa ezazue, oraindio indar geiagorekin dijoala anima Jaungikoagana gorputzetik irteten danean: eta, nola bereala arkitzen duan Jaungoikoa ikustea, eta gozatzea eragozten dion enbarazoa, au da, pagatu bage daukan pekatuaren zorra; gelditzen da aiñ penatua, eta naigabetua, nun illkorra baliz, desegingo lizateke, eta akabatuko lizateke dolorearen indarrez: eta ona beste konparazio, edo antzorde labur bat, ori zuei aditzera emateko. Zuetatik batek, auzi luze batekin, eta kostu andi, eta naibage askorekin maiorazgo andi bat irabazi balu; eta txit neke askorekin, miseria, eta pobreza andi batetik libratu, eta txit erara, eta gustora bizitzeko diña errenta gozatzeko puntuan dagoala, preso artuko balue, eta ziega, edo kalabozo illun, eta penagarri batean sartu, eta luzaro edukiko balue, maiorazgoaz gozatu bage, bere zor andi guziak osoro pagatu artean; noizko pagatuko dituan ere jakin bage; zenbateraño sentituko etzendukee orrelako naigabea, nekea, atsekabea, eta zorigaitz arrigarria? Bada ori guzia utsa da, Purgatorioko anima bedeinkatuak daukaten penaren aldean, betiko maiorazgoa, eta aiñ aberatsa, munduko maiorazgo guziak, erreinu guziak, eta inperio guziak baño geiago balio duena irabazi ezkero, ezin gozatu duelako, zor guziak osoro pagatu artean; eta ez nun-nai, baizik su irazekietan, eta alde guzietatik doloreak, oñazeak eta neke, eta naigabe arrigarriak sufrituaz; eta noiz artean iraungo duen ziertu jakin bage. Erruki zaitezte bada arren N.K. anima bedeinkatu aezaz, eta sokorritu itzatzue al dezueneraño.

        2. Baña bertatik galdetuko didazue: Nolako alegiñak egin bear ditugu, Purgatorioko animak pena aetatik len baño len libratzeko? Iru motakoak dira Purgatorioko animaen aldera ditugun obligazioak, edo zorrak: lenengoak justiziaz zor diegunak: bigarrenak esker onez zor diegunak: eta irugarrenak karidadez Kristau guziok zor diegunak. Diot bada, defuntuen herederoak, eta aen borondate, edo testamentuen kunplitzalleak daudela obligaturik justiziaz, eta pekatu mortalaren azpian, eren animen sufrajiorako agindu zituen Mezak, limosnak, edo bestelako piedadezko obrak, edo sufrajioak len bait len kunplitzeko alegiñak egitera. Eta eren kulpaz, edo ardurabagetasunez kunplitzen ezpaditue, edo geiegi luzatzen baditue, pekatu mortalean daudela: lapurren antzekoak dirala, jabearen borondatearen kontra, eta aren kalte guztiz andiarekin besteren gauza daukatelako: bada aen animak dauzkate bearbada, esan ditugun pena arrigarriak sufrituko, agindu zituen sufrajioak kunplitu artean. A, zeurok bazeundete pena aek sufritzen, edo begiz ikusten, nola larrituko ziñatekean, errukituko ziñatekean, eta bereala edozein neke artuko zendukean, pena arrigarri aetatik len bait len libratzeko! Kontu bada, orrelako obligazioak kunplitu bage dauzkatzuen Kristau ardurabageak: bada zuen kastigua izango da, bearbada, Purgatorioa baño agitz penagarriagoa dan betiko Infernua.

        Baña obligazio aiñ esturik ez eduki arren, esker onak batzuok, eta karidadeak guziok alaiatu, eta mugitu bear gaitu, Purgatorioko anima bedeinkatu aek len bait len pena aetatik libratzera. Alabaña gauza guztiz gogorra, eta lotsagarria da, defuntuak neke andiarekin irabazi, eta utzi dizkitzuen ondasunakin erara bizi zeratenok, eta Purgatoriora joateko bidea orregatik bearbada eman ziñiobenok, aiñ laster aezaz aztutzea: aentzat esker onik ez edukitzea: eta erraz alibiatu ditzaketzuela, aiñ pena arrigarriak sufritzen edukitzea. Ori zuekin iñork egingo batu, zenbat sentituko etzenduke? bada esker gaiztokoenzat esker onekorik izan oi ezta: Eta, nolanaiko dezue, zuekin besteak esker onekoak izatea, eta zuen errukia edukitzea, zeurok besteakin, eta batez ere zuen ongilleakin aiñ esker gaiztokoak zerateala? Baña beste motiborik ezpaliz ere, Kristauak geralako, alkarri zor diogun karidadeak; guziok alkarri on egiteko degun erraztasunak, eta guziok orretan degun irabazi, edo probetxu guztiz andiak biziro alaiatu, eta mugitu bear gaitu Jesu-Kristogan gure anaiak, edo senideak diran Purgatorioko animaen erruki andi bat izatera, eta al ditugun sufrajio guziak aei aplikatzera: nola Mezak aekgatik esatea, edo esan eragitea, edo enzutea; orazio, barau, edo mortifikazioakin, edo limosnakin Jaungoikoari aen ordez satisfazioa ematea: dala induljenziak aplikatzea, edo dala egunoroko gere naigabe, atsekabe, neke edo trabajuakin, edo beste obra onakin, aen alibiorako Jaungoikoari ofrezituaz, dirurik atera gabe, erraz laguntzea, eta ugari sokorritzea, eta Purgatorioko pena arrigarrietatik len bait len Zeruko gloriara igaro erazotzea. Eta orra nolako alegiñak egin bear ditugun Purgatorioko animen alderako.

        G. Eta nolakoak egin bear ditugu geren buruai pena arrigarri aek ez erakarteko? E. 1. Diot, pekatuen zor denboralak pagatzeko, edo Jaungoikoaren justiziari satisfakzioa mundu onetan emateko, nai ta ez Jaungoikoaren grazian, eta adiskidetasunean egon bear degula: bada pekatu mortalean dagoanak, estadu orretan dagoan artean, bere obra on guziakin ezin ezer Zerurako merezitu, edo irabazi dezake; eta ezin zorrik pagatu dezake: eta ala gure alegiñik andiena izan bear da, gure buruak pekatu mortaletik libratzea, edo ateratzea. Eta 2. diot, ondoren Purgatorioko animak, esan ditugun obra onakin, eta sufrajioakin alibiatzea, eta Purgatoriotik ateratzea dala medio bat guztiz egokia, eta guztiz eragillea, gere buruai pena arrigarri aek ez erakarteko, edo aetatik laster libratzeko. Baña esango dezue, nola ori izan diteke, geur zordun bagera, eta gero obra onakin amaten degun satisfazioa, edo zorraren pagua Purgatorioko animai aplikatu ezkero, geurk gere zorra Purgatorioan pagatu bearko degu? Diot bada, Purgatorioko animen egiazko debotoak, eta laguntzalleak bazerate, edo Purgatoriora bage Zerura joatea, edo Purgatoriotik laster irtetea iritsiko dezuela: eta ona arrazoi andiak. 1. Purgatorioko animen alibiorako obra onak egiten ari bazerate, eta orien satisfazioa karidadez aplikatzen badiezue, alde batetik zeurok graziaren aumentua, edo grado andiagoa, eta orri dagokan Zeruko gloriaren sari ugariagoa zeurontzat irabazten dezue: eta ori da obra onaren fruturik andiena, eta prinzipalena, beti iraungo duena, besteri ezin aplikatu dakiona, munduko tesoro, eta ondasun guziak baño geiago balio duena: eta beste aldetik graziaren laguntasun andiagoak, indarsuagoak, eta eragilleagoak Jaungoikoagandik iritsiko dituzue, ez bakarrik pekatu mortalik egin gabe Jaungoikoaren grazian irauteko, baita ere pekatu benialak, edo ariñak, ezagueraz beinzat ez egiteko: eta birtutezko aktoak sarri egiteko: eta Zerurako ondasun guztiz andiak zerontzat irabazteko. Orra, zer dakarren eskuarkiro Purgatorioko animen alde obra onak egiten gogotik aritzeak: zuenzat gloria geiago, eta Purgatoriora joateko langai gutxiago zeurok egitea. Eta ona 2. beste arrazoi bat guztiz egokia. Badakizue, gure Jaungoikoak ongilleak txit maite dituala, eta ongilleari ongilleak paratzen diozkala: bada, zuek Jaungoikoari atsegin emateagatik, eta berak aiñ maite dituan Purgatorioko animak, bere adiskide, eta esposa guziz maiteak, beraz Zeruko erreinuan beti gozatu bear duenak, pena aiñ arrigarrietatik libratzeagatik, eta bereala Zeruko gloria goza eragiteagatik, karidadez aen zorra orain pagatzen badezue; seguru espera dezakezue, Jaungoikoaren ontasunak zuen pekatuen zorrak, osoro, eta laster pagaeragiteko modua artuko duela: eta orretako aplikatuko dizuela Eliza guzian egiten diran obra onaen satisfazioetatik zuek bear dezuen pagu guzia: ara nola, kontrara uste izateko da, Purgatorioan dauden anima askori egiten zaizkan sufrajioak aren Majestadeak aplikatzen eztiela, edo aiñ laster aplikatzen eztiela, erak lenago gogorrak, eta ardurabageak izan ziralako Purgatorioko animak sokorritzeko. Eta ori erraz sinistu dezakezue, Purgatorioko animai on egiteagatik, zenbat, eta nolako ongi-gilleak zuen alde izango dituzuen, ondo pensatu nai badezue. Jaungoikoa bera: Jesu-Kristo gure Jauna: bere Ama Maria Birjiña Santisima: Zeruko Aingeru guziak, eta batez ere zuen sufrajio, eta obra onakin Purgatorioko penetatik atera dituzuen animen Aingeru zaiak, edo Guardakoak, eta Zeruko Santu, eta Santa guziak ezin geiagoraño alegratzen, eta poztutzen dituzue, anima bedeinkatu aek purgatorioko pena izugarri aetatik len bait len Zeruko gloriara igaro erazoarekin: eta guziak nolabait obligaturik gelditzen dira al duen on guzia zuei egitera.

        Baña, nork esan, edo aditzera eman dezake, Purgatoriotik Zerura bidaldu dituzuen anima bedeinkatu aek erak, Jaungoikoaren aurrean dakustenean, nori aiñ ditxa, edo zorion andia zor dioben, nolako alegiñak egingo dituen, esker onarekin zuei eranzuteko; eta zuei betiko salbazioa, edo gloria iritsi eragizeko, eta Purgatoriora bazuazte, andik len baño len zuek ateratzeko? Ori ezin ukatu dezakezue, Zeruko Santuak esker gaiztokoak dirala esan bage: emen bertan mundu guziak ongilleak aiñ maite baditu, zenbat maiteago izango eztitue Zerutarrak eren ongilleak, eta aiñ mesede andia egin zien ongilleak? eta argatik beti ikusi da, eta orain ere ikusten da, ez bakarrik animako ondasun espiritualetan, baita ondasun denboraletan ere Purgatorioko animen egiazko debotai gure Jaungoikoak laguntasun espezialak, eta txit estimagarriak egiten diztela: dala biziluzea, eta osasuna emanaz: dala naigabe, eta arrisku andietatik libratuaz: dala eren egiteko edo langaietan aziertua emanaz: dala, ondo dagozkien ondasunak emanaz: edo pobreza, eren on geiagorako konbeni bazaie, eta ematen badie: pazienzia, pakea, eta konformidadea emanaz, eta beste modu askotara lagunduaz. Ori guzia datorkie bada eskuarkiro Purgatorioko animen egiazko debotoak izatetik, ordekotan bezela, aen laguntzalle fiñak izan diralako. Eta orra arrazoi, eta motibo guztiz andiak, guziok alaiatzeko, eta al ditugun obra on guziak Purgatorioko anima bedeinkatuen fabore eragiteko: eta orra, zergatik izan dira, eta badira animen debozio, eta erruki aiñ andia izan duen, eta daukaten Kristau onak, nun eren obra on guzien satisfazioa, eta pekatuen zorraren pagu guzia aplikatu izan dien Purgatorioko animai, erenzat ezertxo ere erreserbatu, edo gorde bage: eta karidadezko obra miragarri ori egin due, eta egiten due, Jaungoikoaren atsegin andiarekin, animen alibio guztizkoarekin, eta erak beste aldetik geiago irabazten duelako uste osoarekin. Egia da, orrenbesteraño premiaturik, edo obligaturik ez gaudela, eta ori konseju utsa dala: baña aplikazio oso ori egiten duenak txit asko irabaziko due: eta ordekoa ugariago errezibituko, edo artuko due mundu onetan, Purgatorioan, (ara badoaz) eta Zeruko glorian. Jaungoikoaren Majestadeak digula bada arren guzioi argia, ondo ezagutzeko, nolako pena arrigarriak sufritzen dauden Purgatorioko anima bedeinkatuak; eta sortu dezala gure biotzetan aen erruki andi bat, eta aek sokorritzeko gogo bizi eragille bat: orrela aenzat, eta guretzat irabazi andiak egiteko: eta konpañia gozoan gero eternidade guzian gure Jaungoiko guztiz ona, Aita, eta Semea, eta Espiritu Santua beti alabatzeko, beti amatzeko, eta beti gozatzeko. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa