www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kristau doktriņa guztiaren esplikazioaren saiakera (1)
Jose Ignazio Gerriko
1805, 1858

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Cristau doctriña guztiaren esplikazioaren sayaquera (Lenengo liburua edo tomoa), José Ygnacio de Guerrico. Mendizabalen alargunaren moldiztegia, 1858.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZAZPIGARREN DOTRIÑA
ORAZIOAREN GAÑEAN

 

Eta oraingoa seigarren petizioaren gañean:
edo hitz oek: ez gaitzatzu utzi tentazioan erorten:
zer eraskuten diguen aditzera emateko.

 

        Pekatuen barkazioa iristea asko eztegu; pekatuan berriz erorteko ditugun tentazioak nola goitu ondo ikasten ezpadegu: eta aurrera gogotik peleatzen ezpadegu, gu pekatura ekarri nai gaituen gure animaren etsai gaiztoen kontra. Argatik Jesu-Kristo gure Maisu soberanoak tentazioak benzitzeko premia, eta modua erakutsi nai izan zigun Paternosterrean: eta orra gaurko dotriña gaia; seigarren petizioan sarturik dagoana.

        G. Zein da Aita gurearen seigarren petizioa, edo eskaera? E. Ez gaitzatzu utzi tentazioan erorten. Eta zer eskatzen degu orazio, edo otoiz orretan? Ez degigula utzi Jaungoiko gure Jaunak erorten, eta konsentitzen pensamentu gaiztoetan, eta tentazioetan.

        G. Tentazioaren izenaz, zer aditzen degu? E. Era askotara aditu diteke. Eta 1. Esan oi degu, urlia, edo berendia tentatu degula, ez dakigun, eta jakin nai degun gauzaren bat, edo asmoren bat atera eragiteko, edo agertzeko: eta era onetan Jaungoikoak iñor tentatzen eztu, eta tentakizunik eztu: bada etorkizun guzia daki. 2. Tentazioaren izenaz aditu oi da, Jaungoikoak bere adiskideen birtuteaz egin oi duen prueba, edo esperienziagatik: dagokien saria erai emateko: edo aen birtutea obeto ezaguerazotzeko, edo besteai exenploa emateko. Eta orrela, Eskritura Santuak dio, Jaungoikoak tentatu, edo probatu zuela Abran bere adiskide andia, bere seme maite Isak sakrifikatzeko agindu zionean: eta bereala Aita, eta semea jarri ziran Jaungoikoari obedizitzera: eta sakrifizioa osatzera zijoatzela, Jaungoikoak bere semea iltzea eragotzi zion: eta aen borondate ona agertu eragiñaz kontentatu zan. Eta onela tentatu, edo probatu oi ditu gure Jaungoikoak bere adiskideak, naigabe askorekin, eritasunarekin, pobrezarekin, eta munduaren esamesakin: aen pazienzia probatzeko, edo birtutearen ekiera, edo exerzizioan aurreratzeko: eren pekatuen zorrak mundu onetan erraz pagaeragiteko: eta geiago, eta geiago Zerurako irabaziak orain eragiteko: eta gero koroa, eta gloria andiagoa Zeruan gozaeragiteko. Eta ala urrea surtan garbiago, eta ederrago egiten dan bezela, justuak ere naigabeakin eta tentazioakin geiago, eta geiago garbitzen, eta edertzen dira: eta Zerurako aberatsago egiten dira. Eta ala, emengo naigabeak, nekeak, atsekabeak, tormentu, oñaze, edo doloreak justuenzat eztira izan oi Jaungoikoaren kastiguak, ezpada amoriozko pruebak birtute andiak exerzitatzeko okasioak, eta irebaz bide premiazkoak, eta probetxugarriak. Zergatik uste dezue, Jesu-Kristo gure guzion Kapitan, Maisu, eta gidariak, izanik inozentea pekaturik ezin egin zezakeana, beste iñork baño geiago padezitu, eta sufritu zuela? Bada izan zan alde batetik gure pekatuen zorrak pagatuaz gañera, pazienziaren exenploa guri emateagatik, eta bestetik Zeruko glorian bide orretatik, eta ez beste bide atsegingarritik bera sartu, eta guziok sartu eragiteagatik. Zergatik orobat bere Ama Birjiña Santisimari, onen esposo Aita San Joseri, Apostoluai, Martiri Santuai, eta beste Santu, eta adiskide maiteai ainbeste pena, neke, eta dolore munduan sufritu eragin zien? Benturaz gaizki nai dielako? Ez, N.K. baizik asko nai zielako: eta denbora labur bateko penakgatik, beti iraungo duen gloriazko atsegin kontentuak irabazi, eta goza eragin nai zielako. Piztu dezagun bada egia inportante onen fedea: eta jarri gaitezen, ez bakarrik aserratu gabe, eta gaitzik esan gabe, naigabetan pazienzia edukitzera: ori da primiazko gradoa: baizik nekeak, eta trabajuak gogotik deseatzera, eta pozik sufritzera: ori da Santuak izatea, eta perfektoen gradoa: bada neke puska baten orde Eternidade guziko deskansua, poza, eta gloria Jaungoikoak eman nai digu: eta zenbat geiago, eta geiago sufritzen degun, anbat koroa andiagoa izango degu. Eta orra zergatik egia onen fede argia, eta bizia zuen santuak eren bizitzak tormentuen artean ematea deseatzen zuen, eta mesede anditzat Jaungoikoari penak, eta naigabeak eskatzen zioten. Santa Teresaren padezitzeko deseoa guziz andia zan: eta aren esana zan, Jauna, edo padezitu, edo ill: eta beste Santu askoren bizitzaetan ori sarri irakorten degu. Eta ala lotsatu bear gera Kristauok, Jesu-Kristori jarritzeko obligazioa degunok, eta aiñ sari andia Zeruan esperatzen degunok trabajuak, eta naigabeak aiñ igui izateaz, eta aiñ pazienzia gutxi edukitzeaz.

        G. Eta pekatuan bizi diranai Jaungoikoak bidaltzen dien nekeak, naigabeak, eritasunak, eta beste atsekabeak merezi due tentazioaren izenik? E. Jaungoikoaren aldetik ez: bada aen onagatik bidaltzen dizte, humillatu ditezen, zenzatu ditezen: kontuan erori ditezen, munduko ezereza, eta banidadea ezagutu dezen, eta Jaungoikoagana biurtu ditezen, pekatuen damu egiazkoa artuaz: penitenzia egiñaz: eta bizitza on bat egitera jarriaz: eta eren nekeak pazienziarekin eramanaz, eren pekatuen zorrak emen pagatu, eta Zerurako ondasun andiak irabazi ditzaten: baña eren kulpaz arroak diralako, nekeakin geiago erak aserratu, eta besteak aserra erazotzen baditue, nekea geitzen zate: Jaungoikoa ofenditzen due: eta emengo pakea, eta betiko Zeruko pakea, eta deskansua galtzen due: eta betiko naigabeak, eta oñaze arrigarriak sufritzera dijoaz Infernuko su, eta garretara. Eta orra zer dakarren humiltasuna, eta pazienzia naigabetan ez edukitzeak: eta soberbia, eta arrotasuna goitzeko, edo eskuratzeko arduragabetasunak, edo nagitasunak. Humillatu gaitezen bada N.K. eta pazienziaren doaia Jaungoikoari gogotik, eta sarri eskatu degiogun. Eta 3. Ikusi dezagun orain zer aditzen degun batez ere tentazioaren izenaz, Jaungoikoari erregutzen diogunean: ez gaitzatzu utzi tentazioan erorten. Eskatzen diogu bada, gu pekatura mugitzeko, eta pekatuan erori eragiteko deabruak ekarten dizkigun pensamentu gaiztoetan, eta tentazioetan ezteigula utzi erorten, edo konsentitzen. Tentazio gaiztoak burura etortea, eta sentitzea gure eskuan eztago: eta argatik eztira berez pekatu, guziz goaikarriak, eta penagarriak izan arren, guk igui baditugu, eta atzeratzen baditugu: eta gure borondatea irmo dagoan artean aei kontra egiten, irabazi andiak egiten ditugu. Baña ezagutu ezkero, atzeratu nai ezpaditugu, eta aetan atsegin artzen badegu, edo konsentitzen baditugu, orduan dira pekatu: eta orretara gu ekarteko alegin biziak egiten ditu gure animako etsaiak. Deabrua da gure etsai andia, ark du Satanasen izena, edo tentatzallearena: indar andia, eta malizia andiagoa dauka, ezin ikusi gaitu: berak soberbiagatik, eta bere eskergabetasunagatik betiko galdu zuen gloria gozatzeko egiñak geralako, enbidiaz begiratzen digu: gure inguruan dabil beti zelata bezela, gu engañatzeko, eta pekaturatzeko, eta bere zorigaiztoko lagunak egiteko, eta Infernura berekin eramateko: guztik da jakinsua, iñoiz aspertzen ezta, eta bide guztietatik baliatzen da gu galtzeko, eta beretzeko: badaki gure argaltasuna, eta gure pasio, edo griña gaiztoen indarra: eta txit esna ezpagaude, eta humiltasunaz, eta Jesu-Kristoganako konfianza osoarekin Zeruko argia, eta graziaren indarra eskatzen ezpadegu, erraz goitzen, edo benzitzen gaitu: dala soberbia, edo andinai erabagearekin: dala gutizia, edo abariziarekin: dala gorputzaren gurari zikiñakin: dala erabageko jan-edan gura, edo gularekin: dala kolera, edo aserre gaiztoakin: enbidiarekin, eta nagitasunarekin: eta baita egiten ditugun obra onak gaizki, edo fin gaiztoz eragiñarekin; (edo birtutearen exerzizioan neurri ona, edo modu ona, gorde bagez, extremoetan, edo geiegizko lanetan sartu eragiñaz, guzia galdu eragiñarekin). Eta argatik Jesu-Kristo gure Salbadore, eta Zeruko Maisuak, ori guzia ondo zekienak bezela, eta gure salbazioa deseatzen duenak bezela, agintzen digu, beti esan egotea, eta orazio egitea. «Vigilate, et orate, ut non intretis in tentationem». Eta ori iñoiz ere aztu eztakigun; egunoroko orazioan, edo Aita gurean ipiñi zigun petizio, edo eskaera humill au: ez gaitzatzu utzi tentazioan erorten.

        G. Eta Jaungoikoak berak iñoiz gaitzerako, edo pekaturako tentatzen, edo mugitzen ote gaitu? E. Ez: eta bestela esatea fedean faltatzea, edo utsegitea da: baña Jaungoikoak berak permititzen ditu tentazioak: dakielarik batzuenzat izango dirala pekaturako okasio gaiak; baña ez Jaungoikoaren faltaz, ezpada pekatariaren arduragabetasunaz, eta nagitasunaz; zergatik beste aldera dakus, tentazioak dirala askorenzat, eta leialak, eta azkarrak izan nai duen guzienzat guztiz probetxugarriak.

        G. Zer probetxu dakarde bada tentazioak? E. 1. Guziok humillatzea, gere buruak ezagu eragiñarekin; ikusirik zein ezerezak, zein argalak, gaitzera zein makurtuak gauden: eta etsaiez inguraturik gaudela kontuan erori gaitezen, Jaungoikoaren grazia, edo laguntasun gabe nai ta ez pekatuan erori, eta galduko gerala. 2. Ori ikusirik, geregan fiatu, eta arrotu bear ez gerala, baizik alde batetik kontuz bizi, eta peligroai alde egin: eta bestetik sarri Jaungoikoari tentazioak goitzeko indarra eskatu bear diogula. Eta 3. Serbitzen due tentazioak, guri peleatu eragiteko: gure griña, gurari, edo inklinazio txarrak ezagu eragiteko: oriek goitzeko, eta eskuratzeko alegiñak eragiteko: eta orien kontrako birtuteak sarri exerzitatu eragiteko, nola fedea, esperanza, karidadea, pazienzia, eta beste birtuteak: bada tentazioak goitzeko premiak, edo bearrak guzirako bidea ematen due: eta tentatua eztan Kristauak eztaki ondo birtuterik duen, edo eztuen: eta tentazioak agertzen du, nolakoa dan, edo zenbaterañokoa dan bakoitzaren birtutea. Despreziorik egiten ezpadizue, igui dezun gauzarik esaten ezpadizue, nola jakingo dezu, humiltasunik, eta pazienziarik daukazun, edo ez? Uste dezu humiltasunari, eta pazienziari eder deritzotzulako, ya humilla, eta sufritua zerala, eta bearbada desarrazoi bat, edo injuria labur bat ezin sufrituko dezu: eta bereala aserratu, eta gaizki esaka abiatuko zera: eta orra, nolako birtutea zenduan, eta batere etzenduala ezagutzeko bidea. Eta ori bera beste tentazio mota guzietan ikusten da. Zenbat Kristau dira, errezo luzeak egiten dituelako; eta birtutearen, eta pekatuaren gañean ederki hitz egiten duelako, Fariseoak bezela eren buruak santutzat dauzkenak? Eta ala ere dira estimazio, eta honrazale guztizkoak, guziai agindu nai dienak: interesara, edo gutiziara guziz emanak: gorputzaren gurariak mortifikatu nai eztituenak: enbidiosoak: (kanpotik Kristau onaren figura duenak baña barrutik sepultura zurituak, eta edertuak bezela, likitsa, usai gaiztoa, eta zikintasuna baizik eztuenak) ukatu bekie orrelakoai asko deseatzen duen gauzaren bat: edo egin bekie bidegaberen bat: orra orienzat tentazioa: bada bereala agertuko da nolakoak diran: eta birtutearen azala bai, baña mamirik eztuela. Eta kontrara, Kristau fiñak, eta Jesu-Kristoren egiazko jarraitzalleak badira, tentazioetan agertuko da orien fede bizi argitua: orien Jaungoikoaganako konfianza, edo esperanza humilla: Jaungoikoaren, eta projimoaren amorio egiazkoa: eta orri darraion mansotasuna, sufrimentua, pazienzia; pekatu mota guzien iguitasuna, edo aborrezimentua: tentazioai atzera esateko leia: eta humiltasunari, eta orazioari jarroioa: bear dituen indar guziak Jaungoikoagandik iristeko; eta gure animako etsaiakin daukagun betiko gerra onetan garaia, edo bitoria irabazteko: eta orra tentazioak dakazten probetxu andiak: eta orregatik Jesu-Kristo gure Maisu, eta erakusle soberanoak tentatua nai izan zuen: ez bakarrik, Jaungoikoa bazan ere, egiazko gizona ere zala aditzera emateko, eta gure naturalezaren argaltasunak (pekatuaz kanporakoak) beregan artu zituala erakusteko; baita ere etsaiaren tentazioak berak lenago goituaz guri erakusteko, nola tentazioai atzera esan bear diegun, eta etsaiaren kontra gogoratu bear geran: eta orretako modua ere erakutsi nai izan zigun; bada tentazioak asi baño lenago, prestatu zan berrogei eguneko eremuko erretiroarekin, barauarekin, eta orazioarekin: eta deabruak tentatu zuenean gularekin, arrotasunarekin, eta abarizia, edo gutiziarekin: Eskritura Santuko iru hitz, edo egiakin benzitu zuen, aienatu zuen, eta lotsaturik etsaiari iges eragin zion: ara ze, tentazioak guk ere erraz goitzeko, baliatu bear gerala, erretiroaz, edo munduko peligroai alde egiñaz: gure gorputzaren gurari, eta griña gaiztoak mortifikatuaz: Zeruko laguntasuna orazioaren bitartez iritsiaz: eta Jaungoikoaren hitz santua, edo aren lege, edo dotriña santua gogoan daukagula, etsaiari atzera esateko beti prest egonaz. Eta orra N.K., santu guziak segitu duen ejenploa, eta guk ere egin bear deguna.

        G. Eta deabruaz gañera badegu beste etsairik, edo tentatzallerik? E. Bai: eta dira mundua, eta gure aragia: eta oekin baliatzen da eskuarkiro deabrua, gu errazago benzitzeko, edo pekatura ekarteko.

        G. Zer aditzen degu, gu tentatzen gaituan munduagatik? E. Eztegu aditzen, begiz ikusten ditugun Zeruko, eta lurreko kreaturak agiri dan mundu au konpontzen duenak: bada oriek onak dira, eta Jaungoikoa alabatzeko, eta berari eskerrak emateko gairik asko ematen digue. Gure animaren etsaiak, eta tentatzalleak dira mundutarrak: munduko honra, ondasun, eta atsegiñetan eren biotzak, eta amorioa ipiñirik, eta josirik dauzkatenak: Zeruko zorionaz azturik bizi diranak: munduan zorionekoak izan nai lukeenak: baña iñoiz ere izango eztiranak, eren itxumena ezagutu, eta erremediatzen ezpadira: oek konpontzen due, Ebanjelio Santuak aiñ sarri, eta aiñ biziro kondenatzen duen, mundu gezurtia, falsoa, engañaria; Jesu-Kristo bear bezela ezagutu eztuena, eta orain ere ezagutu nai eztuena: lurreko ponpa, banidade, ondasun, eta iduripeneko atsegiñak, Jaungoikoa bera baño geiago estimatzen dituena: jende itxua: eta ala ere guziai legea ipiñi nai diena: Zenbatenzat munduaren esanak, eta exenploak lege orde eztira? Asko da esatea: munduak ala dio: ala usatzen da: (moda erakerizko, eta kaltegarria izan arren) bereala itxutu eragiteko: (eta arrazoiaren, eta Ebanjelio Santuaren kontra izan arren) munduak, edo mundutarrak nai duena egiteko, edo bereala aei jarraitzeko. Zenbat orrelako ikusten ezta eragabeko gastuetan, etxe askoren ondagarrietan; dala eztaietan; dala banidadezko janzietan: dala danza zikin lotsagarrietan: jan-edan geiegizkoetan: joku luze kaltegarrietan? Eta ala ere munduak ala nai duelako, itxu-itxuan erakeriak franko egiten dira; arrazoiari, prudenziari, eta Jaungoikoaren legeari batere begiratu bage. Eta itxumen ori nundik dator? Alde batetik munduaren esamesaen bildur diralako: eta bestetik besteak baño gutxiago izan nai eztuelako: eta orren sustrai gaiztoa zein da? Fedeko egia andiak azturik edukitzea: bear bezela gogora ez ekartea: eta batez ere, ez konsideratzea: 1. Nai ta ez ill bearra: eta bearbada supitoan, edo uste duen baño lasterrago: eta gauza guziak emen utzi bearra: 2. Jaungoikoaren Tribunal guziz zuzenean agertuak, eta juzgatuak izan bearra; ez munduaren esanaz, usadioaz, eta legez konforme; ezpada, Jesu-Kristok erakutsi zigun legeaz, eta bizimoduaz batera. 3. Orri darraion, edo zorioneko, edo zorigaiztoko eternidadea, edo betiko gloriazkoa Zeruan, edo betiko penazkoa Infernuan: eta 4. Jaungoikoaren guganako amorioa, ondo agertua, egin dizkigun mesede guziz andi, eta miragarrietan: beretzako kriatu gaitualako, konserbatu gaitualako, bere Seme bakar maite Jesu-Kristo eman digulako, gure Salbadore, Erredentore, eta Maisu izateko: bere grazia Sakramentu Santuetan eman digulako: gure esker gaiztoagatik kondenatu ez gaitualako: eta orain ere Aita ona, eta errukitsua bezela beregana biurtzeko deiez dagokigulako. Onelako egiak, eta Jaungoikoaren mesedeak gogora sarri ekarriko bazinduzte, laster zinzotuko ziñateke: beste begi batzuekin munduari, eta munduko banidade, interes, eta gustoai begiratuko ziñieke: munduaz, eta aren esanaz kasorik egingo etzenduke: eta zuen arreta, eta kuidado guzia izango litzate zuen anima gaixoak salbatzea: eta beti iraun bear duen penatik libratu, eta betiko zoriona, edo gloria aseguratzea: piztu ezazue bada arren zuen fedea: eztezazuela illik eduki: bada Jaungoikoak eman dizue fedearen argia, ez estalirik, eta alperrik edukitzeko: ezpada arekin zuen bizimodua moldatzeko, eta zuzentzeko; eta arekin indarturik zuen etsai gaiztoaren tentazioai atzera esateko: ala esaten dizue Aita San Pedro Apostoluak: nere anaiak tenpladuak izan zaitezte: eta erna, edo esna bizi zaitezte: bada zuen inguruan dabil deabrua, orroaka dagoan leoi baten gisa, nundik arrapatuko, eta galduko zaituen zai, edo begira: gogortu zakizkote: eta atzera esaiozue fedearekin: au da fedeko egia andien konsiderazioarekin. Eta eztegu N.K., gutxiago bear fedearen argia, eta Zeruko indarra deabrua, eta mundua ezeze, gure animaren irugarren etsaia goitzeko; au da, gure aragia, eta bere pasio, edo griña loi zikiñak, beti gerra bizia egiten diguenak, menderatzeko, edo arrazoiaren, eta espirituaren mendean edukitzeko. Alabaña gure etsairik andiena, eta gogaitgarriena, beti gerekin dakarguna, gure gorputz, edo aragi gaizki ezia, eta gaitzera makurtua, edo inklinatua degu: eta onen tentazioak goitzeko erremedioak ugari emanik dauzkagu dotriña askotan: eta batez ere luxuriaren, eta kastidadearen gañean: gularen, eta tenplanzaren gañean, seigarren mandamentu santuaren gañean: eta gorputzeko sentiduak, begiak, belarriak, sudurrak, mingaña, gustoa, eta ukitze, edo taktoa, mortifikatzeko premiaren gañean, gauza asko erakutsirik, edo zeoro esanik dauzkagu: eta ala orain, gaurko petizioaren explikazioa bukatzeko, eta guziok probetxu andi bat ateratzeko, gogoan eduki dezagun, mundu triste onetan gauden artean, beti gerra bizian egon bear degula gure animako etsaiakin: eta oek gu beti tentatzen ari diran ezkero, beti armaturik egon bear degula: beti erna, edo esna, eta beti sokorru eske gure Jaungoikoari Jesu-Kristoren izenean, eta onek erakutsi zigun orazioarekin: eta batez ere garuko petizioa, ez gaitzatzu utzi tentazioan erorten, sarri eta gogotik esaten degula: baña humiltasun, eta konfianza andi batekin: bada orrela erraz gure etsaiak, eta aen tentazioak benzituko ditugu, eta Zeuko koroa, eta gloria iritsiko degu. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa